2009-12-27

Zerbaiten atetan

Negua galga bakar maldan behera gerrarantz doan kurduen herrialdea utzi eta etxera itzuli naiz Gabonetarako. Espainiar kazetari batekin eman ditut egun batzuk Europako telebista baterako erreportajeak egiten, biok ere Euskal auzitik distantzia pixka bat hartu eta distantzia horretatik zerbait kontatzeko asmoz. Irlandar esaerari men, gauaren ilunenean argi pixka bat igarri dugu biok, laster azaleratu behar duen zerbaiten miran sumatu dugu euskalduna.

Lobby lanik gabe euskalduna zulora kondenatuta dago, lobby lanarekin ere bai sarritan. Niretzako daukat gustura izenpetuko luketela Egunkaria-rentzat absoluzio isilen bat, «baina mesedez ez ezazue zarata handirik egin». Eta, hala ere, zeinen merkea den Euskal Herria jipoitzea. Zenbat indar irain eta gezurrei aurre egiten, zenbat energia azalpenetan. Sorkuntzarako herria gara, baina erresistentzia hutsean xahututako indarrok ere eraikuntzarako balira... Badakigu Egunkaria kasuak baduela salbuespenetik. Salbuespena izatea gura dugu, gainera, errepresio itsuak mugarik baduela, horraino ezin direla iritsi sinesteko. Garaipenen bat merezi dugulakoan. Publizitaterik gabe, herri honen benetako aldaketako lehen urratsa Egunkaria-ren garaipena izango dela sinetsi behar dugu.

Oraingoan baietz, konbentzituta egonda ere, beldurra eragiten du Espainiak. Eta Bilbon erakutsitako indarrak eta nazioartean eta etxean bildutako babesak ezinbesteko dira, baina horiek ondo baliatzea komeni da. Egunkaria-ko lagunen absoluziorako, lehendabizi; Egunkaria irekiarazi eta dagokiguna berreskuratzeko, hurrena. Baina baita tortura bizirik dagoela ozen esateko ere. Eta salatzen jarraitzeko, Egunkaria-rekin soilik pasatu egin zirela uste duten espainiar lankideei batez ere. Besteak beste, Espainiak Teresa Toda, Jabier Salutregi kazetariak eta Egin-eko langileak preso dituela gogoraraziz. Eguberri on.

2009-12-20

Zimanê Çiya

Harold Pinterren Mendiko hizkuntza antzezlana Diyarbakirren ikustea zirraragarria da. Kurdueraz taularatu dute egunotan lana Kurdistango hiriburuan, Luciano Iogna zuzendari kanadarraren aginduetara. Ostiralean egon nintzen estreinaldian, Forum Antzerkiaren baitan prestatu dute , Augusto Boal-en Zapalduen Antzerkiaren lerroan. Zirraragarria, guztiz, zapaltzaileak eta presoen senideak kurdueraz, kurduera hizkuntza ofizialaren paperean, eta hizkuntza ofiziala ez dakien ama mutu egotera behartuta. Semea bisitatu eta isilik, polizia eta kartzelarien oihuen artean, ahoa ireki bezain laster.

Gero ikusleei egokitu zitzaien berenetik jartzea, kritika egitea, taulara igo eta egoera aldatzen saiatzea. Eta torturaren txanda ere iritsi zen, noski, debekatutako hizkuntzak hizkuntza ofizialaren beharrezkotasuna ere bai baitakar. Zuzendariarekin egonda, familiaren friuldar jatorria aipatu zidan. Gure territorio libre bakarraz mintzatu nintzaion, ondo ezagutzen bagintuen ere.

Eta atzo Bilboko milaka lagunen artean ezin egonaren pena Mendiko Hizkuntza-rekin ordezkatu nuen. Debekatutako hizkuntza taula gainean, beldurrik gabe erabiltzen, zapaltzaileei aurre egiten harrotasunez. Gure mendiko hizkuntza Bilboko kaleetan aspaldi ari gara erabiltzen, baina badira egunak are bereziago bihurtzen dena, Barakaldon bertso gaindosiarekin izan gaitezkeena ere sinesten duguna. Tamala, horrelako jipoiak hartu beharra mendiko hizkuntza aldarrikatzeko, mendiko hizkuntzaren alde egin dutenen gorazarre. Baina inoiz ez da berandu. Behingoan mendiko hizkuntzak batu bagaitu, ea urratsez urrats jarraitzen dugun, mendiko hizkuntzaren herri hau menditik itsas bazterreraino eta lau haizeetara hedatzeko, tinko eta ziur. Inork debekatu eta torturatu nahiko balu birritan pentsa dezan.

2009-12-13

Loreak eta arantzak

Hiru egunerako? Bertso-zer ikustera? Istanbulgo lagunek ez dute oso ondo ulertu zerk naraman Euskal Herrira. Poesia, kantua, inprobisazioa... «tira, beste batzuek mila euro ordaintzen dituzte Galatasaray edo Bartzelona 90 minutuz Europako ez dakit zein lekutan ikusteko». Duela lau urte esperientzia konplikatu bezain ederra izan zen Radio Euskaditik astero-astero gaztelaniaz txapelketako saioak aztertzea. «Pie forzado», «octava mayor» eta antzeko berbak ikasita xehatu genituen aurreko asteko bertsoak. Teknikatik haratago, zirrara eta lilura transmititzea genuen helburu, nik uste. Solemnitatea adieraztea ez da hain zaila, berez ikuskizun zurruna da bertsoa, eta sufritu duen jendeak atoan barneratzen du pertsona baten kantuari adi milaka lagunen isiltasuna minutu batez eta segidako emozio uholdea. Oholtzatik ikuslearengana doan sermoia baino askoz gehiago dela erakusteko, baina, ezinbesteko dira entzulearen irribarrea eta afari arrunt bateko giroa aurkeztea. Baina solemnitatean geratuko bagina ere, egun zoriontsua da, gure saminean barneratu arren, garenaz eta nahi genukeenaz hausnartuta ere, gure miseriak poetika zuzen eta gordinean kantatuagatik. Malko eta barre, izan gintezkeenaren ilusio ederra da gaurkoa, ezin ederragoa, gezurra ez baina erabat egia ez den ametsa.

Eta ezin ahaztu Sarrionandiaren kartzelako poema: «Baina zer laburra den lirikarena. / Leihoa zabaltzean, zeldara, zure ordez, / errealitatea sartzen zait, bere altzairuzko / hatzaparrekin, orroaka». Horixe daukagu, gaurko lirika, ametsa, elkar hartzea eta inori azaltzeko hain zail den gozatu erraldoia. Biharrik ez balego bezala, etxean lasai iratzarriko bagina legez, euskaraz lasai bizitzeko. Madrilera joan beharrik gabe, bere mehatxu eta izuari aurre egin beharrik gabe, euskaldun bizitzea normala balitz bezala.

2009-12-06

Distantziak

Durangon banengo Azokaren kutsu komertzialegiaz mintzatuko nintzateke, ziur aski. Eta lagun eta aspaldiko ezagun eta ez hain lagunen artean gure kulturaren ajeez, eta «atera beste garagardo bat», eta «aurten iaz baino jende gutxixeago, zubiaren luzea», eta Alberdaniak hau eta Elkarrek hura, eta Pamielak besteak eta Susan beste hori esango genuke hurrengo tragoaren zain. Eta parrandarako eguna parrandarako izango zen noski, baina parrandarako gorde gabeko egunen bat ere eroriko zen ziur aski, Plateruenan hasi eta batek daki non amaitu.

Eta zelan ez, giro politikoa ere ekarriko genuen hizpidera; urte osoan politikariak arrunt bihurtu eta protagonismoa doi bat kentzen diegun sasoia da. Baina ez dugu Karmelo gurekin izango zirikatzeko, eta Ataramiñen 09'-n argitaratu duen lagun kopuruak ilusioa eta beldurra eragingo digu.

Urteroko kontu horiek nostalgia bihurtzen dira urrundik begiratuta. Herriminaren onurak eta gaitzak, urrutiko intxaurrak eta hori guztia. Bosforoaren alde bietan, Europak Asiara eta ekialdeak mendebaldera begiratzen duen hiri honetan, parranda egin genuen gipuzkoar mordotxo bat, bizkaitar batzuk, arabarren bat eta lapurtarra lagun hartuta. Eta biharamuna Info7n Belodromoko saioa entzuten pasa, muezinaren otoitzerako deia tartekatzen zela, auzoek bildotsak sakrifikatu eta gero. Jon Maiaren «haientzat zer da Euskal Herria, Urepel ala Petronor?» entzuten ileak laztu, eta aste osoan zehar bertsoplaza.tv-n berriz ikusi, edo lilurazko irribarrea Maialen Lujanbioren jenialtasunekin Iturriagaren sarreren bila. Eztarriko korapiloa Arkaitz Estiballesen «tamalez sekula ere ez agertuko Jon Antza» puntuarekin, eta zer esan Aitor Sarriegik Belodromoa bihotzaren lekuan hartu zuenekoaz.

Lau urte barru zuzenean entzun ez eze, ikusi ere egin ahalko dugu menturaz. Distantziak txikiagotzen doaz, bai. Baina ni Barakaldora noa. Kolosala izango da.

2009-11-29

Espainiaren beldurrak

Turkian Kurbam Bayram edo Aid sakrifizioaren ospakizunerako prestaketetan zebiltzala, Giza Eskubideetako Batzordeko zuzendariarekin bildu gara. Estatuko puntu beltzak aipatu dizkigu; manifestazioen aurka eta atxilotuak komisariara eramatean poliziak darabilen gehiegizko indarkeria, eskuarki. Komisarian bertan tortura kasu gutxi, ordea. Europako presioek Turkiaren ukabila asko irekitzea ahalbidetu dute. 34 euskaldun inkomunikatuta zeuden une berean.

Nazioarteko erakundeen esanak esan, Espainiak oso presio txikia dauka giza eskubideak bete ditzan. Arazo handiena da Espainiak berak badakiela ez dela herrialde normalizatua. Gobernutik hurbilen dagoen egunkariak Kosovori buruzko erreportaje sorta egin du berriki (Espainia da independentzia aitortzen ez dion Europa mendebaldeko herrialde bakarra). Hashim Thaçi lehen ministroak «Kosovok ez du beste ezerekin zerikusirik» baino ez zioen. Argiago mintzatu zen Ikerketa politikoko institutuko zuzendaria: «Akats larria izan zen Kosovoko kasua barneko egitea. Euskal eta katalan separatismoek ez daukate zerikusirik hemen gertatu denarekin».

Kazeta berean, dalai-lamaren ordezkariarekiko elkarrizketa, Espainiako gobernuak bilerari uko egin eta gero: «Badirudi euskal eta katalan nazionalismoekin duten arazoa Tibetekin nahasten dutela. Erabat kasu desberdinak dira, baina itxuraz Espainiako Gobernuak antzekotasunak ikusten ditu bien artean». Berriki Hego Kurdistanen antzeko zerbait esan zidaten: petrolio itsaso baten gainean daude, Europako herrialde gehienek kontsulatuak dituzte, Turkia ere irekitzear da, baina Espainiak negoziorik gabe geratzea hobetsi du.

Ez diot nik Tibet, Kosovo eta Kurdistan kasu berberak edo antzekoak direnik, baina hala ikusten ditu Espainiak. Eta horiek antzekoak badira, zer beldur ez ote zaie piztuko bihar Eskoziako egun nazionalean Alex Salmondek erreferenduma egiteko proposamena egiten duenean? Eta Katalunia bidea erakusten.

Aid jai zoriontsua denoi. Cejna we ya Qurbane Piroz be!

2009-11-22

Hobitik berbak

«Oskorriaren azken izpiek idatzi beharreko bidezidorra erakusten didate; nire urratsen azpiko orbelen hotsak hala esaten didate: 'Utzi zeure burua erortzen, eta askatasunaren bidea aurkituko duzu berriz ere'. Inoiz ez naiz heriotzaren beldur izan. Orain ere, bere presentzia berezi eta zintzoa nire ondoan sentitzen dudalarik, bere lurrina usaindu eta aurkitu nahi dut; heriotza, lur honen adiskide zaharrena. Ez dut heriotzaz mintzatu nahi, haren atzeko arrazoiez galdetu nahi dut. Gaur, askatasuna eta justizia bilatzen dutenen zigorra delarik, nola izan patuaren beldur?».

Ehsan Fatahianek duela hamar egun inguru idatzi zuen, Irango borreroek Sanandaj hiriko urkamendira eraman baino lehentxeago. Kurduek ez dute maite inoren aurrean negar egiterik, baina begiak gorritu zaizkie lagun gehienei berba horiek gogoan. Zarauzko hilerriaz oroitu nintzen, noski. 34 urte, eta norbere herriaren alde egiteak heriotza zigorra dauka oraindik ere. Eta Santi eta Josu gogoratzeko unea izan da, eta Legebiltzarrak Santi oroitu du, orduan parlamentaria zelako. Baina gaur ez zen hautetsi izango. Madrileraino bake bila joandakoak ere tiroka hartu zituzten, oraindik legez kanporatzeak doitu gabe zituztenek.

«Kartzelara sartu oro, heldua da hobira», idatzi zuen poetak, eta hobitik irtenda Filipe Bidarteren berbak ditugu ARGIAn, eta bideo ezin interesgarriagoa sarean. «Nik ez dut ulertzen eztabaida hori. Xantza baldin badago, ateratzeko baliatu behar duzu». Betiereko zigorraz dihardu, baina atzeratzen eta atzeratzen ari den eztabaidari heltzen dio halaber.

Gaurkoz, utzidazue Fatahianen azken berbekin amaitzen: «Agintari eta zapaltzaileek uste badute nire heriotzarekin auzi kurdua desagertu egingo dela, oker dabiltza. Nire eta nire moduko milaka lagunen heriotzak ez du samina sendatuko, su honi garrak baino ez dizkio erantsiko. Ez dago zalantzarik heriotza bakoitza bizitza berri baten hasiera dela».

2009-11-15

Agur eta ohore, Ehsan

Aste hasieran emailak eta Facebook-eko oharrak etengabe iritsi ziren, presioa kosta ahala kosta handitu beharra zegoen. Ehsan Fattahian 28 urteko borrokalari kurduaren bizia zegoen jokoan. Iritsi bezala berbidali ditut emailak, mundu osoan beste milaka lagunek legez. Astearte gauean, azken hiru hilabeteetan legez, Ehsanen gurasoei ez zieten utzi semearekin biltzen. Biharamunean, asteazken goizean, espetxeko urkamendira eraman eta, mundu osoko milaka ahotsen erruki eskaerei entzungor, urkatu egin zuten. Asteazken goizean. 28 urteko gazte kurdua, «Jainkoaren etsaia» izatea zen bere krimena, bizardun integristen erregimenean kurduek, beste herriek eta norbanakoek oinarrizko eskubideak izatea defendatzeagatik.

Edozein exekuzio gauza ankerra bada, Ehsan Fattahianenak eskarmentu bihozgabearen itxura dauka. Hamar urteko espetxealdia ezarri zioten hasieran, zigorra gogorra izan ohi den lehen epaian, oposizio kurduko kide izateagatik. Baina Fiskaltzak helegitea jarri, heriotzara zigortu eta exekutatu egin dute. Gorpua ere ez diote familiari eman. Oihartzunik gabe hil dute Ehsan Fattahian. Euskal Herrian oihartzunik gabe, noski. Sine, Ekialdeko Kurdistango hiriburua, Fattahian exekutatu duten hiria, protestetan lehertu da. Hiltzaileen poliziak pertsona gehiago atxilotu ditu. Baina noski, mundua AEBetako parametroetatik epaitzen duten internazionalistek ezin ahotsik altxa Venezuelaren eta Hezbolaren lagun baten aurka. Nazka ematen dute.

Lerrook idazterako berandu izan daiteke, baina Ehsanen patu anker berbera jasan dezake edozein unetan Shirko Maarefi militante kurduak. Mundu osoan ari dira sinadurak biltzen, eta nik ez dut sinetsi nahi «Jainkoaren etsai» denak ez duela euskal internazionalisten babesik jasoko. Iranen lagunen lagunei presio pixka bat eginez, adibidez.

BERRIAn, PKKrekin elkarrizketa

Kandil mendiak.

Hego Kurdistango mendibideetan barneratuta, Kandil mendietaraino eraman gaituzte PKK Kurdistango Langileen Alderdirako diharduten mugalariek. Abegikortasun kurdua erakutsiz, patxada hartzeko eskatu digute etxe bateko jabeek, jan-edana eman eta gerrillariak iritsi arte itxaron dezagun. Laster agertu da kanpo harremanetako arduraduna, buruzagiak bidean direla esatera. Arratsaldean Bozan Tekin PKK-ko komandanteburua eta Ronahi Ahmed zuzendaritzako kidea etorri dira dozena erdi gerrillarirekin batera. Arma luzeak atarian utzi dituzte, gerriko zabalarekin pistola iruditik kanpo dago. Bakerako borondatea dutela nabarmendu digute ia hiru orduko solasaldian, baina Kurdistan defendatzeko erabaki irmoa ere bai, Turkiako Estatuaren ukazio jarreraren aurrean.

Eztabaida gogorra egon da Ankarako Parlamentuan egunotan, Turkiako Gobernuaren eta oposizio kemalistaren artean. Zer iritzi daukazue ekimen kurdua deitu den prozesuaz?

RONAHI SERHAT: Ez dugu ikusten hurbiltze serio eta zintzorik. Gaur denek onartzen dute historian erro sakonak dituen auzi politiko eta soziala dela. Turkiako Errepublika sortu zenetik estatua indarkeriaren bidez saiatu da auzia konpontzen, asimilazio behartuaren politikekin. Hau ez zuen PKK-k hasi. Baina gaur auzi kurduari buruz eztabaidatzen ari bagara, PKKren askatasun borrokari esker izan da. Ukazio eta suntsipen politikak kale egin du, martxoko hauteskundeetan argi geratu zen hori. Behin eta berriz esan dugu elkarrizketa bidez konpon daitekeela auzia, horregatik iragarri genuen apirilaren 13an oraindik indarrean daukagun ekintzarik gabeko aldia. Baina Estatuak eta Gobernuak operazio militarrekin jarraitu dute, eta politikari kurduak atxilotu eta espetxeratu dituzte.

Ona da Parlamentuak lehen aldiz argi eztabaidatzea kurduen auzia. Baina entzun mezuak ere. CHP Herriko Alderdi Errepublikarreko buruzagi Onur Oymen adibidez, kurduak urkatzeaz mintzatu zen, suntsitzeaz, kurduen aurkako politikarekin jarraitzearen alde. Denek dute iritzia emateko eskubidea, Parlamentuan bereziki, baina Hitler edo Franco oroitarazten dute hitz horiek. Okerrena da inork ez zuela aurkako ezer esan.

BOZAN TEKIN: Ronahi burkideak esan duen bezala, Onur Oymen argi mintzatu zen: PKKren eta kurduen aurka 1938ko Dersimgo altxamenduan bezala egin beharko litzatekeela. 19.000 lagun hil zituzten. Emakume eta haurren genozidioa bultzatzen du Oymenek. Aski diplomatiko ezaguna da Europan. Horrela mintzatzen da Turkiako Parlamentuan, 2009an, eta inork ez dio aurkakorik esaten. XXI. mendean inork ere ezin dio nazio edo herri bati genozidio mehatxurik egin, baina Turkian bai, oraintxe bertan jazo da. Hori beldurgarria da. Suntsitu, desagerrarazi beharreko jendea dira kurduak, 1920ko hamarkadatik mentalitate hori daukate. Turkiako Estatuaren asmo bakarra PKK suntsitzea da. Gobernuak gezurra diotso Europari. [Turkiako lehen ministro Recep Tayyip] Erdogan jaunak beti «bandera bat, hizkuntza bat, kultura bat, nazio bat» leloa darabil. Auzira seriotasunez hurbiltzeko, hitzok atzean utzi behar ditu, baina helburua kurduak zatitzea eta PKK ahuldu eta herritik bereiztea da.

Alde tragikomikoa honako hau da: Estatuak PKK gerrako zati gisa ikusten du, borrokatu eta suntsitu beharrekoa. Baina ez konponbidea aurkitzeko mintzaide gisa. Gerrako aldean, bagara arazoaren zati bat; bakerako ez, ordea. Bakea borrokan dauden aldeen artean egin behar da. Britainiarrek esan zuten ez zutela IRArekin negoziatuko, terroristak zirela, baina bakea lortu dute; Espainiako Gobernua ere behin baino gehiagotan bildu da ETArekin, oro har terrorista deitu eta ez dutela negoziatuko esan arren. Hegoafrikan, ANC eta Mandela erakunde terrorista handienak ziren, baina mahai bueltan bildu eta Mandelak Bakearen Nobel saria eskuratu zuen. Turkiako Gobernuak, baina, oraindik ez du onartzen hori.

Eztabaida horietako gehienak, ordea, hasieran behintzat, sekretuak ziren. Agian, ez duzue esango, baina kazetarioi galdetzea dagokigu. Ez dago horrelako komunikaziorik Turkiarekin?

BT: Turkiak ez dauka horrelako zintzotasunik. PKK suntsitzeko erabakita dauka. Beraz, nola bilduko da ezkutuan Turkiako Gobernua PKKrekin? Ez dago horrelako elkarrizketarik, eta mentalitate horrekin ezin da hurbilketarik egon.

Hedabide batzuek zenbait kultur eta hizkuntz eskubide iragarri dituzte, herrien izen kurduak itzultzea eta abar. Zein izan liteke erdibideko bilgune onargarria bakea lortzeko?

RS: Hala da, erreformez dihardute, baina lehendabizi «bandera bat, hizkuntza bat, nazio bat» leloa darabilte. Ez dute onartzen herri kurdua kolektibo gisa, bere hizkuntza, kultura eta historiarekin; norbanako eskubideez soilik mintzatzen dira. Betiko suntsipen politikak, metodo berriekin. Umeak eskolan kurduera hautazko ikasgaia izango omen du, baina bihar Gobernua aldatzen bada, eman duten eskubide hori ere ken dezakete. Berme bakarra herri kurdua herri berezi gisa onartzea da, eta hori Konstituzioan ager dadila.

BT: Hedabideek horri buruz ziharduten bitartean, Gobernua mundua eta Europa nahasten saiatzen ari zela, hamar urteko neskato bat lagunei kurduera irakasten hasi zitzaien bere etxean (Medya Ornek, BERRIA 2009-09-20). Bada Estatuak epaitegira eraman nahi izan zuen. Jarrera hori dauka. Turkiako Konstituzioko 66. artikuluaren arabera, Turkiako herritar oro turkiarra da. Baina gu kurduak gara, ez turkiarrak. Artikulu horrekin ez dago auzia konpontzerik. Kurduak ere ez gara kurdu klasikoak dagoeneko, ez dugu onartzen horrelako hurbilketarik. Kurduek, Abdula Ocalanen buruzagitzapean, badakizkite beren eskubideak, eta ez dute onartuko Turkiako Estatuaren horrelako jokorik. Estrategikoki, Turkiako Estatuak galdu egin du Kurdistanen. Eskoletan kurduera irakasgaia eskainiko duela dio Gobernuak, hau da, Estatuak zehazten du zenbateraino gara dezakezun zure kultura. Guk ez diogu ezer eskatuko Estatuari, baditugu gure eskubide naturalak, eta horiek baliatuko ditugu. Hori ulertarazten saiatzen ari gara, baina Turkiak ez du atzean utzi ukazio politika.

Abdula Ocalan eta gure erakundea zintzoak gara konponbide demokratikoaren alde, sarri erakutsi dugu. Lagunak bake talde gisa bidali ditugu Turkiara. Azken 25 urteotan gerrillari martiriak soilik ezagutu dituzte kurduek; lehen aldiz ikusi dituzte menditik bizirik itzultzen, eta poza agertu dute. Horrek erakusten du, halaber, herri kurduaren lotura askatasunaren borrokalariekin eta bakearekin. Tamalez, Turkiako Estatuak milaka lagunen poztasun natural hori probokazio gisa hartu du. Gure herriaren poza ere ez du onartzen.

25 urteko borroka, 40.000 lagun baino gehiago hil dira. Merezi izan du?

RS: Jakina! PKK-k borroka hasi baino lehen kurduen aurkako ukazio, suntsipen eta asimilazio politikak arrakasta izateko zorian zeuden. PKK herri kurduaren ahotsa izan da horren aurka, kurduen askatasunaren sinbolo bihurtu da, PKK herri kurdua bihurtu zen. Jende asko hil da, gehienak estatuak hildako kurduak, baina ez du ardura turkiarrak edo kurduak diren, pertsonak dira, 40.000 lagun. Gerra ez genuen guk hasi, gure burua defendatu behar genuen, ez genuen guk erabaki erasotzea. Sufrimenduaz jakitun, Abdula Ocalanek aldebakarreko su-etena deitu zuen 1993an, atzera ere 1996an, 98an, 99an... eta orain ekintzarik gabeko sasoian gaude. Baina beti aldebakarreko hurbilketa da konponbide demokratikoa aurkitzeko. Zergatik? Indarkeriak ez dituelako arazoak konpontzen. Nork nahi du hau konpondu? PKK-k, ez Turkiako estatuak. Kurduok gure eskubide naturalak behar ditugu, ohorez eta duintasunez bizitzeko, horretarako sortu eta borrokatu da PKK. Hori da dena.

Kurdistango historia ezagutzen duenak ondo daki kurduok oso berandu gabiltzala auzia konpontzeko, XX. mendean konpon zitekeen. Guk «aski da» diogu. Abdula Ocalan, kurduen buruzagia, hamaika urtez dago Imrali uhartean preso bakartuta bakebidezko konponbidea eskatzen. Abdula Ocalan askatu eta konponbideko mintzakide gisa hartu behar dute. Osterantzean honek kale egingo du, odol gehiago egongo da, denentzako kalte. Horregatik dei berezia egiten diogu Europari, bide demokratiko eta baketsuak bultza ditzan. Turkiari emandako bestelako babesek, auzia konpondu ez eta mendebaldea erantzule egiten dute estatuaren suntsipen politiketan.

BT: PKK herri kurduaren isla gisa sortu zen gure burua defendatzeko. Mendebaldetik PKKri erakunde terrorista deitzen diotenean, Turkiari babesa ematen diote herri kurduaren eta gure erakundearen aurkako indarkeriarekin jarrai dezan. Askotan erakutsi dugu auzi kurdua era demokratiko eta baketsuan konpontzeko aldebakarreko borondatea. Orain ere bai. Baina operazio militarrekin eta PKK suntsitzeko asmoekin jarraituz gero, guk ere edozer egingo dugu bizitza duina izateko eta gure burua babesteko. Argi diogu: bakean, konponbide politiko demokratikoan tematuta gaude, baina baita herri kurduaren defentsan ere. Bai esaten diogu bakeari , ohorezko bakeari, baina ez baldintzarik gabeko errendizioari.

Abuztuaren 15erako iragarri zuen Abdula Ocalanek Bide Orria. Hiru hil joan dira eta ez da argitaratu. Zer gertatu da?

BT: Abdula Ocalan preso dago, baina beste edozein herritarrek bezala eskubidea du bere iritzia emateko, kurduen liderra da. Bide Orria denentzat idatzi du, turkiarrentzat, kurduentzat, estatuarentzat, PKKrentzat, zein konponbide proposatzen duen azter dezaten. Gure ikuspegitik, proposamen guztiak erabat onargarriak dira. Turkiako estatua eta Gobernua beldur da jendeak ezagutu dezan. Bide Orria, herri baten eskubide naturalen perspektibatik idatzita dago, auzi kurdua bake eta demokrazia bidez konpontzeko. Nor da irekieraz beldur? Nork dio argiari beldur? Nor da bakearen beldur? Gerra nahi dutenak, odoletik bizi direlako, bakearen beldur dira. Abdula Ocalanen Bide Orria, bakearen eta demokraziaren aldeko manifestua da.

Baina esan duzu, bahituta dauka Gobernuak Bide Orria. Abokatuek helarazi omen dizkizuete.

BT: Zati batzuk.

Zer proposatzen du Ocalanek?

BT: Eztabaida eta bakea nola bideratu esaten du. Konstituzioa aldatu behar da, Abdula Ocalani eta PKKri mintzatzeko eragozpenak kendu. Eta aipatzen du, halaber, noiz eta nola utzi armak, eta zein baldintzatan.

Zeintzuk dira baldintza horiek?

BT: Lehendabizi eztabaida egon behar da, eta Konstituzioa aldatu. Neurri praktikoei dagokienean, herrietako zaintzaileen sarea (Gobernuak ordaindutako milizia kurdua) desegin behar da, Kurdistango gerra neurriak kendu, berradiskidetzea bultzatzeko Egiaren batzordeak sortu, politikoki antolatzeko eta kurdueraren aurkako debekuak bertan behera utzi, eta Abdula Ocalanek libre behar du. Orduan esango dugu zintzotasunez dihardutela. Giro hori sortutakoan, inork ez du armarik erabili beharko. Baina horren aurretik urratsak eman behar dira. Armak ematea azken eztabaida da.


«Nazio-estatuaren ideia da borroken eta arazoen iturria»
U. Urrutikoetxea.
Kandil mendiak

Badakit ez duzuela gehiago independentzia eskatzen. Zer iritzi daukazue autodeterminazioaz eta herriek beren etorkizuna hautatzeaz?

BT: Gure mugimenduan uste dugu estatu-nazioen garaia atzean geratu dela. Nazioan oinarritutako estatuaren hurbilketa Europan sortu eta Ekialde Hurbilera ekarri zuten gero, eta hori da borroken eta arazoen iturria. Ekialde Hurbila kultura askoren mosaikoa da, eta nazio-estatuak ezartzeak eta bestea ezabatu nahi izate horrek ez du funtzionatu Ekialde Hurbilean. Nazio-estatuak nazionalismoak indartzen ditu alde bietan. PKK horren aurka dago, autodeterminazioaren hurbiltze klasikoa, nazio-estatua eratzeko, ez dugu onartzen. Hori borroken iturri da. Iraganean pentsatu izan da askatasunerako bide gisa, baina gaur ez. PKKn ulertzen dugu askatasunak ez duela estatua behar, badaude beste era batzuk askatasuna lortzeko nazio-estaturik izan gabe. Konfederazioa, adibidez, demokrazia eta bizimodu librea lortzeko bide bat da.

RS: Arazoa da zenbateko demokrazia eta askatasuna dagoen. Historian ikusi dugu, gero eta nazio-estatu gehiago, demokrazia gutxiago dela; nazio-estatuak handiagoak izan ahala, demokrazia gutxiago. Autodeterminazioa askatasuna lortzeko eskubide gisa ikusi izan da. Baina demokrazia hautatzea bere horretan ere bada autodeterminazio mota bat nolabait. Bestela, odol asko isuriko litzateke.

Tira, Britainia Handia eta Danimarka nazio-estatuak dira, aski demokratikoak, eta arazorik gabe onartzen dute orain bertan irlandarrek edo eskoziarrek edo groenlandiarrek, hala erabakiz gero, bereizi ahal izatea.

BT: Guk dioguna eta zuk diozuna ez da hain desberdina. Espainiako 1978ko Konstituzioa egokia litzateke esparru gisa kurduen auzia konpontzeko. Badakigu Ingalaterraz gain, Gales, Irlanda eta Eskozia daudela, Kanadan ere Quebec frantses-hiztuna dago. Horiek ere eredu izan daitezke, noski, eta ez daude guk esaten dugunetik horren urrun.

Duela 25 urte asimilazioa gertatzear zegoela esan duzu. Baina izan du arrakastarik, ume askok ez dute ikasten hizkuntza, elkarrizketa ere turkieraz egiten ari gara. Nola lantzen dituzue kontraesan horiek?

RS: Erakundearen baitan Literatura eta Hizkuntza batzordea eta horretan ari dira bereziki lanean. Eskualde bakoitzean kurduera eskolak daude, Kurdistanen denek ez dute hizkuntza ahaztu, nekazari eremuetan, herrietan, jendeak etxean kurdueraz egiten du. Baina dakizun legez hizkuntza gauza bizia da, pentsaera, bizitza garatu ahala, hizkuntza horrekin garatzen da. Gure bilerak, adibidez, kurdueraz egiten dira, denek kurdueraz egin behar dute. Gaur turkieraz ari gara, elkarrizketarako eta itzulpenerako... bidenabar, Bozan Tekinek ia ez du turkieraz egiten egun arruntean, baina nik ez dakit, eta itzulpenerako ere arazoak genituen.

BT: Honetan Euskal Herriko eredua benetan interesgarria zaigu. Autonomia lortutakoan euskaraz egitea erabaki omen zenuten...

Euskararen aldeko mugimendua autonomia baino askoz lehenagokoa da.

BT: Eta nire ustez oso interesgarria da, esperientzia ona dela uste dut. Horrelakoak garatzen ari gara, Medya haurraren kasua daukagu. Jeanne D'Arc modernoa da, 10 urteko neskato kurdua. Eta ziur nago Medya bezalako jende asko agertuko direla.

2009-11-08

Herritartasuna

Turkiako burokrazia gaindituta, herrialde honetan kazetari kreditatzeko deia jaso dugu lankide espainiar batek eta biok. Istanbulgo prentsa bulegora joan gara biok, bildu dugu azkenean behar baino ate gehiago irekitzen dituen txartel horia, baina burokraziak paper gehiago eskatzen dizkigu Turkian bizitzeko baimena izan baino lehen. Paperok lasai betetzera joan gara, izen-abizenak, gurasoena, jaioteguna... ohiko kontuak, baina halako baten «erlijioa» agertu da. «Amorrua ematen dit katolikoa jartzeak», esan dit espainiarrak, «baina eurei amorru handiagoa ematen diela uste dut» egin du irribarre. Nik hutsik utzi dut.

Hurrengo atalak normal bete ditu lankideak, erlijioaz galdetzen duen gisan «herritartasuna» eta «nazionalitatea» galdetzen dituela ohartu gabe. Biak, alegia, bata eta bestea desberdindu egiten dituela. Frantziaren kopia da Turkiako errepublikaren eredua, estatu-nazioaren zentzurik hertsienean. Baina Europa ekialde eta Ekialde Hurbileko bereizketa hori, estatu bakarrean hainbat nazio eta herri bizi ziren otomandar sasoitik datorren banaketa hori, naturaltasun puntu batekin bizi dute oraindik ere. Bere zentralismo itxian, Turkiak onartzen ditu gutxiengo batzuk, musulmanak ez direnak. Arazoa da kurduei, estatuko biztanleen ia laurdenak izanik, ez diela onartzen armeniarrei edo greziarrei aitortzen dien izaera berezia. Kurdu askok ere normal diotsute Turkiako herritarrak direla, «baina ez gara turkiarrak». Autonomiak onartu eta hizkuntzei koofizialtasun gradu bat onartzen dien Espainiak bere estatuko herritar batzuek espainiarra ez den naziotasuna izatea ukatzea zail da ulertzen. «Egia da, espainiar gisa natural ibilita, inoiz ez diot horri erreparatu», onartu dit lankideak, garrantzi handirik eman gabe. Baina ukatzaileek erreparatu diote bereizitako naziotasuna onartzetik bereizitako estatua aldarrikatzera bide laburra egon daitekeela.

2009-11-01

Futbol, futbol, futbol

Herriaren opio gisa ikusi eta futbola baztertzen duten intelektualak ez zaizkigu arrotzak. Herritar xume ere badirela sinetsi guran futbola maite dutenak ere ez dira gutxi. Valdanorekin liluratzen ziren batzuk, Eduardo Galeanorenekin gozatu besteek, eta John Carlin da azken aurkikuntza.

Gogoan dut politikari batek zelan onartzen zidan bere barnean egondako aldaketa, futbola frankismoaren anestesikotzat hartzetik Athleticek Espainiako etorkinak euskal herritartzeko jokatutako rola gogoan. Inor gutxi euskaldunduko zuen taldeak bere hutsean, baina etorkin askoren Euskal Herriarekiko lehen atxikimendua izan da. Barkatuko didate beste taldeen jarraitzaileek, baina ez dakit antzeko beste fenomeno masiborik izan ote den Euskal Herrian. Diktadurako debekuen sasoian, euskal herritar sentitzeko lehen urratsa izan ohi zen. Eta bitxia da, frankismorik gabeko sasoiotan zelan ikusten dizkiegun irabazleen kamisetak gaztetxo kolonbiar eta errumaniarrei, izan Puyol zein Ronaldo.

Munduko leku askotan futbola da harremanerako lehen atea. Afrikan zein Ekialde Hurbilean, «Real Madril ala Bartzelona?» da sarritan lehen galdera. Istanbulen bertan, euskalduna zarela esanda, ohiko politikaz haratago, Nihat aipatu izan didate behin baino gehiagotan. Eta berdin Egipton, Malin, Jordanian, Kurdistanen... hizkuntza muga da, eta futbola zubi. Solasaldi sakonik ezean, autobuseko ordu ugari joan zaizkit Fenerbahçe-Galatasaray eztabaidarekin, eta konplizitatea indartu izan didate Etxeberria edo Llorente edo Gurpegi aipatuta. Athleticzale baino Real Madril edo Barça izatea gehiago komeni den arren, irekitzen ditu ate batzuk. Maiatzean Inguxetian atxilotu nindutenean, kasu, uneko tentsioa jaisteko onena, bezperako Txapeldunen Ligako finala oroitaraztea eta poliziari irribarreren bat ateratzea izan zen.

Marka da horren urrunera etorri beharra futbolzaletzeko.

2009-10-25

Distantzia hartuta

Idazle Espetxeratuen Batzordeko bileran izan zen, iaz Glasgown. Hainbat egoera aztertu ondotik, adierazpen askatasunak zein muga behar zituen eta Nazioarteko PEN Clubak horiek guztiak babes ote zitzakeen eztabaidatu genuen. Gai asko oso arantzatsuak ziren: aleman hiztunen ordezkariak haserre zeuden idazle jazarrien zerrendaren baten holokaustoa ukatu zuten eskuin muturrekoak ere bazeudelako. Une horretan, baten batek gogorarazi zuen Austrian atxilotutako idazle batek holokaustoa zalantzan jarri zuela, hau da, egotzitako delitua bete-betean haren adierazpenaren ondorio izan zela, ez zuela beste ekintzarik egin.

Biharamunean beste gai nahasi bati buruz mintzatu ginen: Londresko komunitate musulmaneko rap kantari gazte bat, hamasei urte inguruko neska bat, epaitegira eraman zuten haren kantetako hitzetan detaile handiz azaltzen zuelako nola heldu kristau bati burutik, beste eskuan labana hartu eta zintzurra mozteko. Indarkeria agerikoa zen hitzetan, baina musikaren esparruan horrelako zenbat dauden gogorarazi zuten, hainbat belaunaldiren, are nazio osoen mito bihurtuak. Kazetariek terrorista hitza erabiltzea egoki ote den, behinolako zenbat terroristak estatista handi eta bakearen aldeko saridun diren eta antzekoak ere izan ziren.

Gure parametro estuetan «Aurrera bolie» epaitegirako dei zela gogoratu genuen, aski dela lobby ultran edo epaileen artean lotura txiki baten irudipena edozein txikikeria arazo larri bihurtzeko. Eta benetako arazoak ezinezko bihurtuko lirateke. Horregatik, logikoa dirudi behar den guztia egitea arrantzale bahitua ahalik bizkorren etxeratu dadin, terroristekin negoziatzeaz eta antzeko lelo higatuak erabili barik. Eta auzi horretan lelook haizatu ez diren legez, komeniko litzateke behingoan ehorztea klixe horiek eta aurreiritzirik gabe heltzea beste arazoei ere. Baina interes lartxo, denak berdin jarrai dezan.

2009-10-18

Errazago esplikatzea nahi?

Herrialde okupatu batetik independente ez baina politika libre egiterik duten herrialdeko zati batera pasa gara. Eta segidan mugimendu politikoa ahulena den herrialdera. «Ez egotzi errurik hemengo herritarrei, heriotza zigorra indarrean dagoenean, eta erabili ere sarri-sarri erabiltzen dutenean; borondatea baino zerbait gehiago, ausardiatik haratago doan zerbait behar da ezertan bustitzeko», esan digu gerrillari ohiak. Iaz itzuli zen menditik, osasun arazoek behartuta.

Etxeko miseriak kontatzea zaila izaten da horrelakoetan. Baina orain eurek galdetu digute. Mundu osoan izan dute oihartzuna atxiloketek. Kurdistango alde orotan aipatu digute, jakin-mina adierazi dute zer demontre gertatzen den Europako bazter horretan. Ez zaie horren zaila ulertzea ere, bakebidean zihardutenak atxilotu eta espetxeratzea eta beste kontu guztiak esan arren. Gerra-estrategia guztiak ezagutzen dituzte parajeotan. Galdera beste bat da, ordea, «eta orain zer egingo duzue?» jakin gura dute. Estatuaren aldetik ezusteko gutxi. Europan 2009an zail ulertzen agian, baina tira, hor dago, kontrainsurgentzia liburuetako operazioa. Eta liburu horretan oso argi izango zituzten orain arteko erreakzioak. Egunkariak ixten dizkigutenean, hizkuntzari erasotzen diotenean, bakebidea oztopatu edo espetxeratzerakoan, manifestazio nazional jendetsua da kontrainsurgentzia liburu horretan datorrena.

Etxetik urrun idaztearen arriskuekin, bidea argi samarra ari dira markatzen, behin eta berriz hankasartze bera egiteko. Hauteskundeetan erakutsi zuten, eta orain berriz. «Eta orain zer?», galdetu digute. Zer oztopatu gura zen, hark behar luke helmuga. Protagonismo antzuak eta epe laburreko begiradak utzita.

2009-10-11

Armeniarrak

Saiatu gara, benetan diot. Baina aste osoan ez dugu Istanbulen turkiar-armeniar harremanak bideratzearen edo muga irekitzearen aurka berba egingo dugunik topatu. Hain gutxi, armeniarren kontra esateko zuenik. Eta ez da horrelako ale arrazistarik ez dagoelako. Asko dira, eta oso boteretsuak, baina jabetzen dira ez dela egokia diskurtso hori harro haizatzea, ez Istanbul erdian behinik behin.

Sei urtetik hemezortzira bidean egunero-egunero «zorionekoa bere buruari turkiar deritzona» kantatzen dute Turkiako haur guztiek, turkiarrek zein kurduek,armeniarrek, zirkasiarrek eta beste etnietakoek. Eskolan behin eta berriz irakasten dizkiete errepublikaren sortzaileen balentriak, etxea suntsitzea beste asmorik ez zuten auzo greziar, armeniar eta judu traidoreen aurrean. Denetan okerrena, esan gabe doa, armeniarrak, errusiar inperialismoaren lagun bizkarretik labana sartu nahi izan zuena bihotz otomandarrean. Oinarri horrekin ezinbestean sortu behar dira armeniarrekiko gorrotoa oinarritu duten gazte xenofoboak.

Gauzak aldatzen ari dira, eta honezkero jakingo duzue atzo Turkiak eta Armeniak protokoloa izenpetu zuten edo ez, nik ordu batzuk lehenago idatzi arren. Baina aldaketa nagusia tabuak erortzen ari direla da. Egunotan, haserrea beste, auzo lotsa sentitu dute Justiziako elementu erreakzionarioek berriz ere Orhan Pamuk Nobel sariduna epaitu nahi dutela jakin dutenean, genozidioaren aipamenak turkiartasunari irain egin diola eta.

Auzia ez da iragana ahaztea, memoria beharrezkoa da. Baina ia ehun urtez elkarri bizkarra eman eta gero, ezin auzoari esan «guztiz oker zaude, onartu nire ikuspegiak». Arrazoia batek baduen eta besteak ez duen arren, elkarrekiko komunikazioak baino ezin du lortu ukazioaren harresiak erortzea. Eta Hrant Dink zenaren Agos aldizkariko neska-mutil ausartek diotenez, mugak itxita ez dago harremanik.

2009-10-04

Bosforotik zirrara

Iristen da unea derrigorrezko ziten datak (norbere herriko jaiak, aldamenekoak, San Fermin edo Aste Nagusia, ez dakit nongo erromeria) zalantzan jartzen dituzuna. Errutina gozagarria izanda ere errutina dela, eta beste aukera batzuk aintzat hartzen dituzuna. Puntu burgestua dauka, ez dut ukatzen. Baina nerabearentzat Pirinioak edo Korsika edo Thailandia hutsaren hurrengo diren gisan herriko jaien aldamenean, euskal bidaiari askok barre egiten dute munduko beste puntan elkarrekin topo egitean, «nola galduko dituzu Lekeitioko antzarak/Lesakako sanferminak/Tolosako inauteriak?» galdetu ohi dieten herrikideez. Arlotekeriazko zoriontasuna vs bidaiariaren puntu snob-a.

Istanbulgo abkhaziarrek beren ospakizunera gonbidatu naute asteon, armeniarrak iragan tragikoaz mintzatu zaizkit, kurduekin bazkaldu, afaldu, tea hartu eta euren autonomismoaz eta euskal independentismoaz eztabaidatu dut, Munduko Diru Funtsaren aurkako manifestariekin egon naiz, Galatako dorreetan sefardieraz diharduten juduak ezagutu ditut. Bi kontinentetan dagoen munduko hiri bakarrean bizitzeak hori guztia eta beste gauza asko eskaintzen ditu. Trukean, bistan da, etxeko erosotasunak, bizimodu ezagun baina atsegina eta abar atzean uztea dakar. «Eta hori ere, oso jarrera euskalduna, ohiko indianoaren bertsio bat», esan zidan adituak. Mintzatu naiz zirkasiarrekin, kurduekin, aleviekin eta enparauekin euskarari buruz, Euskal Herriaz. Gauza errazagoak eta zailagoak badaude ere, oso konplikatu zait ulerraraztea zer zirrara sortzen duen isiltasunezko uneak, musika tresnaren laguntzarik gabeko kantuak eta txalo zaparradak. Gehienek beren herrietan antzeko fenomenoak izan arren.

Herriminerako ia astirik gabe lekura egokitzen eman ditut asteok. Baina Zestoan ezin egona zinez falta izan dut. Internetez Txapelketa segitzea ez da gauza bera izango, baina bada zerbait. Barakaldoko hegaldiak begiratuko ditugu.

2009-09-27

'Min dît: Spas, hevalno'

Eskerrik asko, lagunok. Miraz Bezar, Min Dît film interesgarria egin duzula esaten didate, kritikak ondo hartu duela, gazteriaren saria aipatzen dutela kinielen ordu honetan. Hakan Karsak, Ameden egon ginen solasean eta Donostiara joateko poza adierazi zenidan. Baina esker ona ez doa hortik. Euskal zinemako lagunengana batu zaretela dioste, Egunkariarekiko elkartasunez. Etxeko asko ausartu ez diren pankartan egon zarete. Irandarrei babesa agertzea ez da kritikagarri, baina kanpoan uso... non ote dira horren independente ziren kulturgileak, gobernu aldaketa babestu zutenak eta ahapetik Egunkarikoei elkartasun osoa adierazten zietenak?

Eskerrik asko, Hakan eta Miraz. Badakizue, munduko estaturik gabeko nazio handienak ez du behar besteko oihartzunik eta elkartasunik jasotzen Euskal Herrian, Latinoamerikak edo arabiar herriek izan ohi dutenaren aldean. Lobbyak, ezkerraren modak, konplexuek eta beste motibo batzuek erreferente nagusietakoa behar zukeena oso bigarren mailan utzi du, zapaldutako hizkuntzarik ez duten errealitateen mesede. Errutinaz batzuetan, baina berariaz besteetan, Kurdistan agenda solidariotik kanpo dago Euskal Herriko erakunde internazionalista batzuentzat. Gaitzerdi Bîhar sortu den horma hori botatzeko, atzo Aguraingo jaian eta aurki beste herri askotan egingo duten legez.

Egunkaria geneukan. Eta Egunkaria zer zen eta zer gertatu zen, inon ez dute Azadiya Welat-eko lagunek bezain erraz ulertu. Dozenaka aldiz itxiarazia, saltzaileei egunero jazartzen zaizkie poliziak, 30 kazetari inguru hil dituzte azken urteotan. Hizkuntzaren ukazioa, zure hizkuntzan daukazun apurra zer-nolako arnasa berria den, goizero-goizero, nekez ulertzen dute arabiarrek, hain gutxi espainiera iraultzaren hizkuntza gisa duten latinamerikarrek.

Baina zuek bai, Miraz eta Hakan. Zor zor spas, hevalno. Bijî Kurdistan.

2009-09-20

Zentsuratzaileak

BERRIAn argitaratua

Oso elkarrizketa interesgarria egin diote Bahman Ghobadiri, Urrezko Maskorra birritan irabazi duen zinemagileari, Argia-ko azken alean. Bidenabar, Ghobadik ez, baina Miraz Bezar-ek Mîn dit (Begien aurrean kurdueraz, nahiz eta Diyarbakirko umeak itzuli duten ingelesera) film kurdua dakar Zinemaldira Turkiaren menpeko Kurdistandik. Hakan Karsak aktoreak zeinen pozik zegoen ziostan asteon, Donostiara zihoala eta. Ghobadigana itzulita, harrokeria intelektualetatik urrun umiltasunez azaltzen du bere zinemaz eta kurduez dituen iritziak, baina zentsurari buruz esaten dituenak iruditu zaizkit bereziki esanguratsuak: «Zentsore lanetan ari den pertsona bakar bat ere ez dago ondo burutik, artistak porrotera eraman nahi dituzte, irandar kultura suntsitu nahi dute tortura eta indarra erabiliz».

Eta funtsean hori da film baten bular biluzi bat, kanta baten zeinu iraultzaile bat edo argazkietan talde armatuekiko babesa topatu guran ehunka adierazpen politiko zein artistiko miatzen dituenaren definizioa. Ezin burutik ondo egon, obsesioak gidatuta arakatzen du aurrera bolie esateak izan ditzakeen zigor-ondorioak edo maite zaituztegu berben atzean dagoen balizko delitua. Euskal kantari, kazetari, argazkilari, idazle edo zinemagileen lana inongo kritikarik aztertu ez duten artarekin ikertu dute poliziaren edo lobby ultretako zentsore arriskutsuek.

Badakit, ez dago konparatzerik Irango apaiz sistema hiltzailearekin. Baina zentsura hori oharkabean bustitzen duen euri fina da, elkartasunezko argazkiak edo zeinuak eraman baino lehen bi aldiz pentsarazten duen zirimiria. Pentsa, bertso txapelketaraino iritsi da zentsuraren euri hotsa. Bat-batekotasuneko ariketak ere baldintzatu gurako lituzkete arteaz gozatu ezin eta etengabe sorginen bila ari diren inkisidoreak.

2009-09-13

Lagunen lagunak

BERRIAn argitaratua

Abkhaziako adiskideen oharra ikusi dut Facebook-en: Venezuelak independentzia onartu du, eta aurki Ameriketako Aliantza Bolivartarreko beste herrialdeek antzeko urratsa egitea espero dute. Venezuelako adiskideek, berriz, ez daukate horren berririk. Abkhazia eta Kaukaso bera oso-oso urrun geratzen zaie.

Ez dut nik ukatuko Kaukasoko eta munduko beste edozein herriren autodeterminazio eskubidea, baina denok dakigu Hugo Chavezen adierazpenak ez daukala horrekin zerikusirik. Mundua Estatu Batuekiko harremanen arabera bi polotan bereizita ikustetik dator Abkhazia eta Hego Osetia estatu gisa aitortzea. Historikoki «separatismoak» ez bultzatzeko jarrera izan dute Latinoamerikako estatuek. Are gehiago, Washingtoni egotzi izan diote Bolivia ekialdeko eta Venezuelako Zuliako oligarkiak autonomia eskatu izana. Eta ez zaie arrazoirik falta, ziur asko. Baina falta dute Europa eta munduko edozein arazo nazional edo etniko ulertzeko gaitasuna. Ez baitute sekula hizkuntza gutxituen berri izan, espainieraz egitea iraultzaile iruditu baitzaie anglosaxoniar inperioaren aurrean. Euskaldunok ikasteko gutxi Latinoamerikan.

Gerra Hotzean, inperialismo yankia ateetan, Kuba iraultzailea blokeetako baten lerratzea ulergarri izan zitekeen. Gaur egun ikuspegi horri eustea ez. Iranekin edo Errusiarekin aliantza egitea negozio gisa azal dezatela, baina ez dezatela saldu ezkerreko borroka anti-inperialista gisa. Etxerako nahiko ez luketen apaizen erregimena, emakumea legearen aldetik ere gutxiago den Iran edo oligarkia ustel batek gidatutako sistema, antzinako inperio tsaristaren gomutan eta inguruko herrialde guztiak beldurtuz Txetxenia eta Ipar Kaukaso osoa odolustu duen Errusia arma negozio biribilak izan daitezke, baina horri iraultzaile deitzea hipokrisia hutsa da.

2009-09-06

Itxaron pixka batean, Alex

BERRIAn argitaratua

Eskoziar independentistek gobernua daukate, baina ez gehiengoa. Eta, hala ere, hautsak harrotu ditu Alex Salmond lehen ministroak beti esan izan dutena errepikatzeak: 2010ean independentzia erreferenduma egin nahi dutela. Unionistek -hala deitu diete britainiar hedabideek gutxiespen kargarik gabe, kazetaritzak behar duen zehaztasunetik abian- proposamena atzera botako dutela esan dute, baina badira gutxi batzuk erreferendumaren aldekoak ere, independentistei behingoz argi uzteko eskoziarrek Erresuma Batuan jarraitu gura dutela. Kontuak kontu, erreferendumaren legea hil gutxiren buruan izango ei da Edinburgoko parlamentuan. Baliteke unionisten gehiengoak atzera botatzea «baina Eskoziako herriari entzun egin behar zaio. Parlamentuak ez luke oztopo izan beharko, utzi jendeari mintza dadin», esan du Salmondek asteon.

Inork ez du aipatu estatuaren batasuna urratuz gero tankeak behar direla. Aipatu dute Eskoziako parlamentuak ez daukala independentzia aldarrikatzeko eskuduntzarik, ez ordea horrek herritarren borondatea legez kanpoko egiten duela esateko. Hara BBCn egin duten analisia: «Eskoziako parlamentuak, berez, ez daukanez Eskozia herrialde independente aldarrikatzeko aginterik, erreferendumean baiezko botoak Erresuma Batuko gobernuarekin elkarrizketa hastea ekarriko luke. Noski, Eskoziako herria independentziaren alde mintzatzen bada, oso zaila zaie Westminstergo ministroei esatea: ez, ezin duzue». Noski, noski. Eta bost axola datorren urtean Londresen tori-ek agintea hartuz gero. Are gehiago, Ingalaterra kontserbadoreak eskoziarren independentismoa are gehiago bultzatuko lukeela diote adituek.

Demokrazia lezio izugarria ematear egon daitezke Eskozian. Baina parajeotan ez dakit hain denbora gutxian ikaspen horiek hedatzeko moduan gauden. Horregatik, kasik hobeto legea atzera bota eta bizpahiru urte atzeratzea, Eskoziak estatua eratu eta erreferente barik geratu baino lehen.

2009-07-26

Gibraltar

BERRIAn argitaratua

Espainiar nazionalismoa surtan ikusi dugu egunotan, Miguel Angel Moratinos atzerri ministroak Gibraltar bisitatu duela eta. Burlaizez esan dio Raxoik, bere herrialdera bisita ofiziala egiten duen atzerri ministro bakarra dela. Horren atzean, bistan da, «Gibraltar español»lelo zaharra dago. Aski esanguratsua da euskal abertzaleei legedia ez errespetatzea, eta ameskeria nazionalistetan aritzea leporatzen dietenek Gibraltar Espainiako zatitzat hartzea, nazioarteko mugei entzungor.

«Nafarroa Euskadi da» gisako lelo okerrek erregionalismo antiabertzalea sustatzeko balio izan badute, zer ez ote du egin «Gibraltar español» horrek? Frankismoan ulergarri zitekeen Gibraltarkoen errezeloa, baina biak Europar Batasunean egonik, zelan da posible XXI. mendean ere biztanleen % 99k Espainiaz ezer jakin gura ez izatea (17.900 lagunek ezetz bozkatu zuten, eta 187k baietz, 2002ko erreferendumean)? Horixe Espainiaren erakarpen gaitasuna, mende laurdeneko demokraziaren ondotik. Aznar-Blair laguntasunak ekar zezakeen soberania partekatuaren arrisku/aukera bertan behera uztea lortu zuten gibraltardarrek erreferendum harekin.

Miguel Sanzek ere aipatu izan du Foru Hobekuntzaren aldaketa, «nafarrak inoiz zoratuko balira ere»; asteon bertan aldaketa txikiak proposatu ditu. Baina bitxia da euskaldunak lau urterik behin autodeterminatzen direla eta nafarren borondatea argi dagoela errepikatu ohi dutenek, muzin egitea erabat legezko izan litekeen galderari. Nafarroa espainolaren dotrina sinetsiko banu, Gibraltarreko errezeta kopiatuko nuke. Nafarrek mendebaldearekin batzeari ezetz esateak abertzaletasunaren porrot historikoa ekarriko luke, belaunaldi oso baterako garai lezake independentismoa. Hauteskundeetako emaitzei begiratzea aski balitz, esan ohi duten legez, berehala egingo lukete. Erreferendumaren ukoak erantzun posible bakarra dauka, baina ederregia da.

2009-07-19

Natalia

BERRIAn argitaratua

Anna Politkovskaiaren «Errusiar egunkaria» irakurtzen ari naizela entzun nuen albistea. Ez nuen Natalia Estemirova aurrez aurre ezagutzeko aukerarik izan, baina Memorialeko bulegora iritsi eta laster esan zidaten: «Benetan zer gertatzen den jakin nahi baduzu, hitz egin Natasharekin». Emakumeen babeseko egoitzatik hiri erdialdera itzulitakoan, berdin gaztigatu zidan Txetxenia, Inguxetia eta Dagestango desagertuen gainean buru-belarri diharduen 28 urteko kazetari ausart batek: «Gauza larriak entzun dituzula iruditzen zaizu? Bada gauzak ez dira beti itxuraz direna; familian bortxatzen zuten neskato bat izan zuten egoitzan, eta egun batzuetan artatu ostean familiarengan bueltan bidali zuten, txetxeniar ohituren izenean» ziostan amorratuta, «emakumeen benetako egoeraz jakiteko, Natalia Estemirovarengana jo behar duzu». Kafetegian bertan deitu genion, baina Moskun zegoela erantzun zigun.

Egun batzuk lehenago Inguxetiako hotelera bila etorri zitzaizkidan poliziak. Gauean, komisariatik bueltan, lau aldiz deitu zuten logelako telefonora. Hartu eta segidan eskegi. Biharamunean , Groznin jadanik, lasaitzeko tonuan esan zidaten: «Lasai egon, FSBkoak beti berdin ari dira jendea beldurtu guran». Nirekin ederto lortu zuten, alajaina. Ateak zabalik beti, zabal hartu ninduten hasieratik: Kaukasoko leku guztietan legez ea Euskal Herriarekiko antzekotasunik ikusten nuen, ea zein asmo nuen, nora jo, norekin egon... kazetari lanerako dagoen munduko lekurik zailenetakoan arnasa freskoa da Memorialen txokoa. Hantxe dago, laidoari irain Vladimir Putin izena eman dioten kalearen ondoan.

Txetxenia utzi baino lehen, berriz ere izan nuen estatuaren bisita. Abokatua lortu eta errepublikatik irteteko autoa bideratu zidaten, egunero-egunero bahiketa, tortura eta exekuzioekin lan aski ez balute legez. Natasha hil dute asteon, baina dagoeneko ezin dute beldur handiagorik sortu. Txetxeniak ez du ahazten, hain gutxi hiltzailea etxean dagoelarik, etsaiaren morroi.

2009-07-12

Uigur

BERRIAn argitaratua

Glasgowko parranda baten ezagutu nuen Kaiser, poeta eta pintorea. Iazko irailean Bogotako kongresuan egin genuen berriz ere topo, eta aho batez onartu genuen Uigur PEN Kluba, lau urte lehenago euskaldunokin egin zuten legez. Jende askoren babesa eta animoa hartu zuten, eta hainbat ordezkarirekin bildu ziren. Baina kongresua amaitu baino lehen gurekin ere egoteko ahalegin berezia egin eta garagardo pare bat hartzera joan ginen. Denbora amaitu balitz bezala mintzatu ginen, antzekotasun eta ezberdintasunez. Islamaren azpitik uigur herrian bizi-bizirik zeuden ohitura animistez mintzatu zitzaidan, baina gaur eguneko kontuez ere bai. Hamar urte daramatza Kaiserrek semea ikusi barik. Afganistanekoez ere mintzatu zitzaidan: «Uigurrek nahiago lukete Oxforden ikasi, baina Afganistan dute auzo eta Txinatik ihes egiteko herrialdea». Antzeko zerbait aipatu zidan Abu Bakr-ek duela hil batzuk Tiranan: «Al Kaedak oso zail dauka uigurrokin, inoiz ez baitugu estatubatuarrekiko gorrotorik izan. Are gehiago, miresmena geneukan, baina oso bestelakoa zela ikusi dut». Guantanamotik pasa zen Abu Bakr, eta etxera itzuli ezinik jarraitzen du.

Txinaren kolonialismoa lehertu da azkenean. Benetako internazionalistak aspaldi ikasi beharreko lezioa zuen: ustez agintean dagoen sistema edozein izanda ere, estatu-arrazoiak eta nazionalismo inperialistak antzera gidatzen dituztela AEBak, Iran, Txina eta Errusia eta, lehen, Sobietar Batasuna -salbuespenak salbuespen, errusiar nazionalismoak bere egin zuen Estatua urte gehienetan-. Zapaltzailearen erregimena zein den baino gehiago, herri zapalduekiko begiruneak beharko luke elkartasunaren abiapuntu.

2009-07-05

Estrasburgo ondoren

BERRIAn argitaratua

Theo van Boven-ek idatzitakoak torturaren aurkako borrokan urrats garrantzitsua izan diren legez, Estrasburgotik sekulako jipoia iritsi dela onartu behar. Gutxi aipatu da, eta abokatuek jakingo dute zergatik ez duten, oraingoz behintzat, Estrasburgoko epaiaren aurkako helegitea iragarri. Errusia eta Turkia zigortu izan dituzte, baina Spain is different. Eta horretara moldatu ezean, akabo.

«Alderdi abertzale kurdu» izendatu ohi duguna ez da, ofizialki, ez kurdu ez abertzale. Alderdiaren izena turkieraz dauka DTPk eta Ataturk faxistaren irudia eta Turkiako bandera dauzkate beren udaletan, mitinetan PKKren aldeko oihuak etengabeak izan arren. Turkiako erakundeetan parte hartzeko irentsi beharreko zapoak dira. Egoera oso desberdina da, badakit, Europaren homologazio demokratikoa behar du Turkiak, eta kurduak Ankararen kontraesanetan sakontzen ari dira. Baina garrantzitsuena da Estatuari neurria hartzen asmatu dutela. Horma bota ezin denean (kolpeka ezin da orain bertan), jakin behar da zirrikituetatik pasatzen, «gaitzespen» bezalako taburik altxa barik.

Eskoziako autonomiaren hamargarren urteurrenean inkesta egin du BBCk: independentziarako erreferendumaren aldeko ei dira biztanleen ehuneko 54. Groenlandiarekin Danimarkak daukan naturaltasunez. Europan Espainia horien pareko demokrazia delakoan daude. Baina Espainia Honduras da, erreferenduma egiten badugu badakigu tankeak egongo direla. Argi dio Xabier Arzalluzek azken Larrun-en, Txema Montero eta Jose Mari Esparzarekin batera daukan eztabaidan.

Datozen urteotan Espainian aldaketarik gertatzen bada, zentralizaziora bidean izango da. Uste orokortua da urrunegi joan zirela trantsizioan, ahulegi jokatu zutela. Baina Espainia gangartzen hasten denean, hondoa jo ohi du. Unerako prest egotea da garrantzitsua. Etxeko lanak ondo eginda, eta kanpokoak, hobeto (1995ean Daytonen Kosovoz ahaztu ziren; hiru urte eta erdira Belgrado bonbardatzen ari zen NATO).

2009-06-28

Ekialdeko ipuinak

BERRIAn argitaratua

Irandarren xalotasuna burumakur dabilen edonor altxaraztekoa da. Ingeles perfektuan mintzatu zaizkidan dozena erdi lagun ezagutu ditut egun gutxian, inoiz ere herrialdetik irten gabeak. Eta ingeles hiztuna neronek aurkitu ez dudanean, kurduek, pertsiarrek, azeriek eurek topatu dute lagunen bat, zubi-lana egin dezan, hain dute handia jakinmina.

Federico Garcia Lorca idoloa da Iranen. Beste inon ez dut ikusi andaluziar poetaren lana horrenbeste jendek ezagutzen duen herrialderik. Lehen lagunak etxeko egongelan zeukan bere posterra. New Yorkeko poetaz, Bernarda Albaz, ijito-poemez mintzatu zaizkit Yazdeko mausoleoetan, Isfahango mezkitetan eta Kurdistango mendietan. Poesiatik antzerkira, literaturatik gerrara eta heriotza zigorretik homosexualitatera eraman genuen gaia. Poetaren homosexualitatearen berri harrituta hartzen zuten Lorcaren lanez nik baino gehiago zekitenek. Eta zertan ukatu, lehendabizi Barcelona-Real Madrid, bigarren Lorca eta hurrena Borges eta Garcia Marquez aipatzen zidaten lagunek ezin gusturago egiten zuten jauzi ohiko ordenatik.

Mundu guztian legez, ohe-kontuek ikusmin handia pizten dute Iranen ere. Sexualitateak oro har, homo zein hetero. «Zein iritzi duzu homosexualitateaz?» galderaren xalotasunak neutralizatzen nau, eta askatasunaren balioaz zerbait diotsot. Bezperan etxera gonbidatu ninduen Ahmadinejad-zaleaz oroitzen naiz, familiarekin bazkaldu ostean irribarre egin eta bere bizarraren latza sentitu nuen masailean, musu suharra ematen zidala.

«Baina herri musulmanetan gizonek elkarri eskua ematea eta musuek ez dute zerikusirik homosexualitatearekin!» gaztigatu dit lagunak. Ezetz ba, ez naizela homo edo hetero izateaz ari, afektibitateaz eta sexualitate askeaz baino. Eta Vatikano eta Espainiako beleei txakurrarenak esaten dizkieten ezkertiarrak zergatik dauden horren isilik homosexualen urkatzaileen aurrean.

2009-06-21

Elizgizonen defentsan

BERRIAn argitaratua

Ez dira horren desberdinak elkarrengandik», esan du Obamak, Mahmud Ahmadinejad eta Mir Hossein Mousavi hizpide hartuta. Zergatik, beraz, Mousaviren aldeko jarrera argia mendebaldean? Funtsean, jakina delako bata zein bestea hautatu benetako agintea beste nonbait dagoela. Agintari Gorenak erabakitzen du nor den hautagai eta nor ez, eta bera buru duen elizgizon multzoak mugitzen ditu Irango benetako hariak. Parte hartzea oso handia dela dio erregimenak, ez dela iruzurrik egon eta Ahmadinejaden garaipena erabatekoa dela. Ez daukat irizpide nahikorik aurkakoa diotenen alde jartzeko, baina kontua da hauteskunde garbiak izateko bermerik ez dagoela, eta emaitzak emaitza, berme faltak aski behar luke prozesua ezbaian jartzeko.

Badakit munduaren hipokrisiaz, ezagutzen ditugu Bushen 2000ko iruzurra, Saudi Arabiako demokrazia falta eta emakumeen eskubideen zapalkuntza, eta ondotxo dakigu Ekialde Hurbilean bakerako arrisku handiena Israel dena. Baina lar erraza da horiek salatzea, eta izpiritu kritikoa behe-beheko mailara jaistea Iranekin, zapaltzailea etsaiaren etsaia delako. Tamalgarria da Latinoamerikako ezkertiarrek erregimen ultraeskuindar erlijiosoari babesa ematea.

Homosexualak urkatu, kazetariak espetxeratu, feministak erbesteratu, balutxiak, kurduak zein arabiarrak zapaldu, komunistak torturatu; horiek Irango errepublika islamikoaren balentrietako batzuk. Mousavik ez zituen bidegabekeria guztiak bertan behera utziko. Mendebaldeari ere axola gutxi giza eskubideek. Aski esanguratsua da, auzi nuklearrarekin alderatuta, gai horiek hedabideetan daukaten leku apurra. Baina Khamenei eta beste aiatolak defendatzea, kritikak, kasualitatez, inperialismoaren interesekin bat egingo lukeela-eta, ezkerraren lotsagarri da.

2009-06-16

Pertsiako mila eta bat gauak

BERRIAn argitaratua

Pertsiako hiriburu zaharrean, Islamaren hiriburu kulturalean, Isfahanen, bozen emaitzen inguruko askotariko iritziak daude; tradizioak eta modernitateak bat egiten dute bizitzako alor askotan, baita politikan ere.

Persepolisko harri multzotik inguru hau zer izan zen irudikatzea zaila da lehen begiratuan. Jauregitzarraren maketa ikusi arte. Dario enperadorea eraikitzen hasi eta Kherkhes bere seme eta Artakherkhes bilobek amaitu zuten. Herodotok aipatu zuen, eta Ryszard Kapuscinskiren azken liburuetako bateko pasarte interesgarrienetakoa ere biltzen du.

Persepolis izena, baina, greziarrengandik jaso dugu. Pertsiarren hiria esan gura du. Duela 2.500 urte, barbaro hitzak greziarra ez zena esan gura zuen, baina pertsiarrengatik jaso zuen gaurko esangura. Inperio asiarrak heleniarren aurka oldartuta ere Termopiletan greziarrak gailendu ziren, eta, geroztik, europar demokrazia asiar-kanpotar basatien aurkako eskema errepikatu dugu. Islama iritsita ere, gainontzeko musulmanek okerreko bidea deritzena hartu zuten pertsiarrek, Aliren jarraitzaileena, xiismoa alegia. Eta XXI. mendean, gaizkiaren ardatzean goi-goian ikusten jarraitzen dugu Iran.

Persepolis turistaz gainezka dago, etxekoak gehienak, bere herriko ondarea ezagutzera etorriak. Shiraz hiritik honainoko 70 kilometroetan, picnic egiten daude familiak parkeetan. Pertsiarren hiririk garrantzitsuenetakoan, iraultzaren eta Irakeko gerrako martirien alde egiten dute otoitz mezkita nagusian, bekokia hilobiak gordetzen dituzten hesietan kokatu eta musu ematen dute, barruraino iristen den sentimendua. Ruhola Khomeiniren irudiak nongura daude noski, eta pasaporteari begira bi gai nagusitzen dira: Bartzelona edo Real Madril (Ekialde Hurbil osoan legez), eta Federico Garcia Lorca, beste leku gutxitan bezala. Leku gutxitan ez bezala maite dute poesia irandarrek.

Poetak, dantzariak...

Isfahan labea da arrastiko lehen orduetara arte. Baina Pertsiako hiriburu zaharrak beste itxura bat ageri du ilunabarrean. Poetak, dantzariak eta musikariak daude zubietan. Behialako te-etxeak ixten joan dira urteotan, ofizialki tabakoaren aurkako kanpaina Iranera ere heldu dela eta. «Txepelkeria hutsa da», dio Mir Hussein Mousavi erreformistaren zinta berdea aldean propaganda banatzen duen neska batek, «hemen alde guztietan erretzen ditu jendeak zigarroak, bost axola zitzaien nargilea (uretako pipa) erretzea. Arriskua bestelakoa zen, mutilak eta neskak elkarrekin biltzeko lekuren bat izatea».

Imam plazan (Munduaren erdia deitu zuten horretan), gazteak motorrean dabiltza burrunbaka oihuka, xingola laranjekin. Mahmud Ahmadinejaden jarraitzaileak dira. Plazaren iparretik abiatzen den bazarrean sakondu ahala ugaritu egiten dira presidentearen aldeko afixak. Plazan bertan, ehunka pertsona, izozkia jaten, udaberri amaierako ilunabar epela gozatzen, motorzaleei ezaxola gehienak. Ume bat «Ahmadinejad, Ahmadinejad» oihuka puxtarria eskuetan. Handik hurbil, berriz ere gazteak, neskak ere dotore buruzapia ahalik eta atzeren, ilea nork gehiago erakutsiko, Mousaviren propaganda banatzen.

Mutil bat hurreratu da, «bota egin behar dugu zoro ultra hori», esanez. Lehen aldiz buruz buruko telebistako eztabaidak egon direnetik jendea are sutsuago dabil. Txakurrarenak esan dizkiote elkarri hautagaiek. «Ahmadinejadekin jarraituz gero, gerra daukagu berehala. Zertarako hasi behar zuen inor probokatzen Holokaustoari buruzkoak esaten». Iranen erdialdeko eremu pertsiar xiitan dagoela jakitun argi dago zein babestuko zuen. «Bai, hiriko erdialdean, nekazari eremuetan Ahmadinejadek babesa dauka, baina gazteen artean, klase ertaineko auzuneetan bat ere ez. Jolfakoa naiz, ama armeniarra eta aita musulmana ditut, eta gurean berdea da jaun eta jabe».

Burgesia erreformista

Jolfa auzoa berez Iran iparreko muga herria da, baina hango biztanle armeniarrak duela lau mende ekarri zituzten Isfahanera. Jolfa Berrian Vank katedrala dute helmuga turistek. Auzoko hamahiru elizetako bat da. Egun 6.000 dira armeniar kristauak, eta musulmanen betebehar -ilea estaltzearena agerikoena- eta debeku -alkohola, kasu- berberak izanda ere, begi bistan dago auzoak klase ertainetik nabarmen gora egiten duela. Burgesia erreformistaren txokoetako bat da, Mousaviren kolore berdeak harro-harro ageri dira bazter guztietan. Baina badakite sei mila baino ez direla, eta jasangaitz zaien sistema iraultzea oso zaila dela. Sistema bera ondo gotortuta dagoelako alde batetik, baina biztanle xiita behartsu asko eta askoren babesa daukalako bestetik.

Pertsia zaharra utzi eta Kurdistanera iritsita hain da handia sistemarekiko amorrua ze, kanpotik bakarrik alda daitekeela uste dute. «Ahmadinejadekiko gorrotoa oso handia da, eta batzuk joango dira Mousaviren edo Mehdi Karroubiren alde bozkatzera», dio Mahabaden alderdi kurdu debekatu bateko -kurdu eta debekatu erredundantzia da- militante batek.

1946an XX. mendeko estatu kurdu bakarra aldarrikatu zuten hiri horretan Sobietar Batasunaren babesarekin; hamar hilera Stalinek pertsiarrekin hitzarmena lortu eta berehala urkatu zituzten Mahabadeko buruzagiak. «Baina gehienoi bost axola hauteskundeak, erreformistak hobeak izanda ere, ez diogu gure botoarekin zilegitasunik eman elizgizon hiltzaileen sistema honi».

2009-06-14

Gringoen zain

BERRIAn argitaratua

Irango basamortuak atzean utzita, mendiak iritsi dira. Xiismoa atzean geratu eta erlijioaz nazka nazka dauden gazteak topatu ditut. «Whisky, whisky» xuxurlatzen dute Marivango aintzira ertzean; Iraken menpeko Kurdistan oso hurbil dago eta ohi baino merkeagoa da kontrabandoko alkohola. Alik -ez da benetako izena- aitortu dit: kurdu gehienek gringoen erasoa gura dute, gazteenek batez ere (zaharrek gerraren eskarmentua daukate). «Lehenengo gauza, neskek buruzapiak kenduko lituzkete, eta hurrena mozkor mozkor egingo ginatekeela uste dut. Baina ni ez naiz Amerikaz fio. Ezkertiar gisa ez genuke Washingtonen zain egon beharko».

Howraman haranera bidean pasdaran milizia gorrotatuaren autoa aurreratu dugu. Autoko gidariaren anaia atxilotu eta heriotzara zigortu dutenak dira. Beste bidaide batek Victor Jararen berbak itzultzeko diost. Badaki oker, oso oker dabiltzala Venezuela eta beste herrialdeak, erregimen anker eta hiltzaile honen lagun izanda, baina ez dauka amorrurik. Bere lagunak Lorca du hizpide, eta Borges eta Garcia Marquez, «espainiera fantasiaren hizkuntza da guretzat». Gabriel Arestiz ere gehiago jakin gura du.

Ekialde Hurbileko herririk aurrerakoiena Estatu Batuen itxaropenean dagoenean, zerbait ez dabil ondo. Hala hasten da Hiner Saleem-en Kilometro Zero filma: «badakigu Amerika inperialista dela, nahiko genukeen Frantzia, Suitza edo Eskandinavia etortzea gu askatzera, baina ez zen beste inor etorri». Niri bestela esan dit lagunak: «Itotzen ari zarenean eta eskua ematen dizutenean, ez duzu begiratzen norena den eskua eta zein interes dituen».

2009-06-07

Beste puntatik

BERRIAn argitaratua

Europarik ahaztuenean ibili naiz egunotan. Elbrusen tontor bikiek esan didate agur. Kontinenteko inperioek begiak itxi dizkieten tragedien lekuko, guri begira daude, beste Europari, giza eskubideen faroari. Erresuminik gabe, txetxeniarren hondamendiaren aurrean egon den isiltasun konplizeaz berbarik jaso barik. Inork ez baitu berbarik jasotzeko 2009ko Txetxenian. Baketu diete aberria, isilik egotea da gakoa, zeinen eder geratu den Vladimir Putin kalea Grozni erdian.

Osetiarrek negar egin dute, independentziak heriotza ekarri die. Eta heriotza eraman dute ingux herritarrengana. Magomedek ez dauka beldurrik, Timur bost urtean ikusi barik, onartu du hobiren batera jaurti zutela anaiaren gorpu torturatua. «Alak erabakitzen du noiz den ordua», inguxaren onarpena. Ez da erraza txetxeniarren eta osetiarren artean bizitzea, inperioa bere atzaparrekin beti gainean.

Euskaldun eta europar ditut ziur aski nortasun garrantzitsuenak. Zapalkuntzak eta ukazioak lehena indartzea ez da nazionalismo kontu arrunta. Europazaletasuna bizitzak ekarri dit. Bruselako funtzionarioen, Luxenburgoko burokraten eta Estrasburgoko epaile ezin motelagoen atzean dagoen Europan sentitzen naiz erosoen, nire herri txikiak bere printza ezartzen dion melting pot-ean. Gure inperioetatik haratago, Rhinez harantza, Minhotik harantza, Glasgown, Belfasten, Cortin, Bartzelonan, lagun artean naiz. Groznin, lotsaz, irribarre ergela baino ezin egin lagunari; euskaldunok eta txetxeniarrak ahaide garela diost, eta berdin sufritu ditugula inperioen atzaparkadak. «Otoitzeko ordua da, barkatuko didazu? Kontaidazu gero gehiago zuen mendiez eta Gernikaz eta euskaraz». Espainia ez da Danimarka, baina txetxeniar baino inuitago ez ote garen...

Euskalduna naizela esan eta ulermena sinpatiazko irribarrean jasotzen dudan leku bakarra, Europa. Inperioen zirrikituetan gure printzak behar du. Osterantzean, ez dago Europarik.

2009-05-31

Paredes eta hormak

BERRIAn argitaratua

Jose Paredesek hemezortzi urte zituen 1973an soldadutzarako hartu zutenean. Jon Paredesek baino bat gutxiago. Jose Paredesek estatu kolpe baten erdian aurkitu zuen bere burua, abiatzear zen diktadura bateko azken katebegi. Jon Paredesek diktadura baten aurka armak hartzea erabaki zuen sasoi beretsuan, bere borondatez, faxismoaren aurka borrokatzeko.

Eskuak errebolber baten kulata-kolpez txikituta, mihia erauzita, Victor Jararen gorputz torturatuan erruleta errusiarrean ibili zen tenienteordea. Chile futbol zelaiko lehen tiroaren ondotik, aurrean zituen Jose Paredes eta behartutako beste mutilei tiro egin zezatela agindu zien. Irailaren 19an aurkitu zuten kantariaren gorpua.

1973ko irailetik 1975ekora, Paredes antifaxistaren zoria ere idatzita zegoen. Victor Jararen hilotza topatu eta urte bira ezarri zioten Txikiri heriotza zigorra. Munduko amorruaren aurrean Orienteko plazan bildu zituen beretarrak espainiar kriminalak. Hiltzaileak aldamenean zeukan ondorengoa, Borbon izeneko bat.

Jose Paredes soldadu ohia egunotan atxilotu dute Txilen, kate luzeko azken katebegia dela jakitun, gorago, askoz gorago joan behar dela jakitun. «Ama Aberrian», kriminalak zigorrak gabe hiltzen dira ohean, faxistek hautatutako ordezkoek estatuburu jarraitzen dute, eta inoiz jazo ez zen trantsizioa munduaren eredu izan daitekeela uste dute oraindik.

Are okerrago, botere banaketa daukatela sinesten dute, eta inoiz konturik eskatu ez dieten epaileekin jarraitzen dute. Besteak beste, faxismoaren biktimei irain egiten, eta militante antifaxistei oroitarriak ere ukatzen. Eta patetikoena, epaileen aginduak bete eta bete jarraitzen dute alkateek.

2009-05-24

Tamil tigreak

BERRIAn argitaratua

Munduko herri zapaldu gehienetan egon izan dira euskaldunak, baina tamilen gatazkan ez dugu lekuko berriemailerik izan. Eta pena da. Sri Lankako triskantzaren neurria emateko ez zuen balioko ziur aski, kazetari guztiei itxi baitizkie uharteko ipar-ekialdeko mugak. Bigarren, hirugarren eta laugarren iturrietatik jakin ditugu, jakinarazi dizkigute, azken hileetan izandako sarraskiak.

Tamil ahituen, kalituen, suntsituen irudien ostean garaileenak ikusi ditugu, bozkarioz, «terroristekiko garaipena» ospatzen Kolonbon. Amesgaiztoa amaitu zaielakoan, bost axola beren mugen barnean egotera bortxatutako tamilen amesgaiztoa.

Bihar, berandu beti legez, baliteke Sri Lankako Gobernuaren aurkako auzibideren bat irekitzea egunotako sarraskien ondorioz. Baina inork ez dio eskatuko atzera egin dezala konkista burutuan, hain gutxi gerrillak eratu eta militar zeilandarrek suntsitutako estatua berreraiki dezatela. Hori terroristekin bat egitea omen litzateke. Gauzak horrela, bere biztanle guztiak sakrifikatu baino lehen amore ematea erabaki zuen gerrillak gaur zortzi. Errendizioa, bai, Sri Lankak hori ere errespetatu ez eta gerrillari guztiak banan-banan hil arren. Tamil herriari abaildu zitzaion sarraskiaren aurka, borrokatzeko arrazoiak milaka izanda ere, errendizioa zela bidea erabaki zuten.

Orain, etsipena izango da nagusi tamilen artean, zapaltzen dituzten estatuaren bozkarioaren neurrikoa. Baina garaile handi horiek guztiek badakite, sakoneko arazoak konpondu ezean, beti egongo dela armak hartuko dituenik. Armen aukera beti dago hor. Horregatik ez dira lar mitifikatu behar, beharrezko denean lasai lurperatu beharko lirateke, trukean ezer jaso barik ere. Errepresioa horren handia eta erantzuteko gaitasuna hain txikia direnean, bereziki. Gero ere egongo da armak hartzeko aukera.

2009-05-23

Genozidiorik ahaztuena

BERRIAn argitaratua

Armeniarrek sarri salatzen dute munduak zeinen jaramon gutxi egin dien holokausto juduaren aldean. Bada egin kontu Kaukaso ipar-mendebaldean milioitik gora biztanle ginela 1864. urtea baino lehen eta 80.000 baino ez ginela geratu Errusiaren konkistaren ostean». Almir Abregov Adigeako Museo Nazionaleko zuzendari ohiaren hitzak dira. Datuei buruz eztabaidak daude, baina neurriak neurri, zalantza gutxi dago gertatu zenaz: bost urte ziren tsarraren indarrek Txetxenia eta Kaukaso ekialdea baketzea lortu zutela, eta mendien mendebaldean, Adigean, gupidagabe jo zuten. Herri guztiak suntsitu eta bizirik irtetea lortu zuten biztanleak otomandar inperiorantz ontziratu zituzten. Turkian, Jordanian, Israelen eta Sirian sei milioi adige daude, eta komunitate garrantzitsuak dituzte Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan.

Zirkasiar, txerkes, kabarda... kanpotarrek emandako izenak dira. Eurek adige deritzote euren buruei. Maikop Adigeako errepublikako hiriburuan bi mila eta bostehun lagun inguru bildu ziren herenegun. Dolu egunetako kapelak buruan batzuek, besteek papakhak -Txetxeniako irudietan ikusi ohi ditugun txapel garaiak Ipar Kaukaso osoan erabiltzen dira-, eta txerkeska izeneko jantzi dotoreak umeek, kartutxoak paparrean eta labana gerrian. Gezi horidun bandera berdeak astindu zituzten hiriko mezkita berriaren aurrean. Musika pixka bat, baina adigeen dantza bizkorrik ez. Dolu eguna zen.

Etxean gutxiengoan

Hitzaldietan historia gogorarazi zuten, dokumental baten estreinaldia egon zen, eta adige hizkuntzari eusteko berbak esan zituen hizlarietako batek, gehienek errusieraz egin arren. Siriatik etorritako adigeak duela 145 urteko hondamendiaren neurria aipatu zuen: badira oraindik Itsaso Beltzeko arrainik jaten ez dutenak, ontziratutako adigearren erdiak baino gehiago ito egin zirela gogoan.


Adigeako biztanleen ehuneko hogei baino ez dira adigeak, mende eta erdi pasatu arren eskualdeko hainbat eremuk hutsik jarraitzen dute. «Legeak, oraingoz, presidenteak adigeeraz jakin behar duela dio, eta gobernuko kideen erdiak ere adigeak dira. Baina aul edo adige herrixketan adigeeraz ez dakiten irakasleak egon daitezkeela dioen legea ere onartu du gobernu horrek», dio Aslan Shazzo Natpress agentziako kazetariak.

Beste bi errepublika dituzte adigeek Errusiako Federazioan. Horietako baten, Kabardino-Balkarian, milioi erdi adige bizi dira eta Arsen Kanokov presidenteak, eta Mosku haserrarazi izan duen solas abertzalea darabil aspaldion. Gazteak ere Adige Khassa elkarte historikoaren aurka jaiki dira, nahikorik egiten ez duela leporatuta eta, funtsean, Errusiaren menpe dagoela. «Jende asko ez da hitz egitera ausartzen, asko galdu dugu, eta Estatua gogortu egin da azken urteotan», dio Shazzok. Inork ez du aipatzen, baina airean dago Vladimir Putinen ondarea. Eta Txetxenia ez dago hain urrun. Arambi Khapaj Adige Khassako Maikopeko arduradunak ulertzen ditu kritikak, «baina egoera politikoa ere aintzat hartu behar da, eta jendeak elkartean parte hartu behar du, Adige Khassa da adige herriaren ordezkaria».

Khapajek errusiarren aurkako haserrerik ez daukala dio, baina Turkian bestelako sentimenduak egon ohi dira. Baita Sobietar Batasuna ia ezagutu ez zuten gazteen aldetik ere. Txetxeniatik Kaukasora hedatu diren jamaat edo gerrilla islamikoek Kabardino-Balkaria errepublikako hainbat gazte erakarri dituzte, bai kabardak (adigeak) bai balkarrak (turkiarrak). Eta hain urrun heldu gabe ere, Moskuren aurrean tinko egoteko asmoz Dzhemak (Deiadarar) elkartea sortu dute Kaukasoko errepublikan.

Olinpiar Jokoak

«Behinola izan genuen lurraldearen ehuneko bosten jabe gara, eta gutxiengoan gaude. Lehen lotsagarria zen adige bat errusiar batekin ezkontzea, orain hirutik bat dira bikote mistoak. Horrek ez du kentzen, baina, Errusiari berea eskatu behar zaiola, ez dirudi barkamena eskatzeko prest dagoenik, baina behin onar dezala gertatu zena eta laguntzak eman ditzala. Arbasoen lurraldera itzuli nahi dutenak asko dira, eta Errusiaren burokraziaren zailtasunekin topo egiten dute behin eta berriz», dio Khapajek. Zortziehun lagun itzuli omen dira urteotan.



Hitz debekatua, independentzia, entzuten hasi bada ere, Josiv Stalinek ezarritako errepubliken zatiketatik bakar bat osatzea eta kanpoko adigeen aberriratzea dituzte helbururik behinenak. «Abkhazia eredugarria izan zitekeen, independenteak dira teorian, baina Errusiak ez die utzi, eta han ere gutxi itzuli dira», diosku Almir Abregovek.

Abkhaziako mugan, Sotxi dago, Vladimir Putinen kuttuna, Errusiako hiririk turistikoenetakoa eta 2014. urteko Neguko Olinpiar Jokoetako egoitza. Ekologistek inguruko mendietan egingo dituzten triskantzak salatu dituzte; adige askok beste kritika bat erantsi diote: onartezina dela ubikh herriaren lurretan Olinpiar Jokorik egitea.

Adige eta abkhaziarren ahaideak, ubikh guztiak kanporatu zituzten 1864an. 1992an, Turkian hil zen azken hiztuna, gainontzekoak adigeekin nahasi eta haien hizkuntza hartu dute. Genozidioaren Olinpiar Jokoak izeneko kanpaina abiarazi dute.

Adigear Kongresuko buruak Murat Brezeg oso kritikoa da: «Gure arbasoen hezurren gainean egin nahi dute ospakizuna arbasook sarraskitu zituztenek». Adige Khassako Arambi Khapajek bestela uste du, berriz ere Moskurekiko ulermen handiagoz: «Ez gaude Olinpiar Jokoen aurka. Hara Australian, aborigenen ondarea indartzeko balio izan zuen. Sotxi ere ubikh eta, oro har, adige kultura goratzeko erabil daiteke».

Baina aurkariek Sotxiko Interneteko gunera eta bestelako informazio ofizialetara jotzeko diote: behinola bizi ziren greziarrez mintzo dira -Kolkida historikoa da eskualde hori-, «baina hitzik ez jatorrizko biztanleez, ubikhez, adigeen beste tribuez. Are gutxiago mintzo dira, noski, zergatik gaur ez dagoen adigerik Itsaso Beltzeko kostaldean».

2009-05-17

'Tot el camp es un clam'

BERRIAn argitaratua

Eguaztenekoa independentziaren alde egin izan bagenu. Gaur estatu ginateke» zioen Fredik herenegun. Partidan zehar baino, egun osoan zehar hartu genuen gozatua. Egun batez, Europa ultramendebaldartu honetatik urrunduta, arrazionaltasuna aparkatu eta autoetatik bozkariozko bozinak entzun genituen, leihoak jaitsita banderak astindu eta ezikusi egin zuten udaltzainek... eta ni Kosovoko egunez oroitu nintzen. Aurpegi arraroz begiratu zidan lagunak Pristinan, independentziako ospakizunetan futboleko ospakizuna zirudiela esan nionean. Baina Bilbok Pristina zirudien. Kontua da albaniarrek lortutakoa ospatzen zutela. Eta nazio ere ez den komunitatea zapaltzailetik zelan libratu eskarmentua eman zutela. Munduan lagunak ondo hautatuta, nazioarteko politikaren hipokresiaren jakitun izanda, kartak ondo jokatuta.

Georgia edo Moldaviako manifestazio txiki batek sekulako oihartzuna dauka mendebaldean. Poliziaren kargak egonkortu gabeko estatuon zutabeak astintzen ditu, mediatikoki egindako erabileraren arabera. Eta gurean, badago eskandalizatzen denik Francoren ondorengoari txistu jotzen diotelako. Tot el camp es un clam. Muga guztiak gaindituta, biluzik dagoela aitortzeko ezintasunean.

Gure antzeko galtzaileen artean bilatu ohi ditugu lagunak, baina. Alfonso Sastre kriminalizatu eta munduak jiraka jarraitzen du, egunkariak ixten, kazetariak espetxeratzen eta boto eskubidea ukatzen den demokrazia bikain honetan. Epaile espainolek Guantanamo ikertu gura dute, eta CIAri inork ez dio Unai Romanoren argazkia helarazi, espainolak barrabilak gehiegi ukitzen hasiko balira ere. Eskerrak Puyol daukagun ikurrina ateratzeko.

Alderdietatik futbol partidetara doaz ilegalizazioak. Eta hurrengo martxa datorren ostegunean da. Kopa baino gehiago dago jokoan. Greba ere kolosala izango da.

2009-05-10

Zugazagoitia kalean bizi naiz

BERRIAn argitaratua

Z
uga-ri eskainitako kalean dut etxea. Beti amestu dut lehendakari sozialista, Jainkoa ezabatu eta mezu laikoak erabiliko dituena. Aste berean Sarrionandia, Szymborska eta Kirmen aipatuko dituena. Bai, lehendakari rockeroa nahi genuen, Portugaletekoa. Lehendakari maketoa, batzokietako desfibrilatzaileak eskas utziko dituena.

Osakidetzan erdarara behartu gaituztenek euskarari kalte egingo diozuela diote. Lea-Artibaiko Hitza itotzeko zero botorekin alkatetza ostu dutenek kolpe instituzionala leporatuko dizute. Behin eta berriz gogoraraziko dizute legez kanporatzeei esker zarela lehendakari. Baina onerako izan bedi ilegalizazioa ere. Balizko ordezkari independentistak ataka gaitzetik atera dituzu: espainiar sozialdemokrazia ala eskuin abertzalea bozkatzera behartuta leudeke osterantzean. Traidore edo ergel izatea hautatzetik libratu duzue ezker abertzalea. Ez da oso demokratikoa, zerorrek ere badakizu, baina tira, Hegoafrikan zurien erreferendumean erabaki zuten sistema arrazista atzean uztea eta beltzei botoa ematea.

Espainierazko narratiba sozialaren aitzindarietakoa izan zen Julian Zugazagoitia. Bilbon zinegotzi eta Madrilen ministro. Parisen Gestapok atxilotu eta Companys-ekin batera faxistei entregatu zien. 1940ko azaroaren 9an fusilatu zuten Zuga. Companysen ondorengoekin zaudete Katalunian. Euskal Herrian, Sartagudako kuneteroek eta Zugaren hiltzaileek bozkatzen duten alderdiarekin.

Donostian euskara Bilbon jeltzaleek baino hobeto tratatu duzue. Benetan, onena opa dizuet, sinetsi gura dizuet urte bian inork ez duela armarik hartuko eta bizkartzainik gabe ibiliko zaretela, eta presoak etxera bidean egotea gura nuke. Baina ez ahaztu betiko faxistak dituzuela bidelagun, Txikiari, Txikiri eta Otaegiri bezala kenduko lioketenak kalea Julian Zugazagoitiari.

2009-05-05

Presevo, konpondu gabeko auzia

BERRIAn argitaratua



Serbiaren menpeko haran horretan albaniarrak dira nagusi; Kosovorekin bat egitea aldarrikatzen dute, nazioarteko planak mugak aldatzea debekatzen badu ere: albaniarren batasunerako borondatea inoiz baino handiagoa da Presevon.

Presevora azoka egunean iritsiz gero, serbiarrak, albaniarrak eta ijitoak leku berean ikusteko aukera dago. Ez da egunerokoaren isla, ordea, laster igar daitekeen legez. Sagar saltzaile serbiarrak dio herrian ez dagoela arazorik: «Hemen ondo daude gauzak, zer arazo egongo da, bada?»; serbieraz dio, herriko %90 diren albaniarren hizkuntza ikasteko edo hitz egiteko inolako borondaterik gabe. Pristinako Unibertsitatean ikasten ari den ikasle batek -asteburua familiarekin pasatzen ari da- oso bestela uste du, serbiarrari erositako sagarrekin etxera bidean joanda ere. «Ez duzu albaniar ikasle bakar bat aurkituko Belgraden, Novi Saden edo Serbiako hiriren baten ikasten ari denik. Denak gaude Pristinan edo Mazedonian; Albanian ere bai batzuk. Baina Serbiako hirietan ikasketak egitea arriskutsua da albaniarrentzat».

Herriko institutuan Balkanetan oso zaila den sinboloen nahastea dago agerian: Serbiako bandera dauka beste eraikin publiko guztiek bezala, baina Skandenberg XVII. mendeko albaniar heroi nazionalaren eskultura dago patioaren erdian. Eta horman, ingelesez, Happy Birthday, Kosovoren independentziaren lehen urteurrena ospatzeko -otsailaren 17an ospatu zuten urteurrena-. Presevoko albaniarrak dira prozesuan gehien galdu dutenetakoak, horratik. Jugoslavian bi milioi pasa albaniarrek osatzen zuten komunitatearekin zeukaten lotura estuaren lekuan mugak eta mugak eraiki dizkiete. Lehenak Mazedoniako albaniarrekikoak, Kosovokoekikoak azkenak. Albaniarren independentziaren prezioa izan da Presevo.

Bertako albaniarrek behin eta berriz Kosovorekin bat egitea eskatu arren, berariaz eragozten du mugarik aldatzerik Martti Ahtisaari bitartekariaren planak. Bide orri hori da independentzia aldarrikapenaren oinarria, eta Kosovo zatiezina dela dio. Ondorioz, Mitrovica eta Kosovo iparraldeko serbiar komunitateek ez daukate Serbiarekin bat egiterik, ez eta Presevok auzo albaniarrengana lotzerik ere. «Mugak 30eko hamarkadan ezarri zituzten, gu Kosovotik atera eta iparraldeko hiru udalerri erantsita, serbiarren pisua handitu zedin. Baina orain ukiezinak dirudite», diotso BERRIAri Presevoko Udaleko batzarreko presidente Ragmi Mustafak.

Meskitara eta Kosovora doan bidetik goazela duela aste batzuetako lehergailuek non egin zuten eztanda erakutsi digute, Tito mariskalaren kalean. Albaniar saltokien atarira jaurti zituzten gauez; ez zen zauriturik izan, baina argi utzi zuen giroa zelan gaiztotzen ari den. Abenduko azken egunetan egindako polizia operazioaren ondorena izan zen erasoa. Jendarme maskaratuek herriko hamar lagun hartu zituzten preso Kosovoko gerran serbiarrak bahitu eta hiltzeaz akusatuta. Hamarretako bat libre utzi eta gero, besteei hiru hilabetez luzatu berri diete behin-behineko espetxealdia.

Apenas dago gazterik

Ondorio argiena herriko gazteak desagertzea izan da. Duela hamar urte borrokatzeko adinean zeuden mutil gehienek mugaz beste aldera jo dute, atxiloketen atzean helburu argia ikusten baitute. Halaxe diosku unibertsitatean dagoen gazte batek, bere adinetik gorako gutxi ikusiko ditugula esan ostean: «Albaniarrok gure herritik bota nahi gaituzte, argi utzi Serbiak agintzen duela hemen eta tentsioa nahi duenean igoaraziko digula serbiar gehiengoa lortu arte».

90eko hamarkadan ikusitakoen oihartzuna dator berehala, baina halakorik berriz gertatzea ia ezinezko dela diote denek. Helburu horiek beste era finagoen bidez erdiestea, baina, uste baino arruntagoa dela diote. Hala, Presevoko biztanleen %90 albaniarrak diren artean, haraneko beste udalerrietan nabarmen apalagoak dira kopuruak: Bujanovacen bi heren dira, eta herena baino ez Medvedjan. «Han gehienek Kosovora ihes egin dute, ez da leku segurua eta ezin izan dute jasan».



Ragmi Mustafa Udaleko batzarreko presidenteak Serbia osoko leku atzeratuena dela dio: «Langabezia %70ekoa da, eta baldintza sozial kaskarrak ditugu; alde egin dezagun bidali digu mezua, baina mendeak daramatzagu hemen». Gerra berririk piztea agendatik kanpo ei dago, horratik. «Ez dago baldintzarik berriz borrokari heltzeko; arazoak bake bidez konpontzea erabaki dugu. Europan eta Balkanetan gerrak amaitu izana espero dut. Bide horretatik baino ez dugu izango Europaren laguntza. Baina Europako Batasunak ere arreta handiagoa jarri behar du, Kosovoz haratago, hemengo arazoak ez daitezen lehertu».

Albaniarren batasuna

Hiri txikia da Presevo, eta ez da zaila albaniar komunitatearentzat garrantzitsuak diren pertsonekin topo egitea. Hala aurkitu dugu zinegotzi ohi bat; politika ofiziala utzita izanik ez, baina asmoak argi adierazi dizkigu: «Kosovoren independentzia albaniarren mendeetako sakrifizioaren ondorio da, eta garbiketa etnikoaren porrota da. [1878ko] Berlingo Kongresuaz geroztik albaniarrok elkarrekin bizi nahi izan dugu, eta orain hurbil dago xedea».

Presevok albaniar lurraldeekin bat egiteko aukera benetakoa den jakin gura izan dugu, albaniarren desio ezkutatugabeez haratago. Baiezkoan dago, urtetan adierazi legez. «Albaniar biztanle guztien xedea, Montenegron, Kosovon edo beste edonon, elkarrekin bizitzea da. Gure esaera zaharrari heltzen diogu: ez dago betiko irauten duen eragozpenik».

Jugoslavia federazio sozialista gisa eratu arren, «ez ziguten jaramonik egin Presevoko albaniarron eskaerei, Kosovorekin bat egiteko. Are gutxiago egin zion Slobodan Milosevicen gobernuak, noski, herritarrek erreferendumean eskari hori eginagatik. Horien guztien gainetik hemen gaude, eta batasunerako borondatea inoiz baino handiagoa da».



Ragmi Mustafa: «Kosovoko gutxiengoaren babes bera nahi dugu Serbian»

Ragmi Mustafa Presevoko Udaleko batzarreko presidentea da. Marti Ahtisaariren planarekin bat datorrela onartzen du solasaldiaren hasieran -Kosovorekin bat egitea eragozten dio plan horrek bere herriari-, baina aurrerago ez du ezkutatzen zein den albaniar guztien helburua: Serbiatik bereizi eta auzo duten estatuarekin bat egitea.

Zein da egungo egoera Presevon? Giroa nabarmen gaiztotu dela azpimarratu digute herrian, nazioartean oihartzun handirik izan ez arren...

Ezaguna da Kosovoko gerraren ostean hemen Presevon beste bat hasi zela. Europak eta NATOk gerarazi zuten, eta 2001eko maiatzean serbiarren eta albaniarren akordioa izenpetu zuten. Bazirudien albaniarren eskakizunei jaramon egingo ziela Serbiak, baina ez du bete esandakoa, hezkuntzan, kulturan eta beste hainbat arlotan. Argi daukagu, ordea, arazoak era baketsuan konpondu behar direla. Abenduan atxilotuak gerra kriminalak direla diote, baina hemen argi daukagu albaniar soldaduak zirela, eta gogor salatu ditugu atxiloketak.

Zergatik orain atxiloketa horiek?

Serbian arazoak dituzten bakoitzean hona etorri eta jendea atxilotzen dute. Albaniarrek ihes egitea nahi dute eskualde osoa serbiartzeko. Jendarmeriaren portaera bereziki kriminala da. Boris Tadic lehen ministroak esan du atxiloketa gehiago egongo direla, eta, ondorioz, jende asko izutu da; gerran soldaduak izan ziren guztiak Kosovora erbesteratu dira. Betiko asmoa da, jendea kanporatu eta mezua helarazi: hau ez dela leku segurua guretzat. Askotan erabili du taktika bera Serbiak.

Ahtisaari planak ez du ahalbidetzen mugak aldatzerik, jendearen borondatea hala balitz ere. Bakartuta sentitzen zarete?

1992ko erreferendumean 100.000 lagunek izenpetu genuen Kosovorekin bat egiteko eskaria. 2006an beste plataforma bat osatu genuen eskari horrekin. Albanierazko hezkuntza, kultura eta eskualdean mugimendu librea eta segurtasuna eskatzen genituen. Aldaketarik balego, zalantzarik gabe, Presevoko albaniarrok Kosovorekin bat egingo genuke. Muga aldaketak ez badira zilegi, onartuko dugu, baina plana hemen ere aplikatzea eskatuko dugu; hau da, Kosovok gutxiengoarekiko daukan tratu bera izatea Serbiak gurekin.

Duela 75 urte Kosovoko zati zen Presevo.

Bai, eta orduan Serbiara pasatu zuten; plana argia zen, albaniarrak bereiztea. Ordutik Presevo kanpoan dago. Garai hartan Leposavic, Zvecan eta Zubin Potok serbiar herriak sartu zituzten Kosovon, eta Presevo atera. Helburua oso argia zen: Kosovon serbiar gehiago egotea, arazorik ez izatea serbiarrek.

Kosovoren independentzia zuek ordaindu izanaren sentipena daukazue?

Ulertzen dugu egoera, eta pozten gara Kosovoko albaniarrengatik. Luzaroan gu ere sakrifikatu gara Kosovoren independentziaren alde. Hemen ere izan zen sarraskirik. Europako Batasunak orain arte Kosovorekiko izan duen arreta hemen ere beharko dela uste dut. Serbiak ez du onartu independentzia, eta oso jarrera ezkorra dauka. Mugak aldatzeko aukera galdu da, Mitrovicakoak Serbiara eta gu Kosovora joateko. Hori da konponbide onena bakerako eta arazorik ez egoteko. Mundu guztiak erabakitzeko ahalmena, autodeterminazio eskubidea izan dezala da gakoa.

Albaniar batzuek Serbiako hauteskundeei boikota egin diezue, beste batzuek parte hartu dute. Zergatik?

Alderdi batzuek joatea erabaki zuten, baina ez du ondoriorik izan. Parlamentuan egoteak, edo are gobernuan -albaniarrak daude- alferrik da; ez da ezer lortu. Tadicek Kosovoren independentzia onartzen duenean babestuko dugu. Serbiak jakin beharko luke konponbide bakarra bakea, aitorpena eta autodeterminazioa direla. Arazoak bake bidez eta era demokratikoan konpondu behar dira. Onartu albanieraz idaztea, gure hizkuntzan dagoen goi eskola eta geroko ikasketak; eta gure sinboloak erabiltzeko askatasuna, bandera nazionala; libreki bidaiatzea Kosovora eta Mazedoniara. Kosovoko gutxiengoak eskubideak izan ditzan nahi dugu. Elkarrekin bildu eta hitzaren bidez konpondu behar ditugu arazoak; elkarren ondoan bizi gara, eta Europako eta NATOko zati izanda konpondu behar dugu. Hori da gure xedea, Europa handi eta baketsu bateko zati izatea.

2009-05-03

Ostia aurreko sindromea

BERRIAn argitaratua

Gaur berriz ere ohartaraziko digute zeinen gaiztoak diren Kuba, ETA, Iran, Txina, Israelgo armada, Kolonbiako gerrillariak eta paramilitarrak eta enparauak. Adierazpen askatasunaren urraketei dagokienez, oso errazak diren salaketak dira.

2001eko irailaren 11tik askatasunen etengabeko urritzeak eztabaida gogorra piztu du, Erresuma Batuan, adibidez. Horrenbeste urtetan irabazitakoak segurtasunaren izenean sakrifikatzea oso gogorra baita. Gurean, berriz, autozentsura ez eze errepresioaren logika barneratzen dugu. Kameralariak bere egiten du Poliziaren aurpegia ez grabatzea. Zein estatu demokratikotan beldurtuko litzateke kazetaria errepideko kontrol baten kamera ateratzeagatik?

Horrek bestelako tik batzuk dakartza. Egunkari batek «ETAren aldekoek Interneten telebista abiarazi dute» goiburuarekin ireki zuen kazeta berriki, eskandalua sortu nahian. Tamalez, gezurra zen, Apurtu.org kriminalizatzeko ahalegin soila zen. Baina ETAren aldekoek telebista sortuko balute ere, zer?

Edo AHT Gelditu!-ren gutunari Jaurlaritzak emandako erantzun amorratua, kasu, eta askori berehala sortutako galdera: legezkoa ote da egin dutena? Ohiko komunikazioaren eskemak apurtu dituen irudimenezko kanpaina bikain baten aurrean, hori legezkoa den da askori eragin dion galdera bakarra. Bestela esanda: «horrenbesterainoko askatasuna ote dago herri honetan?».

Beraz, Europar Batasuneko estatu batek Egin ixteak, Egin-eko dozena bat kazetari eta langile espetxeratzeak ez dauka behar duen oihartzunaren laurdenik. Baina izan beharko lukeenez, atzerriko foro guztietan eskandalua denez -nazioarteko PEN taldeetatik Teresa Todari bidalitako gutunek argi adierazten dutenez- guk ere Espainia europar demokrazia dela sinetsirik eta helegiteen argitasuna geure eginik, hankasartzea konpondu behar dela ikusten dugu argi. Gero atxiloketak datoz. Abokatuek izena eman diote sentipen horri: ostia aurreko sindromea.

2009-04-19

Mendiko herri

BERRIAn argitaratua

Domuit Checheni aldarrikatu dute Moskun eta Groznin. Garaitu dituzte terroristak eta bakea itzuli da Ipar Kaukasora. Abuztuan 150 urte beteko dira Shamil imama tsarraren aurrean errenditu zela. 65 joan ziren otsailean Stalinek Asia Erdialdera deportatu zituela. Eta patuak hala idatzi balu legez, berriz zutitu eta milioi bat biztanlera iritsitakoan, berriz sarraskia. Baina orain bakea iritsi da atzera ere, bentzutu dituzte terroristak.

Eta zer egin gure kontraesanekin, zuribeltzeko munduan goxo-goxo bizi direnek? Inperialismoa Washingtonen jaio eta Latinoamerikan amaitzen da, eta horren arabera zatitzen da mundua. Baina zer ikas liteke kriolloen ondorengoengandik, zelan ulertu elebakar hispanoek ingelesak mundu latinoari dakarkiona baino mila aldiz arrisku handiagoz ordezka dezakeela beren espainol kuttun eta iraultzaileak gure hizkuntza? Eta gringoen etsaia izatea ez dela aski lagun izateko, aitzitik, Washingtonek besteko desmasiak egin daitezkeela, egiten dituztela Moskun, Teheranen zein Beijingen?

Zeinen jatorrak Caracasko lagun iraultzaileak arma negozioetan Putinkumeekin. Europa erdi izutzeko balio dute, baina noski, europar nazioak gringoen kolaborazionistak eta erreakzionarioak dira beren buruaren jabe egin gura badute.

Lezio ederrik iritsi zaigu Ameriketatik asteon, hala ere. Hain justu ere Latinoamerikako amets hispanoetatik aparteen daudenengandik. Evok irakatsi digu Latin-ik eta are Amerika-rik baino lehen zeudenek luzeegi itxaron dutela berba egiteko. Kriollo kolonizatuek ahaztutako kontinente indigena mintzatu da. Eta Europako agintari kolonizatuek ere badute zer ikasi Evoren gosetik.