Urtebete eta 19 egun, Kataluniako estatua jaiotzeko. Horrek esan gura du
datozen hilabeteetan gertatzen den guztia azken aldiz gertatuko dela
Espainiako mugen baitan: azken maiatzaren 1a, azken errenta-aitorpena,
azken hamahiru nominak (baina ez azken pentsioak, Espainiak mehatxu
eginda ere: Espainian kotizatu dutenei berdin ordaindu beharko die,
Frantziak nafar basomutilei edo Espainiak atzerrian diren jubilatuei
ordaintzen dien gisan), azken uda Espainiaren baitan, munduko azken
Futbol Txapelketa Kataluniarik gabe, azken ikasturtearen hasiera
irailean… eta azken Diada independentista, 2014koa. Garaipenaren V
batekin, eta demokraziaren sinbolo den botoaren V-arekin agur esan asmo
diote Espainiari, atzo ANC Kataluniako Biltzar Nazionalean onartu
zutenez. Ez da erraza, ondo baino hobeto dakite. Baina aitortu beharko
zaio ANCri konfiantza baino zerbait gehiago irabazi duela.
Nork
ez du izan zalantza, kezka edo mesfidantza unerik prozesu honetan
guztian? Udal galdeketetan sortu zen batzuen errezeloa; Etxarri
Aranatzek bide berari helduko dio gaur zortzi. Aitortzen dut duela bost
hil izan nuela beldurrik, galdera adosteko zeuden zailtasunak ikusita.
Baina hura ere heldutasunez gainditu zuten. Horren ondotik, argi eta
garbi: erabateko konfiantza dut ANCrengan. Signa un vot per l'independència
(sinatu boto bat independentziaren alde) kanpainari ergelkeria iritziko
nioke (alferreko zenbat sinadura-bilketa egin ote ditugu?), atzetik ANC
ez balego. Atzo argi utzi zuten: sinadura horiek legitimazio (eta
akuilu, bistan da) izango dira alderdientzat Aldebakarreko
Independentzia Adierazpena egiteko. Eta egunotan Bartzelonako Diagonal
etorbidea betetzeko egitasmoa filtratu delarik, arriskutsu iritzi nion:
ekimen arrakastatsuen ondotik, bi milioiko manifestazio soila
proposatzeak gutxitxo zirudien; irabazteko gutxi —indarra frogatu dute
honezkero— eta galtzeko asko: badirudi milioi eta erdi kalera atera eta
porrot egin duzula. Baina proposamena osorik ezagututa, V horrek,
munduari egindako dei horrek, dena aldatzen du.
Kataluniako
sezesioak, Kataluniako errepublika independenteak, etzi dauka tramite
garrantzitsuenetakoa. Madrilen, Espainiako Parlamentuan, erreferenduma
egiteko baimena eskatu eta ezetz esango diete. Badakigu emaitza, noski,
baina ez dezagun gutxietsi: Kataluniak aldarrikatuta dauka
subiranotasuna, eta estatu bezala egituratzeko, ahalik modu txukun eta
demokratikoenean negoziatu nahi du orain arteko estatuarekin. Lana
demokratikoki eta garbi egiteko. Espainiarekin azken eztabaida dauka
Kataluniak etzi. Honezkero utzi dio Gaztelara begiratzeari, eta munduari
mintzatzen zaio. Isilik dago mundua, baina uste baino begi gehiago
daude auziaren gainean. Asteartean, argi geldituko da nork negoziatu
gura duen eta nork ez, nork bozkatu nahi duen eta nork debekatzen duen
botoa, nor oinarritzen den demokrazian eta nor nazionalismo
baztertzailean. Hortik aurrera, independentziak baino ezingo du ekarri
demokrazia.
Ekainaren 8an Europari berba egingo diote (proposamen interesgarria dakar orriotan gaur Martxelo Otamendik), hainbat hiritan casteller-ak
altxatuta. Udan dena berotzen da, eta irailean tramuntana ekaitzak
daude Mediterraneoan. Ordurako espero dute Espainiaren oldarraldi
gogorrena, eta horren araberako jokalekuak prestatu ditu ANCk. Lau bide,
2015eko independentzia-aldarrikapenera iristeko (tartean, hauteskunde
plebiszitarioetan zerrenda bakarra aurkeztea. Europakoetan ere proposatu
zuen, eta ez da irten. Baina CUPek berak esana du CiUrekin bat egiteko
aukera bakarra, une zehatz horretan baino ez dela). Hortik aurrera,
Konstituzioa prestatu eta 2015eko Diadan onartu beharko lukete.
ANCren
bide-orria betez gero, ez dakit 2015eko udal hauteskundeekin zer
gertatuko litzatekeen. Nafarroako erregimena amaitzeko unea litzateke,
baita Valentzia eta Balear Uharteetan aldaketa gertatzekoa ere. ANCren
bide-orrian aipatzen dira «nazioaren beste lurraldeak»… eta aitortzen
die halaber Aran ibarreko biztanle okzitanoei naziotasuna, modu
federalean Kataluniako Errepublikarekin bat egiteko, betiere
autodeterminazio eskubidea bermatuta. Horri buruz, egingo dugu berba
datozen egunetan. Baina oso ederra da Mediterraneoko bazter horretan
gertatzen ari dena.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment