2007-10-28

Kanpo begiradak

BERRIAko Larrepetit

Euskal Herrira egindako bisitaren berri eman du egunotan Al-Jazeerak. Haiekin grabatzen ibili zen kameralari batek ziostan harrituta joan zirela, inoiz ez ei zuten horrelakorik ikusi. Iraken, Afganistanen eta hainbeste herritan ibili denaren aldean gureak etxeko gatazkatxoa ematen zuela esan nion. «Horixe bera esan nien, baina haiek berriz, ezetz, Iraken eta Afganistanen gertatzen denaren berri ematen dutela, badakiela jendeak, baina Europako Batasunaren bihotzean horrelako egoera antidemokratikorik pentsatzea, eta inon eskandalua ez izatea askoz harrigarriago dela esan zidaten».
Antzeko argumentua aipatu zidan duela hil batzuk adierazpen askatasunari buruzko dokumentala grabatzen ibili zen Londresko taldeak. Myanmarren, Maldivetan, Errusian eta beste hainbat herrialderen ostean gurea txiki-edo geratzen zela esan zieten elkarrizketatuek ere. «Hau okerragoa da. Ez da zuzena agian, baina badakizu haren berri. Urtero milioika britainiarrek bisitatzen duten EBko herrialdean horrelakorik izatea askoz gogorragoa da».
«Hau ez da Espainia» erantzun berri du alderdi kurduko buruzagiak, legez kanpo uzteko arriskua aipatu diotelarik. Lehen «hau ez da Turkia» esaten zen. Baina Espainia demokrazia homologatua da oro har, beste estatuen antzeko miseriekin, salbuespen bakar batekin. Aznarren urrats faxisten sasoian pentsatu nuen beste aldera begiratu zuela Europak, kiratsa ez hartzeko, urte gutxian «konponduko» zuelakoan. Baina denbora badoa, eta borondaterik ez denean, presioari ere leku egin beharko dio Europak. Estrasburgok behingoan Batasuna auziaren deliberoa emanez, adibidez.

2007-10-21

Ehun falta

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

--Batasuneko hemeretzi kide preso jadanik.
--Ehun falta, lehengoan Txema Monterok esandakoaren arabera. Martxora bitartean 120-130 abertzale espetxeratuko zituztela zioen.
--Lehen ere bagenekin denak balio zuela, eta GALen beso politikoa zegoela aurrean, haien hizkera erabilita. Baina borondatea bazegoela pentsatu gura genuen.
--Nik espainoletan espainolen agertu gura zutela pentsatu nuen hasieran, baina itxura gehiago hartzen ari da mendeku gose hutsez ari direla.
--Bada, haiek ere badakite ezker abertzalea zertarako den gai, eta ez dakit ez ote duten gutxietsi.
--Bizkartzainen aurka joateak ezintasuna adierazten du, askoren iritzian.
--Ez derrigor. Biktima eta mehatxatu guztiak berdinak badira, haiei ere bizkartzaina jarri? Bizkartzainaren bizkartzaina? Espiral absurdoaren seinale da, konponbidea zeinen erraza den jakinda gainera.
--Andoaingo alkatearen alabari erasotzeak ere mendeku itxura handia dauka.
--Hor ez dakit ez ote dabilen beste eskuren bat.
--Beraz, kritikatzen duzu.
--Ez dut uste kale borroka izan denik.
--Baina hori tranpa da. Aurka zaudela esan beharrean, «beste norbait izango zen» diozu, eta aldarrikapena iritsi eta «gureak» direla jakitean, isildu.
--Donostian ere pasa omen zen. Bidenabar, lotsa gutxi behar da faxismo bat beste faxismo batek gerarazi zuela esateko.
--Baina hor harro igartzen zaituztet balentria horrekin. Ez ziren pasa.
--Kolosala izan zen, Kalaportun bezala.
--Ez zara Ondarroaz ibiliko, ezta?
--Beno, zero botorekin alkatetza dutenek ez dute inoiz arazorik izan galdutakoa erosteko, edo hura ere ebasteko. Atsotitzen liburuan dakar: HuhuƱerean hoxtuak bulea.

2007-10-14

Konparazioak

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Sosegua eskatzen zion presidenteari El PaĆ­s egunkariak herenegun. «Aurrekaririk gabeko egoera batera iritsi da, erraz asko (indarkeriak) gora egitea eragin dezakeena (...) Iraganarekin konpondu beharreko arazoak ditu. 1,5 milioi lagunen sarraskiaren erantzule izan zirela ukatzea kezkatzekoa da». Turkiaz, armeniarrez eta kurduez ziharduen, noski. Ezaguna da Hitlerrek Holokaustoa bultzatzeko egindako aipua («nork ditu gogoan armeniarrak gaur?»), baina otomandarrek ere mende erdi lehenago errusiarrek egina oroitzen zuten: Kaukasoko hainbat herrialde hutsik geratu ziren, eta Anatoliara ihes egin zuten milioika kaukasiar musulmanek. Mundua isilik, AEBek sarraskigintza berean baitziharduten Ipar Amerikako indigenen aurka. Kate horrek espainiarrek oraindik ospatzen duten genozidiora garamatza. Ez ziren bakarrak izan, badakit, baina Liverpoolek esklabotzaren zentroa ireki du, Berlinek damua agertu du, eta Londresek ez dio Eskoziari mehatxu egin. Ankarak eta Madrilek iraganarekiko preso jarraitzen dute, XXI. mendera egokitu ezinik. PKK gogor ari da jotzen, eta kasu nitrometanoa ETAk hartu badu. Metropoliek egin dute gerra apustua, eta erresistentzia armatuen aurrean zibilak bazterrean gaude. Edo agian ez, ELAri jaramon eginez gero. Ez da Imaz izan transbertsalitatean sinetsi duen bakarra.


Azken lerroak asteon hildako Mehmed Uzunentzat dira. Espetxean alfabetatu eta kurdueraz idatzi zituen nobelak, ofizialki existitu ere egiten ez zen mendiko hizkuntzan. Turkiarrek gorroto zioten, baita armak hartu baina hizkuntza utzi zutenek ere. Hori ere badakigu zer den.

2007-10-07

Inpunitatea

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Duela hamar urte oso larria izan zen Mahai Nazionalaren espetxeratzea. Epaiketa luze baten ostean iritsi zena poliziaren paperak sinatze hutsez egin daiteke gaur. Epe berean nabarmen egin du behera borroka armatuaren ekinak, eta azken bost urteotan egindako erasoek ez dute inoren eliminazioa helburu izan, bueltarik ez duten hanka-sartze larriak egonda ere.
Estatuaren aldetik, berriz, inpunitatea mugagabeko mailara iritsi da. Ziur naiz orduko aitzakia berberak balia litezkeela hedabideak ixteko ere (bidenabar, Egunkaria-ren itxiera eta kazetarien tortura lehendakariari bidalitako mezu gisa ikusi dute askok, edozertarako prest daudela argi uzteko. Kasualitatea orain ere Ibarretxek usin egin eta ezker abertzalea egurtzea). Hauteskundeak hurbildu ahala zeinen espainol eta gogor diren erakusteko prestatu duten jai-egitarauan EHAK eta EAE-ANV suma daitezke.
Ez dakit ezin duelako edo beste estrategiaren batengatik den borroka armatua hain apala. Duela hamabost urte bide politikorik ez zegoelako armatua aldarrikatzen zuenak arrazoibidea indartua behar luke 2007ko egoeran, orduan zilegitzat zeukana gaur are zilegiago izango dela eskubide zibilik gabe geratu garen honetan.
Baina zilegitasuna eta ahala ez da gauza bera. Gringoek hiru mila hilkutxa behar izan dituzte iritzi publikoak Iraketik alde egitea komeni dela esan arte. Fujimori ere preso dago egun, baina inkestek Sendero eta MRTAren borreroari eskertzen diote «segurtasuna» ekarri izana.
Gurean ez dago eseri ezean askoz latzagoa izango dela sinetsaraziko dien indarrik. Martxora arte behintzat, hobe etxean, aktiboki ezin denean pasiboki eusten jakin behar da. Egurra ari du.