2009-12-06

Distantziak

Durangon banengo Azokaren kutsu komertzialegiaz mintzatuko nintzateke, ziur aski. Eta lagun eta aspaldiko ezagun eta ez hain lagunen artean gure kulturaren ajeez, eta «atera beste garagardo bat», eta «aurten iaz baino jende gutxixeago, zubiaren luzea», eta Alberdaniak hau eta Elkarrek hura, eta Pamielak besteak eta Susan beste hori esango genuke hurrengo tragoaren zain. Eta parrandarako eguna parrandarako izango zen noski, baina parrandarako gorde gabeko egunen bat ere eroriko zen ziur aski, Plateruenan hasi eta batek daki non amaitu.

Eta zelan ez, giro politikoa ere ekarriko genuen hizpidera; urte osoan politikariak arrunt bihurtu eta protagonismoa doi bat kentzen diegun sasoia da. Baina ez dugu Karmelo gurekin izango zirikatzeko, eta Ataramiñen 09'-n argitaratu duen lagun kopuruak ilusioa eta beldurra eragingo digu.

Urteroko kontu horiek nostalgia bihurtzen dira urrundik begiratuta. Herriminaren onurak eta gaitzak, urrutiko intxaurrak eta hori guztia. Bosforoaren alde bietan, Europak Asiara eta ekialdeak mendebaldera begiratzen duen hiri honetan, parranda egin genuen gipuzkoar mordotxo bat, bizkaitar batzuk, arabarren bat eta lapurtarra lagun hartuta. Eta biharamuna Info7n Belodromoko saioa entzuten pasa, muezinaren otoitzerako deia tartekatzen zela, auzoek bildotsak sakrifikatu eta gero. Jon Maiaren «haientzat zer da Euskal Herria, Urepel ala Petronor?» entzuten ileak laztu, eta aste osoan zehar bertsoplaza.tv-n berriz ikusi, edo lilurazko irribarrea Maialen Lujanbioren jenialtasunekin Iturriagaren sarreren bila. Eztarriko korapiloa Arkaitz Estiballesen «tamalez sekula ere ez agertuko Jon Antza» puntuarekin, eta zer esan Aitor Sarriegik Belodromoa bihotzaren lekuan hartu zuenekoaz.

Lau urte barru zuzenean entzun ez eze, ikusi ere egin ahalko dugu menturaz. Distantziak txikiagotzen doaz, bai. Baina ni Barakaldora noa. Kolosala izango da.

No comments: