2009-06-07

Beste puntatik

BERRIAn argitaratua

Europarik ahaztuenean ibili naiz egunotan. Elbrusen tontor bikiek esan didate agur. Kontinenteko inperioek begiak itxi dizkieten tragedien lekuko, guri begira daude, beste Europari, giza eskubideen faroari. Erresuminik gabe, txetxeniarren hondamendiaren aurrean egon den isiltasun konplizeaz berbarik jaso barik. Inork ez baitu berbarik jasotzeko 2009ko Txetxenian. Baketu diete aberria, isilik egotea da gakoa, zeinen eder geratu den Vladimir Putin kalea Grozni erdian.

Osetiarrek negar egin dute, independentziak heriotza ekarri die. Eta heriotza eraman dute ingux herritarrengana. Magomedek ez dauka beldurrik, Timur bost urtean ikusi barik, onartu du hobiren batera jaurti zutela anaiaren gorpu torturatua. «Alak erabakitzen du noiz den ordua», inguxaren onarpena. Ez da erraza txetxeniarren eta osetiarren artean bizitzea, inperioa bere atzaparrekin beti gainean.

Euskaldun eta europar ditut ziur aski nortasun garrantzitsuenak. Zapalkuntzak eta ukazioak lehena indartzea ez da nazionalismo kontu arrunta. Europazaletasuna bizitzak ekarri dit. Bruselako funtzionarioen, Luxenburgoko burokraten eta Estrasburgoko epaile ezin motelagoen atzean dagoen Europan sentitzen naiz erosoen, nire herri txikiak bere printza ezartzen dion melting pot-ean. Gure inperioetatik haratago, Rhinez harantza, Minhotik harantza, Glasgown, Belfasten, Cortin, Bartzelonan, lagun artean naiz. Groznin, lotsaz, irribarre ergela baino ezin egin lagunari; euskaldunok eta txetxeniarrak ahaide garela diost, eta berdin sufritu ditugula inperioen atzaparkadak. «Otoitzeko ordua da, barkatuko didazu? Kontaidazu gero gehiago zuen mendiez eta Gernikaz eta euskaraz». Espainia ez da Danimarka, baina txetxeniar baino inuitago ez ote garen...

Euskalduna naizela esan eta ulermena sinpatiazko irribarrean jasotzen dudan leku bakarra, Europa. Inperioen zirrikituetan gure printzak behar du. Osterantzean, ez dago Europarik.

No comments: