2009-05-23

Genozidiorik ahaztuena

BERRIAn argitaratua

Armeniarrek sarri salatzen dute munduak zeinen jaramon gutxi egin dien holokausto juduaren aldean. Bada egin kontu Kaukaso ipar-mendebaldean milioitik gora biztanle ginela 1864. urtea baino lehen eta 80.000 baino ez ginela geratu Errusiaren konkistaren ostean». Almir Abregov Adigeako Museo Nazionaleko zuzendari ohiaren hitzak dira. Datuei buruz eztabaidak daude, baina neurriak neurri, zalantza gutxi dago gertatu zenaz: bost urte ziren tsarraren indarrek Txetxenia eta Kaukaso ekialdea baketzea lortu zutela, eta mendien mendebaldean, Adigean, gupidagabe jo zuten. Herri guztiak suntsitu eta bizirik irtetea lortu zuten biztanleak otomandar inperiorantz ontziratu zituzten. Turkian, Jordanian, Israelen eta Sirian sei milioi adige daude, eta komunitate garrantzitsuak dituzte Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan.

Zirkasiar, txerkes, kabarda... kanpotarrek emandako izenak dira. Eurek adige deritzote euren buruei. Maikop Adigeako errepublikako hiriburuan bi mila eta bostehun lagun inguru bildu ziren herenegun. Dolu egunetako kapelak buruan batzuek, besteek papakhak -Txetxeniako irudietan ikusi ohi ditugun txapel garaiak Ipar Kaukaso osoan erabiltzen dira-, eta txerkeska izeneko jantzi dotoreak umeek, kartutxoak paparrean eta labana gerrian. Gezi horidun bandera berdeak astindu zituzten hiriko mezkita berriaren aurrean. Musika pixka bat, baina adigeen dantza bizkorrik ez. Dolu eguna zen.

Etxean gutxiengoan

Hitzaldietan historia gogorarazi zuten, dokumental baten estreinaldia egon zen, eta adige hizkuntzari eusteko berbak esan zituen hizlarietako batek, gehienek errusieraz egin arren. Siriatik etorritako adigeak duela 145 urteko hondamendiaren neurria aipatu zuen: badira oraindik Itsaso Beltzeko arrainik jaten ez dutenak, ontziratutako adigearren erdiak baino gehiago ito egin zirela gogoan.


Adigeako biztanleen ehuneko hogei baino ez dira adigeak, mende eta erdi pasatu arren eskualdeko hainbat eremuk hutsik jarraitzen dute. «Legeak, oraingoz, presidenteak adigeeraz jakin behar duela dio, eta gobernuko kideen erdiak ere adigeak dira. Baina aul edo adige herrixketan adigeeraz ez dakiten irakasleak egon daitezkeela dioen legea ere onartu du gobernu horrek», dio Aslan Shazzo Natpress agentziako kazetariak.

Beste bi errepublika dituzte adigeek Errusiako Federazioan. Horietako baten, Kabardino-Balkarian, milioi erdi adige bizi dira eta Arsen Kanokov presidenteak, eta Mosku haserrarazi izan duen solas abertzalea darabil aspaldion. Gazteak ere Adige Khassa elkarte historikoaren aurka jaiki dira, nahikorik egiten ez duela leporatuta eta, funtsean, Errusiaren menpe dagoela. «Jende asko ez da hitz egitera ausartzen, asko galdu dugu, eta Estatua gogortu egin da azken urteotan», dio Shazzok. Inork ez du aipatzen, baina airean dago Vladimir Putinen ondarea. Eta Txetxenia ez dago hain urrun. Arambi Khapaj Adige Khassako Maikopeko arduradunak ulertzen ditu kritikak, «baina egoera politikoa ere aintzat hartu behar da, eta jendeak elkartean parte hartu behar du, Adige Khassa da adige herriaren ordezkaria».

Khapajek errusiarren aurkako haserrerik ez daukala dio, baina Turkian bestelako sentimenduak egon ohi dira. Baita Sobietar Batasuna ia ezagutu ez zuten gazteen aldetik ere. Txetxeniatik Kaukasora hedatu diren jamaat edo gerrilla islamikoek Kabardino-Balkaria errepublikako hainbat gazte erakarri dituzte, bai kabardak (adigeak) bai balkarrak (turkiarrak). Eta hain urrun heldu gabe ere, Moskuren aurrean tinko egoteko asmoz Dzhemak (Deiadarar) elkartea sortu dute Kaukasoko errepublikan.

Olinpiar Jokoak

«Behinola izan genuen lurraldearen ehuneko bosten jabe gara, eta gutxiengoan gaude. Lehen lotsagarria zen adige bat errusiar batekin ezkontzea, orain hirutik bat dira bikote mistoak. Horrek ez du kentzen, baina, Errusiari berea eskatu behar zaiola, ez dirudi barkamena eskatzeko prest dagoenik, baina behin onar dezala gertatu zena eta laguntzak eman ditzala. Arbasoen lurraldera itzuli nahi dutenak asko dira, eta Errusiaren burokraziaren zailtasunekin topo egiten dute behin eta berriz», dio Khapajek. Zortziehun lagun itzuli omen dira urteotan.



Hitz debekatua, independentzia, entzuten hasi bada ere, Josiv Stalinek ezarritako errepubliken zatiketatik bakar bat osatzea eta kanpoko adigeen aberriratzea dituzte helbururik behinenak. «Abkhazia eredugarria izan zitekeen, independenteak dira teorian, baina Errusiak ez die utzi, eta han ere gutxi itzuli dira», diosku Almir Abregovek.

Abkhaziako mugan, Sotxi dago, Vladimir Putinen kuttuna, Errusiako hiririk turistikoenetakoa eta 2014. urteko Neguko Olinpiar Jokoetako egoitza. Ekologistek inguruko mendietan egingo dituzten triskantzak salatu dituzte; adige askok beste kritika bat erantsi diote: onartezina dela ubikh herriaren lurretan Olinpiar Jokorik egitea.

Adige eta abkhaziarren ahaideak, ubikh guztiak kanporatu zituzten 1864an. 1992an, Turkian hil zen azken hiztuna, gainontzekoak adigeekin nahasi eta haien hizkuntza hartu dute. Genozidioaren Olinpiar Jokoak izeneko kanpaina abiarazi dute.

Adigear Kongresuko buruak Murat Brezeg oso kritikoa da: «Gure arbasoen hezurren gainean egin nahi dute ospakizuna arbasook sarraskitu zituztenek». Adige Khassako Arambi Khapajek bestela uste du, berriz ere Moskurekiko ulermen handiagoz: «Ez gaude Olinpiar Jokoen aurka. Hara Australian, aborigenen ondarea indartzeko balio izan zuen. Sotxi ere ubikh eta, oro har, adige kultura goratzeko erabil daiteke».

Baina aurkariek Sotxiko Interneteko gunera eta bestelako informazio ofizialetara jotzeko diote: behinola bizi ziren greziarrez mintzo dira -Kolkida historikoa da eskualde hori-, «baina hitzik ez jatorrizko biztanleez, ubikhez, adigeen beste tribuez. Are gutxiago mintzo dira, noski, zergatik gaur ez dagoen adigerik Itsaso Beltzeko kostaldean».

No comments: