2014-01-12

Urratsez urrats

Kataluniatik Euskal Herrira dagoen bidea inoiz baino laburragoa izan zen atzo. Ezingo dugu 2014ko 52 asteak urte historikoan gaudela esaten eman, baina behin baino gehiagotan ezinbestean beharko du. Kataluniaren lobby-a izan zein berariaz etorri, Europan ari da bere bidea egiten, eta politika eta gizarte-zientzietako aldizkari garrantzitsuetan hasi dira agertzen gaiari buruzko analisiak. Independentisten aurkako mehatxu gehienen absurdua agerian uzten du: Europatik kanpo geldituko zara, inork ez zaitu onartuko, automatikoa izango da... Bereizi gura duen emazteari senarrak egindako mehatxuetan laburbil liteke: «Nora joango zara zu ni barik ba?»

Lehengo astean esan bezala, Europan ez dio inork esan Kataluniari independentzia ezinezko dela, ez daukala bereizterik, Espainiak batuta egon behar duela. Ez diote horrelako babesik eman Madrili. Eskoziako erreferendum adostua hain hurbil egoteak ere lagundu egiten du: benetan uste du norbaitek Europako estatuek bost milioi biztanle kanporatuko lituzketela? Europar Batasunean egon nahi duten Europa aberatseko bost milioi lagun? Bada Katalunia are handiagoa da. Azken inkestetan, Erresuma Batuko biztanleen ehuneko 33k baino ez dute nahi EBn gelditu, eta alde egitearen aldeko dira % 50. Eta uharteko nazio europazaleena kanporatu? Egia da, ezinbestean, kide den estatu baten zatiketak eta estatu berri baten sorrerak eragin handia leukakeela Bruselan. Hau da, Martinika edo Guyana edo Karibeko beste koloniaren bat Frantziatik bereiziz gero, litekeena da Europar Batasunetik kanpo geratzea. Baina Eskozia eta Katalunia edo Euskal Herria edo Flandria, ez. Europarentzat ere absurdua litzateke-eta gaur hutsunerik gabe mapan horrelako zuloa sortzea. Sarritan ahazten da zenbat arazo dakartzan Errusiaren menpeko Kaliningraden estatus bereziak, Lituania eta Poloniaren artean. Ezer bada, pragmatikoa da Europa. Ez du horrek esan gura estatu berriak automatikoki bat egingo lukeenik. Baina kanporatu edo integratu dikotomian, zalantza gutxi, pragmatismoa gailenduko dela bai. Espainia haserretuta ere, jaramon gutxi egiten diote Kosovon.

Bide horretan, urrats txiki baino esanguratsuak izan dira egunotan. Eskozian, Alex Salmond lehen ministroak iragarri du hirugarren mailara arteko umeek dohainik bazkalduko dutela eskoletan. Mezua erraza bezain sinplea da: independentzia, hobeto bizitzeko. Erresuma Batuak, bide horretan, eztabaida erraztu ere egiten du, tory-ek eskuin muturrarekin Londresen daukaten lehiari esker. Ingalaterra geroz eta eskuinerago horrekin bizi, ala Eskandinaviako babes sozialera begira ari den Eskozian? Independentistak Sareak Eskoziari buruz argitaratu zuen liburuan, Salmonden jarrerari oztopo garrantzitsu bat antzematen zioten: independentzia hain era sosegatu eta patxadazkoan saldu nahi izatea. Hau da, gauza bat da herritarrei lasaitasuna ematea, unionistek iragartzen duten hondamendiaren aurrean, eta beste bat esatea denak berdin jarraituko duela. Zeren eta, berdin jarraitzeko, hobeto etxean gelditu. Beraz, polarizazio bat beharrezko du estrategia independentistak.

Katalunian polarizazio hori ez da ia bilatu ere egin behar. Biltzar Nazionalak 2014ko egitasmoa aurkeztu du, mezu argi batekin: independentzia ez bada lortzen, katalan herritarren erantzukizuna izango da. Hau da, oraindik ere kalera irten beharko da, inoiz baino gehiago, gainera. Inoiz ez dut sinadura bilketetan askorik sinetsi, baina asteburu honetan era masiboan egin dute, eta Katalunian egiten diren urratsetara sinetsi beharrean gaude, azken urteotan zenbat aldiz txunditu gaituzten jabetuta.

Bultzada horrek hurrengo pausu garrantzitsua datorren astean du. Ados, barregarri samarra da Espainiari erreferenduma egiteko baimena eskatzea. Baina eskatzetik askatzera doan bideko azken urratsetakoa da.

BERRIAn argitaratua

No comments: