2013-10-30

Maldivak

Dani, koadrilako laguna, Indian ezkontzen zaigula eta, aukera paregabea izan da gonbidapena Asiara etortzeko. Baina Delhiko zurrunbiloan murgildu orduko, egun pare baterako baino ez bada ere, tropikoko atoloi patxadatsu bat hartu dut geraleku Indiako Ozeanoan.  Total, etxetik irteten hasita... Qatar Airways ia prezio berean eskaintzen zuen paradisu txiki honetarainoko hegaldia eta Delhikoa, eta ez genuen bada aukera pasatzen utziko.


Indiatik hegoaldera, Sri Lankatik mendebaldera dagoen atoloi multzoa dira Maldivak. Azken aldian nahasita dabil artxipelagoa. Hauteskundeak baliogabetu egin zituzten, eta alderdien kolore eta afixak alde guztietan daude. Bai Male hiriburuan, bai Maafushi uhartetxo honetan ere.


Ohiko irudi distiratsuan, kokondo eta harea zuriko hondartzak, arrezifea... baina luxuzko resortetatik aparte, nazioartera duela lauzpabost urte irekitako uhartea da Maafushi. Maldivarren herrixka da, aski konserbadorea berriki arte.


Male hiriburutik ordu pare batera dago ferryz, hegoalderantz. Turismoak irabazi du lekurik ordutik, zenbait ostatu eta hotel txiki ireki dituzte, baina lekuak oraindik ere badu naturaletik asko.


Islamari zorrotz jarraitzen diote (hau beroa, pentsatu dut ezinbestean buruzapi, galtzerdi eta mahuka luzeak ikusita emakumeei), baina badago arabiar munduan nekez aurkitzen den interakzioa ere gizon-emakumeen artean. Nolabait esateko, tropikalago, harreman naturalagoa-edo, irribarre bat hor, keinu bat han.


Eta bueltan, Male kaotikoan goiza, arrain-azokan, Barne-ministerio beldurgarrian (erregiomen autokratikoa izan dute dueela bost urte arte, eta oraindik ere tik autoritario lartxo), eta zapore mina nongura, gosaritik hasita.


Bisita laburra izan da, baina egiazko Maldivetako zipriztinen bat hartu dugu gutxienez. Resortetatik maldivarren uharteetara egun pasa joan ordez, alderantzizko bidea: nazio berezi honetako herrietan hartu ostatu (oso gutxi dira oraindik ere hartarako baimena dutenak), eta aukeran, txangoak inguruko arrezife, uharte eta, tarteka, resortetara hartu.

Edozelan ere, Indiako zurrunbilorako atari bikaina, alajaina.



2013-10-27

Tamilen garaipena

Euskal Herrian gertatzen ari dena ulertzeko hainbat faktore azaldu dira azken aldian. Nolabaiteko distantziatik, aztertu dira Dorre Bikien erasoa eta «terrorearen aurkako gerra», Estrasburgo eta Alderdien Legea, Loiolako Prozesuaren porrota, Euskal Herriko indar korrelazioa... Gehitu horri Latinoamerikako ezkerraren eragina, Irlandako prozesua, Hego Afrikako lagunak, gehitu nahi baduzue batzuk Kurdistandik ekartzen saiatu garena, beste batzuk Eskozia edo Irlandatik.

Sri Lanka Euskal Herriko kultura politikotik urrun geratzen da munduko begirada horretan. Indiako penintsula oro har, Erresuma Batuan presentzia handiko errealitatea da, baina gure begirada Europan, Latinoamerikan, Mediterraneoan pixka bat eta zorionez anglosaxoniar eremuan geroz eta gehiago oinarritzen da. Asia urrun, betiere, non eta ez den Pakistan edo Indiako jatorriko Eskoziako politikari baten eskutik etortzen. Baina Sri Lankak 2009an tamilen aurka egindako sarraskiek aspaldi zetorren susmo bat indartzeko balio izan zuen: nazioarteko komunitatea deitzen den hori ezikusi egiteko prest dagoela terrorismoaren aurkako borrokan, gauzak bizkor eta eraginkor eginez gero. Dozenaka mila lagun hil zituen Sri Lankako armadak Eelam Tamil Askatzeko Tigreen gerrillak uhartearen iparraldean kontrolatzen zituen lurraldeak konkistatzeko. Munduan zegoen gerrilla indartsuenetakoa ziren, eremu zabala zuten euren menpe, aire-eraso batzuk egiteko ere gai izan ziren, hegazkin errudimentario batzuekin. 2008-2009an hil gutxitan tamilen lurraldea hilobi handi bat bihurtu zen armadaren eskutan, eta gerrillaren arrastorik ez.


Egon zen kritikarik nazioartean, giza-eskubideen taldeen aldetik; aski apalak betiere armadaren ofentsiba gerarazteko. Gerora egindako salaketen aurrean ere, babes osoa izan dute militarrek Gobernuaren aldetik. Milioika dolar iritsi dira errepideak eta azpiegiturak konpontzeko ordutik, eta nazioarteko presioak eman duen fruitu bakarretakoa, Iparraldeko probintzian hauteskundeak antolatzea izan da. 1987an eskualdea sortu zutenetik tamil matxinoen esku egon da gerrako zati handienean, eta behin ere ez da hauteskunderik egin.

Agintean den alderdiaren eta matxinoen hurbileko Tamilen Aliantza Nazionalaren (TNA) arteko lehia estua iragarri zuten. Baina Gobernuari sekulako belarrondokoa eman zioten tamilek: probintziako 38 ordezkarietatik sei baino ez zituzten lortu, eta 30 TNAk. Tamil herriaren eta borrokaren aldeko mezuarekin egin zuten kanpaina, eta herritarren babes zabala lortu. Gerrilla zapaldu zuten, eta armadaren presioak salatuta ere, Sri Lankako tamilek Gobernuaren aurkako eta autodeterminazioaren eta hiru hamarkadako borrokaren aldeko botoa eman zuten.




Hemendik aurrera, zailtasun ugari daude, horratik. CV Wigneshwaranek hartu du probintziako agintea, baina ia autonomiarik gabeko lurraldea da. Are gehiago, Colombok berariaz uhartean gehiengo diren sinhalarren eta Indian ere ahaideak —eta Tamil Nadu estatua— dituzten tamilen arteko tarteko lurralde bezala ikusten dute Iparraldeko probintzia. Hogei milioi lagun bizi dira Sri Lanka uhartean; hiru laurden sinhalar budistak, eta ehuneko hamabost tamil hinduistak.

TNAko tamilek eskuratu dute probintzia, eta botereak, txikia izanda ere, kontraesanak eta arazoak ekarri ohi ditu. Lehendabizikoa, Wigneshwaranek kargua hartzerakoan, Mahinda Rajapaksa presidentearen aurrean Kolonbo hiriburuan egin behar zuen ekitaldian. Alderdikide askorentzat onartezina zen, sinbolikoki Sri Lankako gobernua eta konstituzioa onartzea dakartzalako. Era berean, Kolonbori elkarlanerako eskua luzatzea ere adierazten du.

Aurrerantzean galdera asko datoz. Batetik, zenbateraino txertatuko den tamilen probintzia Sri Lankako politikan, eta zenbaterainoko autonomia emango dion Kolonbok. Egun, gobernadoreak atzera bota ditzake probintziako gobernuaren erabakiak. Era berean, gerran gobernuak erabateko garaipena lortu bazuen ere —gerrillak berak errendizioa onartuta—, giza eskubideen auziak hainbat urtera hasi dira agertzen nazioarteko auzitegietan. TNAko ordezkariak Genevan izan dira Nazio Batuetan Sri Lankaren aurkako salaketak egiten eta lekukotza ematen, Gobernuak horrelakorik ez egiteko gaztigatu arren.

Baketzea, normalizazio politikoa, gerra luze baten ondorio dira. Asian zein Europan. Baina horrekin batera, aurki, hurrengo galdera dator: zein izango den tamilen estatusa uhartean, lurralde autonomoa ala independentea lortzerik izango dute, eta nazioarteak zein rol jokatuko duen horretan guztian. Indiak bereziki, bitartekari rola hartu izan badu ere, etxeko independentismo guztiak gogor zapaltzen ditu, Delhiren menpeko Tamil Nadu estatutik bertatik hasita.


BERRIAn argitaratua

2013-10-20

Independentzia irudikatzen

Bide-orria markatuta dauka Eskoziak. Datorren urteko irailean erreferenduma irabaziz gero, urte eta erdi inguru beharko dutela kalkulatu dute, beharrezko estatu-egiturak lortzeko, eta Londresekin horiek adosteko. Laburbilduta, Union Jack britainiar bandera zelan jaitsi negoziatu beharko dute. Orduan iritsiko da, esate baterako, Europaz hitz egiteko txanda. Nork ukatu lezake Londresek eta Edinburgok adostu dutena?

Hortxe alde handiena, Kataluniarekin. Zalantzarik balego ere, independentziaren aurka dagoela argi esan duen Josep Antoni Duran i Lleidak hori bera eskatu zion asteartean Mariano Rajoyri: negoziatu dezala, ez dezala pentsa trenen talka gertatu baino segundo bat lehenago Artur Mas bagoitik jaitsiko dela, Espainiako bagoia handiagoa delako soilik. Aldebakarreko Independentzia Aldarrikapena —UDI, ingelesez— hauspotzen ari dela gaztigatu zion Rajoyri; egoera distantzia pixka batetik aztertzen duen edonork ondorioztatuko luke hori. Espainia ez da sekula fin ibili inor limurtzen, eta orain ere irmotasuna du estrategia. Etsaia bezatzea, beldurragatik izan arren. Ziurgabetasuna dakar Eskozian ez bezala adostasunik gabeko aldarrikapenak; UDIak beldurra ematen du bai, baina morrontzak are handiagoa.


Independentzia erreferendumaren aurreko azken kongresua egin du SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak. Azaroaren 26an Independentziaren Liburu Zuria argitaratuko dutela iragarri dute, estatu berriari buruzko zehaztasun guztiekin. Inkestak aurka izan arren, argi ikusi dute informazio gehien daukan jendea dela independentziaren alde dagoena. Nicola Sturgeon lehen ministrordeak gogora ekarri du 2011ko hauteskundeak baino lau hil lehenago laboristak zirela nagusi inkestetan, eta gehiengo osoa lortu zuten gero independentistek.

Eskoziako estatua irudikatzeak ilusioa dakar. Eskoziarren gehiengoak amesten duena papereratzea da. Londresen laguntza dauka David Cameronen azken neurriekin: posta pribatizatzea, etxebizitzarako laguntzak murriztea, gutxieneko errenta... Egunerokotasunetik eraikiko da Eskoziako estatua, ongizatean eta justizia sozialean oinarrituta. «Posta publikoa izango da Eskoziako estatuan» entzun, eta pentsatzen duzu erraz argudiatu litekeela Espainiaren baitako nazioetan ere: ez dela LOMCErik izango, botiken berrordainketarik ez dela izango, pentsioak KPIarekin igoko direla gutxienez, curriculum propioa eta kalitatezko irakaskuntza publikoa izango direla gidari, edo Espainiako lan-erreforma indargabetuko dela.

Salmondek eta Sturgeonek badakite 2014ko irailaren 18an Eskoziako nazioak hiru mendeotako hitzordu garrantzitsuena duela. Baina bide horretan, Independentziaren Liburu Zuria inkestak iraultzeko mugarria izan daiteke. Eskoziako herriarekin bat egiteko unea izango da, hurrengo hamar hileetan eskoziarrek lor dezaketena paperean erakusteko tenorea.

Aukera dena, eskura jarriko diete eskoziarrei. Katalunian ere 2014ko udagoienean dirudi helmugak, baina egiaz datozen asteetan jokatuko da partidaren zati garrantzitsuenetakoa. Cameronek eta Sturgeonek herria ekarri behar dute independentziara. Artur Masek eta Oriol Junquerasek badakite herria alde dutela, areago, herriaren aldamenean dihardutela, eta hala daudelako dutela herria alde —beharrezko ├▒abardurak jarri herri kontzeptuari, baina inkestak, mobilizazioa, eta parlamentua, hirurak bat datoz independentismoan—. Urratsak astiro baina sendo ari dira egiten. Espainia zein urratsetan oldartuko den, horixe zalantza. Abenduan, erreferenduma deitzean? Tira, epaileek erraz baliogabetuko dute. Hauteskunde plebiszitarioekin? Ala hori ere debekatu eta parlamentuaren esku utziko ote dute independentzia aldarrikapena? Edozelan dela, Masek data eta galdera jartzeak, Eskoziako Liburu Zuriaren besteko garrantzia edo are handiagoa izango du: Kataluniako estatua eskura dutela ikusiko dute katalanek. Eta zain dagoen Espainia hori mugitzen hasten bada, independentziarako urratsak bizkortzea baino ez zaie geldituko Bartzelonan. Eskoziaren mesedetan, gainera.

BERRIAn argitaratua

2013-10-13

Turkiaren arazoa kurduekin

Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak demokratizaziorako neurri sorta bat iragarri zuen duela ia aste bi. PKK gerrillak (Kurdistango Langileen Alderdia) Turkiako estatuaren lurraldetik alde egingo zuela esan, eta haien buruzagi Abdullah Ocalanek mezu historikoa zabaldu eta urte erdira iritsi da Gobernuaren proposamena. Eta etsigarria izan da aurkeztu dutena.

«Q, X, W, Y» debekatutako letrak baimenduko ei dira aurrerantzean; turkieraz erabiltzen ez direlako debekatuta zeuden, baina aspaldi gainditutako oztopoak ziren, bai ingelesaren nagusitasunarekin (www erabilita absurdua nabarmena da), bai kurduek euren kabuz egindako urratsetan. Kurduerazko irakaskuntza 2004an ere onartu zuten, oso neurri zorrotzekin: orain iragarritakoak zabalagoak izan litezke, baina inondik inora ez dira hizkuntzaren berreskurapenerako berme: hezkuntza publikotik kanpo, ikasgai gutxi batzuk baino ez... horiekin batera, estatu osoaren demokratizaziorako beste urratsen bat, hala nola Parlamentuan sartzeko gutxienez lortu beharreko boto-kopurua ehuneko hamarretik.

«Pakete horrek ez du zerikusirik kurduekin», mintzatu da argi Abdullah Ocalan Imrali uharteko espetxetik. Egunotan bete dira hamabost urte Siriatik ihesi joan eta Kenyan harrapatu zutela. Etzi iragarri du Ocalanek egoerari buruzko analisia, baina ohartarazi du dagoeneko negoziazioetatik alde egingo duela prozesuan orain arte legez irauten badu.

ICGk ere (International Crisis Group, Nazioarteko Krisi Taldea), gogor hitz egin du Erdoganen proposamenaz. Eta neurri zehatzak eskatu ditu. Besteak beste, kurdueraren aldeko benetako neurriak, hezkuntza publikoan eta hezkuntzatik kanpo, administrazioan esaterako. Urrunago ere badoa ICG: Turkiako estatu hiperzentralistaren deszentralizazioa ezinbestekoa dela dio. Gobernu egitura horretan inolako urratsik egiteko borondate falta agerikoa da. 1923an frantses estiloan sortutako errepublika laikoari Ekialde Hurbileko eta gizarte musulmanaren ezaugarriak erantsi nahi izan dizkio Erdoganek. Besteak beste, presidenteak botere berezia izango duen errepublika berria eratu gura du (eta Erdogan bera lehendakari, noski, planteamendu horretan Abdullah Gul egungo presidente eta Erdoganen alderdikidea aurka egon arren). Turkiartasunaren indarra ahultzea ondo dago, ikuspegi horretan, islamaren mesedetan, baita agian guztiz minoritario bihurtu diren nortasun batzuk onartuta ere (greziar edo armeniar, biak kristau eta, beraz, ez-musulman), baina inolaz ere ez errepublikako laurdena diren kurduen eskubideak onartuta. Eta hor behar dira urratsak, ICGk gogora dakarrenez: egun Gobernuak dituen botereetako batzuk, hezkuntzan, administrazioan, diru-kontuetan, herritarrek hautatutako botere-gune hurbiletara pasatzea proposatzen du. Udaletara, esaterako.

Testuinguru horretan, Euskal Herriarekiko loturak itzel hazi dira azken hilotan. Beti pentsatu dut hizkuntzarekin egin dugun bidean eredu izan daitezkeen bizpahiru gauza egin ditugula, ikastolak esaterako. Zorionez, Garabide Elkarteko Hizkuntza Berreskurapenari buruzko ikastaroan Suna Altun adiskide kurdua ari da parte hartzen, Ameriketako beste dozena bat lagun indigenarekin batera. Udalbiltzarekin harremana aspaldi bilatu dute Kurdistango udalek, halaber, eta aurten gauzatu da. Lehendabizi haiek etorri ziren, eta berriki egon da euskal udal elkartea Diyarbakirren. Eta azkena, egunotako Bake-Konferentzia, lau ordezkari kurdurekin. Tartean Sirian kurduerazko eskolak ireki dituzten borrokalari ausartak egon dira, eta mugaz beste aldean Diyarbakirgo bertako alkate Osman Baydemir alkatea. Datorren martxoan hauteskundeak dituzte atzera ere, eta Gobernuak horietan jarri du begirada, neurri kosmetikoak proposatzean. Baina kurduek ikasi dute dagokiena hartu egin beharko dutela. Turkiak bere buruarekin dauka arazoa, demokraziarekin.
 
BERRIAn argitaratua

2013-10-06

Mugak eta bisak

Indiara joatekoa naiz hil amaieran. Bisita laburra izango da, lagun baten ezkontzarako, baina ilusioa dut ezagutzen ez dudan herrialde itzel hori bisitatzeko. Espero ez nuen burokraziarekin egin dut topo, horratik. Europarrok, demokrazia liberalak diren estatuetara joateko, ia inoiz ez dugu pasaporteaz gain beste ezer behar. AEBek, bai, zorroztu dituzte neurriak, baina Internetez erraz asko egin daiteke. Ohituta nago bisitatzeko zailak diren herrialdeetara joatera, bisetan dirua eta orduak gastatzera, baina esan bezala, ez nuen horrelakorik espero Indian.

Kontuak kontu, irakurle, India edo Kuba edo bisa eskatzen duen beste herrialderen bat bisitatzekotan bazara, ez dakizula sekula barruko europar harroputza atera, burokrazia dela eta. Esperientzia interesgarria izaten da, umiltasunerako alde batetik, eta milioika herritarrek bizi dutena jakiteko.

Indian ezkontzen zaigun lagun horrek berak, Euskal Herrira etorri den azkenetan, hotela hartu du gure etxean geratu ordez. «Poliziarenera joan beharko zenukete, burokrazia itzela egin», Londresen luzaroan bizi den haren indiar bikotea gurean geratzera gonbidatzeko.

Hori da bizi garen gotorlekua. Latinoamerikako hiribururen bateko auzune aberatsa, hesi garaiak eta zaindari armatuak inguruan. Horregatik esan izan dut Europako Batasunak gurago lukeela Espainiak Ceuta eta Melilla galtzea, Gibraltar Espainian sartzea baino: sekulako buruko mina zaio Schengen eremua Afrikako iparraldean egotea. Maroko balitz, gotorlekua argi legoke: Mediterraneotik iparraldera. Frantziak dauzkan lurraldeak (Martinika, Reunion, etab.), urrunegi daude Brusela kezkatzeko.

Goseari, gerrari ihesi datozen gizajoak irudikatzen ditugu, ahuletan ahulenak. Aspaldi ikasi nuen ezetz, Bilboko afrikar batzuei esker: mendebaldeko edozein gaztek izan dezakeen irrikak, bizitzan aurrera egiteko grinak bultzatzen ditu asko eta asko iparraldeko bidea hartzera. Erraz irudikatu nezakeen neure burua, gazterik, bizimodu berri baten bila, bizitzako orrialde garrantzitsuenak oraindik idatzi barik eta idatzi beharrean daudela iruditzen zaizun sasoia da. Iru├▒ean zein Bamakon jaio. Eskema bera, ederragoa da, karitatean oinarritutako ideia orokorra baino. Umeak datoz gero, ordea. Eta haien amak, beti amak.

Pentsatzea bera mingarria da. Hondora doan ontzia, eta ehunka lagun, eta umeak, umeak eta umeak, olgetan behar luketen haurrak, ulertu ezinik baina beldurra barruraino sentitzen. Gero heriotza (kazetari lagunok, noiz arte jarraituko dute espainiar ezjakinen arrastoan etorkin gisa estigmatizatzen? Europa osoan migrant erabiltzen da, migratzaile hori badoan edo badatorren begiratu barik).

Istorioak kontatzeko, ez da behar-beharrezko, baina bizitzako esperientziak nabarmen eragiten dio langintzari. Lekukotasunak ematen dio sarritan literatur lan bati balioa; teknika eta edukia bereiztearen artifizio hori gaindituta.

Bidaia-liburuak argitaratu ditugunok ondo dakigu, turista ez baina bidaiari aldarrikatzeko snob puntua hartuta ere, etorkizuneko literatur lanak migrazio horietatik etorriko direla. John Steinbecken Suminaren Mahatsak da ziur aski AEBetako Depresio Handiaz idatzi diren lanetan eragin handiena izan duena.

Nik dakidala, etorri zirenen seme-alabek edo bilobek idatzi izan dugu, gurean migrazioaz idatziriko apurra. Ez protagonistek eurek. Luze gabe euskaraz ere izango ditugu emigrazioari buruzko lanak baina. Euskal nortasuna aldaraziko dute, espero, identitatea zerk eta zergatik dakarren galdetzeraino. Eta eztabaida horietan guztietan, ez dira faltako, noski, galdera deserosoak. Ontziak hondora zihoazen artean, milaka lagun itotzen ziren artean, zertan ari ginen, esate baterako, eta zer egin genuen hilkintza hori gelditzeko.

BERRIAn argitaratua