2009-05-24

Tamil tigreak

BERRIAn argitaratua

Munduko herri zapaldu gehienetan egon izan dira euskaldunak, baina tamilen gatazkan ez dugu lekuko berriemailerik izan. Eta pena da. Sri Lankako triskantzaren neurria emateko ez zuen balioko ziur aski, kazetari guztiei itxi baitizkie uharteko ipar-ekialdeko mugak. Bigarren, hirugarren eta laugarren iturrietatik jakin ditugu, jakinarazi dizkigute, azken hileetan izandako sarraskiak.

Tamil ahituen, kalituen, suntsituen irudien ostean garaileenak ikusi ditugu, bozkarioz, «terroristekiko garaipena» ospatzen Kolonbon. Amesgaiztoa amaitu zaielakoan, bost axola beren mugen barnean egotera bortxatutako tamilen amesgaiztoa.

Bihar, berandu beti legez, baliteke Sri Lankako Gobernuaren aurkako auzibideren bat irekitzea egunotako sarraskien ondorioz. Baina inork ez dio eskatuko atzera egin dezala konkista burutuan, hain gutxi gerrillak eratu eta militar zeilandarrek suntsitutako estatua berreraiki dezatela. Hori terroristekin bat egitea omen litzateke. Gauzak horrela, bere biztanle guztiak sakrifikatu baino lehen amore ematea erabaki zuen gerrillak gaur zortzi. Errendizioa, bai, Sri Lankak hori ere errespetatu ez eta gerrillari guztiak banan-banan hil arren. Tamil herriari abaildu zitzaion sarraskiaren aurka, borrokatzeko arrazoiak milaka izanda ere, errendizioa zela bidea erabaki zuten.

Orain, etsipena izango da nagusi tamilen artean, zapaltzen dituzten estatuaren bozkarioaren neurrikoa. Baina garaile handi horiek guztiek badakite, sakoneko arazoak konpondu ezean, beti egongo dela armak hartuko dituenik. Armen aukera beti dago hor. Horregatik ez dira lar mitifikatu behar, beharrezko denean lasai lurperatu beharko lirateke, trukean ezer jaso barik ere. Errepresioa horren handia eta erantzuteko gaitasuna hain txikia direnean, bereziki. Gero ere egongo da armak hartzeko aukera.

No comments: