Showing posts with label LOMCE. Show all posts
Showing posts with label LOMCE. Show all posts

2013-10-20

Independentzia irudikatzen

Bide-orria markatuta dauka Eskoziak. Datorren urteko irailean erreferenduma irabaziz gero, urte eta erdi inguru beharko dutela kalkulatu dute, beharrezko estatu-egiturak lortzeko, eta Londresekin horiek adosteko. Laburbilduta, Union Jack britainiar bandera zelan jaitsi negoziatu beharko dute. Orduan iritsiko da, esate baterako, Europaz hitz egiteko txanda. Nork ukatu lezake Londresek eta Edinburgok adostu dutena?

Hortxe alde handiena, Kataluniarekin. Zalantzarik balego ere, independentziaren aurka dagoela argi esan duen Josep Antoni Duran i Lleidak hori bera eskatu zion asteartean Mariano Rajoyri: negoziatu dezala, ez dezala pentsa trenen talka gertatu baino segundo bat lehenago Artur Mas bagoitik jaitsiko dela, Espainiako bagoia handiagoa delako soilik. Aldebakarreko Independentzia Aldarrikapena —UDI, ingelesez— hauspotzen ari dela gaztigatu zion Rajoyri; egoera distantzia pixka batetik aztertzen duen edonork ondorioztatuko luke hori. Espainia ez da sekula fin ibili inor limurtzen, eta orain ere irmotasuna du estrategia. Etsaia bezatzea, beldurragatik izan arren. Ziurgabetasuna dakar Eskozian ez bezala adostasunik gabeko aldarrikapenak; UDIak beldurra ematen du bai, baina morrontzak are handiagoa.


Independentzia erreferendumaren aurreko azken kongresua egin du SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak. Azaroaren 26an Independentziaren Liburu Zuria argitaratuko dutela iragarri dute, estatu berriari buruzko zehaztasun guztiekin. Inkestak aurka izan arren, argi ikusi dute informazio gehien daukan jendea dela independentziaren alde dagoena. Nicola Sturgeon lehen ministrordeak gogora ekarri du 2011ko hauteskundeak baino lau hil lehenago laboristak zirela nagusi inkestetan, eta gehiengo osoa lortu zuten gero independentistek.

Eskoziako estatua irudikatzeak ilusioa dakar. Eskoziarren gehiengoak amesten duena papereratzea da. Londresen laguntza dauka David Cameronen azken neurriekin: posta pribatizatzea, etxebizitzarako laguntzak murriztea, gutxieneko errenta... Egunerokotasunetik eraikiko da Eskoziako estatua, ongizatean eta justizia sozialean oinarrituta. «Posta publikoa izango da Eskoziako estatuan» entzun, eta pentsatzen duzu erraz argudiatu litekeela Espainiaren baitako nazioetan ere: ez dela LOMCErik izango, botiken berrordainketarik ez dela izango, pentsioak KPIarekin igoko direla gutxienez, curriculum propioa eta kalitatezko irakaskuntza publikoa izango direla gidari, edo Espainiako lan-erreforma indargabetuko dela.

Salmondek eta Sturgeonek badakite 2014ko irailaren 18an Eskoziako nazioak hiru mendeotako hitzordu garrantzitsuena duela. Baina bide horretan, Independentziaren Liburu Zuria inkestak iraultzeko mugarria izan daiteke. Eskoziako herriarekin bat egiteko unea izango da, hurrengo hamar hileetan eskoziarrek lor dezaketena paperean erakusteko tenorea.

Aukera dena, eskura jarriko diete eskoziarrei. Katalunian ere 2014ko udagoienean dirudi helmugak, baina egiaz datozen asteetan jokatuko da partidaren zati garrantzitsuenetakoa. Cameronek eta Sturgeonek herria ekarri behar dute independentziara. Artur Masek eta Oriol Junquerasek badakite herria alde dutela, areago, herriaren aldamenean dihardutela, eta hala daudelako dutela herria alde —beharrezko ñabardurak jarri herri kontzeptuari, baina inkestak, mobilizazioa, eta parlamentua, hirurak bat datoz independentismoan—. Urratsak astiro baina sendo ari dira egiten. Espainia zein urratsetan oldartuko den, horixe zalantza. Abenduan, erreferenduma deitzean? Tira, epaileek erraz baliogabetuko dute. Hauteskunde plebiszitarioekin? Ala hori ere debekatu eta parlamentuaren esku utziko ote dute independentzia aldarrikapena? Edozelan dela, Masek data eta galdera jartzeak, Eskoziako Liburu Zuriaren besteko garrantzia edo are handiagoa izango du: Kataluniako estatua eskura dutela ikusiko dute katalanek. Eta zain dagoen Espainia hori mugitzen hasten bada, independentziarako urratsak bizkortzea baino ez zaie geldituko Bartzelonan. Eskoziaren mesedetan, gainera.

BERRIAn argitaratua

2013-09-29

Kamiseta berdeak

Iraila katalanei buruz berbetan eman dut, eta amaitu ere hurbilen daukagun Mediterraneo horretan amaituko dut. Asko ibili zarete handik joan den udan, eta benetan badoazela sinetsita etorri zarete. Diadan egon gabe ere, leiho eta balkoiak apaintzen dituzten estelada mordoa gogora ekarrita, independentzia atzera bueltarik gabea dela ondorioztatu dute han ibili diren euskaldunek.

Herenegun bertan erreferendumaren aurreko ekintza garrantzitsuena adostu zuten: urtea amaitu baino lehen, 2013an bertan beraz, jakinarazi beharko dira galdeketaren data eta galdera. Mariano Rajoyk hiru hil ditu doi-doi Artur Masekin erreferenduma negoziatzeko. Garrantzitsua da ostiralean erabakitakoa, baina CiU eta ERCren gobernu-itunean dagoena berretsi baino ez du egiten.

Kataluniako Printzerrian legez, Menorca ere euskaldun jatorren, patxada eta naturazaleen oporgune kuttunetarik izan da joan diren hiletan. Zuetako zenbat ibili zarete joan den udan Menorcan? Beraz, Kataluniako independentismoarekin legez, sobera ezagutu dituzue Balear Uharteetatik gaur dakartzadanak. Uda beroa izan baita Mao eta inguruetan. Eta ikasturte hasieran lehertu egin da haserrea. Ezetz, hondartza eta kalak eta hotela eta tabernak ezagutu dituzuela, eta gune arkeologikoren bat bisitatu, baina zazpi edo hamar egunetan ez duzuela astirik izan menorcar bakar bat ezagutzeko, galdetzeko, solasaldi bat izateko? Norberak gura bezala antolatzen ditu bere oporrak. Baina etxeko lan pixka batek, zerbait irakurtzeak, kontakturen bat lotzeak, edozein leku ezagutzeko parada ematen du, bisitatze soilaz harago. Gaur Mallorcan eta beste hiru uharteetan inoizko manifestazio jendetsuena espero dute. 50 mila lagun baino gehiago, 850.000 biztanleko uhartean, jendetza da.

Katalanezko murgiltze-eredua kendu, eta TIL hirueleduna inposatu du Jose Ramon Bauza Balear Uharteetako presidenteak. Gehiengo absolutua dauka PPk. Pentsa zitekeen Galizian edo Nafarroan baino are errazago ezarriko zutela, turismoa hain garrantzitsua den lekuan. Baina ezetz esan zuten Mao hiriko hiru institututako zuzendariek. «Bitxia da ingelesa jakiteko matematikak gaztelaniaz egin beharra», dio guraso batek Vilaweb-ek egunotan egindako dokumentalean. Gobernuak gogor egin zien: kargugabetu eta espedientea ireki zien.


Olatu berdearen hastapena zen. Ikasturte hasieran greba mugagabea iragarri zuten. Ikastetxeak hutsik daude bi astez, kaleak protesta sinbolo den kamiseta berdeekin beteta. Gurasoak irakasleen alde, eta antolatuta, seme-alabak gaur aita honekin eta bihar ama horrekin uzteko. Espainiako Kongresuak LOMCE Hezkuntza legea onartzear den honetan, L'estaca kantatu dute egunotan Mallorcan, Parlamentuko atarian. Eta protestari eusteko indartsu daude, katalanez eta kalitatezko hezkuntzaren alde. «Ikusiko dun, nola nola, laster eroriko den».

Menorcako hiru zuzendarik hasitako protestak lurrikara ekarri du Illesetan: greba mugagabea, 200 mila euroko baino gehiagoko erresistentzia kutxa, gizarteko sektore guztietara zabalduta greba... eta PPko sektore erregionalistenak aztoratuta. Tòfol Soler Balearretako lehendakari ohi eta PPko kide historikoak publikoki adierazi die babesa grebalariei, eta berdin egin dute PPren Mallorcako hainbat udalerrik.

Galiziar idazle batek ziostan, eskuin abertzalea falta zutela han, PPk betetzen zuela eremu kontserbadorea osorik. Nortasun erregionalista antikatalanismoz osatzen da Kataluniatik kanpo. Baina Balearretako bideak erakusten du ukazioan oinarritutako gatazka identitario espainiarzale horren porrota. Eta oso lezio garrantzitsua dakar, abertzaletasuna ustez ahula den eskualdeetan haserrea kanalizatzeko eta mobilizazioa zelan piztu ikasteko.

BERRIAn argitaratua

2013-06-16

Laidoa

Laidoa (grievance ingelesez, agravio gazteleraz), sezesio-prozesu baterako bultzatzaile garrantzitsua izan ohi da. Katalanek Estatutuaren murrizketan daukate laidoa, eta fiskalitateak hauspotzen du sentimendu hori. Eta zein da gure laidoa? Ez Gernikak, ez LOMCEk, ez torturak, ez Egunkaria ixteak, ez lehendakaria espetxeratzeko edo autonomia kentzeko mehatxuek ez dute indar katalizatzaile nahikorik izan, prozesu sezesionista pizteko. Baina hara non, kontzertu ekonomikoa eta konbenioa aipatu, eta bat egin duen klase politikoak. Espainiako agintariek ere nabarmendu dute hori. Paradoxikoa da, baina euskaldunoi edozer egitea libre zela uste zutenek, ikusi dute marra gorria. Itxi kazetak edo aipatu armada, baina kontzertua ez ukitu.

Laidoa falta du Eskoziak ere, ziur aski. 500 egun baino gutxiago falta dira 2014ko irailaren 18ko erreferendumerako. Epea murrizten, eta independentisten datuak ez doaz hobetzen; aitzitik, unionismoak indartzen dirudi. Oraingoz, eskoziar gehienek ez dute sinetsi Eskoziako estatu batean Erresuma Batuan baino hobeto biziko direnik. Argi ikusi dute libre direla estatu bat eraikitzeko. Garrantzitsua da libre zarela sentitzea, ez zaudela zapalduta. David Cameronek asmatu du erronkari erantzuten. Eskoziarren laidoa, gobernu kontserbadoreen neurrietatik etorri ohi da, izan ere: ingelesek bozkatzen dute eskuina, baina haren politikek, osasunean esaterako, eskoziarrei ere eragiten diete. Eskoziako hezkuntza-sistema arrakastatsu eta publikoa, esaterako, autogobernuaren zutabe garrantzitsu dute, Ingalaterrako sistema klasistaren aldean. Pentsaezina da LOMCE legerik Eskozian. Itxaropena, beraz, Ingalaterran Independentziaren Alderdiko ultren gorakadan eta torien eskuineranzko joeran dago.

Katalunian ere laino beltz batzuk hasi dira agertzen. Artur Masek legealdia betetzea espero zuela esateak 2016raino darama bere agintaldia. Ez dirudi oso logikoa 2014an Estatu katalana eratzeko erreferenduma egin nahi duen agintariarengan. Esquerra Republicanak berehala erantzun dio: galdeketarik ezean, akabo babesa. Eta ez dabil 2014ra soilik begira. CiU eta ERCren arteko hitzarmeneko sei puntuetatik hiru bete dira: Kataluniako Herriaren Subirania Adierazpena, kontsulta-legea onartzea, eta Trantsizio Nazionalerako Kontseilua eratzea. Beste bik 2013ko abenduan dute epea, kontsulta deitzeko. Baina falta den puntuak dio Espainiako estatuarekin negoziazio eta elkarrizketa prozesua irekiko dela, eta data jartzen dio: 2013ko lehen seihilekoa. Joan Tarda diputatuak gogorarazi zion ostegunean: «Presidenteak ez baditu betetzen ERCrekin dituen akordioak, garesti ordainduko du, ziur. Ekaina amaitu baino lehen, Estatuari baimena eskatu behar dio erreferenduma egiteko». Ez da Espainiatik ezer lor daitekeelako, aldebakarreko bideari ekin aurretik bestelako bideak agortu behar direlako baizik.

Urak nahasten eta giroa gaiztotzen ari zelarik, inperioak super-heroia bidali du Londrestik. Benetako inperioak alegia, ez Madrilen nahi eta ezin nostalgiko horretan (argigarria izan zen Eneko Bidegain ostegunean Bilbon, nazionalismoari buruzko mintegian, Ipar Euskal Herriko abertzale kopuru apala aipatzean: ez da gauza bera frantses izateaz harro egotea, edo espainiartasunaz). Cameronengana buelta: «Ez dut uste zuzena denik ezikusi egitea nazionalitate, independentzia eta nortasun gai hauei, jendeari erabakitzen utzi behar zaio». Inork galdetu gabe, estatu baten izena erantsi zuen, ez Suedia edo Australia, zalantzarik balego ere: «Ez nintzateke inoiz ausartuko esatera Espainiako jendeari nola egin behar dieten aurre euren erronkei, Espainiako gobernuaren eta lehen ministroari dagokie hori». Vicent Partalek esan bezala, «ez zuen Katalunia aipatu, ez zen beharrezko».

Hurrengo batean aipatuko dugu nazioarteko babesaren garrantzia, Europako sezesio guztietan ikusi den legez.

BERRIAn argitaratua