Showing posts with label antiinperialismoa. Show all posts
Showing posts with label antiinperialismoa. Show all posts

2013-12-22

Ipar Kaukasora begira

Errusiaren urtea ari da izaten 2013. Vladimir Putinena, zehazki. Dozena bat urteko agintearen ostean, munduko potentzien artean kokatzeko asmo zaharra gauzatu du neurri handi batean, Ekialde Hurbileko gatazketan izan duen rolagatik (Sirian bereziki, baina baita Iranekiko hitzarmen historikoan ere). Txina eta Latin Ameriketako herrialdeekin hitzarmenak, eta geoestrategian aktore ezinbesteko bihurtu da atzera ere.

Europan bertan, jokaldi indartsua egin du Ukrainari bere esferan eusteko. Europar Batasunaren baldarkeria batuz gero ekuazioan (zehazki Nazioarteko Diru Funtsarena, Ukrainarekiko hitzarmena izenpetu baino egun batzuk lehenago baldintza ezin gogor eta umiliagarriagoak ezarri baitzizkion Kievi), hirugarren astea beteko duen gatazka daukagu Europako bigarren estatu zabalenean, eta merkatu handienetako batean (46 milioi biztanle).

Ezin da zehatz jakin zein aurreikuspen edo susmo zeukan Putinek, edo benetan arriskurik igarri duen legegintzaldirako daukan erronka garrantzitsuenetakoan: otsailean egingo diren Neguko Olinpiar Jokoak. Azken egunetan, tantaz tanta iritsi dira Sotxira joango ez direnen izenak, Alemaniako presidentetik hasita. Homosexualen aurkako legeak hauspotu du batez ere Sotxiren aurkako kanpaina. Ulergarria ere bada herrialdean susmoa piztea, gizartearen babes zabala duen legea izaki. Homofobia eta autoritarismoa ez ditugu orain deskubrituko. Azken batean, ustelkeria hezurretaraino sartuta daukan estatu poliziala dela ez da oraingo kontua. Baina mendebaldeko propaganda makineria erraz irudikatzen du, esperientziak errezeloz bizitzera agintzen dion herrialdeak.

Kontuak kontu, Mikhail Khodorkovski libre dago, eta aurki irtengo dira espetxetik Pussy Riot eta Greenpeaceko kideak ere. Di-da batean mendebaldeko kritiketako asko apaltzeko neurriak hartu ditu Putinek, Olinpiar Jokoetatik berrogeita hamar egunera. Etxean ere haserrea ez lehertzea komeni zaio eta. Putinek urtero ehuneko bosteko hazkundea agindu zien errusiarrei hauteskunde-kanpainan. Errusiako ekonomia hazi da, baina 1,3 puntuan, hitz emandakotik oso urrun.

Urduri zegoelako eta kritikak baretzeko, edo oso lasai zegoelako eta handitasunezko neurri legez, ezingo dugu berehala Putinen amnistiaren motiboetan lar sakondu. Khodorkovski ez du arerio orain bertan, baina baliteke urte pare baten buruan berriz ere oposizio liberala berrantolatu nahi izatea.

Inperio handi bateko gatazkak dira. Sotxin bertan baina, salbuespen egoera zorrotz ari da ezartzen, eta Kaukaso ipar-mendebalde osora hedatu da. Khodorkovski askatu zuten egun berean, Sotxiko eskualdeko Tuapseko auzitegiak hiru urteko espetxe zigorra ezarri zion Evgeny Vitishko ekologistari. Ipar Kaukasoko Ingurumen Zaintzako kide da Vitishko, eta Olinpiar Jokoek ekarri duten hondamendia salatu izan du.

Errepresioa, nagusiki, Kaukasoko nazioen aurka izan da. Ekialdean Txetxeniatik hedatutako gatazkak oraindik ere ehunka hildako uzten ditu urtero. Sotxi dagoen mendebaldean, geroz eta aktiboagoa izan da zirkasiar nazioa. Bai Kaukason bertan, bai diasporan, Estatu Batuetan eta Turkian bereziki. Duela ia 150 urteko konkistan kanporatutakoen ondorengoek NoSochi2014 kanpaina abiarazi zuten Errusiari Olinpiar Jokoak eman eta berehala: beren lurralde historikoan, ehunka mila zirkasiarren hilobietan Jokoak egitea, zirkasiar nazioarekiko inolako aipamen edo begirunerik gabe, iraingarria dela uste dute. Errusia protesta horiei ezikusi egiten saiatu da, baina duela astebete abisu argia bidali zien zirkasiarrei: hamabost buruzagi atzeman eta ordu luzez galdekatu zituzten, etxeak miatu eta, libre gelditu badira ere, jakinarazpena eginda dago. Human Rights Watchek jazarpena salatu du. Fatima Tlisova zirkasiar kazetari ausarta erbestean dago oraindik (2006 arte hainbat aldiz atxilotu, torturatu eta are pozoitu zuten Kaukason egindako lanengatik. Senarra Txetxeniako gerrak utzi zuen desagertu bat gehiago da), eta Errusiako hiru zirkasiar webgune garrantzitsuenak itxi egin dituzte azken hilotan.

Aste berean, Sotxiko militarizazioa gertatu da, herritarren eskubide zibilak mugatu dira. Txetxeniako eta Ipar Kaukasoko buruzagi jihadistak eta militante armatuak Sotxiko Jokoen aurka jotzeko asmoz daudela uste dute. Harrokeria inperialistak munduari eman nahi zion oparia eskuetan leher dakioke Vladimir Putini.

BERRIAn argitaratua

2013-07-14

Gibraltar


Britainiarrek 1704an konkistatu zuten Gibraltar, eta 1713an onartu zuen Espainiak, Utrechteko tratatuan, hiri hori britainiar koroaren menpera pasatzea. Atzo bete zuen hirugarren mendeurrena hitzarmen hark. Hiru mendetan hainbat aldiz setiatu du hiria Espainiak, eta behin eta berriz porrot egin du.

Lehen hamarkadetako ahaleginen ostean, britainiarrak munduko potentzia garrantzitsuena ziren XIX. mendean. Espainiak aspaldiko oroitzapen zuen posizio hori: Ameriketako ia lurralde guztiak matxinatu eta independentzia eskuratu zuten mende hasierako gerretan, eta amaieran azken koloniak galdu zituen, berriz ere inperio anglosaxoniar baten eskutan, AEB oraingo honetan.


II. Mundu Gerran hainbat negoziaziotako mintzagai izan ei zen hiria, Hitler eta Francoren artean ere bai. 1954tik Gibraltarren aurkako neurriak hartu zituen Espainia frankistak. Nazio Batuen lurralde kolonizatuen zerrendan sartzea lortu zuen Espainiak, eta 1964tik Londresen eta Madrilen arteko negoziazioak izan ziren. 1967an erreferenduma egin zuten; %95eko parte hartzearekin, %99,64k britainiar subiranotasuna hautatu zuten. Berrogeita lau lagunek baino ez zuten hobetsi Espainiako zati izatea, britainiar nortasuna errespetatuko zitzaiela agindu arren. Hala eta guztiz, hiriak bere burua autodeterminatu bazuen ere, NBEren zerrendan dirau Gibraltarrek. Espainiaren lurralde-osotasunaren aitzakian, gibraltardarren «interesak» aipatzen dira, baina ez da aintzat hartzen gibraltardarren «borondatea», ez eta subjektu gisa onartzen ere.

1969an Gibraltargo Konstituzioa onartu zuten. 1713tik hiriaren estatusean egondako aldaketa nagusia zekarren: britainiar gobernuak ez zuela inoiz adostuko Gibraltargo herritarrak beste estatu baten soberaniapera pasatzea, haiek demokratikoki eta askatasunez adierazitako borondatearen aurka. Francoren Espainiaren erantzuna muga ixtea izan zen. Hamahiru urtez egon zen Gibraltar bakartuta; berriz ere setioa sentitzen zuten gibraltardarrek.


Espainiak konkistan sinetsi du betitik, inor limurtzean eta borondatez bereganatzean baino gehiago. Mendeetako gainbehera «dena ala ezer ez» horretan oinarritu zaio, bere posizioari zurrun eusten, azkenean posizio hori guztiz hautsi eta erabat galdu arte.

Azken hogeita hamar urteotako jarreran une gogorragoan eta negoziaziora emanagoak izan ziren beste batzuk izan dira, baina elementu komun bat beti: gibraltardarrei hitzari jaramonik, subjketu izaera bera ukatzea, eta Londresi soilik aitortzea hitz hori balizko negoziazioetan. Baina zeinen bide laburra zen agerian utzi zuen horrek 2002an: Espainiak eta Erresuma Batuak subiranotasuna partekatuari buruz lortutako hitzarmena atzera bota zuten gibraltardarrek erreferendumean.

2003tik sortutako Espainiako gobernu sozialistak ez zuen Gibraltar bereganatzeko urratsik egin, baina gutxienez, mahaira onartu zuen lehen aldiz. Eskuindarrek gogor kritikatu zuten, eta boterea lortzeaz gero PPk berriz ukatu dio hitza, zuzenean Londresekin negoziatu beharra duelakoan. Erresuma Batuak, baina, aspaldi heldu zion autodeterminazio eskubideari oinarrizko printzipio gisa. Egia da hiriak deskolonizatu beharreko lurraldeen zerrendan jarraitzen duela, bai Gibraltargo gobernuak bai Erresuma Batukoak hiria lurralde «autodeterminatutzat» jo arren, behin eta berriz agerian utzi baitu britainiartasuna eta, batez ere, Espainiarekin bat egitearen aurkako jarrera.

Espainiak 1713ko akordioa du aipagai. Historia borondatearen aurka. Hiru mendetako porroten zerrenda da Espainia. Erresuma Batuak inperioa bortitza eratu eta desegin zuen, eta gaur eguneraino datorren lotura eta kolonia ohien sarearen zentro da Londres oraindik. Potentzien arteko gerrak sortutako subjektu koloniala izan zen Gibraltar, bai, baina horrek ez du atzera bueltarik. Etorkizuna da negoziatu beharrekoa, ez iragana. Eta etorkizuna gibraltardarren esku egongo da.

BERRIAn argitaratua

2013-03-07

Ameriketako iraultzaile

Anekdota pare bat: lehenengoa Karibeko uharteetan, duela dozena erdi urte. Uharte txikiak, handienak ez dauka Zuberoaren neurririk, britainiar kolonia ohiak. Alban sartu horietako hainbat. Petrolio-merkea, lehiaren ordez kolaborazioa lantzea, ondo errotu ziren kontzeptuak izan ziren. Non eta, Karibe anglofonoan, telebista-kulturari esker Estatu Batuen eragina handiena den lekuan, auzo latinoekiko hurbilketa zegoen. Latinoamerikaren ondoan Karibea aipatu izan zuen beti Chavezek. Ez da erreferentzia hutsala: AEBek birkolonizatutako eskualdea historiako tragedia handienetakoaren ondorio da, indigenen txikizioa eta esklabo-trafikoa.

Venezuelan behin baino ez naiz izan, ustez antichavismoaren gotorlekuetarik zen Zulia petrolio-estatu aberatsean. Maracaibotik Guajirako penintsulara, wayuu herriari buruzko erreportajeak egiten. Kolonbian eta Venezuelan dagoen herri indigena handiena dira wayuuak. «Ez dakigu gai ere ba ote garen geure hizkuntza eta kultura Chavezek ahalbidetu digun beste lantzeko». Mugaz beste aldeko wayuuek, paramilitarren erasoen memoria zeukaten oraindik, «bi estatuen erdian gaude, eta biek ahaztuta, baina kolonbiarrak izan arren Caracas hurbilago sentitzen dugula uste dut».

Amerika munduko zabortegi da, indarkeria ankerrenak zizelkatutako kontinentea. Esklabotzaren, arpilatzearen, indigenen txikizioaren eta kolonialismoaren zutabeetan eraikitako etxea. Miseria eta luxua azal koloreak bereizten ditu han. Zuri aberatsen sistema astindu zuen Chavezek, deitu demokrazia-kristaua zein sozialdemokrazia. Politikari gehienek diskurtsoa leundu egiten dute boterea lortzean. Chavezek aurkako bidea egin zuen, berak sarritan aitortu legez. Alde izan du George W. Bushen zabarkeria eta Latinoamerikarekiko ahaztura. Obama joan zen Trinidadera 2009an —Chavezek Eduardo Galeanoren Latinoamerikako zain irekiak eman zion hartan—, eta diskurtso ederra ere egin zuen, baina hortik aurrera urrats gutxi.

Kontinentean sakontzea eta kolonialismoa astintzea ditu lorpen Chavezek. Latinoamerikako heldutasunaren domina, paradoxikoki, Brasilek jantzi du, BRICS taldean. Europatik eta Estatu Batuetatik kanpoko munduaren bultzatzaile nagusi izan da, Gerra Hotzeko Herrialde Ez-Alineatuen antzera. Latinoamerikatik irtetean desitxuratu egiten da Chavezen figura, baina gaur ez dugu horretarako lekurik (eta historiak ez du hori nabarmenduko).

Etxeko ilunak aztertzen zailago da. Gizartea zatituta dago, baina oposizio kolpista batekin ere ez da erraza batasuna. Militarra, harroputza, ahoberoa, ezjakina... ispiluan begiratu nahi ez duen Europa zuriaren kritikak oso neurriz egin behar dira, pertsonaia konplexuekin gertatu ohi denez. «Gerratik joandako euskaldunak antichavistak dira, ETAko iheslariak chavistak» laburbildu zuen Iñaki Anasagastik 2002ko estatu-kolpearen ingurumarian. Gerora hitz gogorrak izan zituen Chavezek berak Guardia Zibilak atxilotutako euskaldunen aurka («bi kriminal odoltsu»), baina bere enbaxadoreak Espainiako tortura salatu zuen era berean. Azken orduetako erreakzioak ikustea aski da, gurean ere zenbaterainoko ondorena utzi duen kargutzeko: Hugo Chavez gorabehera, mugimendu bolivartarraren eredua —boterea iraultza armatuetan barik hautestontzietan lortzea, eta gobernu-praktikak herria alde jartzea— aski erakargarria da askorentzat, ezker abertzalean bereziki.

BERRIAn argitaratua

2013-01-20

Kolonialismo berria

Unai Aranzadi kazetariak bete-betean asmatu du: atzoko Libiako «askatasunaren aldeko borrokalaria» Maliko «terrorista» bihurtu da gaur. Areago, armak ematen zizkion Frantziak gerra egiten dio orain.

Frantziak herri bati erasotzen diolarik, inbasioa, inperialismoa eta kolonialismoa ageri dira ezinbestean. Zer gertatzen da, baina, herri horretako estatuak eskatu duelarik Frantziaren parte hartzea? Are gehiago, bertako matxinoek ere txalo egiten diotelarik erasoari? Asteartean tuareg independentistek ongietorria eman zioten Frantziari, eta gogorarazi inork baino hobeto ezagutzen dutela Saharako basamortua, eta askatasunerako duten grina inork baino handiagoa?

Badira kolonialismo berri honen analisia konplikatzen duten bestelako azalpenak: Islamiar Magrebeko Al-Qaedak Aljerian egin du Maliko gerraren aurkako errepresalia erasoa. Mendebaldearen aurkako bahiketa, baina Aljeria bera ere badute helburu, bahitzaileek aitortu dutenez. Behin baino gehiagotan Frantziaren esku hartze inperialista salatu duen Aljeriak, izan ere, aire eremua ireki die orain Parisen hegazkinei. Artikulua idazteko orduan, heriotza eta nahasmena dira nagusi Saharan.

Urte bi dira libiarrak borrokan hasi zirela. Urte eta erdi NATOren babesean, Gaddafiren aurkako matxino talde nahasiak —islamistak, amazighak, e.a.—Tripoli hartu zutela. Urtebete Libiako armek Maliko tuaregen matxinada ahalbidetu zutela, eta segidan estatua bera hondoratu, militarren estatu-kolpea eta tuareg independentista laikoen, tuareg islamisten eta arabiar salafisten nahastea Azawaden gailendu zela. Aliantzak hil pare batez iraun zuen doi-doi. Independentistek gogora ekarri zuten orduan, Bamakoko gobernu ustelaz bezainbat nahi zutela libratu Saharako Al-Qaedako sukurtsalez. Baina inork ez zien jaramonik egin. Estatu Batuen agendan egon omen da tuareg karta jokatzeko aukera, baina ez dirudi oso urrun iritsi denik aukera hori. Aitzitik, Aljeriaren ageriko konplizitatea behin eta berriz salatu dute, mugako lanak batzuei errazten eta besteei eragozten. Horrela iritsi gara 2013ko gerrara, atzoko aliatuak gaurko etsai, atzoko borrokalariak gaurko terroristak.

Horrela pizten dira etengabeko kontraesanak. Frantziaren inperialismoa gobernu sozialista baten eskutik dator Afrikara. Duela aste gutxi Aljerian Frantziaren kolonialismoa bidegabea eta izugarria izan zela aitortu zuen François Hollande berak ekarri du Malira gerra. Eta zer esan, zelan ulertu Aljeriak emandako babesa, Maliko Gobernuaren eskari eta ongi etorria, eta soldadu frantsesez betetako tankeei kalean biba eta txaloka agur egiten dieten milaka maliarren irudiak?

Mundua asko konplikatu da. Jarrera antiinperialistak ezin dira eutsi Gerra Hotzaren garaian legez, kolonialismo berriak bestelako formak eta jarrerak dituenez gero. Tuaregen herrian Frantziako erreaktoreek behar duten uranioa dago, Nigerren Malin baino gehiago, baina horrek bakarrik ezin azaldu, behinola legez, gerrari ekitea. Goizeko borrokalaria arrastiko terrorista da. Goragalea eragiten dute ilehori armadunek, Afrika Beltzean bere tankeetan, Afganistanen legez.Baina inork ez du egon nahi liburu baten interpretazio ankerren arabera agintzen duten bizardun psikopaten menpe. Psikopata horiek berak, Sirian eta Libian askatzaile erakusten ditugu. Eta zinez babes eta elkartasuna merezi dutenak, tuareg abertzale laikoak, errebelde kurdu ezkertiarrak (Turkia-Iran-Siriari bezainbat etxeko patriarkatuaren aurka borrokan), islam itsu horren, panarabismo ukatzailearen eta potentzien interesen gatibu geratzen dira.

Antiinperialismoa eta, batez ere, antikolonialismoa, sendo uztartuta dauzkagun sentimenduak dira Euskal Herrian. Baina nazio zapalduetako ordezkariei ez diezaiegun aurpegiratu babesa kanpoan bilatzea; elkarren etsai diren Gobernu-oposizioak berdin-antzean pentsatu ohi dute baina nazio gutxituak zapaltzeko orduan.
BERRIAn argitaratua

2013-01-06

Autodeterminazioa, kolonialismoa eta kontraesanak

Independentismoa ezkerrekoa izan ohi dela diote politika zientzietako adituek. Badira salbuespenak, azken urteotako arrakastatsuenak ziur aski. Baina Katalunian, Euskal Herrian, Puerto Ricon zein Eskozian, independentismoak alderdi eta mugimendu iraultzaileetan dauka indar handiena. Egiaz, erronka nagusia sarritan autonomismotik independentziara zalantzan dabiltzan elite ekonomikoak erakartzea da. Independentisten arteko galdeketa eginez gero, beren burua ezkertiartzat izan ohi dute gehienek.

Horrekin lotuta, antikolonialismoaren memoria dago, ezinbestean ezkertiar. Horraino ados egonda ere, XXI. mendean sartuta nagusitu diren demokrazia liberalen ideiekin bat egitean, hainbat arazo azaleratzen dira. Autodeterminazioa, gure testuinguru hurbiletik kanpo, ez da ezinbestean sezesioarekin lotzen; eta azken bost hamarkadetan sortu diren estatuek mesfidati hartzen dute independentismo usaina duen edozer. Metropolitik bereizten den koloniarako balio du, baina kasu, estatu bihurtutako kolonia ohian norbaitek bere bidea egin gura badu. Gutxienean traizioa leporatuko zaie, eta sarritan atzerriko interes ilunak.

«Zuen etorkizuna zuek zeuek hautatu behar duzue, ez guk ez beste inork ez dugu hor hitzik esan behar» entzuten dugularik, maite dugu musika, kantaria oso lagun izan ez arren. Britainiar doinuak dira, eta lehen ere gertatu izan zaigu: Euskal Herrikoa baino askoz zailagoa omen zen Ipar Irlandarako bake-prozesuko zutabeetako bat Azore uharteetako argazki famatuan ere badago, Irakeko gerraren bultzatzaile, Tony Blair da bere grazia.

Orain britainiarra eta kontserbadorea suertatu da erabakitze eskubidearen babesle nagusia. Katalan zein euskal independentistak liluratu zituen David Cameronek, Alex Salmondekin batera erreferendumerako hitzarmena izenpetu zuenean. Aurretik beste bat agindu du, 2013 honetan bertan eta askoz urrunago. Cameronek badaki irabazteko apustua dela: Falkland edo Malvina uharteek britainiar izan gura dutela berretsiko dute martxoan. Orain baina, Euskal Herrian ez da horrelako suhartasunik ageri. Areago, izan da sarean Argentinaren aldeko mezurik.

Arrazoi historikoak edo geografikoak aipa litezke. Arrazoiak arrazoi, baina, badago Cameronek darabilen argudio garrantzitsua, gurean independentismoak erabili duena. Erabakitze eskubidea, alegia. «Uharteetako etorkizuna bertan bizi direnek erabaki behar dute. Aurten erreferenduma izango dute eta espero dut Argentinako lehendakariak entzun eta onartuko duela falklandarrek beren etorkizunerako erabakitzen dutena».

Badakit, badaude argudio antikolonialistak horrelako galdeketen aurka, trikimailuak eta birpopulazioak aintzat hartzen edo independentziarako «berezko» eskubidea aldarrikatzen duena, herritarren borondatearen gainetik ere. Are gehiago, inperialismo berriaren formuletako bat da: puertorricoarrek AEBen erabat integratzea bozkatu arren, errazago da Washingtonek aurkakoa erabakitzea eta puertorricoar gutxik eskatu duten independentzia ematea. Beste horrenbeste iradoki du Ozeano Barean AEBen menpeko den Samoa Amerikarrarekin ere: baduela garaia estatu independentea eratzeko, samoarrek estatubatuar pasaportearekin jarraitzea nahiago luketen arren. Nortasuna garrantzitsua da, baina etorkizuna askatasunez erabakitzeko oinarrizko betebeharrek aseta behar dute. Osterantzean ez dago libreki ebazterik. Eta Samoa eta Puerto Rico legez ikus ditzakegu Martinika, Melilla, Kanariar Uharteak, Mayotte zein Reunion. Nork egin uko europar herritartasunari afrikar bihurtzeko?

Malvinetan, Amerika hegoaldean kokatuta ere, britainiarren ondorengoek osatzen dute biztanleria. Erresuma Batuak soka moztu nahiko balu ere, bertakoek nahiago lukete estatu independentea eraiki eta ez Argentinako zati bihurtu. Eta horrelakoetan, zilegi ote da inork nahi ez duen estatu batera behartzea herritarrak?

«Kataluniak aliatua dauka Cameronekin», esan diote Esquerra Republicanak Espainian duen diputatuari, Alfred Boschi. Horren erantzuna: «Kataluniak aliatua britainiar tradizio demokratikoan dauka». Kosovoko albaniarrak ere hastapen antikolonialistatik AEBen kuttun izatera pasa dira. Morrontza hori barik ere, interes ezkutu eta jukutria guztiekin, erabakitze eskubideak anglosaxoniar ereduko liberalismoan arrazoibide indartsua dauka. Independentismoak Latinoamerikako antikolonialismoarekin daukana baino gehiago.

BERRIAn argitaratua