ANC Kataluniako Biltzar Nazionalak atzo argitara emandako agiriak puntu
interesgarriak ditu. Lehen bietan erreparatu da orduotan, baina
berritasun gutxien dutenak dira: 2014an galdeketa ezinbestekoa dela, eta
ANCren proposamena maiatzaren 31 baino lehen egitea dela ezaguna zen
lehen ere. Europako hauteskundeen ingurumarian antolatzea mahai gainean
egon izan den planteamendua da, baina baztertu ere egin da horrexegatik
beragatik: nazioarteko legitimazioak berebiziko garrantzia dauka, eta
beste hauteskunde batzuekin batera egiteak ez litzateke Bruselaren oso
gustuko.
Hurrengo bost puntuetan dago adierazpenaren mamia: Espainiari galdeketa egiteko baimena eskatzea ez du baztertzen, baina tramite gisa ikusiz gero («ezin da aitzakia izan galdeketa atzeratzeko»). Hortxe dago gakoetako bat: Kataluniako gizarteak borondatea argi adierazi du, 2010ean Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren aurkako erabakiak 2012 eta 2013eko jendetzak ekarri ditu Diadan, baina jendearen erantzun hori data bat zeukan konpromisoarekin gertatu da: «mobilizatu zaitez, eta 2014an estatu independentea lortuko dugu». Datak berebiziko garrantzia dauka, mobilizaziorako bezainbat desmobilizaziorako. 37 egun falta dira 2014an sartzeko. Erreferendumaren data eta galdera izateak areago indartuko du independentismoa, aktibazioa ekarriko du muga horren hurbil ikusteak. Gizartearen polarizazioa ere bai, noski, prozesu sezesionista guztietan legez, baina asteon agerian gelditu da ERCren independentismo eta Ciutadans-en unionismo argiek erakarri dituztela herritarrak, CiUren, PSCren eta PPren kaltetan.
«Katalunia estatu independentea izatea nahi al duzu?» da ANCk proposatzen duen galdera. Beste batzuek «izan» aditzaren ordez «bihurtu» hobetsi izan dute, baina ñabardura txikiak dira. Lehen hiru hitzek dute garrantzia, galdera zehatz eta laburra izateko. Baztertu samar zeuden UDC eta PSCren sasiproposamen eta ustezko hirugarren bideak behin betiko ezabatzen ditu gainera. Funtsean, herri batek erabaki dezake bereiztea eta estatu berria sortzea bere kabuz, baina federatzea edo antzeko erabakiak hartzeko, ezinbestekoa da beste aldearen oniritzia. Dibortziorako aski da batek nahi izatea, ezkontzeko, bien borondatea behar da. Ez da hutsala, halaber, biltzarrean ziren Convergencia alderdiko ordezkariek esatea bat datozela galderarekin, eta esku artean dutenaren ildoan doala.
Izan ere, Artur Masen alderdiaren keinuak, ANCk egiten dion keinuari ere erantzuten dio. Adierazpenaren bost eta seigarren puntuek katalanak batu beharra azpimarratzen dute. Teorian denak bat datozen zerbait da, independentzia lortu duten lurralde guztietan gertatu da hori. CUPek berak esana du CiUrekin bat egingo duen une bakarra, hori bera izango dela, independentzia-aldarrikapenean denak batuta egon behar diren horretan. Baina seigarren puntuan jauzia Europako hauteskundeetara daroa ANCk. Boz horietara elkarrekin aurkeztearen alde CDC baino ez dago gaur egun, inkestek adierazten duten porrota ezkutatzeko bide gisa. Baina ERCk ere adierazi du inkesta horiek ez direla garrantzitsu, ez eta hauteskundeak irabaztea ere... eta alderdi batek, oso une berezietan baino ezin du hori esan. Gure herrian gutxi bezala, europeista konbentzitua naiz, baina hauteskunde horiek, tamalez, ondorio gutxi: Europako «gobernua» estatuena da eta Parlamentuaren rola aski txikia, eta Espainiako barruti bakarra iruzur handia da. Paradoxikoki, Katalunia Europatik kanpo geratuko litzatekeela diotenentzat, argudio polita da: zelan da posible herritarrak kanpo eta ordezkariak Parlamentuan egotea?
Hilabete falta dugu 2014rako, eta bidea argitu behar da independentzia benetako aukera izateko. Horixe egingo du Alex Salmondek etzi, Liburu Zuria aurkeztuta. Independentzia ezkertiarra izango da Eskozian edo ez da halakorik izango: independentziak Ingalaterra kontserbadoretik bereiztea esan nahi du, UKIPeko antieuroparrez libratzea, klasismoa eta neoliberalismo basatia baztertzea, eta eskubide sozialetan eta Estatuaren babesean oinarritutako herrialde berria eratzea. Eskozian ere, 2014an, herritarrak informatzeaz bat, Westminsterrek eskuinerantz jotzen jarraitzea dute itxaropen. ANCk argi esan du argi hitz egin behar dela. Eta azken puntuan ohartarazten die alderdiei: behin eta berriz herriak eskatu dizuena egin, ala herriak berriz ere kalera irten beharko du. Inoiz baino gehiago, herritarren ordua da, eta ordezkariak estu hartzekoa.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment