2013-03-31

Aberriez

Laurogei urte bete zituen iaz lehen Aberri Egunak. Enbatak eta Itsasuko Aberri Egunak, 50 aurten. «Aberriz aldatzea erabaki» zutela gogorarazi zigun herenegun Idurre Eskisabelek, nik hiru aldiz espazio handiagoa izanda ere lortuko ez nukeen eran.

«Aberri» gaur egun gutxi aldarrikatzen den kontzeptua da; testuinguruan kokatu behar, beraz. Oporretan kanpoan ez dauden euskal abertzaleek ospatzen dute. Historikoki garrantzi handia izan du datak, baina mugatua. Kataluniako Diadarekiko konparazioa ez dator 2012ko manifestazio historikotik soilik; katalan guztiek bere egiten duten egunetarik da, suhartasun handiagoz zein txikiagoz.

Urriaren 25a, EAEko Estatutuaren Eguna hauspotzen saiatu dira gurean espainiar alderdiak. Baina zatiketaren eguna ere bada hori, begi bistako arrazoiengatik. Autonomiak lortu du, onartu beharko da, euskal herritar sentiaraztea EAEko biztanle guztiak — ziur aski nafar asko herritartasun horretatik uxatu dituen ber gisan. Ipar Euskal Herrian gauzak zailagoak izaten dira, baina historia modu inteligentean eta guztiz era inklusiboan ari dira idazten azken urteotan. Apirila garrantzitsua izanen da Frantzian, eta lehen galdeketa gaur zortzi dute, Alsazian.

Hori guztia, Espainiak iragarri berri duen neurria dela eta: nazionalitatea (herritartasunaren sinonimo, bai Frantzian bai Espainian) hartu nahi duenak gainditu beharreko azterketa eta hizkuntzaren ezagutza arautu nahi du Gobernuak. Katalan, galiziar zein euskal abertzaleek eta ezkerreko oposizioak zorrotz egin diote kritika, baina egiari zor, mendebaldeko herrialde gehienek dauzkate gisako neurriak. Hausnarketa sakonagoa da, funtsean: leku batean jaiotzeak naziotasuna ematen dizu, irundar zein bartzelonar sortzeak espainiartasuna ematen dizu, baina ez perpinyatar edo baigorriar jaiotzeak.

Estatua daukanak bere arauak egiten ditu. Gure kasuan, autonomia izateak, euskal naziotasuna ukatzen duen Espainiaren baitan izanda ere, balio izan du euskal herritartasun hori orokortzeko, batzuek modu esklusiboan eta beste batzuek espainiartasunaren baitan ulertu arren (Ipar Euskal Herrian aberri handi eta txikiarekin gertatu legez). EH 11 Kolore bezalako ekimenen erronka hortik ere badoa; nortasuna osagarri egiten eta ez aurkako, senegaldar edo kolonbiar izatea euskaltasunarekin uztartuta.

ERC alderdiko buru Oriol Junquerasek argi izan du hori. Immigrazio handiko eta espainiera nagusi den Sant Vicenç dels Horts udalerriko alkate da (1950ean 3.000 biztanle, 20.000 1981ean, egun 28.000); ustezko tabu edo marra gorri asko gainditu ditu bere independentismoak. Asteon Espainiako selekzioa ikusteko herrian pantaila erraldoiak ezarri zituela gogora ekarri zuen Junquerasek: «Egunero milaka lagunengan ikusten dut, posible da emozionalki La Roja-ren jarraitzaile izatea eta independentista izatea, ez genuen besterik behar!». Duela hil batzuk, are polemika handiagoa piztu zuen, Katalunia independentean espainiera ere ofiziala izango zela esanda.

Euskal Herrian abertzaletasunak badu atabismotik, baina nortasun etnikotik urrun egoten ere jakin du. Antton Lukuk gogorarazten zuen zer esan nahi duen «Euskaldun zira?» galderak, ez «Bidarten bizi zirenez, ez eta ere zure amamak Urzurigaray ote zuen, net futitzen da hortaz. Erran nahi du sinpleki: nola mintzo gira euskaraz ala frantsesez? Beste definizioak bai direla etnizistak».

Espainiak espainola beharrezko bihurtzen du, baina hori ez da aski espainiar bihurtzeko. Gehiago behar da, besteak beste Erregearekiko leialtasuna. Euskal Herriak aurkako bidea beharko luke: independentismoarentzat gaur suizida litzateke euskara behartzea, gaur euskal herritar diren bi hereni kenduko liekete herritartasuna (eta independentziarako gogoa). Oztopo ez, baina modu positiboan planteatuta, euskara izan liteke herritartasunerako berme. Erdarak (= ez-euskarak) ez du herritartasuna kentzen, baina euskarak badu ematen. Erdalduna baliteke euskal herritar izatea, baina zalantzarik gabe, euskalduna bada, hala nahi badu. Euskalduntzerako tresna garrantzitsu horrek —herritartasunaren bermeak— Estatua behar du atzetik, herritartasuna arautzeko burujabetza. Berriz ere Lukuren berbak: «Munduan ba ote da populurik auto-definizio hain irekia duenik? Euskara ikasten duzu, ziup, automatikoki euskaldun zira, ongi etorri klubera eta puntu».

Emigranteek eratutako estatuek ondo aztertu dute gaia. Estatu Batuek, Australiak eta, batez ere, Kanadak. Herritartasuna hartzen duten etorkinekin zeremonia ederrak egin ohi dira herrialde horietan, jaieguna dute kanadar bihurtzen diren vietnamdar, mexikar zein haitiar jatorriko lagunek. PEN Internationaleko lehendakari John Ralston Saulek behin baino gehiagotan parte hartu du ekitaldi horietan; ongietorri mezuak probokazio puntu batekin lotzen dituela gogorarazi zidan berriki: «Europako nazio-estatuek ez bezala, hau ez da hizkuntza bakar bat edo erlijio bakar batek osatutako herrialdea. Zuek ere herrialdeko zati zarete honezkero, zuen ohitura, hizkuntza eta sinesmenekin. Horiek Kanada aberasten dute. Herrialde hau zuena ere bada, beraz. Baina zuena egin duzue halaber herrialde honen historia, amerindiarren sarraskiak esaterako. Zuek ere nire erantzukizun berbera daukazue orain». Berdin dio iritsi berriak izatea, herrialdeak zabal hartu zaitu, eta taldeko kide zara, onerako zein txarrerako.

Etorkizuneko aberriak besoak zabalik beharko ditu. Hura sentitzeko mila modu onartu beharko ditu. Baina horretarako ere, Estatua beharko du.

BERRIAn argitaratua, 2013ko Aberri Egunean

No comments: