2013-09-29

Kamiseta berdeak

Iraila katalanei buruz berbetan eman dut, eta amaitu ere hurbilen daukagun Mediterraneo horretan amaituko dut. Asko ibili zarete handik joan den udan, eta benetan badoazela sinetsita etorri zarete. Diadan egon gabe ere, leiho eta balkoiak apaintzen dituzten estelada mordoa gogora ekarrita, independentzia atzera bueltarik gabea dela ondorioztatu dute han ibili diren euskaldunek.

Herenegun bertan erreferendumaren aurreko ekintza garrantzitsuena adostu zuten: urtea amaitu baino lehen, 2013an bertan beraz, jakinarazi beharko dira galdeketaren data eta galdera. Mariano Rajoyk hiru hil ditu doi-doi Artur Masekin erreferenduma negoziatzeko. Garrantzitsua da ostiralean erabakitakoa, baina CiU eta ERCren gobernu-itunean dagoena berretsi baino ez du egiten.

Kataluniako Printzerrian legez, Menorca ere euskaldun jatorren, patxada eta naturazaleen oporgune kuttunetarik izan da joan diren hiletan. Zuetako zenbat ibili zarete joan den udan Menorcan? Beraz, Kataluniako independentismoarekin legez, sobera ezagutu dituzue Balear Uharteetatik gaur dakartzadanak. Uda beroa izan baita Mao eta inguruetan. Eta ikasturte hasieran lehertu egin da haserrea. Ezetz, hondartza eta kalak eta hotela eta tabernak ezagutu dituzuela, eta gune arkeologikoren bat bisitatu, baina zazpi edo hamar egunetan ez duzuela astirik izan menorcar bakar bat ezagutzeko, galdetzeko, solasaldi bat izateko? Norberak gura bezala antolatzen ditu bere oporrak. Baina etxeko lan pixka batek, zerbait irakurtzeak, kontakturen bat lotzeak, edozein leku ezagutzeko parada ematen du, bisitatze soilaz harago. Gaur Mallorcan eta beste hiru uharteetan inoizko manifestazio jendetsuena espero dute. 50 mila lagun baino gehiago, 850.000 biztanleko uhartean, jendetza da.

Katalanezko murgiltze-eredua kendu, eta TIL hirueleduna inposatu du Jose Ramon Bauza Balear Uharteetako presidenteak. Gehiengo absolutua dauka PPk. Pentsa zitekeen Galizian edo Nafarroan baino are errazago ezarriko zutela, turismoa hain garrantzitsua den lekuan. Baina ezetz esan zuten Mao hiriko hiru institututako zuzendariek. «Bitxia da ingelesa jakiteko matematikak gaztelaniaz egin beharra», dio guraso batek Vilaweb-ek egunotan egindako dokumentalean. Gobernuak gogor egin zien: kargugabetu eta espedientea ireki zien.

video

Olatu berdearen hastapena zen. Ikasturte hasieran greba mugagabea iragarri zuten. Ikastetxeak hutsik daude bi astez, kaleak protesta sinbolo den kamiseta berdeekin beteta. Gurasoak irakasleen alde, eta antolatuta, seme-alabak gaur aita honekin eta bihar ama horrekin uzteko. Espainiako Kongresuak LOMCE Hezkuntza legea onartzear den honetan, L'estaca kantatu dute egunotan Mallorcan, Parlamentuko atarian. Eta protestari eusteko indartsu daude, katalanez eta kalitatezko hezkuntzaren alde. «Ikusiko dun, nola nola, laster eroriko den».

Menorcako hiru zuzendarik hasitako protestak lurrikara ekarri du Illesetan: greba mugagabea, 200 mila euroko baino gehiagoko erresistentzia kutxa, gizarteko sektore guztietara zabalduta greba... eta PPko sektore erregionalistenak aztoratuta. Tòfol Soler Balearretako lehendakari ohi eta PPko kide historikoak publikoki adierazi die babesa grebalariei, eta berdin egin dute PPren Mallorcako hainbat udalerrik.

Galiziar idazle batek ziostan, eskuin abertzalea falta zutela han, PPk betetzen zuela eremu kontserbadorea osorik. Nortasun erregionalista antikatalanismoz osatzen da Kataluniatik kanpo. Baina Balearretako bideak erakusten du ukazioan oinarritutako gatazka identitario espainiarzale horren porrota. Eta oso lezio garrantzitsua dakar, abertzaletasuna ustez ahula den eskualdeetan haserrea kanalizatzeko eta mobilizazioa zelan piztu ikasteko.

BERRIAn argitaratua

2013-09-22

Europa gora eta behera

Katalunia ezin da estatu independente izan... eta izaten bada, Europatik kanpo egongo da. Graduazioa ulertzeko esaldi biak elkarren ondoan jartzea garrantzitsua da. Lehendabizikoak Diadara arte nagusi zen jarrera adierazten du. Bigarrenak asteon zabaldu den mezua. Eusko Jaurlaritzak legez, Europak ere zain egotea hobetsi du, eta herrialde baltikoetatik iritsi diren hitzek —«Letonia prest legoke aitortzeko...»—, Katalunia bera harritu dute. Goizegi delako. Egia da nazioarteak, Europak, printzipioz, ez duela sezesiorik nahi. Mundua eta nazioarteko erakundeak estatuek osatzen dituzte, eta estatuen amesgaiztoa egonkortasun hori haustea da. Baina sezesioak gertatu egiten dira. Sei urte, horixe Nazio Batuetan aulki berririk jarri gabe eman duten tarte luzeena, 1984tik 1990era.

Kataluniako estatua Europar Batasunean egongo ote da? Interesgarria izan liteke eztabaida, hala balitz, eztabaida, analisia. Baina Espainiaren ahotan, mehatxua da. Sarritan esan diet espainiar adiskideei gustura eztabaidatuko ditudala horiek, ea futbol ligak baino argudio garrantzitsuagoak bilatzen dituzten, ea Katalunia edo Euskal Herri independenteaz legez Espainia berri eta txikiago horretaz hitz egiterik dugun. Maite dut hitza eta eztabaida, eta Europako gaia interesgarria da, baldin eta horrek Kataluniako estatua posible dela adierazten badu.

Hala dela onartzen badu Espainiak, Katalunia independentearen onurez eta oztopoez beldurrik gabe eztabaidatu dezakete. Eta hel diezaiogun, bada, Europari: pentsa daiteke, estatu berri bat sortzean, zero puntu batean dagoela, inolako harreman diplomatikorik edo nazioarteko itunik gabe. Auzi horiek adosteak osatuko du estatua, izan ere. Teoria da hori: jatorrizko estatuaren oniritziarekin jaio diren azken estatuek urrats horiek automatikoki egin izan dituzte (Montenegro, Hego Sudan, Ekialdeko Timor), eta aldebakartasunetik gertatu denean, luzeago jotzen du prozesu horrek.

Sezesioen kontua, Europako agirietan aurreikusi gabeko egoera da. Funtsean, estatuen auzia da. Atzo manifestazio jendetsua egin zuten Edinburgon. 2014an erreferenduma independentziak irabazten badu, urte eta erdiko prozesua iragarri dute estatua jaio arte. Bitarte horretan adostuko dute dibortzioa. Gerta liteke Londresek oharra bidaltzea: «2016an Erresuma Batua zatitu egingo da, eta bi zatiek Europan gelditu nahi dugu» —paradoxikoki, Eskoziak ia ziur baietz, Ingalaterrak zalantza gehiago ditu—. Inork sinesten du Bruselak aurka egingo lukeela? Edo Flandria eta Belgika frankofonoa bereiziko balira? Auzia ez da Europa, baizik eta Espainiak, historikoki egin duen bezala, Kataluniako independentzia oztopatzeko bereak eta bi egingo lituzkeela. Elkarrekin hobeto da unionismoaren leloa Eskozian: David Cameronek berak esan du badakiela Eskozia bizi daitekeela bakarrik, baina halaber sinesten duela indartsuagoak direla elkarrekin.

Beraz, onar dezagun: Kataluniak independentzia aldarrikatu eta bere lurraldearen jabe egiten bada, ezegonkortasun une bat etorriko da. Ondo bidean —eta hor Europak izango du zeresan handia — gatazka ez da armetara iritsiko, eta eremu diplomatikoan jokatuko da: Kataluniak nazioarteko herrialdeen onarpena lortu ahala, Estatu gisa indartuko da, eta Espainia ahuldu. Europar Batasunean blokeatu ahalko du aldi batez, baina estatuek nahi dituzten harremanak izango dituzte Kataluniarekin. Blokeo horrek dirauen artean zer? Espainia ere Europatik ia kontakturik gabe geratuko da, lotura bakarra Pirinioetan eta Irunen (?) dituela. Katalunia isolatzen saia litekeela? Espainiak Katalunia aldarrikatzen badu, onartu behar die katalanei pasaporte espainiarra erabiltzea (independentista bai, ergela ez); Katalunia isolatuta ere, lasai asko bidaiatu ahalko dute katalanek. Eta agiriak ukatzen badizkie, espainiar herritartasuna kenduz gero katalan naziotasuna aitortzen ari da.

Hipotesi lar dira, badakit. Horrelako mehatxu asko etorriko dira datozen hiletan. Vicent Partalek ondo ezagutzen duen esperientzia ekarri zuen gogora: 1991ko ekainaren 23an Jugoslaviaren batasunaren alde mintzatu ziren Europako gobernuak, eta Esloveniari gaztigatu, inork ez zuela aitortuko. Esloveniak handik bi egunera egin zuen independentzia adierazpena. Belgradek 27an eraso zion Ljubljanari, eta uztailaren 4an, Amerikako Estatu Batuek eta Alemaniak onartu zuten independentzia. Uztailaren 7an su-etena iritsi zen, eta laster gainontzeko aitorpenak iritsi zitzaizkion Esloveniari.


BERRIAn argitaratua

2013-09-15

Islandiako gutuna

Islandian eman dut astea, PEN Internationaleko urteroko kongresuan. Berezia izan da, ez dago zergatia azaldu beharrik, katalanekin eta eskoziarrekin biltzea, quebectarrei entzutea, nork bere bidea azaltzea. Eta Islandian egitea hori guztia. Europa mendebaldean independentzia lortu zuen azken estatua da, II. Mundu Gerran aldarrikatu zuen errepublika Danimarkako erresumatik bereizita. Faroe uharteek ere antzera egin zuten, erreferenduma irabazita, baina, emaitza askoz estuagoa izan zela-eta, Kopenhagek ez zuen onartu, eta oraindik ez dira estatu independente, burujabetza ahalbidetzen dien estatusa badute ere.

 
1944 urrun hartatik 70 urtera, inkestei irabazi behar diete eskoziarrek. Etzidamu, asteazkenean abiaraziko dute kanpaina, erreferendumetik urtebetera. Andrew Campbell PEN Eskoziako buruak eta Yes!, baietzaren aldeko kanpainako kideak, hedabideen presioa aipatu digu (Erresuma Batua deseginez gero, zer geratuko litzateke?), baina itxaropena daukate 368 egun barru gai izango direla Eskoziako estatuaren alde egiteko.

Alex Salmond lehendakariak 2007ko legealdian galdetu nahi zien herritarrei, lehen aldiz laborismoaren nagusitasuna hautsi eta hauteskundeak irabazi zituen hartan. Auzo-herriengan erreparatzeko esan zien eskoziarrei, zeinen ongi zeuden XX. mendean independentzia lortu zuten Islandia, Irlanda eta Norvegia. Orduan, ez zuen gehiengorik izan Parlamentuan. 2011koetan eskuratu zuen herritarren babes hori. Salmondek badu prozesurako beharrezko gehiengoa. Baina 2007ko ereduek, Irlandak eta Islandiak, hondoa jo zuten (nahiz eta altxatzeko gaitasuna ere erakutsi duten, Islandiak batez ere). Norvegia petrolioak emandako aberastasuna ondo kudeatzen asmatu duten munduko herri bakarretakoa da. Hori bera nahi du Salmondek Eskoziarako.

Unionistarik sutsuenak aitortzen dio Eskoziari naziotasuna. Agian, horregatik, independentismoak ez du aparteko lanik egin nazio-eraikuntzan, ez du beharrezko ikusi eta sezesio-prozesua Londresek eta Edinburgok bideratu dute. Baina gizartea ezin aktibatu. Areago, unionismoa piztu da. Sezesio patxadatsua eskaini die Salmondek, hondamendirik egongo ez dela ziurtatzeko. Hain patxadatsua, eze ia harremanik ere gura ez duen Kataluniarekin edo Estatu bila ari diren beste errealitateekin: Pauline Marois Quebeceko lehendakaria bera ia ezkutuan hartu zuen Edinburgon. Beldurrak uxatzea ondo dago, baina ilusioa piztu behar du independentismoak. Estatu berria egungo egoera baino hobea izango dela sinetsaraztea gutxienez. Areago, gaurko arazo gehienen konponbidea hor dagoela. Eskoziak badu arrangurarik: alderdi kontserbadorearen eskuineko politikak (postaren pribatizazioa iragarri dute asteon) eta eskuin muturreko euroeszeptikoei ematen dien bazka. Westminsterren ez dago Eskoziatik hautatutako diputatu tory bakar bat ere, hori dute independentistek Londresen erabakiei legitimitatea kentzeko oralekua (berriki Rafael Larreina Amaiurko diputatuak argudio indartsu hori erabili zuen Espainiako Kongresuan murrizketen aurka, gogora ekarriz Espainian gehiengo absolutua izan arren PPk ehuneko 23 daukala Euskal Herrian. Independentzia aipatu ere egin gabe, Estatuari legitimazioa kentzeko diskurtso sendoenetakoa da hori).

Espainiak aspaldi galdu zuen legitimitate hori Katalunian, baina ez inongo alderdi politikori esker. ANC ordezkatzen duen ekimen kolektiboaren eredu bikain hori luzaroan ikertuko da. SNPk ez bezala, independentziarako inongo asmorik ez zeukan buruzagitza politiko bat hartara behartu eta estu hartu du gizarteak. Aste honetako erakustaldiak zalantzak uxatzeko balio izan du Katalunian, baina, batez ere, Espainiako ustezko irmotasuna pitzatu du. Negoziatu beharra argi ikusten dute orain espainiar ia guztiek. Baina dagoeneko ez dago ZER negoziatu, NOLA baizik. «Ia guztiek» esan dut, Vocento taldeko egunkari nagusiak, ABC-k, negoziazioaren aurka egin baitzuen Diada osteko editorialean. Independentisten aurka «beharrezko neurri guztiak» eskatzen zizkion Gobernuari. «Legea eta Konstituzioa» aipatuko omen dizkio Rajoyk asteburu honetan Artur Masi, uztailean erreferendum eske idatzi zion gutunari emango dion erantzunean. Legea eta konstituzioa demokraziarako berme izan behar dira, baina Espainian herritarren borondatearen oztopo dira; ukaziorako aitzakia.

Islandiatik ikusi dugu Diada. 70 urte, independente dela uhartea. Gaur, herritarren ehuneko ehunek dakite islandieraz, baita ingelesez ere, inongo diglosiatara makurtu barik. Daniera bazterrean gelditu da; norbaitek espainiera eta frantsesarekin zer egin zalantzarik balu, arrastoa hor du. Ez daukate armadarik. 90eko hamarkadan, herrialde baltikoen independentzia aitortzen lehen estatua izan zen Islandia. Puntu beltz bat daukate historian, edozein herrik dozenaka dituen horietako bakar bat: XVII. mendean euskal baleazaleen aurkako sarraski bat. Duela lau mende izan zen, «baina islandiarrok biktima izaten ohituta gaude, ez guk inori kalte egiten», barkamena eskatu digute behin eta berriz. Askatasuna eta bakea maite dituen herri librea da Islandia. Eta badu sasoia independentziaren lekukoa beste herrialderen bati emateko.

BERRIAn argitaratua

BERRIAn argitaratua

2013-09-08

Gogor jo, ezer alda ez dadin

Gertaera argi bat: Siriako gerran gauza nazkagarri asko egin dira urte biotan. Al-Assaden aldekoek hasieratik eta al-Assaden aurkakoek ere bai azken hilabeteotan. Horietako gogorrena, ziur aski, Damasko ekialdeko Ghuta auzunean bonba pozoitsuak jaurtitzea, ehunka hildako eragin zituen eraso kimikoa. Orain, inork ez du zalantzarik eta denek onartzen dute erasoa gertatu zela. Hildako umeekiko sentiberatasun txikienik erakutsi gabe, Interneteko azalpen sasisemiotikoekin, sarraskia ukatu zuten ustezko ezkertiar ezin aratzagoek, gezur horiek sarean barna errepikatu dituztenek, hausnartu beharko lukete Gernika gorriek erre zuten jarrera horrekiko erantzukizun bat dutela, ez dagokigula kazetarioi soilik ematen dugun informazioa egiaztatzea. 12 laguneko palestinar familia hil dute egunotan... baina Damaskon zeudenez, elkartasunik ez.

Ostiral arratsaldean artikulua idazterakoan, hasierako erasorako grina berreskuratu du John Kerryk, azken orduotako zalantzak uxatuta. Cowboy zaharra zaldi gainera igo da berriz ere, munduari eta Europari batez ere goitik behera begiratzeko: hilabeteak eskatzen eta orain konplexuak? Jendarme uniformea hartu du, antzezpenerako baino ez bada ere. Bikain laburtu zuen Ilya U. Topper kazetariak Mediterraneo Sur aldizkari digitalean: «Ez du askorik axola, (erasoaren egilea) nor izan zen jakiteak, ez dituelako hilak piztuko, eta interbentzioak ere ez du Siria berpiztuko. Kontua ez da erregimena aldatzea, dio Carneyk (Etxe Zuriko bozeramalea). Bestela esanda, erregimenak irautea dauka eta iraun behar du. Kontua beraz, erregimenari oreka ezegonkor batean eustea da, mehatxatuta baina erortzeko arriskurik gabe».

Asteazkenean Robert Fiskek galdetzen zuen: «Ba al daki Obamak al-Qaedaren aldean borrokatuko dela?» Arma kimikoak AEBen «marra gorria» esan bazuen esan zuen, eta hitzok gatibatuta dabil. Duela urtebete izan zen, orduantxe hasi ziren matxinoen lehen krimenen irudiak agertzen. Baina salbuespen gisa sal zitezkeen. Gogoan izan behar da, AEBetan bereziki, gerrak prestakuntza mediatikoa ere badakarrela, herritarren iritzia gerraren ezinbestekotasunera lerratzeko. Halakorik posible zen, iaz, duela urte bi, Libiako «garaipenaren» mozkorraldian, baina ordutik nabarmen ilundu dira gauzak, itsuskeria gehiegi. Aktore debekatu bat, batez ere: al-Qaeda. Hilei bost axola nork jaurti zien bonba, baina marka litzateke, Errusiak iradoki bezala, erasoa insurgentziatik baletor: krimena eta AEBen saria. Atentatu suizidaren formatuak garaipen itzela, eskala masiboan.

Esandakoaren gatibu, papar kolperen bat behar du Obamak, estatubatuar jendarmeak matxokeria erakustaldi gutxienekoa behar du. Siriak bost axola, Irani eman behar zaio abisua. Al-Assadek lortu du ez galtzea. Herrialdea Irak bezala odolusten uztea da orain alternatiba. Balantza al-Assaden aldera jarri dute atzerriko indarrek (Errusia-Hezbollah-Iran, AEB-Turkia-Qatar bezain atzerri dira, norbaiti ahaztu balitzaio ere), eta berriz ere heriotzaren oreka ekartzea da helburua. Besterik da eraso bati zelan ekin jakina dela, baina planifikatutako ondorioez gain ustekabeak ere izan ohi direla.

Triskantzaren erdian, albiste ona Londrestik, uda osoan egin duen antzera. Demokrazia eta parlamentarismo lezio bikaina iritsi da, agian ondorio praktiko txikikoa, baina estatu berri bat eraiki nahi duen edonorentzat eredu. Madrilen legez Gasteizen zein Iruñean, parlamentuak eta batzar nagusiak (eta udalak, gehienetan) eztabaida, iritzi-truke eta dialektikarako baino, konbentzitzeko lekua baino, administrazio kontseilu mediatikoa baino ez dira. Alderdiko gidoilariak emandako kortea ahalik ondoen interpretatu eta azken emaitzez zalantzarik ez dagoen lekua. Hauteskundeak egin eta hurrengo lau urteetako bozketek ia ez daukate aldaketarik Espainiako lurraldeetan. Areago, alderdiek ere sustatzen dute diputatuaren figuraren hutsaltasuna, herritarrek alderdia bozkatu dutela eta hari obeditzera behartuta dagoela argudiatuta. Ezetz esan dio Westminsterrek Cameroni. Ederra izan zen The Guardian-ek zelan jarraitu zuen eztabaida, batzuen eta besteen Twitter kontuetatik. Diputatu kontserbadore batenak hala zioen: «Siriako mozioa (nire barrutiko) auzokideei bidali diet iruzkintzeko. Babes apur bat baina aurkakotasuna nagusi. Beraz, aurka bozkatuko dut». Tradizio demokratiko luzeagoa daukate Ingalaterran. Baita Lapurditik Zuberoara, hain urrun joan barik. Notableen politika deituta deitoratzen duzue frantses pasaportea daukazuen abertzaleek. Baina eztabaidak badu lekurik, nahiko genukeen emaitzarik eman ez arren, zaborra eta errepideak ere lubaki sektarioetara eramaten diren eremu hispaniko honen aldean.

BERRIAn argitaratuta