2010-06-27

Zapiak eta abar

Iparrean hasi eta hegoan jarraitu, Europa zeharkatzen ari den olatu xenofoboa Euskal Herri osoan jazarri zaie emakume musulmanei. Bitxia da eskoletatik gurutzerik kendu gura ez dutenek, abortatzeko eskubidea ukatzen dutenek, zeinen sutsuki defendatzen duten zapiak emakumea zapaltzen duela.

Hala ere, zuzen dabil eskuinak darabilen argumentu xenofobo horietako bat: mendetan, azken hamarkadetan batez ere, hainbat eskubide lortu ditugu mendebaldean. Konkista sozial horiek, giza eskubideetan eta, batez ere, emakumeek horren prezio altuan eskuratutako esparruak, ez dira negoziagarri kultur askotarikotasunaren izenean.

Kasu, beraz, ezkerretik datorren jatortasunarekin. Sexismoa ez da herri musulmanetan soilik gertatzen, ados. Baina norbanako eskubideetan izandako konkistak mendebaldera mugatu dira orain artean. Kontua ez da ereduak beste kulturetara esportatzea (ikusi dugu «demokrazia esportatzeak» zein ondorio izan dituen). Baina bitxia da indibidualismoa bultzatzen duen gizarte-eredu honetan zelan dabiltzan jantz daitekeena debekatzen.

Eskuinak hipokrisiaz dihardu, bai. Xenofobia arriskutsua dago atzean, bai. Zapia edo gurutzea eramatea eskubideak dira, noski. Eta mezetara joatea. Fededuna jende zintzoa da askotan, edozein erlijiotan. Baina oro har ezkerrak eliza eta erlijioaren erakundeak gauza ustel gisa hartu izan ditu, gainditu beharreko zerbait bezala. Kultura musulmaneko nire lagunek ez daroate zapirik, luzaz borrokatu dira islamak eta tradizioak inposatutako arauen kontra. Kasu, beraz, etxeko xenofoboei aurka egiteko asmoz kultura musulmaneko feminista ausartei bizkarra eman eta apaizei onartuko ez geniekeena imam-ei ametitzen. Bost axola Biblia edo Korana dagoen atzetik, ezkerrak ez du onartu behar kontrol soziala bultzatu eta emakume libreak zapaldu nahi duen erakunderik, izan meskitetatik zein elizetatik.

Susmoa baitaukat islamistek eta ultrakatolikoek elkar elikatzen dutela bien intereserako den erlijio gatazka.

2010-06-20

Abiapuntua

Batzokitik datoz batzuk, besteen jatorria ezkerrerago dago, frankismoaren aurka iraultza sozialista amestu eta haren alde borrokatu direnen artean. Euskal Herria ataka historikoan dagoela ulertu eta erantzukizunezko urratsa egingo dute gaur Euskaldunan. Ez dira berehalakoan erauziko elkarren aurka egin eta esandakoak, mesfidantzak bere lekua izango du, baina hitzez denok esan izan duguna, denak batzea zaila zela baina batu ezean independentziarik ezin zela lortu, behingoan gauzatzear dago.

NaBaik ez zituen emaitza txarrak izan 2007an, ezker abertzalea legez kanpo eta Katalunia eta Galiziako ispiluei begira aldaketaren leloa hauspotuta. Eskarmentua ere halakoxea izan zen: Nafarroa Espainiako egitura ez apurtzea ahalbidetzen duen pieza ukigaitza da. Independentziaren aurrean Espainiak daukan dike garrantzitsuena. Espainiaren menpeko euskal lurraldeek bat egiten ez duten artean, Madrilek badaki euskaldunek ez dutela independentzia aldarrikatuko. Eta badaki, halaber, dike hori erori eta euskal lurraldeak baturik egotean zinez larritu beharko duela.

Lehen eskarmentua duela hiru urteko negoziazioetan heldu zen. 2009ko Europako hauteskundeetan, baldintzarik aldrebesenetan leihatu zen ezker abertzalea gailendu zitzaion Nafarroako alternatiba behar zuen koalizioari. Badakit kalkulagailua arriskutsua dela politikan, zure boto-emaileek gehi nireek ez dutela zertan bion batura izan. Gehiago izan litezke, baina baita gutxiago ere.

Argi dago 2007ko NaBaik, ikurrinik gabeko abertzaletasun urardotuak, izan lezakeela erakarpenik PSNren traizioa sentitzen duen sektore aurrerakoian. Baina iaz gailendu zitzaion ezkertiar eta abertzale mordo horrekin lehiatu beharra ere badakar. Ezker abertzalearekin batera joateak bertigoa ematen diete urtetan sektore hori kriminalizatzen ibili diren guztiei, baina horrela daude gauzak. Ez luke zertan hala izan, baina hala da. Euskara gorroto duen eskuin muturra edo Euskal Herriko batasuna, horiexek hautuak. Euskalduna da abiapuntua.

2010-06-13

Afrikara

Mundua Afrikara begira zegoela eta, gu ere hegoaldera so jarri ginen. Ez genuen dantza koloretsurik ez futbolari milioidunik ikusi. Uharte txiki bat baino ez, Ameriketara esklabo bidaltzeko bahitu eta zoriz erdibidean geratu ziren kreolera hiztunak, eta zuri burusoil bat haiekin futbolean, igandean goizean goiz, urteetan oporrik gabe egindako lanean tartea uzten dion une bakarrean. Josu Martinezek gogorarazi zigun gizona nola aldatu zen egun batetik bestera, gaztetxoen aurrean isil eta uzkur zegoena zelan harrapatu zuen Zuberoatik Kristiane izeneko energia zurrunbiloa aireportura iritsi bezain laster.

Belaunaldi gazteenei biktima errugabeen eta biktimatzaile ankerren gezurrak kontatu nahi dizkiete eskoletan. Guk gezurrik gabeko istorioak nahi ditugu, bere gordinean, mitorik gabe. Halaxe irakurri genuen Alfonso Etxegarairen Regresar a Sara-n (Sarara itzuli). Euskal iheslariak eta GAL oso urrun dituzten belaunaldi berriak datoz. Ekuador, torturak, berriz desagertzea eta Sao Tome. Eta joan doaz urteak. Domintxaineko sagarrondoak zainduz pasako dugu denbora. Alfonso nor den galdetu genion Kristianeri; «gudari bat da» laburbildu zigun azalpena. Gero zalantza, euskaldunak beti daukan beldurrezko zalantza.

Sao Tomen maite duenarekin delarik Kristiane, herria ments, herrian delarik, maitea ments. Eta joan doaz urteak. Lehengo astean ezagutu nuen Kristiane, Hamaika Telebistako harreran. Gero berriz bildu ginen Larrabetzuko tabernetan. Baiona izan zen herenegun, Ainhize eta Bilbo dira hurrenak. Josu Martinez eta lagunei inbidia sanoa diedala esango nuke, baina miresmen handia eta bekaizkeria ezin ukatua aitortu behar ditut, lehenago besteok egiten asmatu ez dugun lana egiteagatik Alfonso Etxegarai euskal deportatuaren eta Kristiane Etxaluzen istorioa filmatzean. Josu, Txaber, Hibai, IPESekook, eskerrik asko. Kristianeri, plazer bat ezagutzea. Eta besarkada beroa Alfonsori. Bilboko metroaren azken geltokia da Plentzia.

2010-06-06

Zer datorren

«Orain bai» diote erredakzioetan, lehen ere «orain bai» askotan pentsa izan dutela jakitun, «orain benetan ote?» irteten zaiela ohartuta. Espainiako gobernutik hurbilen dagoen prentsak hala zekarren ostiralean, orain arteko tarterik zabalena ematen bide politikoen alde ezker abertzalea egiten ari den ahaleginari. Lehen ere, azken asteotan, erreparatu genizkion independentismoarekiko «deus ez» Espainiaren politikari lehen ñabardurak. Ezin asmatu, ordea, independentismoaren erronka benetakoa dela ikusita hasi den espainiar ontzia jiratzen, edo gainontzeko gaietako hanka-sartze eta porrot izugarriek azken aukera gisa jarri duten euskal auzia konpontzea. Urtetako gerra deien ostean bakeak hauteskunderik irabazarazten ez badu ere, hori edo Espainiak Munduko Txapelketa irabaztea geratzen zaizkio Zapaterori.

Egunotan Belfasteko komunitate bietako pertsonak ibili dira Bilbo inguruan, preso ohi errepublikanoak eta talde loialisten inguruan ibilitako jendea tartean. Ez zuten askorik ibili behar hemengo sinpatiak non dauden jakiteko, baina taldeak jakin du iraganeko gorrotoetatik elkarrekiko begirunea eta are laguntasuna lantzen. Batzuei gogorra eta gehiegizkoa ere egin zaie lagun giro hori ikustea loialista eta errepublikanoen artean. Gatazka simulakroa izan dela pentsa liteke tarteka elkarren etsai izandakoen artean hain giro jatorra ikusita. Nork bere bisita izan du gustukoago, batzuek berehalako hurbiltasuna sentitu dute euskal preso ohiekin izandako solasaldia, eta loialistentzat aurkakoa izan da. Baina zerbaitek harritu baditu, Alderdi Sozialistarekin izandako topaketa: beren ideiak defendatu ez eze, gatazkaren erabateko ukazioa, bestearekiko gutxiespen eta ezaxola, inongo konponketarik nahi ez duen jarrera da.

Eta horrek meritu handiagoa ematen dio gatazka konpondu gura duen aldeari. Baina aintzat hartu beharko du gauzak bere horretan uzten ezin gusturago dagoen estatua daukala aurrean.