2018-01-31

Euskararen erregistroak



Hautsak pixka bat harrotu dira azken orduotan Iñigo Martinezen agur-oharraren harira. Batzuk nabarmendu dugu, espainolezko bertsioa espainol batu eta erregistro jasoan dagoen legez, euskaraz ere hala beharko lukeela, euskara batu estandarrean. Ondarroako euskararen transkribapen legez idatzi izana defendatu dutenek diote bere kanal pribatuan dabilela eta gura bezala egin dezakeela. Eta erdara hutsean dabiltzanen aldean zer nolako hautsak harrotu dituen azken horrek. Nire iritzian, kanal pribatua izanda ere, milaka jarraitzaile badituzu, eta agur formal bat egiteko unean, erregistro jasoan beharko luke. Ez dut uste esan beharra dagoenik, baina eremu formalean batuaren alde egoteak ez dakar bestelako eremuetan, ahozkoan batez ere, norberarenean egitearen kontra egotea, demagun herriko bilera edo emanaldi baten.

Neure argudioak, horraino. Kontra-argudioak, orain. Aiert Goenagarekin izan dut eztabaidatxoa, eta beste ondarrutarren bat ere minduta edo haserre igarri dut. Ez zen hori asmoa, baina ulertzekoa da azkenean norbere euskararen aurkako kritika bezala ulertzea. Eta agian ordu gutxian gaiak hartu duen dimentsioak –beti ere euskarazko sare sozialetako dimentsioak kontuan izanda, askotan eztabaida itzela iruditu zaiguna dozena erdi lagunen arteko solasaldia baino ez da eta-, iruzkina behar zuena neurriz kanpora ekartzea ere eragin du. Hau da: niri ez zait iruditzen erregistro hori egokiena denik, baina Aiertek dioen bezala, euskaraz eta euskaldunok dugun arazoetan hamar edo hamabosgarrena izango da hori. Eta inor ez da kexatzen euskararik erabili gabe mezuak erdara hutsez idazten dituzten jokalariengatik (Iñaki Williamsen kasua: milaka gaztetxorentzat idoloa, kanpotik etorritako askorentzat eredu, baina gure frakaso kolektibo baten adibide ere bada 1994an jaiotako euskal herritar batek euskaraz ez jakitea, Nafarroako erregimen zaharrari esker).

Badago beste datu kezkagarri bat ere: horrelako eztabaidak Ondarroako euskaraz egitean sortzea, baina ez erdialdeko hizkeren kasuan. Onerako zein txarrerako, ondarrutar, lekeitiar zein gernikar batek ondo daki bi erregistro oso desberdin direla bere etxekoa eta euskara batua (agian bizkaiera batuak egin zezakeen zubi-lan hori, baina beste baterako utz dezagun gaur hori). Ez dut probintziakeria gisa esaten, iruditzen zait Urola aldeko eta are Goierriko euskaran dihardutenek ere, batutik hurbilago egon arren, oso erregistro desberdintzat dituztela etxekoa eta batua, eta unean-unean bata ala bestea hautatzen dutela, kontzienteki. Aldiz, Beterriko euskararen kasuan gehiegitan nahasten direla iruditzen zait, “dihoa” eta “daramazki” euskara batuan direlakoan erabiltzeraino (eta aldiz “daroa” bizkaierari dagokiola). Euskal kulturaren erdigunean bizi dira, eta euskalki horren ezaugarriek etengabe zipriztintzen dituzte Euskal Herri osorako idatzi eta, batez ere, ahozko mezuak. Bertsolari txapelketan ikusi dugu berriki: elkarrizketatu lapurtarra zein bizkaitarra, dotore-dotore euskara batu jasoan, eta elkarrizketatzailea bere herriko euskara eta batua nahasten dituen molde horretan. Araua, oro har, kazetariak euskara batua egitea eta elkarrizketatua izatea erantzunak zein euskara-motatan eman gura dituen (arau malgua, garai baten hartua adineko jendearen aurrean batez ere konplexurik gabe bere euskara erabil zezaten, ez dakit zein neurritaraino den baliagarri gaur egun kulturgile gazte bati elkarrizketa egitean, baina oro har argi dago kazetariak/elkarrizketatzaileak duela euskara batuan egitearen ardura, elkarrizketatuak baino gehiago).

Horregatik, ulertzen dut ondarrutar bat baino gehiago mindu izana. Euskarak mila arazo baditu, Ondarroa ez da horien artean egongo, konponbideen artean baino; kostako zaigu herri jatorragorik topatzea. Ezin uka: gure hedabideetan hegemonikoa den euskara moldetik urruntzen den hizkera biziak entzutean, ia automatikoki piztu ohi dira iruzkinak euskara mota dela eta. Positiboak gehienetan, Ur Handitan-en Bermeoko euskararen kasuan (iruzkin bat: azpidatziak ere erregistro baliagarria dira eta ez litzateke inor irainduta sentitu beharko, ingelesezko telebistek askotan egiten dute Antilletako edo ingeles estandarretik urrun samar dabiltzan hiztunen kasuan), eta gehiegizko kritikan beste batzuetan, ondarrutar bat baino gehiago mintzeraino: banakako kritikak izan arren, mordo bat izan garenez iruzkina egin dugunok, azkenean mingarri ere bada, espainol hutsez edo beste euskalki kasu batzuekin alderatuz gero.

Laburbiltzen: anekdotikoak dimentsio handiegia hartu du denbora laburrean. Euskararen erregistroak bereiztea komeni da, baina zentrotik hasita: euskara batutik urrunen dagoena beti da kontziente zein erregistrotan ari den, baina eremu honetan arazo nagusia, hurbil egotearen aitzakian etxeko euskalkia eta batua nahastuta eta ezin bereizita ibiltzea da, “deu/dezute” denek ulertzen duten aitzakian “dugu/duzue” sekula esaten ez duten kazetari zein unibertsitate irakasleena, eremu formalenean ere erregistroak bereizteko gai ez direla esaten dutenena, nahiz eta gero arazorik ez izan goitik beherako diskurtsoa egiteko espainolez zein ingelesez. Etengabe entzuten eta hedatzen den erdi batu/erdi beterriera horrek denok zipriztintzen baikaitu, eta horrek badu eraginik Gasteizen edo Barakaldon euskara batua txukun ikasi eta hedabide zein eskoletan etengabe beste eredu hori entzuten dutenengan.

Euskara batuak 50 urtean bide luzea egin du, ona gehienean, baina albo-kalteak ere hor ditugu: euskararen ustezko erregistro jaso eta formalak ez dauka beste hizkuntza batzuetan erregistro formalak daukan prestigiorik, ez da sentitzen imitatu beharreko elitearen hizkuntza legez, euskalkirik ez dutenena edo besterik ez dakitenena bezala baino. Arazoa ez da euskalkidunena bakarrik, euskarak oro har daukan menpekotasun-rola dago oinarrian, baina larria da erregistro jasoak prestigiorik ez izatea. Batentzat batua artifiziala bada eta ahoz –eta are, idatziz, ikusi berri dugun legez – bere herrikoa badarabil milaka lagunei zuzentzeko, bere askatasunetik dihardu, noski, baina ideia edo irudi orokor bat ere ari da hedatzen. Unibertsitate-eskolak eman nituenean esan izan nion bere herriko euskara transkribatu nahian idatzi zidan ikasle bati hori ezin zela izan ikasketetan darabilen erregistroa. Eta ez idatziz bakarrik, ikasleei ahozkoan ere euskara batua erabiltzeko ahalegina eginarazi beharko litzaiekeela iruditzen zait, irakasleei galdetzerakoan zein aurkezpen bat egiterakoan. Zer esanik ez, soziologia edo arkitekturako unibertsitate-irakasle batek ez luke eskolarik eman beharko bere euskalkian, etxeko hizkera euskara batutik oso hurbil dagoela iritzita ere: zaku handia da euskara batua (bai, "gura" eta "bertze" eta "berba" eta "ele" ere zilegi dira), baina aditzean eta deklinabidean baditu arau estuxeagoak; "de(g)u/dezute", "dihoaz" eta "zeramazkin" ez daude zaku horretan, "dogu" eta "daroadaz" ez dauden legez.

Bistan da, jarrera hau, kontrakoa legez, erabaki politikoa ere badela, euskaraz bizi den Euskal Herri batek erregistro jaso formal bateratua behar duelakoan, eta gure geografiaren zati handienean gehienen hizkuntza espainola dela kontuan izanda –batzuentzat hizkuntza bakarra, beste batzuek euskaraz jakinda ere espainola dakarte etxetik. Hau da, erraztasuna eta naturaltasuna argudiatzen dutenek eremu formalean bere etxeko hizkera erabiltzeko, zein mezu helarazten diote erraztasunez eta naturaltasunez espainolez egingo lukeen euskaldunari? Euskara batua ez dela erregistro jasoa, besterik ezin duenarena baizik. Bere euskara artifiziala eta koloregabea dela, 2018an dagoeneko milaka euskaldunen berezko euskara hori izanagatik. Eta horren aurrean, badira, konplexuz, euskalkiz zipriztintzen saiatzen direnak, guraso erdaldunak izan eta “det” darabilten gasteiztarrak, baina baita beste bidea hartzen dutenak: zure hizkera naturala herrikoa bada, nik ere herrikoa, espainola alegia, eta euskara batua utz dezagun eskolako testuetan fosilduta. 

Horixe bada, txarto esanak barkatu eta aupa Ondarroa eta ondarrutarrak.