2013-03-24

Edinburgo eta Diyarbakir

Eskoziak independentzia prozesuaren lehen detaileak argitaratu zituenean, duela urtebetetik gora, euskal independentista batek baino gehiagok galdetu zuen ea olatua hartzeko gai izango zen. Inplizituki, ezetz zioen erantzunak, ordura arteko olatuak, Quebec eta abar, hartu ez ziren legez. Kurduentzat historikoa izan den Newroz egun berean Edinburgon azken kartetako bat argitu dute: independentzia erreferenduma ez da 2014ko udagoienean izango, uda amaitzear dela baizik, irailaren 18an, ostegunarekin.

Entzun dut Abdulla Ocalan, ikusi ditut kurduak hunkituta, eta entzun dut Alex Salmond. Inbidia ematen du, baina ez duela urtebete beste. Kurdistan Ekialde Hurbilean dago, ustez hain urrun, eta, bertaratzean, gugandik uste baino askoz hurbilago dagoen nazioarekin egin nuen topo: ez gerrilla armatuagatik, horren balioa onartuta ere, estatuaren aurka bezainbat tradizio feudalaren eta patriarkatuaren aurka. Hizkuntzaren defentsak, ukazioak, berehalako zubia eratzen du. Baina begi bistakoa da 2013ko Euskal Herriak hurbilago beharko lukeela Eskoziako prozesutik Kurdistanen zabaldu denetik baino. Areago, Kurdistan bera Euskal Herriko urratsen arrastoan suma daitekeelarik.

Eskozia ere ez dut urruneko. Are hurbilagoko beharko luke, baina gaur-gaurkoz Kurdistanen dirudi begiak —gatazken konponketan, bakegintzan—, Eskozian baino gehiago —sezesio-prozesuan—. Berriz diot, maite dut Kurdistan, eta pozgarriak dira azken hilotan Euskal Herritik eta Euskal Herrirantz dauden loturak. Bakegintzan zer ikasia baldin badago, bikain. Kurduentzako gure lezio handiena gaur bertan eman dezakegu, Baionan, hamaika egunez egin dugun korrikaldian. Baina begiradak Edinburgon behar zuen, eta Newrozen suak liluratuta geunden.

Katalunian aurkako kasua daukate. Han Eskoziatik urrundu beharra nabarmendu dute, baina ez data goizegi delako, beranduegi baizik. Hala adierazi du Oriol Junquerasek, galdeketa 2013an bertan egitea proposatu duelarik. Katalanentzat gaur Londresek dauka interesa, ez Edinburgok.

Errezeloa handitzen ari da independentisten artean, Artur Masek ez ote duen isilpeko planik Madrilekin negoziatzeko. Estu hartu beharko dute. Urrunegi joan dira honezkero gutxienez, atzera egiteko. Joan den astean ANC Biltzar Nazional Katalanak argi erantzun zion aurtengo Diadako erronkari: iazkoa bikaina, perfektua izan zen, alferrik saiatuko lirateke —ai, euskaldun demazaleak— hura hobetzen, jende gehiago erakartzen. Giza-katera deitu dute. Hasieran manifestazio erraldoia baino gutxiago dirudi. Baina 1988an Baltikoko ekintza sinboliko garrantzitsuenetakoa izan zen, Vilniustik Tallinnera osatu zuten bi milioi laguneko giza-katea. Handik etorri zen independentzia aldarrikapena. Galdeketarako ate oro itxiz gero, Kataluniari ere geratuko zaion bide bakarra Parlamentuaren aldarrikapena izango da. Halaxe gertatu da gehienetan, azkena Kosovon, baina aurretik ere sarritan. Katalanak 1988ko Lituaniara begira, eta ni 1988ko Halabjara.

Galdeketa 2014ko maiatzaren 31 baino lehen egitea eskatu du ANCk; Europako hauteskundeekin batera izatea ere iradoki izan da. Urte bereko irailean erantzungo diote eskoziarrek «Eskoziak herrialde independente bihurtu behar al luke?» galderari. Galdeketa sezesionista bien artean, hirugarrena, beste bide bat planteatzen duena: 2014ko uztailaren 20an Belgikako hauteskundeek azken dibortziorako emaitza garrantzitsua ekar dezakete. N-VA Flandriako Aliantza Berriak argi esan du bozak irabazita ere ez duela independentzia aldarrikatuko. Baina iragarri ditu Walloniarekiko azken loturak eteteko asmoak: Gizarte Segurantza, fiskalitatea eta enplegu-politika Belgikatik Flandriara pasatzea nahi du N-VAk. Urratsez urratseko bide horri begiratu beharko dio halabeharrez Euskal Herriak, beste bi nazioen erritmoari jarraitzerik ez badu. Non eta, lehen galdeketa ez den Euskal Herrian bertan egiten, Nafarroako biztanleei hitza itzulita. Bakegintzaren ondoan lurraldetasunaren auzia baita oztopo nagusi, euskal alderdiak gerarazten dituena, prozesu independentistarik abiarazteko.

BERRIA-n argitaratua

No comments: