2013-03-31

Aberriez

Laurogei urte bete zituen iaz lehen Aberri Egunak. Enbatak eta Itsasuko Aberri Egunak, 50 aurten. «Aberriz aldatzea erabaki» zutela gogorarazi zigun herenegun Idurre Eskisabelek, nik hiru aldiz espazio handiagoa izanda ere lortuko ez nukeen eran.

«Aberri» gaur egun gutxi aldarrikatzen den kontzeptua da; testuinguruan kokatu behar, beraz. Oporretan kanpoan ez dauden euskal abertzaleek ospatzen dute. Historikoki garrantzi handia izan du datak, baina mugatua. Kataluniako Diadarekiko konparazioa ez dator 2012ko manifestazio historikotik soilik; katalan guztiek bere egiten duten egunetarik da, suhartasun handiagoz zein txikiagoz.

Urriaren 25a, EAEko Estatutuaren Eguna hauspotzen saiatu dira gurean espainiar alderdiak. Baina zatiketaren eguna ere bada hori, begi bistako arrazoiengatik. Autonomiak lortu du, onartu beharko da, euskal herritar sentiaraztea EAEko biztanle guztiak — ziur aski nafar asko herritartasun horretatik uxatu dituen ber gisan. Ipar Euskal Herrian gauzak zailagoak izaten dira, baina historia modu inteligentean eta guztiz era inklusiboan ari dira idazten azken urteotan. Apirila garrantzitsua izanen da Frantzian, eta lehen galdeketa gaur zortzi dute, Alsazian.

Hori guztia, Espainiak iragarri berri duen neurria dela eta: nazionalitatea (herritartasunaren sinonimo, bai Frantzian bai Espainian) hartu nahi duenak gainditu beharreko azterketa eta hizkuntzaren ezagutza arautu nahi du Gobernuak. Katalan, galiziar zein euskal abertzaleek eta ezkerreko oposizioak zorrotz egin diote kritika, baina egiari zor, mendebaldeko herrialde gehienek dauzkate gisako neurriak. Hausnarketa sakonagoa da, funtsean: leku batean jaiotzeak naziotasuna ematen dizu, irundar zein bartzelonar sortzeak espainiartasuna ematen dizu, baina ez perpinyatar edo baigorriar jaiotzeak.

Estatua daukanak bere arauak egiten ditu. Gure kasuan, autonomia izateak, euskal naziotasuna ukatzen duen Espainiaren baitan izanda ere, balio izan du euskal herritartasun hori orokortzeko, batzuek modu esklusiboan eta beste batzuek espainiartasunaren baitan ulertu arren (Ipar Euskal Herrian aberri handi eta txikiarekin gertatu legez). EH 11 Kolore bezalako ekimenen erronka hortik ere badoa; nortasuna osagarri egiten eta ez aurkako, senegaldar edo kolonbiar izatea euskaltasunarekin uztartuta.

ERC alderdiko buru Oriol Junquerasek argi izan du hori. Immigrazio handiko eta espainiera nagusi den Sant Vicenç dels Horts udalerriko alkate da (1950ean 3.000 biztanle, 20.000 1981ean, egun 28.000); ustezko tabu edo marra gorri asko gainditu ditu bere independentismoak. Asteon Espainiako selekzioa ikusteko herrian pantaila erraldoiak ezarri zituela gogora ekarri zuen Junquerasek: «Egunero milaka lagunengan ikusten dut, posible da emozionalki La Roja-ren jarraitzaile izatea eta independentista izatea, ez genuen besterik behar!». Duela hil batzuk, are polemika handiagoa piztu zuen, Katalunia independentean espainiera ere ofiziala izango zela esanda.

Euskal Herrian abertzaletasunak badu atabismotik, baina nortasun etnikotik urrun egoten ere jakin du. Antton Lukuk gogorarazten zuen zer esan nahi duen «Euskaldun zira?» galderak, ez «Bidarten bizi zirenez, ez eta ere zure amamak Urzurigaray ote zuen, net futitzen da hortaz. Erran nahi du sinpleki: nola mintzo gira euskaraz ala frantsesez? Beste definizioak bai direla etnizistak».

Espainiak espainola beharrezko bihurtzen du, baina hori ez da aski espainiar bihurtzeko. Gehiago behar da, besteak beste Erregearekiko leialtasuna. Euskal Herriak aurkako bidea beharko luke: independentismoarentzat gaur suizida litzateke euskara behartzea, gaur euskal herritar diren bi hereni kenduko liekete herritartasuna (eta independentziarako gogoa). Oztopo ez, baina modu positiboan planteatuta, euskara izan liteke herritartasunerako berme. Erdarak (= ez-euskarak) ez du herritartasuna kentzen, baina euskarak badu ematen. Erdalduna baliteke euskal herritar izatea, baina zalantzarik gabe, euskalduna bada, hala nahi badu. Euskalduntzerako tresna garrantzitsu horrek —herritartasunaren bermeak— Estatua behar du atzetik, herritartasuna arautzeko burujabetza. Berriz ere Lukuren berbak: «Munduan ba ote da populurik auto-definizio hain irekia duenik? Euskara ikasten duzu, ziup, automatikoki euskaldun zira, ongi etorri klubera eta puntu».

Emigranteek eratutako estatuek ondo aztertu dute gaia. Estatu Batuek, Australiak eta, batez ere, Kanadak. Herritartasuna hartzen duten etorkinekin zeremonia ederrak egin ohi dira herrialde horietan, jaieguna dute kanadar bihurtzen diren vietnamdar, mexikar zein haitiar jatorriko lagunek. PEN Internationaleko lehendakari John Ralston Saulek behin baino gehiagotan parte hartu du ekitaldi horietan; ongietorri mezuak probokazio puntu batekin lotzen dituela gogorarazi zidan berriki: «Europako nazio-estatuek ez bezala, hau ez da hizkuntza bakar bat edo erlijio bakar batek osatutako herrialdea. Zuek ere herrialdeko zati zarete honezkero, zuen ohitura, hizkuntza eta sinesmenekin. Horiek Kanada aberasten dute. Herrialde hau zuena ere bada, beraz. Baina zuena egin duzue halaber herrialde honen historia, amerindiarren sarraskiak esaterako. Zuek ere nire erantzukizun berbera daukazue orain». Berdin dio iritsi berriak izatea, herrialdeak zabal hartu zaitu, eta taldeko kide zara, onerako zein txarrerako.

Etorkizuneko aberriak besoak zabalik beharko ditu. Hura sentitzeko mila modu onartu beharko ditu. Baina horretarako ere, Estatua beharko du.

BERRIAn argitaratua, 2013ko Aberri Egunean

2013-03-24

Edinburgo eta Diyarbakir

Eskoziak independentzia prozesuaren lehen detaileak argitaratu zituenean, duela urtebetetik gora, euskal independentista batek baino gehiagok galdetu zuen ea olatua hartzeko gai izango zen. Inplizituki, ezetz zioen erantzunak, ordura arteko olatuak, Quebec eta abar, hartu ez ziren legez. Kurduentzat historikoa izan den Newroz egun berean Edinburgon azken kartetako bat argitu dute: independentzia erreferenduma ez da 2014ko udagoienean izango, uda amaitzear dela baizik, irailaren 18an, ostegunarekin.

Entzun dut Abdulla Ocalan, ikusi ditut kurduak hunkituta, eta entzun dut Alex Salmond. Inbidia ematen du, baina ez duela urtebete beste. Kurdistan Ekialde Hurbilean dago, ustez hain urrun, eta, bertaratzean, gugandik uste baino askoz hurbilago dagoen nazioarekin egin nuen topo: ez gerrilla armatuagatik, horren balioa onartuta ere, estatuaren aurka bezainbat tradizio feudalaren eta patriarkatuaren aurka. Hizkuntzaren defentsak, ukazioak, berehalako zubia eratzen du. Baina begi bistakoa da 2013ko Euskal Herriak hurbilago beharko lukeela Eskoziako prozesutik Kurdistanen zabaldu denetik baino. Areago, Kurdistan bera Euskal Herriko urratsen arrastoan suma daitekeelarik.

Eskozia ere ez dut urruneko. Are hurbilagoko beharko luke, baina gaur-gaurkoz Kurdistanen dirudi begiak —gatazken konponketan, bakegintzan—, Eskozian baino gehiago —sezesio-prozesuan—. Berriz diot, maite dut Kurdistan, eta pozgarriak dira azken hilotan Euskal Herritik eta Euskal Herrirantz dauden loturak. Bakegintzan zer ikasia baldin badago, bikain. Kurduentzako gure lezio handiena gaur bertan eman dezakegu, Baionan, hamaika egunez egin dugun korrikaldian. Baina begiradak Edinburgon behar zuen, eta Newrozen suak liluratuta geunden.

Katalunian aurkako kasua daukate. Han Eskoziatik urrundu beharra nabarmendu dute, baina ez data goizegi delako, beranduegi baizik. Hala adierazi du Oriol Junquerasek, galdeketa 2013an bertan egitea proposatu duelarik. Katalanentzat gaur Londresek dauka interesa, ez Edinburgok.

Errezeloa handitzen ari da independentisten artean, Artur Masek ez ote duen isilpeko planik Madrilekin negoziatzeko. Estu hartu beharko dute. Urrunegi joan dira honezkero gutxienez, atzera egiteko. Joan den astean ANC Biltzar Nazional Katalanak argi erantzun zion aurtengo Diadako erronkari: iazkoa bikaina, perfektua izan zen, alferrik saiatuko lirateke —ai, euskaldun demazaleak— hura hobetzen, jende gehiago erakartzen. Giza-katera deitu dute. Hasieran manifestazio erraldoia baino gutxiago dirudi. Baina 1988an Baltikoko ekintza sinboliko garrantzitsuenetakoa izan zen, Vilniustik Tallinnera osatu zuten bi milioi laguneko giza-katea. Handik etorri zen independentzia aldarrikapena. Galdeketarako ate oro itxiz gero, Kataluniari ere geratuko zaion bide bakarra Parlamentuaren aldarrikapena izango da. Halaxe gertatu da gehienetan, azkena Kosovon, baina aurretik ere sarritan. Katalanak 1988ko Lituaniara begira, eta ni 1988ko Halabjara.

Galdeketa 2014ko maiatzaren 31 baino lehen egitea eskatu du ANCk; Europako hauteskundeekin batera izatea ere iradoki izan da. Urte bereko irailean erantzungo diote eskoziarrek «Eskoziak herrialde independente bihurtu behar al luke?» galderari. Galdeketa sezesionista bien artean, hirugarrena, beste bide bat planteatzen duena: 2014ko uztailaren 20an Belgikako hauteskundeek azken dibortziorako emaitza garrantzitsua ekar dezakete. N-VA Flandriako Aliantza Berriak argi esan du bozak irabazita ere ez duela independentzia aldarrikatuko. Baina iragarri ditu Walloniarekiko azken loturak eteteko asmoak: Gizarte Segurantza, fiskalitatea eta enplegu-politika Belgikatik Flandriara pasatzea nahi du N-VAk. Urratsez urratseko bide horri begiratu beharko dio halabeharrez Euskal Herriak, beste bi nazioen erritmoari jarraitzerik ez badu. Non eta, lehen galdeketa ez den Euskal Herrian bertan egiten, Nafarroako biztanleei hitza itzulita. Bakegintzaren ondoan lurraldetasunaren auzia baita oztopo nagusi, euskal alderdiak gerarazten dituena, prozesu independentistarik abiarazteko.

BERRIA-n argitaratua

2013-03-22

Egun berria hasi da

Donostian dozena erdi kurdu, lau aldetakoak, Udaletxean jarritako banderaren pean. Juan Karlos Izagirre alkateari nork bere egoera azaldu dio. Handik gutxira heldu da mezua Kurdistandik. Hunkidura. Malkoak. «Bi anaia desagertuta dauzkat», esan du batek. Galdutako senideak ekarri ditu gogora beste batek. Isiltasuna. Malkoak eta itxaropena.

Bi milioi lagun Ameden, Diyarbakirren, hamarkada askoan debekatutako Newroz edo Urte Berria ospatzen. Horia, gorria eta berdea nagusi, eta sua, Kawa errementariak kurduak Zuhak asiriar tiranotik duela 27 mende askatu zituela gogoan. Mendietan piztutako su haren bidez jakin zuten amaitu zela tirania, martxoak 21 zituela eta egun berria bazetorrela. Martxoak askatasuna dakar. Aurtengoak aro berri bati bidea zabaldu nahi izan dio. Ez dira hamabost hilabete Roboskiko sarraskitik, baina Kurdistanek bestelakoa dirudi.

Zein izan da Abdulla Ocalanen mezua? Su-etenaz harago doa, uste bezala. Besteak beste, gerrillaren erretirada gauzatzeko estatuak eman beharreko urratsak ere zehaztu behar dira, eta balizko desarmea behatuko dituen batzordea eratu. Hortik aurrera, prozesua abiatu liteke. Baina oraingoz ez dago prozesurik. BDP alderdi kurduak prest du Konstituzio berri baterako zirriborroa, eta ezinbestean jaso beharko lituzkeen oinarriak.

Kurdistan independentea edozein kurduk aitortuko dizun ametsa da, konfiantza pixka bat hartutakoan. Denek daukate, etxean edo paparrean eskegita, lau estatuetako lurraldeak batzen dituen mapa. Baina gaurko Ekialde Hurbilean, Irakeko esperientziari jarraiki —zeina, euskal autonomia baino askoz zabalagoa den, erabateko burujabetza baitute kurduek Irak federalean, euren mugak kontrolatzera arte—, estatuen baitan dagokiena eskuratzea da lehen urratsa. Turkian bereziki. Estatuaren laurdena dira, hogeitaka milioi lagun, gutxieneko eskubiderik gabe. Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak ez du, azken urteotan bereziki, interes berezirik agertu auzia konpontzeko. Baina Turkiak ezin du estatu demokratiko izan biztanleen laurdena miserian, baztertuta eta arrazismoaren menpe dituela.

Zergatik orain, zein interes dauka Turkiak? Ez da Europari erakusteko neurri kosmetikoen sasoia, baina mendebaldeak, AEBek bereziki, pisu handia daukate Ankaran oraindik ere. Amets neo-otomanoa inoiz baino indartsuago dago, Turkiak eskualdeko potentzia izan nahi du. Baina uste baino ahulagoa dela ikusi du. Golkoko erregimen sunitekin bat egiteak, eta Teheran-Bagdad-Damasko ardatz xiitaren aurka, barne etsaia hauspotu dio. Eta kontraesanak agertu. Bagdaden aurka Hego Kurdistango Gobernuaren aliatu leial bihurtu da, petrolio-hornitzaile du Erbil, eta Masud Barzani lehendakari kurduak mehatxu bezainbat balizko independentziarako berme dauka Ankara. Kontraesanetik mehatxura, bere mugetan PKKren aliatu bat, Siriako PYD, Kurdistan autonomo berri bat sortzen ari dela ikusi du Turkiak, izututa. Barzaniren babesarekin, gainera. Turkiak arabiar matxinoekin ez bezala, Damaskok ez du kurduak armatu beharrik izan. Kurdistandik erretiratzea aski izan du Al Assadek Turkiaren ahultasuna agerian uzteko.

Lautik bat zen libre, eta bigarrenak bere burua askatu du. Iran urduri dago, hauteskundeak ditu aurki. AEBek Israelen ostean eskualdean daukaten aliatu garrantzitsuena da Turkia, eta ezin dute utzi, Iran jomugan dutela, horrelako barne-gatazkek ahultzea. Ankarak aukera historikoa dauka auzia konpontzeko. Kurduek ere esperientzia berriak izan dituzte gatazka-konponketan. Goizegi da dena jakiteko, baina ez da inongo sekretua Europan kurduek bilatu duten babesa. Sinn Feinekin, Brian Currinekin. Atzo ere ez zen euskal ordezkaririk falta Ameden. Inoiz baino libreago zela aldarrikatuko zuen Ipar Kurdistango hiriburuak. Zer gerta ere, ez dadila hildako gehiago egon, adierazi du Abdulla Ocalanek. Armak isilduta, politikaren ordua da. Zorionak, Egun berria da, Newroz pîroz be.

BERRIAn argitaratua, 2013ko Newroz eguneko adierazpenaren biharamunean.

2013-03-17

«Sagar usaina zegoen»

Badator udaberria. Sua piztu, eta kantu eta jauzi ospatzen dute Asiako eremu zabal batean Egun Berri edo Newroz deitzen diote martxoaren 21ari, Mediterraneotik Himalaia eta Txinako basamortuetaraino. Islamaren aurreko sinesmenean oinarrituta —zoroastrianismoaren adarretarik— eguzkia gurtzen dute kurduek eta eskualdeko beste hainbat herrik. Ospakizunaren berri dakarte idatzi zaharrek, duela urte pare bat euskaratu genuen Mem eta Zin epopeiak esaterako.

Baina udaberriak natura biziberritzea dakarren legez, heriotza eta txikizioa ere adierazi izan du. Ismail Kadarek azaltzen digu Hiru Eresi Kosovorentzat lanean, zer izan den udaberria mendietako jendeentzat, hala Balkanetan nola Kaukason: «Inork gerrarako prest ziren armadak bere begiekin ikusi zituela zin eginda ere, menditarrak gailur elurtuei begiratu eta burua astintzen zuen. Elur kuttunak han goian zirauen artean, ez zegoen armadarik bidean ez gerrarik hastear. Udaberrian ziurtasun hori guztia birrindu egiten zen eta gesaldutako urekin batera aldatzen ziren pentsamenduak».

Udaberriaren poza eta beldurra Kurdistanen ezagutzen dute inongo ondoen, ziur aski. Ostirala zen 1988ko martxoaren 16a. Egun osoz bonbardatu zuen Halabja hiria Irakeko armadak, harik eta arratsean hegazkinetatik bestelako bonbak erori ziren arte. «Sagar usaina zegoen» diote han izan eta bizirik irten zirenek. Heriotza zen, sarin eta ziape gasekin, eta VX nerbio gasarekin, zianido bonbekin. Berehala hil ziren batzuk, beste batzuk barrezka, beste asko oinazezko agonia amaigabean. Irandar tropek hildako hiria aurkitu zuten, kalean, etxeetan, sotoetan, Pompeia bezperan hondoratu balitz legez. Kazetariek zabaldu zuten haren berria. Kaveh Golestan argazkilariak gogora ekarri zuen zelan hurbildu zitzaizkien herritarrak ospitalera, umeak ospitalera eramateko erregutzen: «Kazetari bakoitzari ume bat eman ziguten. Aireratu bezain laster, likidoa irten zitzaion nire neska txikiari ahotik eta besoetan hil zitzaidan».

2007an egon nintzen lehenengoz Halabjan. Duela hiru urte berriz ere. Ez zen udaberria, argazkietako inguru berdea hautsak hartuta zegoen. Hilerria salbu. Laurehun gorpu adierazten zituen hilobi batek. 1.200 beste batek. Erasoan bost mila lagun hil ziren. Beste ehunka edo milaka hurrengo asteetan. Milaka gehiagok gaur ere jasaten dute Halabjaren ondorena, zauri sendaezinekin daude, eta hala jaiotzen zaizkie seme-alabak ere. Handik hamabost urtera munduan protestan zebilen Iraki gerra ez egiteko. Kurduak ez. Badakite AEBek ez dutela interesik euren laguntzan, Washingtonek bereak eta bi egin zituen sarraskia isilarazteko, Iranek egin ote zuen ere iradoki zuen. «Nahiago genukeen Norvegiak edo Suitzak askatu bagintu, baina AEBak baino ez ziren etorri». Ez ziren euskal abertzaleak ere Franco botatzeko edonoren laguntza bila ibili 1940ko hamarkadan?

«Gernika kurdua» deitu zion Fermin Muguruzak Halabjari. Eta Kurdistanen hasiko du munduko bira, Diyarbakirgo udalarekin egin ditugun harremanei esker. Kurduek Gernika asko izan dituzte, horratik. Azkena Roboski izan zen, duela urtebete pasa, asteazkenean argitaratu genuen legez. Estatuak pobrezia eta estraperloa ezarri zien, eta hegazkinez heriotza ekarri zieten inoiz aitortu ez duten Hego-Ipar Kurdistango mugako herritarrei. Gernika aipatu zuen Cengiz Candar turkiar politologoak, sarraski horrek kurduen memorian izango duen oihartzuna gogorarazteko. Iaz Gernikako 75. urteurrena gogoan, Dersim hiri ezkertiarrean 1937an izandako genozidioa ere gogora ekarri genuen.

Siriako kurduek arrisku eta ilusio uneak dituzten sasoiotan, Halabjarekin batera Qamishliko sarraskia gogora ekarri dute egunotan. 2004an ez zegoen gaurko banaketarik suniten eta alauien artean. Arabiarrak bat zetozen kurduen aurka egiteko. Amorratuta zeuden Iraken lortu zuten burujabetzarekin. Egun Sirian kurduek hartu duten jarrera ezin uler daiteke Qamishli aintzat hartu gabe.

Saddam Hussein exekutatu zuten, Halabjagatik inoiz epaitu baino lehen. Baita Ali Hassan al-Majid kimikaria ere. Anfal kanpainaren antolatzaileak izan ziren, zeinean 180 mila kurdu hil baitziren 80ko hamarkada amaieran. Baina nekez burutuko zuten horrelakorik munduko handien babesik gabe. Singapur, Herbehereak, Alemania zeuden gas kimiko horien hornitzaileen artean. Holandako auzitegi batek Frans van Anraat hamabost urteko espetxera zigortu zuen 2005ean, Saddamen erregimenaren hornitzaile izateagatik, eta lehen aldiz aipatu zuen «genozidio» hitza. Irakeko gobernuak bere egin zuen, eta hala egin dute Suediak eta Erresuma Batuko parlamentuak berriki.

Kanadak gizateriaren aurkako krimentzat jo du Halabjako erasoa. Nortzuk ziren hornitzaile? Herbehereak, Alemania, India eta arabiar herrialdeak.

Euskal Herria korrika dela iritsiko da udaberria, eta 2013ko Newrozek aspaldiko oihartzun handiena izango du gurean. Baionan gaur ospatuko dute, eta Donostian eta Bilbon datozen egunetan. Gernikatik hizkuntza debekatura, lotura uste baino handiagoa baita. BERRIAn argitaratua.

2013-03-13

Ferhat Encu: «Roboski kurduen erresistentziari emandako erantzuna da»


Ferhat Encu gazte kurduak anaia eta dozena bat senide galdu zituen 2011ko abenduan Turkiako armadak airez egindako erasoan. Mugaldeko Roboski herriko 34 ume eta gazte hil ziren, Hego Kurdistanetik itzuleran zetozela. Gerrillariekin nahastu zituztela esan zuen hasieran Ankarak, baina berariaz egindako sarraskia izan dela salatzen dute familiek. Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean egon da.

Zer da Roboski, eta zer gertatu zen 2011ko abenduaren 28 hartan?

Roboski 90eko hamarkadan jaiotako herrietako bat da. Armadak milaka herri txikitu zituen gerrillaren aurkako borrokan, eta desplazatuekin sortutakoa da. Sasoi batean gobernuak behartutako korucular edo zaindariak ere baziren, mehatxatuta asko, gerrillaren aurka. Gaur Roboski sufrimenduaren eta traumaren sinbolo bihurtu da.

AEBetako droneek, pilotu gabeko hegazkinek, Turkiako informazioa pasatu eta F16 hegazkinekin eraso omen zieten zuen senideei.

Militarrak lehendik zeuden jakinaren gainean, bazekiten gure senideak joan zirela eta jarraitu egin zieten. Argi daukagu berariaz egindako sarraskia izan zela. Gobernuak «istilu» deitzen dio; gezurretan dabil, ondo planifikatutako sarraskia izan zen. Operazio militarren bat baldin bazegoen, lehen ere poliziak inoiz esan izan zigun: «gaur gauean ez joan»; baina gau hartan ez zuten ezer esan. Bestalde, 90eko hamarkadatik PKK-k ez du inguru hori erabiltzen, ez dago ekintzarik, ia ez daukate helburu militarrik; mendien arteko eremua lauegia da gerrillarako. Nahita eginiko sarraskia izan zen; militarrek hiru bideetatik bi itxi egin zituzten, bakarra geratu zen. Bi talde ziren, eta berrogeita bost minutu izan ziren bonbardaketa batetik bestera. Militarrengandik ehun metrora pasatuta, bazuten bigarren taldea geraraztea. Lehen taldea iritsi baino lehen airera tiro egin zuten, hegazkinei abisu emateko, noiz eta nondik ari ziren pasatzen herritarrak. Froga asko ditugu.

Benetan uste izan balute gerrillariak zirela, militarrak joango ziren ikuskatzera nor ziren, zauriturik ote zegoen, atxilotzeko, edo armak hartzeko gutxienez. Baina erretiratu egin ziren, eta herritarrek jakin zutenean, militarrek bidea oztopatu zieten, ez zieten lagundu zaurituekin. Asko hotzagatik eta odolustuta hil ziren.

Non zeunden zu?

Laguntza bati esker, Adanara unibertsitatera joatea lortu nuen. Gutxieneko adin bat izan nuenetik, nire lehenbiziko lana izan zen, diru pixka bat lortzeko era bakarra baitzen herrian; bederatzi ginen etxean. Hil zituzten 34etako askorekin joaten nintzen, tartean anaiarekin, noski. Goizeko lauretan aitaren deiak esnatu ninduen. Lurrikara izan zela esan zidan; gero jakin nuen zer gertatu zen: anaia, osabak eta hainbat senide hil zizkidatela. Shock egoeran oihuka hasi nintzen, telefonoari ere eutsi ezinik. Telebistan ez zuten ezer esaten, kanal baten soilik aipatu zuten istiluren bat izan zela eta hildakoak zeudela. 12-14 ordu daude Adanatik Roboskira; ez dago hegazkinik; beraz, autobus geltokira joan nintzen. Eguerdira arte gobernuak ez zuen ezer esan; orduan bozeramaileak onartu zuen erasoa, eta ikerketan ari zirela gaineratu zuen. 

Berehala argi geratu zen ez zirela gerrillariak, estraperloan zebiltzala.
Guretzat hori ere ez da. Mugaldean bizi garenoi galdetu barik zatitu zuten Kurdistan, baina gure senideak dira Irakeko aldekoak ere, eta beti hornitu gara bide horretatik. Mugak eta eskualdeko utzikeriak ere badakarte krisi ekonomikoa eta perspektiba falta. Askotan ez da estraperloa ere, mugaren alde batean oso garesti dauden gauzak beste aldetik ekartzea baino ez, etxerako beharrezko gauzak. Eta bidaia horietako batean gertatu zen erasoa.

Zer-nolako bidaia da, zenbat irabaz dezakezue?

Ez dago mugarik guretzat, 15 zenbakia dakarren harri bat baino ez. Animaliekin eta gauez egiten dugu bidea, militarrengatik arriskutsua baita. Irina, olioa, gurina, tabakoa edo gasolina ekartzea da, Turkian oso garesti dauden produktuak. Hamar ordukoa da joan-etorria. Dena ondo joanez gero, militarrik gabe, taldeko 50-75 lira eta pertsonako 25 inguru (hamar euro) irabazten dituzu; tabakoarekin, zerbait gehiago. Astean, 3-4 aldiz zoaz, gehien jota; askotan, behin baino ez, eta esku- hutsik zatoz. Ikasleak dira asko, ikasketak ordaintzeko, ez baitago beste bizibiderik.

Zergatik egin zuten orduan?

Roboski 30 urteotako kurduen erresistentziari emandako erantzunaren sinbolo da: «Nahi dugunean hil zaitzaketegu, inolako ondoriorik gabe». Horren baitan daude hainbat debeku: hizkuntza debekatzen digute, edo senideak mugaz beste aldean bisitatzea, eta gutxieneko garapen ekonomikoa. Denak dira errepresio eta asimilazio politikaren zati.

Senideok zein bide hartu duzue?

Ez daukat esperantzarik gobernuan; horregatik, presioa nazioartera eraman nahian nabil azken urtean. Estatuak auzipetu beharko lituzke errudunak, baina ez du asmorik. Senideekin hartu dudan konpromisoa da behar den lekura joatea. Ez nator elkartasun bila soilik Euskal Herrira, baita justizia bila ere, zuek ere bai baitakizue zer den sufrimendua. Europako Parlamentuan egon nintzen lehendabizi, eta Euskal Herria dut bigarren geltoki.

BDP alderdi kurduko zuzendaritzan zaude. Zertan da prozesua?

Orain elkarrizketa dago, bi alderantz, baina prozesurik ez. Estatuaren aldetik, zerbitzu sekretuak Abdullah Ocalanekin bildu dira, eta bestetik, diputatu kurduak ere joan dira Imralira (Ocalan preso dagoen uhartea). Turkiako gobernuak ere pausoak eman behar ditu. Horien artean errazenak lirateke KCK operazioetan atxilotu dituen zibilak, alkateak, abokatuak, idazleak, sindikalistak-eta askatzea, eta Roboskiko sarraskiaren benetako ikerketa egitea. Oraingoz ez dago horrelakorik. Gu aspaldi ari gara Kurdistanen konponbide iraunkorraren bila.
BERRIAn argitaratua

2013-03-10

Malvinetako erreferenduma

Mendetako misterioa argitu dute egunotan: Charles Darwinek Beagle ontzian ikuskatu eta aipatu zituen Falkland uharteko otsoaren jatorria. Gure planetan leku bakarra ei zen horrelako ugaztunik bizi zena, inongo kontinentetatik horren urrun egonik. Baina Falkland edo Malvinak beti ez bide ziren hain urrun egon. Patagoniako kostaldearen aurrean oso sakonera txikia dauka itsasoak; gaur urpean dagoen lur eremu hori azalean egon ei zen azken glaziazioan; hau da, Hego Amerika Falkland uharteetatik 20-30 kilometrotara egongo zen, eta ez gaur bezala ia 500 kilometrotara. Ondorioz, negu hotz batzuetan itsasoa izoztu eta batetik bestera pasatzea egongo zen. Hala iritsi zen otso deitu arren luki itxura zeukan animalia, australiar ikerleek argitu berri dutenez. Pinguinoak harrapatzen bere bide biologikoa garatu zuen milaka urtean, halako xalotasunean ze, europarrak iritsi eta urte gutxian denak desagerrarazi zituzten XVIII-XIX. mendeetan. Esku batean haragi zatia eta bestean labana izanda ere bertaratzen ei zen piztia gizagaixoa.

Duela 20.000 urte hainbeste hurbildu ziren lurrak elkarrengandik bereiziz joan ziren. Europarrak iristean, otso hura zen ugaztun bakar. Gaur otsorik ez, baina badira ardiak, eta gizakiak, milaka gutxi batzuk. Harro jaikitzen dute Union Jack bandera britainiarra. Gaur eta bihar hauteskudeetara joango dira horixe berrestera, 12.000 kilometroko distantziara duten Londresi lotuta jarraitu nahi dutela, eta ez Argentinari.

Parte hartze handia iragarri da, auziak falklandarren artean sortzen duen ardura eta ezinegonaren erakusle. 1982ko gerratik Argentinak ez zuen ia ahotsik altxatu Malvinak aldarrikatzeko. Azken hilabeteotan baina, Cristina Fernandez de Kirchner presidenteak uharteak jomugan jarri ditu. Batek baino gehiagok espainiarrek eta bestek horren ohiko duten taktika ikusi dute: etxeko arazoez ahazteko kanpoko etsaia bilatu eta sentimendu oinarrizkoenak eta nazionalismoa hauspotu.

David Cameronekin egin du bidean topo. Britainiar nazionalista beharbada, baina XXI. mendeko demokrazia liberalean askoz hobeto dabilen politikaria. Fernandezek New Yorkera eraman nahi du auzia, Nazio Batuen Erakundeko deskolonizazio batzordera. Falkland uharteetako gobernuak argi esan dio: «Ez gara kolonia, geure borondatez gara britainiar». Baina Argentinak, Espainiak Gibraltarrekin legez, ez die zilegitasunik onartzen falklandarrei. Cristina Fernandezek agian lortuko zuen herritar asko Malvinekin berotzea. Baina 2.500 falklandarrak inoiz baino gehiago kohesionatzea ere erdietsi du (1982ko memoria aski presente dute), gaur eta bihar ikusiko den legez. Buenos Aires edo Rosarioko batentzat sentimendua dena, hil ala biziko zaio falklandarrari, ezinegon iturri.

Argentinak Londresen daukan enbaxadoreak asteon argitaratu duenez, «biztanleak britainiarrak dira, baina uharteak Argentinakoak». Geografia eta historia ditu aldarrikapenaren oinarri. XIX. mendeko potentzia nagusiak hainbat lurralde kendu zizkien desagertzen ari zen espainiar inperioari eta estatu sortu berriei: gaurko Belize Guatemalari edo Guyana Venezuelari, esate baterako. Kontua da, ia 200 urte joan direla, eta falklandarren borondatea argi dagoela. 180 urtez han bizi izan diren familiak kolonotzat hartzen dituzte, argentinarren jatorria Europan ez balego legez.

Argentinak Mercosurren babesa dauka. Falklandetako bandera duten ontziei porturatzea debekatu diete. Washingtonek ere ez du erreferendumaren alde egin, eta Londresi eta Buenos Airesi negoziatzeko dei egin die. Hau da, Argentinak aldarrikatu bezala, herritarren borondatearen gainetik estatuen arteko eztabaida nagusitu dadila.

Mundu osoa aurka dute falklandarrek. Izango dira eskuindar thatcherzaleak, baina nazionalismo hispanikoari eta handinahikeriari lezio demokratikoa emango diote gaur eta bihar. Erabakitze-eskubidearekin muturretan joko diote Argentinari.

Malvinetako otsoa mundutik apartean bizi izan zen milaka urtez. XXI. mendean, zail dirudi argudiatzen lurralde bat bertako biztanleen kontra bereganatzea. Falklandarrak Londrestik bereizten badira, estatu propioa eraikiko dute. Argentinarekin bat egiteko motibo gutxi eman dizkie. BERRIAn argitaratua

2013-03-07

Ameriketako iraultzaile

Anekdota pare bat: lehenengoa Karibeko uharteetan, duela dozena erdi urte. Uharte txikiak, handienak ez dauka Zuberoaren neurririk, britainiar kolonia ohiak. Alban sartu horietako hainbat. Petrolio-merkea, lehiaren ordez kolaborazioa lantzea, ondo errotu ziren kontzeptuak izan ziren. Non eta, Karibe anglofonoan, telebista-kulturari esker Estatu Batuen eragina handiena den lekuan, auzo latinoekiko hurbilketa zegoen. Latinoamerikaren ondoan Karibea aipatu izan zuen beti Chavezek. Ez da erreferentzia hutsala: AEBek birkolonizatutako eskualdea historiako tragedia handienetakoaren ondorio da, indigenen txikizioa eta esklabo-trafikoa.

Venezuelan behin baino ez naiz izan, ustez antichavismoaren gotorlekuetarik zen Zulia petrolio-estatu aberatsean. Maracaibotik Guajirako penintsulara, wayuu herriari buruzko erreportajeak egiten. Kolonbian eta Venezuelan dagoen herri indigena handiena dira wayuuak. «Ez dakigu gai ere ba ote garen geure hizkuntza eta kultura Chavezek ahalbidetu digun beste lantzeko». Mugaz beste aldeko wayuuek, paramilitarren erasoen memoria zeukaten oraindik, «bi estatuen erdian gaude, eta biek ahaztuta, baina kolonbiarrak izan arren Caracas hurbilago sentitzen dugula uste dut».

Amerika munduko zabortegi da, indarkeria ankerrenak zizelkatutako kontinentea. Esklabotzaren, arpilatzearen, indigenen txikizioaren eta kolonialismoaren zutabeetan eraikitako etxea. Miseria eta luxua azal koloreak bereizten ditu han. Zuri aberatsen sistema astindu zuen Chavezek, deitu demokrazia-kristaua zein sozialdemokrazia. Politikari gehienek diskurtsoa leundu egiten dute boterea lortzean. Chavezek aurkako bidea egin zuen, berak sarritan aitortu legez. Alde izan du George W. Bushen zabarkeria eta Latinoamerikarekiko ahaztura. Obama joan zen Trinidadera 2009an —Chavezek Eduardo Galeanoren Latinoamerikako zain irekiak eman zion hartan—, eta diskurtso ederra ere egin zuen, baina hortik aurrera urrats gutxi.

Kontinentean sakontzea eta kolonialismoa astintzea ditu lorpen Chavezek. Latinoamerikako heldutasunaren domina, paradoxikoki, Brasilek jantzi du, BRICS taldean. Europatik eta Estatu Batuetatik kanpoko munduaren bultzatzaile nagusi izan da, Gerra Hotzeko Herrialde Ez-Alineatuen antzera. Latinoamerikatik irtetean desitxuratu egiten da Chavezen figura, baina gaur ez dugu horretarako lekurik (eta historiak ez du hori nabarmenduko).

Etxeko ilunak aztertzen zailago da. Gizartea zatituta dago, baina oposizio kolpista batekin ere ez da erraza batasuna. Militarra, harroputza, ahoberoa, ezjakina... ispiluan begiratu nahi ez duen Europa zuriaren kritikak oso neurriz egin behar dira, pertsonaia konplexuekin gertatu ohi denez. «Gerratik joandako euskaldunak antichavistak dira, ETAko iheslariak chavistak» laburbildu zuen Iñaki Anasagastik 2002ko estatu-kolpearen ingurumarian. Gerora hitz gogorrak izan zituen Chavezek berak Guardia Zibilak atxilotutako euskaldunen aurka («bi kriminal odoltsu»), baina bere enbaxadoreak Espainiako tortura salatu zuen era berean. Azken orduetako erreakzioak ikustea aski da, gurean ere zenbaterainoko ondorena utzi duen kargutzeko: Hugo Chavez gorabehera, mugimendu bolivartarraren eredua —boterea iraultza armatuetan barik hautestontzietan lortzea, eta gobernu-praktikak herria alde jartzea— aski erakargarria da askorentzat, ezker abertzalean bereziki.

BERRIAn argitaratua

2013-03-03

PSCren haustura

PSCk oraindik ez daki, baina independentista bihurtuko da». Igandero egunkari honetako zuzendariarekin karta-jokoan ageri den Vicent Partal bikainak asteon botatako perla ugarietako bat da. Lehengo asteburuan Eskoziako Herald Scotland egunkarian aipatu zuten, Ez gara Eskozia izeneko artikuluagatik (orrialdeotan egin genuen analisiaren ildotik, baina txukunago). Funtsean: Eskozian Gobernuak herria independentziara eroan gura du, goitik behera gidatzen, eta aurkariek plataforma zabala eratu dute. Katalunian aldiz, herriak behartu ditu Gobernua eta alderdiak independentzia bidean lerratzera, behetik gora. Katalunian plataforma zabala independentismoak eratu du, abertzaletasuna geroz eta gaindituago, eta unionismoa esparrurik gabe ari da geratzen. Espainiak galdutzat eman du Katalunia demokratikoki limurtzeko aukera; katalanak Espainiara ez erakartzeaz gain, uxatu egiten ditu egunik egun.

Horixe gertatu zaio PSCri. Demokratikoki lortu nahi du Kataluniak Espainiaren baitan jarraitzea. Hori da, bestalde, benetako federalismo baterako oinarri. Alderdiari Katalunian geroz eta inozotasun handiagoz begiratzen diotela uste dut, behinola federalista izan eta halabeharrez independentismora lerratu direnek batez ere. Espainiako estatuak legez —edo are okerrago, bere burua ustez era federalistan antolatzen duen erakundea izanik—, PSOE alderdiak ezin okerrago hartu du PSCko diputatuek Madrilen negoziatutako erabakitze eskubidearen alde bozkatu izana. PSCk galdetzea gura du, eta ezetzaren aldeko botoarentzat kanpaina egitea. Ñabardura handi datorkio PSOEri, itzel. Katalunia Espainiaren —ezen ez Espainiako— baldin bada, zertarako galdetu katalanei ados dauden? PSCk PSOEtik bereizita bozkatzeak ohiko esaldi amorratu eta hanpatuak ekarri dizkiote sozial espainiar jakobinoenen artean. Katalunia bereiztea ez dute onartzen, baina PSCrekiko haustura burutzeko unea dela iritzi diote. Funtsean, Espainia eta Katalunia elkarrengandik urrundu diren legez bereizi dira PSC eta PSOE.

Ondorioaz ondo hausnartu beharko luke PSOEk. Baina ez eurek bakarrik. Arduratu beharko lukete euskal prozesu independentista abiarazteko lozorroan diruditen euskal abertzaleek ere. Presoen zain? Nafarroako hauteskundeen? Gamesak ere esan du «espainiar» izateak negozioak galarazi dizkiola. Arantza Tapia sailburua bat etorri da, eta konponbide gisa «apur bat» bereiztea dela esan du. Zelan bereizi liteke «apur bat»? Harira etorrita, bai PSOEk bai euskal independentistek irudikatu beharko lukete zer dakarren Kataluniarik gabeko Espainiak: Gaztela Handi(tu)ak daukan kontrabotere bakarra galtzea, eta Alderdi Popularrak arrakastarik inoiz izan ez duen herrialdeaz libratzea. Bestela esanda, neofrankismoak daukan oposizio handienetakoa galtzea, eta ideia hori gailentzea luzarorako Espainia berri horretan.

Egia da, ez dute berehalakoan onartuko. Auzitegietako bidea lantzen hasi dira, soberania erabakia Konstituzionalera eramanda. Partalengana itzulita, baina, Ibarretxeren eta, batez ere, Kataluniako estatutuaren esperientziak erakutsi die bidea: «Espainiak esaten duena ez da gure arazoa honezkero». Juridikoi badaukate independentziarako heldulekua, eta politikoki indartu egiten ditu. Are gehiago: unionistek ez dute esaten bada, lau urterik behin autodeterminatzen garela? Bada autodeterminazio horren ondorio den Parlamentuak erabaki du Katalunia burujabe dela. Eta Espainiatik bereizitako estatua eratu nahi duen galdetuko dio, halaber. Espainiako auzitegiek ez dute onartuko, noski, baina adierazpena hor dago, berdin-berdin.

Espainiak ez du auzitegietan Katalunia geraraziko. Ondo bidean, ez dute bestela ere geraraziko. Baina katalanek hartu duten bide garbi eta demokratikoa eteteko modu bakarra, Benegasek eta Chinchilla jeneralak adierazi dute: bakebidez ez dute lortuko. Horixe Espainiak daukan gauza beldurgarriena. Irakurri ondo Partalen gaurko artikuluaren amaiera. BERRIAn argitaratua.