2008-12-28

Pinter


BERRIAn argitaratua

Duela hamar urte idatzi zuen Mendiko hizkuntza Harold Pinterrek. Testuingurua sumatu arren berariaz izena ezabatu zuen kokalekuaren izena. «Abiapuntua kurduak ziren, baina lan hau ez da turkiarrei eta kurduei buruz. Alegia, historian zehar, hizkuntza asko galarazi dira: irlandarrek sufritu dute, galestarrek, urdua eta estoniarren hizkuntza debekatu dira, eta badakizu, euskaldunen hizkuntza sarritan debekatu izan dute».

Zorionez, kurdu gehienena baino askoz hobea da euskararen egoera. Baina mendiko hizkuntzaren absurdoa geurera ere iritsi da. Kurduak ez ziren ofizialki existitzen Turkian. Mendiko turkiarrak ziren. Eta kurduera, mendiko turkiera, hizkuntza biek inongo harremanik izan ez arren. Absurdo hori ziegetara darama Pinterrek. Hori bera gogorarazi zidan Auzitegi Konstituzionalak Euskal Herria izeneko subjektua existitzen zela ukatu zuenean, ukazioaren arrazoia ere argi utzita: haren existentziak burujabetza egikaritzea ekar lezake.

Antzeko absurdoek gurean ere ondorio lazgarriak izan dituzte. Espainia demokrazia izanik, salagarria ei da preso politikoak aipatzea. Salagarri ez eze, delitu izatea ere bultzatu du lobby ultrak: elkarrizketa baten «preso politiko» esatea terrorismoa bultzatzea ei da, zigorgarri ondorioz.

Mendiko hizkuntza lanaren abiapuntua 1985ean Pinterrek eta Arthur Millerrek Istanbulera egindako bidaia da, PEN Klubak eskatuta. Reaganen enbaxadore Strausz-Hupe-k gonbidatu zituen, eta afaritan eztabaida izan zuten zenbait turkiarrekin. Diplomatikoak Turkia demokrazia zela nabarmentzeko baliatu zuen sesioa, herri komunistetan ez bezala «iritzi asko egon daitezke edozeri buruz».

Pinterrek argi erantzun zion: «Ez kable elektrikoa badaukazu barrabiletara lotuta». Millerrengana hurbil zen laster Pinter: «Zuen enbaxadoreari irain egin diot eta alde egin dezadala eskatu didate». Demokratikoki, hori bai.

2008-12-21

Euskalduna baina ez euskal herritarra?

BERRIAn argitaratua

Aspaldi esan nuen futbolaren etorkizuna Afrikan dagoela. Maliko kaleetan milaka ume dabiltza olgetan, baloirik ezean plastikozko botilari ostikoka, Europan ingelesa ikastera, euskal dantzetara edo merkataritza eremura daramatzagun bitartean. Kalea ez da gure esparrua gehiago. Baina kexa gaitezen auzoetako futbito zelaiak ostu dizkiguten perutarrez. Eta zeinen politak txokolatezko bonboiak Athleticen ereserkia kantatzen, ezta?

Hobe Afrikan hain beharrezko dituzten medikuak, ingeniariak eta buru onenak inportatu beharrean futbolariak inportatzea. Barçaren antzera, futbola eta eskola. Ez genuen esaten bilbotarra edonon jaio daitekeela? Ez genuen aspaldi aldarrikatu euskalduna ez dela kontzeptu geografikoa, ezpada hizkuntzarena? Zergatik ez harrobia Afrikan?

Aspaldi entzun nion poloniarren bati bertakoek nahi ez bazuten izango zela kanpoan ikasiko zuenik, horrek lana ziurtatuz gero. Eta euskaraz dakiena euskalduna bada, nola ukatu euskaldunari euskal herritartasuna, edonon jaiota ere? Katalunian asteon osatu dute Immigrazioari buruzko Itun Nazionala. Hizkuntza betebeharra da naziotasuna lortzeko. Baina horri buelta ere eman behar dakioke, naziotasuna lortzeko beharrizanak beteta, zelan ukatu inori naziotasuna, bere baitan dituen boto, etxebizitza, lan eta hezkuntza eskubideekin batera?

Bai, bai, horretarako naziotasunaren aitorpena behar da. Eta selekzioaz zer diodan? Futbola ez dut gustuko artikuluan Eider Alkortak zioena: «Euskal Herriko Selekzioa izenez eratzeak ez du politikoki subirano izango den naziorik ahalbidetuko, alderantziz, bai, ordea. Euskal Herria subjektu politiko balitz, izena eta izana duen selekzioa izango genuke». Gales errugbiko Bost Nazioetan zegoen autonomiarik ez zuenean ere, baina nik gurago Montenegrok bezala jokatu, independente garelako.

2008-12-14

Hurbilketak

BERRIAn argitaratua

Nahikoa esanguratsua iruditu zait Barne Ministerioarekin harreman estua izan ohi duen kazetari batek asteon irratian adierazitako haserrea, hamar preso politikoren hurbilketa dela eta. Benetako haserrea zirudien, eta ez El Mundo-k albistea ohostu diolako soilik. Zenbait preso hurbiltzeko urratsaren berri beste batzuek ere bazutela esan du, baina mugimendu hark ondoriorik sortu arte isilik gordetzea erabaki dutela. Kazetariaren hitzok sinestera, «borroka antiterrorista» oposizioarekin batera egite aldera, Rubalcaba ministroak PPko Trillori jakinarazi zion mugimendua, eta honek berehala filtratu zion bere aldeko egunkariari. Ondorioa: espetxe politikan hastear omen zeukaten aldaketa bertan behera geratu zela oraingoz, albistea publiko egin delako.

Datu esanguratsuak daude mugimendu ustel horretan: lehendabizi, betikoa, ezer egin gabe ere, aitzakia gutxi behar ditu Espainiako gobernuak atzera egiteko. Egia da bakea lortzeak ematen dituenak baino boto gehiago kentzen dituela Espainian traidore deitzeak (asko dio horrek espainiarren izaeraz), baina borondate falta zuritzeko era ere ematen dio beti gobernuari.

Hori ezaguna da, horratik. Are esanguratsuagoa da balizko urratsean sumatzen dena: borroka armatuarekiko kritikoak hurbilketarekin saritu dituela ulertu dugu. Inor limurtzeko modu eskasa; lehendik goxoki hobeekin ere kale egin izan du Espainiak. Euskal preso politikoen artean eztabaida sustatu gura badu, ziur emaitza hobeak lortzen dituela legea eta giza eskubideak betetzeko prest dagoela erakutsita, senideei ezarritako zigorrak kenduta, kasu, eta Euskal Herrian elkartuta presoak. Borroka armatuaz, gatazkaz eta presoen izaeraz hausnarketa bideratzea oso erraza da, nahi izanez gero.

2008-12-07

Eta AHTz galdetuz gero?

BERRIAn argitaratua

Konstatazioa: jende gehiena Azpeitiko hilketaren aurka dago. Konstatazioa: jende asko (gehiena?) abiadura handiko trenaren aurka dago. Inpresio bat: espainiarren estrategia berria EAE-ANV udaletxeetatik kanporatzea izango ei da, azken atentatuak posible egin ei du orain arte «legez ezinezko» zirudiena (Espainiako Gobernuak dixit, alderdia legez kanpo uztea gauza bat zela eta beste bat hauteskundeetako emaitzak). Ez dakit zelan, baina esango nuke hori ere egingo dutela, eskubide murrizketaren espiralean beste gradu bat.

Bai, badakit asteon eskubide murrizketarik gertatu bada Azpeitiko hilketa izan da. AHTren aurka diren batek baino gehiagok esan du egunotan zilegi den aldarrikapenerako oztopo dela ETA eta eztabaida arrazionala eragozten duela. Tristeena da denok dakigula Lemoizen eta Itoitzen aldea, bietan oso herri mugimendu garrantzitsua antolatu bazen ere. Mila manifestaziok, desobedientzia ekimenek eta are sabotajek ez dituzte geldiarazten gure politikariak. Azpiegitura «estrategikoa» da, eta eztabaiden sasoia antzina amaitu ei zen (noiz, baina?).

Oso polita da Suitzara joatea han zer egiten duten ikustera, kalamua legeztatu ala ez eta bestelako kontuak zelan uzten duten herritarren esku. Hemen, ordea, Barne sailburuak esan du trena kosta ahala kosta egingo dutela. Militarismoari militarismoz erantzun, eta negozioa puztu segurtasun enpresen kontura. Baina asteongo kolpearen gisako beste bat, eta ea zein enpresariok jasaten duen etxekoen presioa.

Urriko galdeketaren bi helburuetarik bat ETAri mezu argia helaraztea ei zen. Martxoan dauka berriz ere egiteko aukera, zein lehendakari gura dugun galdetzeaz gain, AHTrik gura dugun itaunduta. AEBetan, Obama-McCain bozkatzeaz gain, 153 galdeketa egin zituzten azaroaren 4an. Militarismoaren aurka, demokrazia.