2007-05-27

Urratsak

Berriako Larrepetit-en argitaratua

Ez zait Holokaustoa ezerekin konparatzea gustatzen. Errazegia eta proportziorik gabea da, erantzuna aise uzten diozu aurkariari: zureak ez dauka han gertatutakoarekin zerikusirik. Oso tentuz jotzen adibide horiekin, ez ditut gustuko palestinarrekiko elkartasuna adierazteko, hain gutxi Euskal Herriko egoera azaltzeko.
Hori jakinik ere, ekarri nahiko nuke Imre Kerteszek kontatzen duen zerbait: urratsak. Holokaustoa bat-batean jasangaitza izango zen, baina kalean besokoa eramatearen estigmatik hasi eta Auschwitzera urratsak baino ez daude, jendeak ezjakintasunez, edo jakin nahi ezaz egindako urratsak.
Erantzukizun maila desberdinak dituzte, noski, juduen salatzaileak eta beldurrez atea ixten dionak, baina berdintsua da ondorioa. Sistemaren mekanismoak ondo koipeztatuta dauden seinale, aurka zein alde egon, beti aurrera egitea.
Alderdiren batek aurkezterik ez daukanean, demokraziak egiten du kale. Batzuei egokitu zaigu estigma orain, ez digute bozkatzea debekatu, aski baita bozkatuak izateko eskubidea kentzea. Burua tente gabiltza, ordea.
Norbait jokoz kanpo uzten dutenean, ideiak ideia, hura da demokrazia aldarrikatzeko balio duen bakarra. Besteak alde edo kontra egongo dira, baina berdintsu bultzatzen dute bazterketa. Aspaldi hartu beharreko jarduna zen duintasunaren aldekoa, ez onartzea horrelako hauteskunderik. Egin ez dutenez, ilegalizazioaren aldeko bihurtzen da bazterketaz aprobetxatzen den boto oro. Eta bihar hauteskundeak errepikatzen badira, ez du balioko burumakur «ni aurka nengoen, baina...» esateak.

2007-05-20

Ostiraleko egunkaritik

Agian urrunegi joan zirela esan zuen fiskalak, eta mendeku itxura hartu nion. «Barajasen urrunegi joan ziren, orain geu, bakea eta berriz hutsetik hasi gaitezen». Seinale txar-txarra ere ez. Estrasburgotik Alderdien Legeari buruzko ebazpena uda aurretik helduko den zurrumurrua dabil. Nire zalantza: legea atzera botako balute, zer? Errepikatu hauteskundeak? Beti irabaztera ohituta daudenek euren alde apuntatuko dute tantoa, baina ez dituzte bertan behera utziko urteotan egindako demasiak. Egin behar dugu inor limurtzeko baino gehiago mehatxatzeko leloa dirudi. Irungo Ogasunean galdetu osterantzean, baina han hobe PSOErena hartu balute: Gehiago egingo dugu.
23 mila lagunek ikusi dute Eutsi! Hau da: euskarazko zinemak aurreko urtearekiko % 44 galdu du, eta okerrena, Kutsidazu-k ere Aupa, Etxebeste!-k baino % 43 ikusle gutxiago izan zituen. Hau da, urte bian 72 mila ikusletik 23 milara jaitsi dira euskarazko filmak, % 68. A, eta globalizazioaren sasoian filma Lapurdin ikusteko Madrilen estreinatu duen banatzaile frantsesa behar ei da. Eutsi! Baionako karteldegietan baino lehenago ikusiko dugu Alliot-Marie Espainiako hiriburuan.
Bilboaldeak egin du kale, Euskal Herrian euskaldun gehien bizi den eskualdeak. Ez da promozio falta izan. Baina hemen ez daukagu euskararen aurka ez dagoela erakutsi behar duen PPko alkaterik, hain gutxi PSOEko Kultura zinegotzi euskaltzalerik. Iruñerriko British eredua daukate, Barkala zinegotzi erdaldunak gogorarazi zigunez: turismoa bultzatzeko «ingelesa ikasi beharko da». Zelan salduko dugu ezer etxekoaz lotsa eta mespretxua daukaten konplexuz eta autogorrotoz beteriko arlote talde honekin?

2007-05-13

Botoak ala bonbak

Botoak ala bonbak?

Argi erantzun dio ezker abertzaleak Jose Blancori: botoak. Baina bonbak erabaki dituzte epaileek eta gobernuak. Martxarako gogoz?

Honaino iritsita, atzera begiratzeko moduan gaude. Prozesua Barajasen lehertu zen? Neurri batean bai, bistan da. Baina ustelduxe zegoen lehendik, eta ahalegin gutxi gerora. Argi eta garbi, Espainiako Gobernua ez da bakea egiten ausartu. Borondaterik izan baldin bazuen, ausardia eta ekimena falta eta konplexua sobera izan du. Zapaterok bake-prozesua legegintzaldiko konpromiso zuela uste genuen, hauteskundeek behartzen zutela hau ondo amai zedin. Gainontzeko gaietan espainiar gehienen babesa du, eta datu ekonomiko onak. Krisirik ezean eta ondo bidean, lehendakariek hauteskundeak irabazi ohi dituzte.

Baina bakeak boto gutxi eta boterea galtzeko arrisku handia dakartza. PSOEko askok diote -EAJren hil-kanpaiak ere nabarmenak dira- honenak egin duela. Atzerako kontaketa hasita dago, bonbak normaltasun izango badira, hobe orain 2008ko hauteskunde bezperan baino. Su-etena apurtzeko une bikaina, urtebete daukate aurretik espainiarrak atentatu-atxiloketa-tortura-atentatu espiralean anestesiatzeko eta PP neutralizatzeko. Ondo ezagutzen dute, eroso mugitzen dira askorentzat negozio ere baden joko odoltsuan. Independentistontzat oso altua da prezio politikoa; estatuarentzat berriz galdutako peoi onargarri bezain komenigarriak dira. Bere anker eta gordinean, halaxe daude kontuak.

Botoen bidea itxi dute. Baina kasu, bidea etsaiak markatzen dizunean. Ez dezagun ahaztu. Inoiz baino gehiago, burua hotz, tenpleu eta aurrera bolie.

2007-05-11

Hau ez da Boise

Mariak kafea atera eta esan dit ez duela bozkatuko. Polito daki euskaraz, baina bozkatzeko ez da euskalduna izan behar. Espainola izan behar da, eta Kolonbiako pasaportea dauka.

Frantziatik iritsi zen Ez ukitu nire laguna leloa. Eta handik Sarkozyren oldarra ere, nahiz eta Bowling for Columbine-n ageri den estatubatuarren beldurra den, geuk ere geroz eta barneratuago. Iñaki Azkunak zail jarri dizkio gauzak eskuinari. Basagoitik mila polizia gehiago agindu ditu. Gaizkileari egurra.

«Urtebete barru: Gipuzkoa guretzat, EAJ kanpora Bizkaiko diputaziotik eta Txema Oleaga Bilboko alkate», ziostan iazko su-eten hasierako egunetan ezker abertzaleko optimista batek. «Eta kalera, inoiz ezer egin ez duten milaka entxufatu horiek».

Bete-betean asmatu du, alajaina. Honezkero jakingo duzue zertan den Konstituzionalaren kontua. ANV kanpoan balego, EAk baino ez luke alkategai euskaldunik, eta boto gutxi inkestek. Aralarrek ezin izan ditu ezkerra eta euskara batu, Azkunaren makulu izan den Julia Madrazo daroa hautagai.

Alkate euskalduna? Boisen zaudelakoan?

2007-05-06

Hogeita bigarrena

EAE-ANVren Bilboko zerrendako hogeita bigarrenak inoiz ez du inongo alderdiren agiririk izan. Inoiz ez dute atxilotu, ez zigortu, ez epaitu, bizi osoan ez du epaitegirik zapaldu. Espainiako Gobernuak dioenez berak eta beste hamaika lagunek agerian uzten dute Bilboko zerrenda Batasunak antolatutako iruzurra dela.

EAE-ANVren Bilboko zerrendako hogeita bigarrena inoiz ez da legez kanpoko alderdi baten zerrendetan egon. Legezkoa zen alderdi bateko hautagai izan zen aspaldi, gaitzetsi beharreko legez kanpoko indarkeriarik ere ez zegoen 1998ko hilabete itxaropentsu haietan. Herri Batasuneko (eta, beraz, Aralarko), Zutikeko, Batzarreko, eta euren burua ezkertiar eta independentista zuten beste milaka lagunen gisan izan zen hautagai. Inork ez zion esan bizi osorako kondena zekarkionik horrek.

EAE-ANVren Bilboko zerrendako hogeita bigarrenak indarkeria gaitzesten duen alderdi baten proposamena onartuta berriz zerrendetan joateko proposamenari baietz esan dio aurten ere. Politika aktiboan aritzeko inolako asmorik edo gogorik gabe baina bakea jokoan zegoela jakitun, hitza debekatu zietenen lekua betetzea bakearen alde egin zitekeen urrats txikiena zela pentsatu zuen. Oker zegoen. EAE-ANVren Bilboko zerrendako hogeita bigarrenari pertsona kutsatu deritzo Espainiako Gobernuak.

Epaileek erabakirik hartu baino lehen bidali behar dut zutabea, motibo askorik izan ez arren eurengan itxaropena baino geratzen ez zaidala jakinik. Berba izan dut arma bakar bizi osoan, eta Espainiako Gobernuak eskubide zibilik gabe utzi gura nau.