Aipatu dizuet behin edo behin: ez naiz behin ere egon Katalunian Diada
Nazionalean, baina katalan adiskideekin ospatu dut azken urteotan.
Belgraden 2011n, esaterako. 2012an, Korean. Iaz, Islandian animatu
gintuzten lagunek gure giza-katetxoa egitera.
Euskal eta katalan
PENeko lagunak batu ginen Belgradeko hartan. Josep Maria Terricabras
irakasle eta ERCren Europako hautagaiak azken hilabeteetako mugimenduak
aipatu zizkigun, zenbat hitzaldi egin zituen Girona aldean eta
Kataluniako beste hainbat lekutan, eta esan zigun hurrengo urtean
aurkeztuko zutela egitasmo osatua. BERRIAn munduko begirada hauekin hasi
berria nintzen, baina laster usaindu nuen Terri-k iragarritakoa
2012ko martxo hartan, ANC Kataluniako Biltzar Nazionala aurkeztu
zuenean. Distantziak eragotzi egiten zigun kontatzen zigun haren
dimentsioa baloratzea: eremu intelektualean egindako urratsak ote ziren,
mugimendu independentistak indarrak biltzeko ekimena ala zer. Eta «ala
zer» erraldoia zen, inondik ere. Hasierako sekretu haietatik gaur
artekoa ezaguna da: milaka hitzaldi, agerraldi eta kolore guztietako
ekimen, manifestazio erraldoia eta giza-kate sinestezina, eta Katalunia
independentziara zuzen eta abiada bizian jartzea. Urte biko balantzea da
hori. Badakigu hori guztia ez datorrela hutsetik, Auzitegi
Konstituzionalaren sententzian hasi eta udalerrietako galdeketetara,
egungo egoera azaltzeko baldintzatzaile asko daudela.
Aitortu
behar dut plangintza haren seriotasunak eta epe zorrotzek —sei hileko
tarteetan eginda, 2012ko martxoaren 11n abiarazi, urte erdira Diada eta
hortik aurrera— eskemak apurtzen zituztela, helburua argi markatuta
zeukalako: Kataluniako estatuaren aldarrikapena 2014 honetako Diada
egunerako. Ez da zehazki horrela izango, baina ezin uka 24 hilotan oso
zehatz joan direla gainditzen markatu zituzten mugarriak. Beraz,
plangintza doituz joan dira, baina era berean protagonismoa irabazten,
eta katalan politikako akuilu transbertsal indartsuena bihurtu da ANC.
Hala,
data egokitu dute: 2015eko apirilaren 23a. Nekez data ederragorik. Esan
dut Diadan ez naizela egon Katalunian, baina Sant Jordi egunez bai,
bizpahiru aldiz, eta berez ederra bada, zer esan literaturazaleontzat,
inbidia magiko bat pizten du liburu-egunak Bartzelonan. Ordurako joana
izango da 2014 hau, jakingo dugu zer erabaki duten eskoziarrek, eta
atzean geldituko da azaroaren 9a, Espainiako debekuarekin eta horri
aurre egiteko erabilitako hautuarekin, izan hauteskundeak zein beste
edozein. Egiaren ordua iristen den horretan beraz, «unplug» unean,
zilbor-hestea mozteko orena iristean, eskuak zikintzea dator, norbaitek
atera behar du entxufea.
ANCk ez du bazter utzi gaia; politagoa
da, noski, indarrak biltzea, musika-emanaldiak, manifestazioak zein
giza-kate erraldoiak antolatu eta kudeatzea, baina helburuaren
perspektiba galdu barik: estatua sortzeak sezesioa gauzatzea dakar
halabeharrez. Asko dira independentzia-aldarrikapena egin dutenak,
Palestinan hasi eta han-hemengo protesta talde zein
indigena-erakundeetara. Baina begi bistakoa da inork ez duela zinez
gauzatu. Besteak beste, egiaz independente izateko, hori egiaztatu egin
behar delako, hau da, lurralde hori ez dela gehiago lehengo Estatuaren
«dependente». «Full de ruta» edo Bide-orriak hamasei orrialdetan jaso
ditu independentziarako lau bideak: galdeketa adostua, adostu gabea,
hauteskunde plebiszitarioak edo, autonomia ere kenduz gero,
udal-ordezkarien biltzarra. Unea iritsita, lurraldearen kontrola
herritarrek hartzea aurreikusten du, segurtasunetik hasi eta muga eta
portuetara, eta datozen asteetan hasiko den lanaren bidez, argi
erakustea munduari lurralde burujabea dela. Besteak beste, herritar
gehienek zergak Katalunian utziko dituztelako. Krimearekiko konparazioak
eskatu dituztenak, ez bilatu gaurko galdeketan, katalanek hori
baldintza demokratikoetan egin gura dute eta: bilatu lurraldea
kontrolpean eta ordura arteko Estatutik bereizita izateak —nahiz eta
inbasio baten bidez izan Errusian— dauzkan ondorioak.
Hautsak
harrotu ditu Espainian ANCren egitasmoak. Errepresio-eskari gogorrak ohi
bezala egunkari ultretan hasi dira, eta zirimiria bezala Gobernuraino
iritsiko delakoan nago. Geroz eta serioago joan, prozesua edo Gobernua
kolpatu baino lehen, ANC bera jarriko dute jomugan. Euskal Herrian
balitz, egon ziur, aspaldi legoke Auzitegi Nazionaleko epaileren batek
debekatua. Eta buruzagiak espetxean. Katalunia hain hurbil, eta Estatu
beraren menpe egotea, euskaldunok sekula eskertu ezingo dugun zortea da.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment