2009-10-11

Armeniarrak

Saiatu gara, benetan diot. Baina aste osoan ez dugu Istanbulen turkiar-armeniar harremanak bideratzearen edo muga irekitzearen aurka berba egingo dugunik topatu. Hain gutxi, armeniarren kontra esateko zuenik. Eta ez da horrelako ale arrazistarik ez dagoelako. Asko dira, eta oso boteretsuak, baina jabetzen dira ez dela egokia diskurtso hori harro haizatzea, ez Istanbul erdian behinik behin.

Sei urtetik hemezortzira bidean egunero-egunero «zorionekoa bere buruari turkiar deritzona» kantatzen dute Turkiako haur guztiek, turkiarrek zein kurduek,armeniarrek, zirkasiarrek eta beste etnietakoek. Eskolan behin eta berriz irakasten dizkiete errepublikaren sortzaileen balentriak, etxea suntsitzea beste asmorik ez zuten auzo greziar, armeniar eta judu traidoreen aurrean. Denetan okerrena, esan gabe doa, armeniarrak, errusiar inperialismoaren lagun bizkarretik labana sartu nahi izan zuena bihotz otomandarrean. Oinarri horrekin ezinbestean sortu behar dira armeniarrekiko gorrotoa oinarritu duten gazte xenofoboak.

Gauzak aldatzen ari dira, eta honezkero jakingo duzue atzo Turkiak eta Armeniak protokoloa izenpetu zuten edo ez, nik ordu batzuk lehenago idatzi arren. Baina aldaketa nagusia tabuak erortzen ari direla da. Egunotan, haserrea beste, auzo lotsa sentitu dute Justiziako elementu erreakzionarioek berriz ere Orhan Pamuk Nobel sariduna epaitu nahi dutela jakin dutenean, genozidioaren aipamenak turkiartasunari irain egin diola eta.

Auzia ez da iragana ahaztea, memoria beharrezkoa da. Baina ia ehun urtez elkarri bizkarra eman eta gero, ezin auzoari esan «guztiz oker zaude, onartu nire ikuspegiak». Arrazoia batek baduen eta besteak ez duen arren, elkarrekiko komunikazioak baino ezin du lortu ukazioaren harresiak erortzea. Eta Hrant Dink zenaren Agos aldizkariko neska-mutil ausartek diotenez, mugak itxita ez dago harremanik.

No comments: