2008-06-22

Arrotz

BERRIAn argitaratua

Bilboko hotelak euskara-ingelesa modako nahastea daroa izenean. Turista gustura joan da, eskerrak eman dizkie betiko irribarreagatik eta horren jator portatzeagatik. Etxean bezala sentitu da Zazpikaleko ostatuan. Gu etxean gaude, baina arrotz sentitzen gara. Edo agian diglosia etxekoegi dugu jadanik. Hotelean ingeles hobe edo txarragoz egiten dute, baina britainiarrak izango du beti erantzuna. Espainiarrak hortxe ditu dozenaka egunkari hispano taxia iritsi artean irakurtzeko. Euskara ez da existitzen Bilboko hoteletan.

Joan gara hoteletik, autobidean argazkiak egin ditu Gasteiza bidean. «Errepide seinaleak ele bitan dauzkazue». Iritsi gara parlamentura. Arraro begiratu dit kurduak. Lotsaz erantzun diot begiradari. Ez zen hau euskaldunen parlamentua? Ez ba, erdaldunena da. Hiru ertzain atarian, agiri eske barrura sartzeko. Ele bitan irakurri ditu kurduak agiriak, baina elebakarra da agurra. Euskara hizkuntza idatzia, fosila da.

Euskaltzalea elebiduna da, badaki euskaraz, badaki gaztelaniaz. Ez dute zubi-hizkuntzarik. Kurduak ez daki euskaldunak dakien hizkuntzarik, euskaldunari arrotz zaizkio kurduaren hizkuntzak. Keinuka saiatu dira, irribarre egin diote elkarri, elkartasuna eta konplizitatea dago. Baina berbak behar ditu pertsonak, mutua ez bada, eta berbetan saiatu da euskaldun euskaltzalea, borondatetsu, mintzaideak bere berbarik ulertuko ez duela jakinik. Berdin dio euskaraz zein gaztelaniaz zein ingelesez egin, ez dago zubi-hizkuntzarik, keinuen laguntzaile diren hotsak baino ez dira berbak. Baina euskaldun euskaltzaleak gaztelaniaz egiten dio gaztelaniaz deus ez dakien kurduari, arrotzekin beti egiten duen legez, mendetako diglosian bere aletxoa jarriz.

2008-06-15

Adnan eta Leyla

BERRIAn argitaratua

Ondo bidean, inoiz ezagutu dudan emakumerik ausartenetako bat iritsiko da gaur Loiuko aireportura. Leyla du izena, kurdua da, kazetaria. Haurdunaldiko bosgarren hilean Mohamed senarrarekin aldegin zuen Iranen menpeko Kurdistandik, eta mendi bideetatik Kurdistan askera iritsi zen. Yalda jaio eta gutxira bisitatu zuen Adnan osabak. Gero espetxeratzea etorri zen. Duela ia urtebete heriotza zigorra ezarri zieten Adnan Hassanpourri eta Hiva Boutimarri.

Beste herrialde batzuekiko izan ohi den elkartasuna falta da sarri Euskal Herrian, zapaltzailea Estatu Batuen etsai bada, batak bestearekin zerikusirik baleuka legez. Azken hamar egunak eman ditut Leyla, Mohamed eta Yaldarekin. Kurduen abegi erraldoiak kritikarik ere ez die atera Espainiak zortzi eguneko bisatu ziztrina eman dielarik Euskal PEN Klubak gonbidatutako ekitaldietara etor daitezen. Esker oneko daude, neba salbatzeko ekimen ororekin esker oneko.

Bera ere arrisku handian egon arren goiak eta beheak astindu ditu Leylak azken hileotan nebaren alde. Adnan eta Leylaren ama mugaz beste aldera etorri da, biloba ezagutzera, alabari agur esatera, urte bi elkar ikusi barik egon eta gero, eta Adnanen mezua ekartzera: Kurdistan librean ere ez dago seguru.

Egunotan barre egin dugu batak bestearen hizkuntza ulertu gabe ere, negar, nebaren kantu eta oroitzapen bakoitzean. Indarra bilduta eta gehiago biltzera dator.

Kurdistan urrunean urkatuta hil ditzaketen kazetari gazte bi daude. Bihar Bilboko Kafe Antzokian ekitaldi polita egingo dugu haien alde. Etzi eta etzidamu Gasteizen, Iruñean eta Berriozarren izango dira. Ez da egunero egoten horrelako kurdu adoretsuak bertatik bertara entzuteko parada.

2008-06-08

Gotorlekua kanpotik

BERRIAn argitaratua

Hego Kurdistan Ekialde Hurbileko espia zuloa da. Iran, Turkia, Estatu Batuak, Israel, denek dauzkate beren zerbitzuak kurduen eremu askatuan. Horiekin batera, herrialde horien errepresioak erbesteratzera behartu dituen kurdu eta ez kurdu asko ere badabil hemen. Irango iheslari pertsiarra da Kamal. Komunista zaharra, umoretsu egiten du berba; «bizardunak» ditu bereziki gogoan txantxak egiten dituenean.

Baso bat ardo hartu du nirekin, ekintza apurtzailea da hori hemen. Alemanian bizitako urteez, Italiako parrandez, gerrillako sasoiez, baita espetxeaz ere, solas atsegina dauka. «Behin baino gehiagotan egon naiz kartzelan, baina Khomeini izan zen gogorrena. Bost urtez egon nintzen espetxean heriotza zigorra noiz beteko zain». Oinetan eta orpoan tortura arrastoak geratu zaizkio betiko. Hego Kurdistanera iritsi eta gutxira jakinarazi zioten Iranera itzuliz gero atxilo hartuko zutela. Kurduen abegi amaigabean aterpe hartuta bizi da. Baina sendagileak esan dio torturek sabelean egindako kalteek beste ebakuntza bat behar dutela, zazpigarrena jadanik. Eta Kurdistanen ezin dela egin, mendebaldean behar duela.

Mendebaldeak baina, gure Europa gotortu eta berekoi horrek, medikuak eta zerbitzuak baditu, eta noizbait asilo eskubidea ere izan zuen, duela ez aspaldi milaka europarrek beste kontinente batzuetan bilatu bezala. Orain bisa ukatzen diote Kamali, ezinbestean erbesteratu beharrean diren beste askori legez. Barbaroen aurkako harresi berriak altxatzen dira Bruselan, noizbait gotorlekuan ustelduko dela jabetu barik.

2008-06-05

Bilbon ikasi eta praktikan Gurutzetan egindako kurdua ezagutu dut, zazpi urtez Euskal Herrian egona. Gaur Suleymaniyara nentorrela eta datorren astean geratuko gara.

Eta azkenean heldu naiz Leyla, Mohamed eta Yaldarenera. Pentsatu ere ez hotelera joatea, noski. Hizkuntza muga zaigu, baina bitxia da zer nolako konplizitatea sortu den era berean. Euskal Herrira joateko bisatua igandera arte atzeratu beharko dugu, ostiral-larunbatak jai egun dira. Ea dena ondo doan.

2008-06-04

Hewlertik berriz ere

Hirugarren eguna bete dut Hegoaldeko Kurdistanen, eta lehen lanak osatzen ari naiz. Bihar joango naiz Suleymaniyara, hona ekarri nauen motibo nagusia, Leyla Hassanpourren eta alabaren bisatu kontuetan laguntzea, konplikatzen ari baita. Burokraziari ezin aurre eginda gabiltza.

Taxilari jatorra egokitu zait Hewler ondoko Ainkawara eroateko. Ingeles hiztuna eta Ingalaterran bizitakoa, Europaz maiteminduta hemengo jende asko bezala. Telefonoa hartu diot badaezpada ere, behar izango banu. Yusuf duela izena esan dit eta saiatu dela beste lanbide batzuetan, “baina hemen gobernuan lagunik ez badaukazu edo alderdikoa izan barik, jai daukazu”.

Inguruko kristauei buruzko erreportajea egitera joan naiz, baina kosta zait mezetara sartzea, atariko gizon armatuak ez zidan sartzen utzi gura. Azkenean beste eliztarren bat agertu da, eta barrura. Abadeak esan bezala, oso indartsua da fedea hemen. Eliza beteta zegoen, adin guztietakoak, gizonak eta emakumeak bereizita. Errezelo handiz hartu dute kamera (nik ere esperientzia gutxi kameralari gisa, muturra sartzen ibiltzeko), baina ahal duguna egin dugu. Gero seminarista gaztetxo bat agertu da ingelesez egiteko gogoz, eta asko erraztu dit lana. Bagdadetik eta Irakeko beste leku batzuetatik kanporatutako kristauak batzuk, Kurdistangoak besteak. Lehenek arameeraz gutxitan egiten ei dute, Kurdistanen hizkuntza arrunta da. .

Hewlerren Abdulsatarrekin joan naiz afaltzera, atzo ezagutu nuen GKE bateko gizonarekin, Mesallako etxeko sortzaileetako horrekin egon eta gero (Bagdadeko komunista jatorra). Aurretik, txangoa egin dugu Minaret parketik, giro zoragarria, jende kaletik umeekin gauez (umeen eguna da gaur), argiak, aro ederra, epel… Iraken gaudela esatea ere!

Eta Felipe ere, NOVA erakundeko katalana, hemen dabil. Alde batetik harritzen nau elkarte horiek manejatzen duten dirua eta zein lan egiten duten, eta bestetik, etengabe Spanish legez agertze hori. Gainera, susmoa dut hemen konektatu ezinik dabilela, etengabe hanka sartzen baitu: atzo entzun nion eta gaur berriz ere, "xukran" eta "xukran" denei, Abdulstarrek esan dion arte, suabe baina jadanik gogaitua ziur aski, hemen “spas” da, ez "xukran". Eta etengabe palestinarren adibideak jartzen, azkenean neuk bota diot afarian kurduek ez dutela sinpatia handirik palestinarrekiko. Ez hainbeste israeldarrei buruzko konexio horien asmakeriengatik, baizik eta Saddam Husseinen oso lagunak izan baitira. "Arabiarren lur zentimetro bakoitzari heldu behar diogu” esan zuenean Arafatek, ez ziharduen Palestinaz bakarrik.

Hotelera helduta, kurduerazko ohiko txantxak, atarian AKrekin. Ez dakit nondik irten den yazidien kontua, kamerarekin olgetan ibili gara apur baten, portatila piztu eta tea atera didate eta hortxe egon gara solas eta txantxa, euskaraz eta kurdueraz, yaziditasunaz harro (eta ze harro Karlos Zurutuzaren erreportajeen PDFak erakutsi dizkiedanean, pena behinola bidali zidan argazkia ez dudala topatu!) eta musulmanez txantxa asko, dagoen gauza txarrena direla eta abar. Lehenak eurak, yazidiak, gero asiriarrak, kristauak, europarrak, kurdu musulmanak, tira, kurduak, "baina arabiarrak, dagoen okerrena, makurtu otoitzerako bai, laster sartuko dizute eskua patrikan!" Behin eta berriz egiten dute arabiar lapurren txantxa, eta ze harro yaziditasunaz. Ea Lalishera joateko astirik daukagun.

2008-06-03

Hewler-en

Erbilen inoizko bero sapa gogorrena, eta hemen dioten legez, "arabiarren lurra" datorkigu. Basamortuko haizeak hiriari tonu horixka ematen dio, arabiarren lurraldeetatik datorren lurrak eraginda.

Puntual iritsi ginen goizaldeko hiruretan Erbil edo Hewlergo aireportura, zenbait kurdu, eta atzerritar GKE, kazetari eta CIAkoak-edo behar zuten hainbat mendebaldarrekin batera hegazkinean. Gero, kurduen abegikortasunak lehertu beharrean jarri nau, bazkari eta afaritzarrak etengabe, iraina kanpotarrak gonbidatzea edo gutxienean berea ordaintzea. Euskal Herriko hainbat lagunek pasatako kontaktuengana jotzen luze joan dira lehen egunak, egoeraren berri izateko. Kurdistanen segurtasunaren seinale, etengabe dabilen jendetza, kale guztietan. Porlana ere negozio itzela da oraindik berreraikitzeko hainbeste daukan herrialdean, eta hiria, ezin esan ederra denik, ziutadelaren xarma dago, baina hor ere turismorako prestaketak. Turismoa Kurdistanen!

2008-06-01

Ammango aireportuan

Entzuna neukan Jordania modan zegoela bidaia-agentzietan, baina horrenbesterako ere! Hego Kurdistaneko bidaian lehen eskala da Ammango aireportua, eta eskertzekoa da Europan geroz eta aireportu gutxiagok daukaten doaneko wifi hau. Etxetik urrun ere kamera-mikrofono bidez denbora erraz doa, gero, aireportuan sei ordu egin behar baditugu ere. Gero komeriak, ea dena ondo irteten den, eta goizaldeko hiruretan Hewler-Erbilen lur hartzean arazorik gabe sartzen garen Iraken menpeko (menpeko-edo) Kurdistanen. Hilaren 17an Gasteizko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean eta biharamunean Iruñekoan egotea gura dugun neska baten bila nator, nebari heriotza zigorra ezarri dio Iranek, eta gure alea jarri gura genuke lagun kurduen alde.

Euskal PENek Honorary Member edo Ohorezko Kide izendatu zituen iaz Adnan Hassanpour eta Hiwa Butimar kazetari gazteak, webgunean aurkituko duzue informazio guztia. Lana gogor eta polito egin dugun inpresioa daukat, bilerak, deialdiak, emailak, kontaktuak... baina azken arazoa konpondu barik daukagu: gu Irakeraino iristeko dauden tramite apurren aldean, ia ezinezko dute eskualde honetako bizilagunek gure Europa geroz eta gotortuagora sartzea. Espainiak bisatua ematea espero dugu.

Eta friboloago jarrita, Bilbo euritsu horretan goiz iritsi gara aireportura, baina Iberia betiko eran arduratu da nerbioak proban jartzen. Hegaldia berandu, konexioa ziurtatu barik, korrikaldi majoa egin dut hiru ordu lehenago bertaratzeko eskatzen duen Royal Jordanian-en mostradorera. 12.15etan ixten zuten, eta 12.11n iritsi naiz, nire atzetik Bilbotik etorritako beste hiru lagun. Izerdia kenduta, profil kuriosoa hegaldian: jordaniar gutxi batzuk eta turista mordoa datoz Ammanera, batzuek bidaia hemen hasteko, eta Siriara bidean beste batzuk. Atentzioa eman dit bidaiari gehienak, 50 urtetik gorako bikoteak eta emakume taldeak izatea. 7-10 eguneko zirkuituak egiten ei dituzte Amman-Itsaso Hila-Wadi Rum-Petra eta beste parajeren batzuk bisitatzen, baina esandakoa, zenbat zinkuentoi! Jatorrenak egokitu zaizkit aldamenean: madrildar PPro prototipo pijoa, emakume moderno taldea, Jordaniako hotelez, Madrilgo jatetxeez, Jordaniako printzesa zeinen faltsua den on itura horren atzean eta kuadrilatik faltan dituzten gainontzekoez txutxumutxuka, Borja eta beste seme-alaben balentriak kolegio pribatuetan, eta zelan ez, amorrua, hegazkineko oharrak arabieraz eta ingelesez zirela eta. "¡Si hay algo que me indigna es esto, volamos de Madrid y sólo hablan en inglés y en moro!"

Lau orduko hegaldia, isildu ere egin barik. A ze begirakunea bota didan GARA irakurtzen ikusi nauenean... baina gero nigana itzuli behar izan dira azafatarekin itzultzaile egiteko. Ez dut uste hemendik aurrera turista askorik ikusiko dudanik.

Eta orain...

Esanguratsuak izan dira hainbat hedabidek eta politikari jeltzale ez gutxiagok zelan sartu duten hanka galdeketaren gainean (zelan adierazi euskaraz «kolunpiatu»?). Ibarretxe ezker abertzaleak onartzerik ez duen galdera prestatzen ari zela irakurri genuen Moncloatik hurbilen den prentsan, estrategiaren maltzurra agerian uzteko asmoz. Egun berean galdera adostua izango zela irakurri genion buruzagi jeltzale bati, eta beste bati ETA berariaz gaitzetsiko zuela.

Zalantza ere sortzen du haizea nondik ari den inork ez jakite horrek. Ez litzateke lehen aldia buruzagi kualifikatuen artean nork bere rola jokatzea anbiguitate kalkulatuan. Baina erabat baztertzekoa ote da mendebaldeko lehendakariak bere tesiak ezarri izana, Ibarretxe «amortizatutzat» jotzen zutenen gainean? Izan ere, «abenturen» bideak baditu arriskuak, baina botereari eustea helburu bakar duen bide autonomista are arriskutsuagoa izan daiteke, PSE orpoz orpo datorkiolarik.

Lehen puntua irabazi du Ibarretxek: berriz ere protagonista bihurtu da. Lehengo astean sozialistak bere saltsan gustura zebiltzala esan banuen, galdeketak berehala jaitsarazi die hauteskundeen osteko txapeldunen tripi-bidaiatik. Atentatuak kalkuluen barruan zeuzkaten, mitxelin jeltzaleen mugimendu urduriak ere bai, baina galdetze hutsak mozorroa kentzera eta barruko jakobinoa ateratzera behartzen ditu.

Ezker abertzaleari deserosotasun puntu bat ere badakarkio. Mesfidantza handia ere bai, noski, baina norabide bikoa da hori. Ekimena eramatera eta egurra jasotzera ohituta, egoera arraroa zaio. Behar diren kritika eta mesfidantzekin, ezin du atea itxi.

Gatazkaren amaiera ez da ekaineko plenoan edo urrian hasiko, baina immobilismoa hausteko balio badu, bada zerbait.