Showing posts with label UDI. Show all posts
Showing posts with label UDI. Show all posts

2013-07-21

Rajoy, eta gero?

Europa osoa harrituta dabil, egunik egun Espainian ezagutzen diren ustelkeria kasu larriek inongo ondorio politikorik ez dutela ikusita. Betiere urruneko begirada horretatik, eskandaluaz harritu eta lasaitu puntu bat ere hartzen dute: Rajoyren alderdiak Madrilgo kongresuan gehiengo absolutua izateak egonkortasuna dakar, Bruselak eta Berlinek agindutakoa gutxienez otzan-otzan betetzeko. Arazoa, ordea, alderdi horren barrutik dator, bere sektore ultrenetik, Jose Maria Aznar lehendakari ohiak ordezkatuta, baita itxura liberalaren pean gupidagabe astindu duen El Mundo egunkaritik ere. Oposizioaren oldarrari erraz eusteko moduan legoke Mariano Rajoy, ukazioaren eta ezer ez egiteko orain arte daukan estrategiarekin. Edozein herrialde demokratikotan onartezina izan arren, horrela egin du agintaldi osoa orain arte Rajoyk. Baina etxe barruko zafraldiez libratzea ez da hain erraza.

Giro nahasi horrek Katalunian zein ondorio izan dezakeen ere aztertu dute azken egunotan. Espainian gertatzen dena zerbait arrotza balitz legez, eta interes bakarra, horrek zelan eragin dezakeen independentzia-prozesuan. Ebidentzia bat dago: bidea ukatzen dizun estatua geroz eta ahulago izan, orduan eta hobe estatu horretatik bereizita sezesioa gauzatzeko. Aspaldi, hamarkada askoan ez da egon Espainia horren jota. Horrekin ohartarazi dugu askotan: euskal abertzaleak batzeko ahaleginak, gizartea erabakitze-eskubidera ekartzeko ekimenak, horiek guztiak ezinbesteko eta beharrezko dira. Aspaldiko ilusio handiena piztu dute, gainera. Baina horrekin batera, ringean erdi zonbi dabilen inperio zahar hori part jaus daitekeela ere aintzat hartu behar da. Kataluniak bere estatua eratzeaz herritarrei galdetzea baino ez du nahi. Baina KOrako azken ukabilkada izan daiteke Espainiarako.

Vilaweb-ek iradoki du 2014ko irail hasieran izan daitekeela galdeketa. Datozen bost hiletan argitu beharrekoa da, bai eguna bai galdera, eta, hedabide berak dioenez, CiUk eutsi egiten dio ERCrekin izenpetutako hitzarmenari. Vicent Partalek dioenez, ezin da jakin «bonba lehertzean zein paisaia geldituko den: izan liteke PPk, eskuin muturretik irtetea, bai eta harrigarriki irteera liberalagoa egitea, katalan prozesuarekiko hurbilketa zibilizatuago batekin». Azken horretan ez nuke lar sinetsiko, historiari begiratuta, Espainiak/Gaztelak ez du sekula bere menpeko lurralderik «galdu», tartean gatazkarik —aski odoltsuak gehienetan— egon gabe.

Katalan katedradunen batek gerra arriskuaz ere ohartarazi du. Baina, oro har, ezinegona da nagusi, esango nuke. Ezin esan zer gertatuko den bihar. Orain arteko jarrera ezer ez egitea zuen Rajoyk, egon eta egon, jaramonik ez, auzitegietara bideratu adierazpenak, eta judizializazioarekin kudeatu —ezen ez konpondu— auzia. Baina galiziarraren eskuinerantz daudenen presioak arrakasta balu, zer? Eskuin muturra noraino irits liteke herritarrei galdetzera tematuta dagoen Kataluniako Gobernu eta Parlamentuaren aurrean?

Horren aurrean, karta garrantzitsua daukate katalanek. Ez da nahi luketen bidea, baina behar bada hori baino ez zaie geldituko: Espainiako erasoaren aurrean, UDIa, aldebakarreko independentzia aldarrikapena. Erraz asko irabaziko lukete Parlamentuan bozketa. Esandakoa, asmoa herritarrei galdetzea da, ahal dela legalki, baina bestela ere bideren bat aurkituta. Baina bide guztiak ixtean, aldebakartasuna baizik ez da geratzen.

Euskal Herrian ere, bakegintza, lurraldetasuna eta bestelako auziak dirudite estatua eratzearen aurretik ezarrita. Baina azken hilabeteotan ere argi samar geratu da planifikatutako guztia ez dela betetzen, eta beharrezko dela aldebakartasunean sakontzea. Pentsa, Kataluniak atea ireki eta beste ehundik gora urtean itxiko balitz.

BERRIAn argitaratua

2013-07-07

Kosovoko korapiloa

Kosovoko serbiarrek parlamentua eratu dute iparraldean, eta berriz argi utzi Belgraden menpe nahi dutela, eta ez Pristinaren. Belgradek berehala gaztigatu die neurri hori Serbiako estatuaren interesen aurka doala, oztopoa ekar diezaiokeelako Bruselarekiko negoziaketetan. Kosovok eta Serbiak eskumen zabalak lituzkeen udal serbiarren elkargoa adostu zuten apirilean, Bruselak negoziatzera behartuta. Hori da Vetevendosje (Autodeterminazioa) taldekoek salatzen dutena: Kosovo independentea da, bai, ez da Serbiaren dependente, baina independentzia hori 1999an lortu zuen NATOri esker, ez 2008an. Estatua eratzeak ez dio ekarri burujabetza, NBEn edo EBren protektoratu da berez. Vetevendosjek protesta egin du Belgradekiko itunagatik. 1995ean Daytonen gerra amaitzearen truke Bosnian sortutako Srpska errepublika baten ernamuina ikusten dute, eta argi dago Bosniako estatuak porrot egin duela.

Apirileko itunak eragiten dien serbiarrek ere ezetz esan diote udal elkargoari. Azkenean, Mitrovica iparraldeko serbiarrak eta Vetevendosjeko albaniarrak gatazkako estremista gisa erakutsi ditu nazioarteak, mendebaldeko presioei men egiten dieten pragmatikoen aldean. Elkarren etsai —sufrimendua hurbilegi daukate— baina elkarrengandik bereizi behar dutela argi dute lehen biek. Kanpoko neurrien ordez erabakitzeko eskubidea. Ohiko aitzakia jarri die munduak, horratik: aurrekaria litzateke. Pandora kaxa zabaltzea omen, serbiarrek Serbiara batuta egotea eta ez Kosovo albaniar horretan —zer esanik ez, Kosovok Albaniarekin bat egitea—, Bosniako serbiarrek eta Mazedoniako albaniarrek bide bera hauta lezaketelakoan. Erabakitze eskubiderik gabe sortu eta bizi den estatua da Kosovo. Pandora, betiko aitzakia, Errusiak Stalinek sortutako mugak ez aldatzeko, edo Frantziak Euskal Herriari aitorpena ukatzeko. Konparazio urruna izan arren, hizpide ditugun serbiarren udal elkargo eta parlamentuak egunotan Eneko Bidegainek lurralde elkargoaz eta Udalbiltzaz idatzitakoak ekarri dizkit gogora. Eta lerrook amaitzerako, Jakes Abeberrik elkargoaz erreferenduma proposatzen duelarik, ezin ahaztu hori bera egin zutela Kosovoko serbiarrek iazko otsailean, inoren aitorpenik gabe baina %99ko garaipena lortuz.

Kosovok utzi duen gauza garrantzitsuena Aldebakarreko Independentzia Aldarrikapenaren (UDI, ingelesez), eta orain hiru urte Hagako Nazioarteko Auzitegiaren ebazpena: nazioarteko legedian UDIak ez daude debekatuta. Are garrantzitsuago, estatuen lurralde batasunaz dioena: printzipio hori —mugak ezin ukitzea— estatuen arteko harremanei dagokie, inbadituko ez zaituen bermea dira estatuen lurraldeen aitorpenak. Zerikusirik ez estatu barneko sezesio-mugimenduekin. Baina badu ondoriorik, ordea, independentzia mailakatuak planteatzen dituztenentzat, «lehengo A askatu, eta gero etorriko da B».

Sezesio prozesu batek A du helburu bakar, horretara doa indar oro, B lurraldea ahaztuta. Euskal Herritik begiratuta, mendebaldeko autonomia erkidegoak lehendabizi estatua eratuko balu, helburu luke Espainiaren onarpena. Gogoan hartu, AEBren eta EBren babes eta guzti eta ehun herrialdek aitortu arren, Kosovo ez dagoela NBEn. Estatuen klubean egoteak klubean ez daudenei betoa jartzea ahalbidetzen du; Europak Belgradi presio egingo dio, baina Serbiak aitortu arte jai du Kosovok. Espainiak mendebaldeko euskal estatua aitortzearen truke, elkarri lurralde batasuna onartu beharko liokete, eta «Espainia» dakarten seinaleak ezarri Endarlatsan, Etxegaraten eta Lizartza zein Kanpezu irteeran.

BERRIAn argitaratua

2013-06-30

UDIa nola egin

Urteak bide erdia egin du gaur. Kataluniako sezesio-prozesuan mugarrietako bat behar zuen datak Artur Masek Espainiako Gobernuari erreferendumerako baimena eskatzeko epea baitu. Nola-hala, betetzat jo dute urrats hori, Erabakitze Eskubidearen Aldeko Itun Nazionala eratuta, eta hor adostutakoa Madrilera bidaliko dutela iragarrita. Solidaritat alderdi independentistak kritika egin dio Masi eta ERCri, Gobernu itunean dakarrenaren arabera («Espainiako estatuarekin negoziazio eta elkarrizketa-prozesua irekitzea, erabakitze-eskubidea egikaritzeko, erreferendumera deitzeko aukera ere barne duela»), erreferendumeko galdera honezkero egon beharko litzatekeela iritzita. Datozen sei hilotan egingo ei dute urrats hori, kontsulta bera iragartzeko unean.

Basquitis deitu izan diote katalanen euskaldunokiko lilurari. Katalanitisa ere puztu da gurean aspaldion. Euskal Herriak daukan lagunik onena non dagoen zalantzarik balego ere, bart Nou Campen izan dira Gorka Knorr eta Fermin Muguruza, jendetza bildu duen ekitaldian. Hausturaren edo deskonexioaren unean basquitis edo euskal suhartasun pixka bat beharko dutelakoan daude geroz eta gehiago. Espainiari lotzen dituen entxufea ateratzeko uneaz ari dira, zero momentu hori zelan landu.

Duela urtebete ANC Kataluniako Biltzarrak aurkeztutako plangintzan ameskeria zirudien 2014ko irailean erreferendumera deitzea. Egun, epe luzeegia dirudi, adituren batek adierazi legez: ezin da herria etengabe mobilizatuta egon. Herri-ordezkariek ere beren lana egin behar dute. Kataluniako herriak bultzatuta, ERCk babestuta, Artur Masen gobernuak agindutako urrats kolektiboak bete ditu orain arte. Madrilekikoak Masek berak egin behar ditu, herria atzean eta aurkaria aurrez aurre duela, konfrontaziora doala jakitun. Espainiarekin negoziatzea alferrik baina egin beharrekoa dela jakinik. Galdeketa legezkoa izatea zail du; beraz, legitimitatean dago gakoa. Auzia gero nazioartean jokatzen baita. Zuk lana txukun egin baina inork aintzat ez bazaitu hartzen, alferrik ari zara. Espainiak daukan karta garrantzitsuenetakoa da hori.

Kataluniako herria prest eta gogotsu dago 2014an estatua eratzeko. Sinetsita dauka egungo arazo askoren konponbidea estatu horretan dagoela. Europan eskualdeak haurren patioa dira, erabaki ezinik, eta nagusien patioa, estatuena begi bistan dauka Kataluniak. Badaki horra joan behar duela, are gehiago, atea zeharka dezakeela uste du. Eskoziak, estatu burujabeen zelaian jokatzeko, erreferenduma irabazi behar du atea zeharkatzeko. Hala adostu du atezainarekin, eta etxekoak konbentzitzea dator orain. Hori da ideala, galdeketa lasaia, eta irabaziz gero trantsizio epe labur bat, agintea eskutik eskura pasa, banderak jaistearen protokoloa eta hori guztia. Erresuma Batuak inork baino gehiagotan egin du hori XX. mendean mundu zabalean.

Baina Espainian, denik eta amesgaizto handiena da bandera jaiste hori. Kataluniak etxea konbentzituta dauka, baina ateaz beste aldera joateko Espainia abusatzailea dauka, pasatzen ez uzteko. Mas lehendakariak garbi eta aratz sartu nahiko luke estatuen klubean. Atera hurbiltzen ari da Katalunia, eta ziur aski atezainari bultza egitea eta arineketan irtetea beste biderik ez du izango. Sakada bakar baina irmo bat abusatzailea botatzeko; altxatzen denerako, kanpoan egongo dira, agian Islandia edo antzeko herrialderen baten oniritziarekin. Guk ere atezainik ez dagoen une horretan irten beharko genuke, behingoan «gu» nor garen adosten badugu.

Horrek praktikan esan nahi du Kosovon bezalako Aldebakarreko Independentzia Adierazpena egitea (UDI, ingelesez). Une horretan, eskuak zikintzea dator, eta Espainiako Estatua neutralizatzea Katalunian. Izan ere, independentziarako lehen neurria zure lurraldearen gaineko kontrola da, gurean kontrol berdeek behin eta berriz argi uzten diguten legez. Lurraldearen kontrolik gabe UDI bat inork ez du serio hartuko. Katalunian are zailago dute, Madrilek finantzaketa etenda.

Lurrikara unea da hori, bai. Ahalik laburrena izan behar du, baina lurrikara dakar zure territorioaren kontrola hartzeak, Estatuko ordezkaria indargabetzeak, esaterako. Une horretara arte, nazioarteak ez du atzamarrik mugituko. Gero Europak, beti bezala kontserbadore, gatazka eragoztea izango du lan nagusi; une horretan lehen aldiz, aintzat hartuko ditu bi subjektuak, Espainia eta Katalunia.

Hirugarren subjektua zelan izan geu? Euskal Herrian ere ari gara erabakitze-eskubidean eta gizarte-aktibazioan lanean. Aurrez aurreko elementua falta zaigu, ordea: Bartzelona, Generalitat-a, president bat. Iruñea, Gasteiz, nork bideratuko du hori? Elkarrekin egingo duzue? Planifikazioak beharrezko dira, baina jakin behar da karta guztiak ez daudela zure esku. Eta urtebete barru Espainia KO egon liteke, 1898tik egon ez den legez, Kataluniak independentzia aldarrikatuta eta Europaren presiopean, negozia dezan. Pentsatu beharko da Gasteizek, Iruñeak, biek ala bietako batek, nork gidatzen duen herri hau handien patiora. Agian abusatzailea berriz jaiki eta atea beste 116 urtean itxiko du eta.

BERRIAn argitaratua

2013-04-28

Europako kontu bi

Bat. Askotan aipatu dudan anekdota etzidamu ziur asko errepikatuko da: Maiatzaren Lehena, istiluak Berlingo Kreuzbergen. Ehunka polizia (pilotak guztiz debekatuta), kargak tarteka, manifestarien harri eta botila jaurtiketak. Atxilotu dute gazte bat, eta nirekin zegoen kameralaria ziztu bizian joan da harantza. Mutila atxilotuta daukan poliziarengandik metro batera dago grabatzen. Eta agentea bera da burua jiratzen duena, irudietan ez agertzeko. Otu ere ez kameralariari hitz erdirik esatea, hain gutxi lana nondik egin behar duen edo non kokatu behar den gori-gori den egoera grabatzeko. Akreditazioa, bakoitzak berea, noski, ezer agerian eramateko beharrik gabe. Euskal Herrian, udaltzain batek ere esana dit kamera itzaltzeko, etxeko atari bat grabatzen ari ginela parean egokitu zelako. Askegunean gertatutakoak dimisioak ekarriko lituzke Alemanian, eta poliziak auzipetzea. Eta, hala ere, badu pozgarritik Lander Arbelaitzi jazotakoak: duela hamar urte nekez gaindituko zuen bizpahiru hedabideren oihartzuna. Euskal PENekook izan ginen salatzen lehenak, hura gertatu zen ostiralean bertan, Arbelaitzek berak zabaldutako irudi nahasiak ikusi eta berehala. Ezagutzen ditugulako, bai Lander bai gurean dabiltzan poliziak. Beste batzuek bizpahiru egunera egin zuten, erasoaren bideo editatuak isiltasuna halabeharrez hautsarazi zienean. Ostiralean prentsa askatasunaren eguna izango da, eta bazterrotako elkarteek munduko kazetari espetxeratuen berri emango dute. Baina ez dituzte aipatuko Teresa Toda, Jabier Salutregi eta Egin-eko langile giltzaperatuak, bost urte baino gehiago honezkero preso. Hain gutxi Ernairen webgunea ixteko agindua; hor ere terrorismoa goratzearen komodina darabilte. Argi esan dezagun: etakide bat goratzea —edo ETA bera— maila politiko edo moralean izan liteke kritikagarri, mingarri ere bai batzuentzat, baina adierazpen askatasunak hori zigortzea eragozten du Europako edozein herrialdetan. Eta Euskal PENen berdintsu salatu ditugu Egunkaria-ren itxiera, Egin-eko lagunen atxiloketak, kazetari mehatxatuak, ETBren aurkako atentatua edo Apurtu.org-ren aurkako operazioa.

Bi. Catherine Ashton erdian, Serbia eta Kosovoko lehen ministroak albo banatara. Ez dago besarkadarik, ez irribarrerik. Europak behartuta akordioa lortu dute, baina Europak baino ez du ospatzen. Kosovok nahi ez duen autonomia ematen die iparraldeko serbiarrei, Vetevendosje —Autodeterminazioa— taldeak Bosniako Srpska berri bat sortuko dela dio, Troiako zaldia etxean. Beste aldean, Serbia jakitun da Kosovo aitortzen ari dela praktikan. Hamalaugarren puntuak («alde batek ere ez du blokeatuko beste aldearen aurrerapausua EBrako bidean») ondorio hori du funtsean. Gogora dezagun: 2007 osoan negoziatzen ibili eta akordiorik ez lortzean, 2008ko otsailean Kosovoko Parlamentuak aldebakarreko independentzia aldarrikapena (UDI ingelesez) egin zuen. Serbiak Hagako Justizia Auzitegira jo zuen, eta 2010ean argi ebatzi zuen: nazioarteko legedian inon ez da debekatzen UDIa. Europar Batasunean Kosovo onartzen ez duten bost estatuetatik, Espainiak du jarrera zurrunena. Madrilen baldarkeriak erakarri du nazioarteko hedabideen arreta Kataluniara eta Euskal Herrira. Kosovoko akordioa onuragarri zaio Europako Batasunari —beti bezala joko motzera begira— Serbiarekiko korapiloa askatzeko, eta EBra batzeko negoziazioei ekiteko. Akordioa serbiarrek bozkatzea planteatu dutelarik, beldurtu egin dira batzuk. Iaz berdintsu gutxietsi zuten Kosovo iparreko serbiar udalek egindako galdeketa. Beti ditu arriskuak hitza herritarrei emateak, bistan da. Demokrazia konplikatua da. Baina ez litzateke behartu beharko etxe berean egotera elkarrekin bizi nahi ez dutenak. Kontuak kontu, Europari komeni zaio, eta Espainiari ez. Katalunian berehala ikusi dute akordioak zelan hauspotzen duen euren bidea: UDIa zilegi dela agerian geratu da, eta hasierako korapiloak bost urteren buruan ia askatuta daudela. Espainia inoiz baino bakarrago dago.

Asteko onena, Tomislav Nikolic serbiar presidente nazionalistaren berbak. «Belauniko jarrita barkamena eskatzen dut Srebrenican egindako krimenagatik». Biharamunean Gernika omendu genuen.

BERRIAn argitaratua