Showing posts with label Aljeria. Show all posts
Showing posts with label Aljeria. Show all posts

2013-01-20

Kolonialismo berria

Unai Aranzadi kazetariak bete-betean asmatu du: atzoko Libiako «askatasunaren aldeko borrokalaria» Maliko «terrorista» bihurtu da gaur. Areago, armak ematen zizkion Frantziak gerra egiten dio orain.

Frantziak herri bati erasotzen diolarik, inbasioa, inperialismoa eta kolonialismoa ageri dira ezinbestean. Zer gertatzen da, baina, herri horretako estatuak eskatu duelarik Frantziaren parte hartzea? Are gehiago, bertako matxinoek ere txalo egiten diotelarik erasoari? Asteartean tuareg independentistek ongietorria eman zioten Frantziari, eta gogorarazi inork baino hobeto ezagutzen dutela Saharako basamortua, eta askatasunerako duten grina inork baino handiagoa?

Badira kolonialismo berri honen analisia konplikatzen duten bestelako azalpenak: Islamiar Magrebeko Al-Qaedak Aljerian egin du Maliko gerraren aurkako errepresalia erasoa. Mendebaldearen aurkako bahiketa, baina Aljeria bera ere badute helburu, bahitzaileek aitortu dutenez. Behin baino gehiagotan Frantziaren esku hartze inperialista salatu duen Aljeriak, izan ere, aire eremua ireki die orain Parisen hegazkinei. Artikulua idazteko orduan, heriotza eta nahasmena dira nagusi Saharan.

Urte bi dira libiarrak borrokan hasi zirela. Urte eta erdi NATOren babesean, Gaddafiren aurkako matxino talde nahasiak —islamistak, amazighak, e.a.—Tripoli hartu zutela. Urtebete Libiako armek Maliko tuaregen matxinada ahalbidetu zutela, eta segidan estatua bera hondoratu, militarren estatu-kolpea eta tuareg independentista laikoen, tuareg islamisten eta arabiar salafisten nahastea Azawaden gailendu zela. Aliantzak hil pare batez iraun zuen doi-doi. Independentistek gogora ekarri zuten orduan, Bamakoko gobernu ustelaz bezainbat nahi zutela libratu Saharako Al-Qaedako sukurtsalez. Baina inork ez zien jaramonik egin. Estatu Batuen agendan egon omen da tuareg karta jokatzeko aukera, baina ez dirudi oso urrun iritsi denik aukera hori. Aitzitik, Aljeriaren ageriko konplizitatea behin eta berriz salatu dute, mugako lanak batzuei errazten eta besteei eragozten. Horrela iritsi gara 2013ko gerrara, atzoko aliatuak gaurko etsai, atzoko borrokalariak gaurko terroristak.

Horrela pizten dira etengabeko kontraesanak. Frantziaren inperialismoa gobernu sozialista baten eskutik dator Afrikara. Duela aste gutxi Aljerian Frantziaren kolonialismoa bidegabea eta izugarria izan zela aitortu zuen François Hollande berak ekarri du Malira gerra. Eta zer esan, zelan ulertu Aljeriak emandako babesa, Maliko Gobernuaren eskari eta ongi etorria, eta soldadu frantsesez betetako tankeei kalean biba eta txaloka agur egiten dieten milaka maliarren irudiak?

Mundua asko konplikatu da. Jarrera antiinperialistak ezin dira eutsi Gerra Hotzaren garaian legez, kolonialismo berriak bestelako formak eta jarrerak dituenez gero. Tuaregen herrian Frantziako erreaktoreek behar duten uranioa dago, Nigerren Malin baino gehiago, baina horrek bakarrik ezin azaldu, behinola legez, gerrari ekitea. Goizeko borrokalaria arrastiko terrorista da. Goragalea eragiten dute ilehori armadunek, Afrika Beltzean bere tankeetan, Afganistanen legez.Baina inork ez du egon nahi liburu baten interpretazio ankerren arabera agintzen duten bizardun psikopaten menpe. Psikopata horiek berak, Sirian eta Libian askatzaile erakusten ditugu. Eta zinez babes eta elkartasuna merezi dutenak, tuareg abertzale laikoak, errebelde kurdu ezkertiarrak (Turkia-Iran-Siriari bezainbat etxeko patriarkatuaren aurka borrokan), islam itsu horren, panarabismo ukatzailearen eta potentzien interesen gatibu geratzen dira.

Antiinperialismoa eta, batez ere, antikolonialismoa, sendo uztartuta dauzkagun sentimenduak dira Euskal Herrian. Baina nazio zapalduetako ordezkariei ez diezaiegun aurpegiratu babesa kanpoan bilatzea; elkarren etsai diren Gobernu-oposizioak berdin-antzean pentsatu ohi dute baina nazio gutxituak zapaltzeko orduan.
BERRIAn argitaratua

2012-12-30

Begirada urteari

Hego Sudango independentzia erreferendumarekin hasi genuen 2011, eta 2012an bietarik izan dugu, independentzia aldarrikapena eta autodeterminazio erreferenduma. Lehena, Azawaden tuaregek gauzatu dute, nahiz eta jihadismoak eta Frantziaren eta Aljeriaren interes ezkutuek hondora eroan duten. AEBak zalantzati daude horratik, basamortuan gerra baino gehiago, ez ote zaien komeni basamortuko biztanleak salafisten aurkako aliatu izatea. Puerto Ricon, berriz, laugarrenez bozkatu dute estatusari buruz. AEBetan erabat integratzea hautatu dute, baina independentzia baino zailagoa dute. Azken batean, etxetik joatea erabaki pertsonala da, baina inorenera bizitzera etortzeko, bertako bizilagunen oniritzia behar da.

Anglosaxoniar tradizio berean, Falkland/Malvinetako biztanleek estatusaz bozkatuko dute bi hilabete barru. Puztuta dabil David Cameron. Hain harro britainiartasunaz eze, autodeterminazioaren bultzatzaile nagusi bihurtu den. Konplexurik gabe, Falklandetako biztanleen gisan eskoziarrek ere Erresuma Batua hobetsiko dutela sinetsita. Britainiar nazionalismoaren urtea izan da, Olinpiar Jokoek eta monarkia eraberrituak bultzatuta: Erreginaren jubileua, William printzearen ezkontza, aitatasuna... galtza bete lan Alex Salmondek eskoziarrak limurtzen, ingelesen bozkario unean. Aipatu genuen paradoxa: Eskozia europazalea Europatik kanpo geratuko da independentzia hautatuz gero. Baina euroeszeptiko ingelesek ere bide bera har lezakete. Cameronek behinola hauspotu eta orain estu hartuta daukate, EBn jarraitzeari buruzko erreferendumera deitu dezan.

Espainiak, berriz, Ingalaterraren karikatura dirudi, bai monarkian, bai estatu-egituran. Katalunian Biltzar Nazionalaren gidoia betetzen ari da: udan itun fiskala aldarrikatu zuen Parlamentuak, eta Madrilek, ohiko itsutasunarekin, atea itxi. Ordurako milioi eta erdi katalanek aldarrikatu zuten itun hori ere ez zutela aski. Orain kartak gorantz daude: berehalakoan, Kataluniako herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu, gero Espainiarekin negoziazio itxura egin (alferrik dela jakitun), erreferendum legea segidan, eta amaitu 2013. urtea, galdeketarako dena prest.

Madrilen ohiko zabarkeriak Eskoziari egin dio kalte batez ere. Ez zuten asko uste Edinburgon; Espainiak behartuta, Jose Manuel Durao Barrosok argitu du: estatuen kluba da Europar Batasuna, eta bereizten denak klubeko kide guztiak konbentzitu beharko ditu, Espainia barne. Izango du lanik, bai, Francesc Homsek, Artur Masek ezkutari fin jarritako kontseilariak. Espainia noraino iritsiko den ezin inoiz jakin, baina beti txarrena pentsatzea komeni da.

Brusela oztopo independentismoarentzat, baina Brusela bera independentismoak inguratuta. Flandriak bide isilagoa baina aski irmoa darama. NVA Flandriar Aliantza Berriko buru Bart de Weverrek Anberesko alkatetza lortu zuen, eta 2014ko hauteskundeetarako pauso sendoa eman. Hegoaldeko haize latino zakarrenen gisan sartu da Albert II.a erregea auzian asteon, noiz eta Eguberrietako mezuan, 30eko hamarkadako krisia eta populismoa inplizituki NVArekin lotzen («ikusi genuen zer-nolako kaltea egin zien gure demokraziei»). De Weverri erraz jarri dio, bistan da, lana ondo bete ez eta herritarrak bildu beharrean zatitzen dituela leporatu ondoren, historia gogorarazi dio: Leopold III.a, egungo Albert erregearen aita, Adolf Hitlerrekin kafea hartzera joan zen. Detaile bat: auzi nazionala bigarren mailan darabil EAJk aspaldion (EH Bilduk ere ez du profil independentistena atera), baina Sabino Arana Fundazioak De Wever bera ekarriko du, urtarril amaieran, nazioarteko saritu bakar gisa. Isileko lan independentista saritzera, azken batean.

Italian ere hasi da mugimendurik. Mario Montik eta Silvio Berlusconik betetako orrialdeen atzean gorde dira, baina Sardiniako parlamentuak 26-25, boto bakar batengatik esan dio ezetz independentziari buruzko erreferenduma egiteari (presidenteak berak autodeterminazioa aldarrikatu baina abstenitu egin zen, «Italiako konstituzioari zor diodan begiruneagatik»). Lurralde pobreek horrela badihardute, zer esan aberatsez: Venetok kontsulta juridikoa eskatu du galdeketari buruz, eta Hego Tirolgo independentistak 2013ko urriko hauteskundeen zain daude. «Gerra-harrapakina da Hego Tirol», zioen Zeit alemanak duela hilabete, Italiak 1919an konkistatu zuela gogoan.

Eskoziatik Mediterraneoraino Belgikan barna, eta erdian, Hexagono erraldoia. Otsailean behar du Marylise Lebranchuk aurkeztu deszentralizazio legea. Apirilean iragarri dute erreferenduma Alsazian kolektibitatea sortzeko. Hurrena Normandia batzea izan liteke, edo metropoli handien estatus berezia. Haserreago daude bretainiarrak, Petainek 1941ean Bretainiatik ateratako Loire-Atlantique deszentralizazio asmoetatik kanpo gera daitekeela ikusita. Lebranchu eta Jean-Marc Ayrault lehen ministroa bera bretainiarrak izateak ez dakar berehalakoan onurarik. Frantziako errepublikak egin du galdeketarik aspaldion, Korsikan aurrena, Martinikan eta Guyanan 2010ean. Denak ere, Alsazia legez, Errepublikaren baitako egiturez galdetzeko. Baina Kaledonia Berriaren data ere hurbiltzen ari da. Noumeako akordioen arabera, deskolonizazio prozesuak hainbat urrats egin ditu, eta 2014tik 2018ra Frantziatik erabat bereizi eta estatu independentea sortu nahi duten erabakiko dute.
BERRIAn argitaratua

2012-05-06

Bozetara

Hau mundu zoro hau» aipatu genuen urtea amaitzean. Eta udaberriak aldaketak dakartza gure eremu hurbilenetik inguru zabalxeagora. Lapurditik Alsaziara, edo Guienatik Korsikara, Europako begiak adi dituzue, otoitz edo vudu, eskuindarren desmasien amaiera delakoan. François Hollandek irabazteak baino gehiago, Nicolas Sarkozyk galtzeak irribarrea handia pizten du Europan barna. Eta hori ez gertatzearen beldurra parekoa da.

Asteburuko menuaren hastapenean torien porrota zegoen, udal hauteskundeetan. Ken Livingstone laborista (benetako laborista esan nahi dugu, sozialista eta Irakeko gerraren aurkako, esaterako) Londresko alkatetzako ateetan gelditu da. Interesgarria izango zen Olinpiar Jokoetan hain pertsona osoa ikustea, baina Boris Johnsonen estrabagantzia populista doi-doi nagusitu da.

Kontinenteko beste fokua Balkanetatik dator. Greziatik, eskuarki. Esplikazioa ez da hain zaila ere: denak egin du porrot, eta porrotera eraman dutenek porrot egingo dute. PASOK historikoari eta eskuindarrei botoa ematea Angela Merkeli emandako txeke zuria dela jakitun, beste norabait joango dira hautesleak. Eskuin arrazistak gustura egiten du igeri testuinguru horretan, baina inkestek komunisten eta oro har ezkerraren gorakada nabarmendu dute.

Greziaren nortasunetik hurbilen dagoen herrietako bat ere bozetara doa gaur, Serbia. Boris Tadic Europaren kuttunak ia Espainiaren pareko langabezia ekarri dio eslaviar herriari, eta Tomislav Nikolic (behinola erradikal eta Europaren aurkako, aspaldion diskurtso moderatuxeagoz) izan liteke EBrekin eta Kosovorekin negoziatu beharko duena aurrerantzean. Oposizio gutxi izango du, gutxienez.

Eta ekialderako? Europako mugak geografikoak edo kristautasunarenak diren, Armenia sartu edo ez, lehendaria hautatuko dute Kaukaso hegoaldean ere. Errusiaren aliatu historikoak badu aski lan Turkia eta Azerbaijanen artean irauten, azken horri 1993an gerra irabazi eta lurraldearen ia bostena kendu bazion ere. Baina Kaukasoz berba egiteko aitzakia nuen, datozen urte parean geroz eta gehiago agertuko baita hedabideetan: Dagestanen berriz ere atentatu odoltsuak izan dira, Vladimir Putin estatuburu bihurtzetik egun gutxira. Putin izango da Sotxiko 2014ko Neguko Olinpiar Jokoetan presidente, baina Kaukasoko beroa era arriskutsuan ari da hara ere hurbiltzen.

Egiptoarrak egunero ari dira ikusten Mubarak faraoia kanporatzea demokrazia ekartzea baino errazagoa izan zela. Mediterraneoaren iparraldean edozer pentsatuta ere, Magrebeko herrialde askotan demokraziak, gaur-gaurkoz, bizardunak agintera joatea dakar. Marokon gertatu da neurri batean, Tunisian gertatu da, Libian bozik gabe ere gertatu da eta bozen ostean gertatzeko zantzuak badira. Eta horixe Egiptoko gakoa (baita Sirian ere). Irabazi behar lukeena, jendearen babes handiena daukana, lehiatik kanpo uztea seinale txarra izan ohi da. Aljerian hori bera egin zutenean hondamendia ekarri zuen. Ordutik bi hamarkada joan, eta Egiptorekin batera Afrika iparreko herrialde garrantzitsuenean (Mali eta enparauetako auzietarako ezinbesteko pieza), datorren asteko hauteskunde historikoetan ere islamistak faborito. Eta Libian zein Aljerian zein Marokon, gehien borrokatu diren amazighak, jokoz kanpo. Ez dut esango berdin denik ezkerra zein eskuina, baina amazighei, euskaldunei, kurduei edo txetxeniarrei begira, eskumako inperialista baten antz handia duena ezkertiar panarabista bat da. Lagunak Washingtonen, Caracasen, Moskun zein Pekinen izan.
BERRIAn argitaratua