2013-05-26

Tahiti-Baiona

Frantziako zentralismoak mugimendu independentisten radarretik atera ohi du errepublika Erresuma Batuaren edo Espainiaren aldean. Baina Frantzia da urtetan independentzia-erreferendum bat adostuta izan duen Europako estatu bakarra. Noumeako akordioen arabera, Kaledonia Berriak 2014 eta 2020 bitartean gauzatuko du Frantziaren menpe jarraitu ala bereizi erabakitzeko galdeketa. Horri esker, Ozeaniako artxipelagoa Nazio Batuetako autogobernurik gabeko lurraldeen zerrendatik kendu zuten.

Joan den astean, berriz, Pazifikoko estatu txikiek bultzatuta eta estatu indartsuenak —Frantzia bera, AEB, Erresuma Batua— aurka egon arren, Polinesia Frantsesa lurralde ez-burujabeen, hau da, deskolonizatu beharreko lurraldeen zerrendan sartu zuen Nazio Batuetako Biltzar Orokorrak. Erreakzio sutsua berehalakoa izan da, bai Parisen bai Tahitin, independentistei boterea kendu berri dieten autonomisten artean. Izan da gogora ekarri duenik denbora luzeago duela Polinesiak Frantziako zati, Hexagonoko zenbait lurraldek baino: Savoia eta Niza 1860an sartu ziren Errepublikan. Giusseppe Garibaldi Nizako seme zen. Historiak baino, ikerleek saltwater test edo itsaso-froga deritzena dago, azkenean: horren arabera, kolonia-izaera, eta horrek dakarren autodeterminazio-eskubidea, metropoliak itsasoaz haraindi dituen lurraldeei legokieke.

Paradoxa bat: 2004tik bost aldiz izan da lehendakari Oscar Temaru independentista, baina ezin izan du erreferendumera deitu, autodeterminazioa kolonia-egoeran daudentzat erreserbatuta dagoelakoan. Maiatzaren 15ean Gaston Flosse autonomistari eman zion aginte-makila, hil hasierako bozak irabazi baitzituen. Baina handik egun bira NBEren erabaki garrantzitsu hori gertatu da, eta hara zelan itzuli den Temaru New Yorketik Tahitira heroi gisa. Berehalako ondorioa izan du: «Deskolonizatu beharreko herrialdea, Jainkoarren! Ahalik bizkorren amaitu behar da horrekin», esan du Flossek. Eta zer hoberik NBEk agindutako autodeterminazio-eskubidearen aldeko ebazpena egitea baino, «gogorarazteko polinesiar herriak daukan eskubide ukaezina Frantziako Errepublikaren baitan bizitzeko». Independentziari ezetz esateko nahi du Flossek, hain zuzen ere, galdeketa.

Ipar Irlandan ere unionista batek baino gehiagok begi onez ikusi zuen Sinn Feinen proposamena, 2016an Irlanda batzeari buruzko erreferenduma egiteko. Hori irabazteak auzia belaunaldi baterako atzeraraziko duela sinetsita daude. Konparazioa aski erraza da: Nafarroaren borondatea argi dagoela esan ohi dutenak behin ere ez dira saiatu nafarrei horren argi zegoena galdetzen. Galdeketa hori irabazteak euskal abertzaletasunaren estrategia guztia hondora bidaliko luke, behin betiko garaipena litzateke espainolismoarentzat, baina ez dira behin ere ausartu.

Aurkako helburuekin izan arren, konponbidea herritarrei galdetzea dela argi dute Polinesiako autonomistek zein independentistek. Auzia hortxe dator, ordea: nortzuk dira herritarrak, zein da subjektua? Egoera kolonialetan ohi denez, independentistek ez dute uste metropolitik denboraldi bat egitera datozenek bozka dezaketenik. Oscar Temaruk argi esan du: «1966tik, saio nuklearren ondoren heldu diren guztiek ez dute bozketan parte hartzeko eskubiderik. Sakoneko aldaketa hori gurean saio nuklearrak egiteak ekarri baitu. Europako Justizia Batzordeak onartu du Kaledonia Berrian hamabost urtez bizi izana (bozkatu ahal izateko). Ni urrunago joango nintzateke; orain, eztabaidan jarri behar da». Gaston Flossek ezetz erantzun du, hori bazterketa litzatekeela.

Hara non, maiatzaren hamazazpian Frantziako oinarrietarik bi astindu ziren. Parisen ia espanturik sortu gabe, bidenabar. Korsikeraren ofizialtasunaren alde bozkatu zuten Aiacciun. New Yorken Polinesia Frantsesa kolonia bat zela aldarrikatu zuten. Heldu den astean autodeterminazio-erreferendumaz mintzatuko dira Tahitin. Aiacciu zein Tahitiko erabakiak, bistan da, Parisa doaz segidan. Lehenak zail du, bigarrenak erraz.

Parisek deskolonizazioa, Errepublikako beste hizkuntzak eta herritarrei hitza emateari buruzko ebazpenak mahai gainean izanen dituelarik, on litzateke Euskal Herritik ere mezurik igortzea. Eta argiena, heldu den larunbatean Baionako karriketan jendetza biltzea Lurralde Elkargoaren alde. Sekula une aproposagorik.

BERRIAn argitaratua

2013-05-19

Mediterraneoko hizkuntzak

Errepublikari eta Konstituzioaren bigarren artikuluari zirrikitua Hexagonotik kanpo hasi zaio urratzen. Herenegun, bederatziak baino lehenxeago, bi eguneko eztabaida luzearen ondotik onartu zuen Korsikako Biltzarrak korsikeraren koofizialtasuna aitortzen duen testua. Erabakia Parisen defendatu behar dute orain, baina irekitako bidea biziki garrantzitsua da. Hezkuntzan, administrazioan, hedabideetan hartu beharreko neurriak banan-banan bozkatu zituzten ehundik gora emendakinetan. Pierre Ghionga Korsikeraren Kontseiluko buru eta testuaren idazleak dio onartezina litzatekeela Frantziako Errepublikak uko egitea eskualde baten borondate demokratikoari. Luze joko du oraindik, baina historia idatzi zuten Aiacciun herenegun.

Uhartetik mendebaldera Katalunia dugu; urtebete barru katalan estatuari buruz bozkatzeko asmoz. Azken hilotan hizkuntza ere eztabaidagai izan da independentisten artean. Funtsean, 2014an eratu nahi duten Estatua nolakoa izango den irudikatzeko unean dira. Vicent Partalek Kataluniako estatuak hizkuntza ofizialik ez izatea proposatu du. Katalana litzateke Estatuko hizkuntza nazionala eta de facto erabiliko litzatekeena, eta gainontzekoak lekuaren eta erakundeen arabera erabiliko lirateke. Izan ere, katalana ofizial egiteak espainierari ere koofizialtasunerako bidea irekitzea ekar lezake, eta normalizazioa behin betiko oztopatzea hain hizkuntza handiaren presiopean. Asko dira munduan zehar hizkuntza ofizialik gabeko estatuak. «Konbentzituta nago Kataluniako estatu berriaren erronka garrantzitsuenetakoa dela ulertzea munduan gauzak ez direla halabeharrez Espainian diren bezala, eta ez direla kopiatu behar Espainiako estatuaren jokabide guztiak» dio Partalek. Gurean ere euskara ezagutzea beharrezko izatea proposatu izan dute abertzaleek, Espainiaren kalko eginez. Hobe administrazioa euskaraz bizitzea, udaletatik epaitegietara, poliziak herritarrekiko harremanak euskaraz bideratzea, funtsean Estatu-hizkuntza edo hizkuntza nazionala izatea.

Mediterraneoaren beste muturrean, nekez heltzen da albiste onik Siriatik. Baina sarraski hartan ere itxaropena herri ukatuen eskutik dator. Azken urteotan Iraken burujabetza lortu ondoren, orain Kurdistan mendebaldean (Sirian), banan-banan askatu dituzte herri kurdu gehienak iazko uztailetik. Eta burujabetza-esperientzia paregabea ari dira garatzen. Eskola da lehen urratsa; dozenaka ireki dituzte Siriako Kurdistanen. Hamarkada luzetako arabiartze behartuaren lekuan, lehen aldiz kurdueraz egin dute ikasturtea umeek. Neska-mutilak elkarrekin gelan, elkarrekin erakunde berrien agintean eta elkarrekin gerra-frontean eta kontroletan. PKKren Siriako adar diren YPG miliziek daukate eskualdearen kontrola. Asteon bi irudi eder iritsi dira Kurdistandik: umeek eskola-agiriak erakutsi dituzte harro, kurdueraren eguna ospatzeko. Bigarrena, Turkiako estatua utzi duten gerrillariak Irakeko Kurdistango mendietara iristen. Litekeena da hainbatek Siriako bidea hartzea, egun kurduen apustu garrantzitsuena den Rojava-n («mendebaldea» kurdueraz), autonomia behin betiko finkatzen laguntzeko. Nazioarteko laguntza eskatu dute. Berriki zenbait kaxa botika iritsi zitzaizkien Nafarroatik.

Sirian bertan bada gutxiago ezagutzen den gutxiengoa. XIX. mendean Errusiak Kaukasotik kanporatu eta otomandar inperioan sakabanatu ziren zirkasiarrak, Zirkasia hutsik gelditu zen, biztanleen ehuneko 90 galduta, bertan zein Itsaso Beltzean hilda edo deportatuta. Hala sortu zuten Amman hiria esaterako, egun Jordaniako hiriburu. Siriako zirkasiarrek berriz, arbasoen lurraldera itzultzea eskatu dute. Ehunka gutxi batzuei baino ez die Moskuk utzi, ordea. Etzi, maiatzaren 21ean, Zirkasiako konkistaren eta zirkasiar nazioaren suntsiketaren 149. urteurrena gogoraraziko dute. Krasnaya Polyana izeneko zelaian izan zen azken borrokaldia 1864an. Urte bakarra falta mende eta erdirako, eta orduan Krasnaya Polyanako zelaietan egingo dituzte Sotxiko Neguko Olinpiar Jokoak. Berariaz ezkutatu du orduko sarraskia Errusiak, zirkasiar kulturari ez dio oihartzun txikiena eman, ezta folklorikoki ere. «Gure arbaso sarraskituen hilobien gainean ibiliko dira eskiatzen» salatu dute diasporako zirkasiarrek.

BERRIAn argitaratua

2013-05-12

Guatemala, arrazismoa eta justizia

Urte eta erdi da nazioartera begira jarri nintzela BERRIA-ko txoko honetatik. Inposatutako agendarik gabe, geure begiekin: zer egiten ari diren estaturik gabeko nazioetan, zelan urratzen duten independentziaren bidea beste herri batzuek. Pakistango hauteskundeetan buru-belarri ari diren hedabideetan, nekez irakurriko duzue Balutxistanen gerra betean daudela, eta ia inor ez dela bozkatzera joan.

Latin Amerikak Euskal Herritik arreta handiegia hartzen duela konbentzituta nago. Latin den Amerika horrek mendetan isilarazi, ukatu, zapaldu, gutxietsi eta era guztietan, fisikoki ere bai, desagerrarazitako kontinentera begiratu nahi dut gaur, baina. «Kanadak ez zuen AEBek bezalako anikilazio politika planifikaturik izan, baina haiek bezain txarto egin gabe ere, gauza txar asko egin ziren», ziostan Margaret Atwoodek. Kanadatik Txileraino doan politika arrazista hori bost mendetako tragediaz josita dago, baina Guatemalan hezurmamitzen da azken hamarkadetan.

Asteotan, irakurrieran jarraitu ditut ia nagusiki Efrain Rios Montten aurkako epaiketan esandakoak. Jakinda ere malko gutxi izango zela, maia indigenek begiak ia inoiz ez bustitzen ikasi dutela bost mendetan, gogorregia zitzaidan testimonioak entzutea; ├▒abardurak ├▒abardura eskema beraren inguruan beti: soldaduak Kitxeko herriren batean sartu, Nebaj eta ixil etniaren eskualdean bereziki, etxeak erre bizilagunak bertan giltzapetuta. Bortxaketa masiboak, jendaurrean ere bai, edo exekuzioak. Neba bizirik erretzen ikusarazi ziotela ekarri zuen gogora Rigoberta Menchuk. Uztak erre, ganadua ebatsi, gosez hiltzeko. Eta halako batean, azkenean, 86 urte dituela, Rios Montt kristau fundamentalista, genozidioagatik zigortu du Jazmin Barrios epaileak, 80 urteko espetxealdira.


Bozkarioa sufrimenduaren parekoa izan da, oso isila, badago alderik latinotik indigenara, ikusi nahi duenarentzat. Baina zabaldu da. Ez da aski bakarra zigortzea, badakit, baina ez kendu poza, itxaropena 200.000 hildakoek gutxieneko justizia jaso dutela uste dutenei. Epaiak argi dakar: ixilak estatuaren etsai publikotzat hartu ziren, eta arrazismoaren biktima ere izan ziren, menpeko arrazatzat hartu ziren.

Agintari kriolloen estatu politika izan zen; XIX. mendeko eta XX.eko lehen erdialdeko diktadura ankerrenetan maia biztanleek esklabotza-moduko egoeran iraun zuten. Estatu Batuetako United Fruit konpainiak bere egin zuen estatua azkenean. Jorge Ubico diktadorea Franco onartu zuen bigarren agintaria izan zen 1936an, Hitler eta Mussolini baino hamar egun lehenago. Handik laster, baina, itxaropenaren hamarkada piztu zen. Goizegi, menturaz, Kubako iraultza baino hamabost urte lehenago. 1944-54ko gobernu demokratikoa, Juan Jose Arevalo eta Jacobo Arbenz buru, odolez zapaldu zuten. Arrazismoa Guatemalan bertan zegoen, baina Estatu Batuen bultzada antikomunistarik gabe ez zatekeen posible. Eta Arbenzen gobernuak Mosku baino Washington zuen eredu: Roosevelten New Deala, oinarrizko zerbitzu publikoak, hezkuntza eta lurraren banaketa. Landu gabeko lurrak soilik hartu zizkioten United Fruiti, konpainiak berak ezarritako prezioan; zerga-iruzurra egiteko prezio horretan berean. Eisenhowerrek gehiegi zela iritzi zion, eta estatu kolpeari ekin zioten. Guatemalan zen Ernesto Che Guevara, eta Kubarako markatu zuen esperientzia izan zen hondamendi hura. Han zen Jokin Zaitegi ere; Euzko-Gogoa hamarkada itxaropentsuan sortu zuen. Estatu-kolpearen ondoren Lapurdira itzuli zen Zaitegi, eta Venezuelara jo zuen Andima Ibi├▒agabeitiak.

Guatemala odoletan gelditu zen 40 urtez. Bolivian presidente indigena hautatu dute, nazio askoko estatua sortu. Guatemalan berriz, Rios Montten aldekoen indarra ikusi dugu, epaiketa «Eliza Katolikoaren montaje» gisa ere aurkeztu dute. Arrazismoak bizirik dirau Ameriketako herri triste eta ederrenean. Baina ostiralean zerbait aldatu zen han ere.

BERRIAn argitaratua

2013-05-05

Lurraldetasun kontuak

Eskozian ez bezala, Espainiaren menpeko nazioek lurraldetasunean dugu oztopo nagusietakoa. Euskal Herrian, inon baino gehiago. Katalunian ere hala zelakoan geunden duela ez hainbeste, baina han zirt edo zart egin dute. Herri Katalanak aintzatestea eskatzen dutenek ere ontzat ematen dute Kataluniako Printzerriak hartu duen bidea, gaur-gaurkoz posible den bakarra delakoan.
Erabakiak alde bi baititu: begi-bistakoa da nazioaren zati baten independentziak nazioaren zatiketa, partizioa dakarrela. Katalunian aspaldikoa da zatiketa hori, horratik, Euskal Herrian baino askoz zaharragoa. Gerraurreko Generalitateak ere ez zuen Herri Katalanekiko berehalako helbururik; euskal autonomiak bai. Baina alde positiboa ere ezin zaio ukatu: pentsaezina da prozesu demokratiko batean hainbat egiturak bat egin eta Estatu berri bat sortzea; aitzitik, egon dagoen egitura batetik bideratu behar da hori. Hori da Kataluniako helburua: herritarrei galdetu ostean, Artur Mas presidenteak erkidego autonomoa Estatu independente bihurtzen dela aldarrika dezala.

Katalunian kontsentsu zabala zegoelakoan, eztabaida lehertu da azken asteotan. ANC Biltzar Nazionalak Mallorcan zeukan taldeak gainontzeko taldeen antzera onartzeko eskatu zuen, biltzar orokorrean hitza eta boza izateko. ANCko gehiengo handi batek aurka bozkatu zuen. «ANCk argazki tristea eman digu; Katalunia izan nahi duen Mallorca eta halakorik nahi ez duen Katalunia» kritikatu du Gabriel Bibiloni Filologia irakasleak. ANCk baditu taldeak atzerrian, «baina eragotzi egiten da nazio katalanaren baitan ANCren lurralde-artikulazioa», esan dute Mallorcatik. Vicent Partalek ere kritika egin zion ANCri «eztabaida guztiz politiko bat auzi administratibo» bihurtzeagatik. «Gertatu behar» zuela uste du, eta «Mallorcako enbidoa, agian gustukoa izan ez arren, ezinbestekoa da: zein da katalanen nazioa?».

Izan da besterik uste duenik ere. Mallorcatik bertatik Davit Jordi Llobet kazetariak arrazoi eman dio ANCri: «Ondo egingo dute indar guztiak argi geratu diren helburuetan kontzentratuta: erabakitze eskubidea Kataluniako estatua lortzeko erabiltzea. Edozein distrakzio, edozein apeta pankatalanista, joko-mahai honetan eta une honetan, Kataluniak Espainiako estatuaren baitan jarraitzea dakar». Nazio kulturala eta politikoa bereizten ditu Llobetek, nazioa batez ere politikoa den fenomenoa deritzo. «Kataluniako Parlamentuak argi utzi du: Kataluniako herria da subjektu juridiko eta politiko subiranoa. Horri, mendebaldean eta iraultza liberaletatik nazio deitzen zaio […] mallorkinismo politikoaren helburua Balear Uharteetako estatua sortzea izan behar da, hori da gure nazio politikoa. Eta gainontzeko herrialde katalanekin (zeintzuekin nazio kulturala edo komunitate etnolinguistikoa partekatzen dugun) izaera konfederaleko elkarlan harremanak sortu, berdintasunean».

Subjektua erabaki behar da, eta oso bide interesgarria ari da urratzen Katalunia. Baina argi izan behar da, halaber, prozesu sezesionistak zailak baldin badira irredentismoa (lurralde batek Estatu bat utzi beste baten zati bihurtzeko) ia ezinezko dela. Irlanda bera adibide (eta han geografia alde dute, uhartea baitira), unionistek nahiago dute Londrestik bereizitako Ipar Irlandako Estatua, Dublinekin bat egiten duena baino. Hego Tirolek ere errazago leukake independentzia, ezen ez Austriarekin bat egitea. Kosovon beste horrenbeste, debekatu egin diote Albaniarekin bat egitea. Sarritan esan dugu: nazioartean lurralde batasuna errespetatzea aldarrikatzen denean, hain zuzen ere, Estatuei buruz ari da, Estatu batek bermea izan dezala beste Estatu batek ez diola lurralderik kenduko. Beraz, Kataluniako prozesu sezesionista arrakastatsua baldin bada, Espainiarekin akordio bat lortuko du, bien arteko mugak argi uzteko eta haren lurraldeekiko aldarrikapenik ez izateko. Arrazoi du Llobetek horretan: Valentziak edo Balear Uharteek errazago dute Estatu propioa eratzea, Kataluniako estatuarekin bat egitea baino. Estatua izanda, burujabea zara erabakitzeko zeure horretan jarraitu ala aldamenekoarekin konfederazioa osatu nahi duzun.


BERRIAn argitaratua