Showing posts with label Irak. Show all posts
Showing posts with label Irak. Show all posts

2013-03-22

Egun berria hasi da

Donostian dozena erdi kurdu, lau aldetakoak, Udaletxean jarritako banderaren pean. Juan Karlos Izagirre alkateari nork bere egoera azaldu dio. Handik gutxira heldu da mezua Kurdistandik. Hunkidura. Malkoak. «Bi anaia desagertuta dauzkat», esan du batek. Galdutako senideak ekarri ditu gogora beste batek. Isiltasuna. Malkoak eta itxaropena.

Bi milioi lagun Ameden, Diyarbakirren, hamarkada askoan debekatutako Newroz edo Urte Berria ospatzen. Horia, gorria eta berdea nagusi, eta sua, Kawa errementariak kurduak Zuhak asiriar tiranotik duela 27 mende askatu zituela gogoan. Mendietan piztutako su haren bidez jakin zuten amaitu zela tirania, martxoak 21 zituela eta egun berria bazetorrela. Martxoak askatasuna dakar. Aurtengoak aro berri bati bidea zabaldu nahi izan dio. Ez dira hamabost hilabete Roboskiko sarraskitik, baina Kurdistanek bestelakoa dirudi.

Zein izan da Abdulla Ocalanen mezua? Su-etenaz harago doa, uste bezala. Besteak beste, gerrillaren erretirada gauzatzeko estatuak eman beharreko urratsak ere zehaztu behar dira, eta balizko desarmea behatuko dituen batzordea eratu. Hortik aurrera, prozesua abiatu liteke. Baina oraingoz ez dago prozesurik. BDP alderdi kurduak prest du Konstituzio berri baterako zirriborroa, eta ezinbestean jaso beharko lituzkeen oinarriak.

Kurdistan independentea edozein kurduk aitortuko dizun ametsa da, konfiantza pixka bat hartutakoan. Denek daukate, etxean edo paparrean eskegita, lau estatuetako lurraldeak batzen dituen mapa. Baina gaurko Ekialde Hurbilean, Irakeko esperientziari jarraiki —zeina, euskal autonomia baino askoz zabalagoa den, erabateko burujabetza baitute kurduek Irak federalean, euren mugak kontrolatzera arte—, estatuen baitan dagokiena eskuratzea da lehen urratsa. Turkian bereziki. Estatuaren laurdena dira, hogeitaka milioi lagun, gutxieneko eskubiderik gabe. Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak ez du, azken urteotan bereziki, interes berezirik agertu auzia konpontzeko. Baina Turkiak ezin du estatu demokratiko izan biztanleen laurdena miserian, baztertuta eta arrazismoaren menpe dituela.

Zergatik orain, zein interes dauka Turkiak? Ez da Europari erakusteko neurri kosmetikoen sasoia, baina mendebaldeak, AEBek bereziki, pisu handia daukate Ankaran oraindik ere. Amets neo-otomanoa inoiz baino indartsuago dago, Turkiak eskualdeko potentzia izan nahi du. Baina uste baino ahulagoa dela ikusi du. Golkoko erregimen sunitekin bat egiteak, eta Teheran-Bagdad-Damasko ardatz xiitaren aurka, barne etsaia hauspotu dio. Eta kontraesanak agertu. Bagdaden aurka Hego Kurdistango Gobernuaren aliatu leial bihurtu da, petrolio-hornitzaile du Erbil, eta Masud Barzani lehendakari kurduak mehatxu bezainbat balizko independentziarako berme dauka Ankara. Kontraesanetik mehatxura, bere mugetan PKKren aliatu bat, Siriako PYD, Kurdistan autonomo berri bat sortzen ari dela ikusi du Turkiak, izututa. Barzaniren babesarekin, gainera. Turkiak arabiar matxinoekin ez bezala, Damaskok ez du kurduak armatu beharrik izan. Kurdistandik erretiratzea aski izan du Al Assadek Turkiaren ahultasuna agerian uzteko.

Lautik bat zen libre, eta bigarrenak bere burua askatu du. Iran urduri dago, hauteskundeak ditu aurki. AEBek Israelen ostean eskualdean daukaten aliatu garrantzitsuena da Turkia, eta ezin dute utzi, Iran jomugan dutela, horrelako barne-gatazkek ahultzea. Ankarak aukera historikoa dauka auzia konpontzeko. Kurduek ere esperientzia berriak izan dituzte gatazka-konponketan. Goizegi da dena jakiteko, baina ez da inongo sekretua Europan kurduek bilatu duten babesa. Sinn Feinekin, Brian Currinekin. Atzo ere ez zen euskal ordezkaririk falta Ameden. Inoiz baino libreago zela aldarrikatuko zuen Ipar Kurdistango hiriburuak. Zer gerta ere, ez dadila hildako gehiago egon, adierazi du Abdulla Ocalanek. Armak isilduta, politikaren ordua da. Zorionak, Egun berria da, Newroz pîroz be.

BERRIAn argitaratua, 2013ko Newroz eguneko adierazpenaren biharamunean.

2012-12-02

Hiru lurralde otomandar

Palestinak hartu du beste behin munduko albisteen oihartzuna. Izan dira isilago pasatu direnak, Albaniako independentziaren mendeurrena, esaterako. 1912an, gain behera zegoen otomandar inperioa. Balkanak galdu zituen, gerra ostean Frantziak Siria eta Erresuma Batuak Irak eta Palestina hartu zituzten, eta kurduei estatua agindu zieten.

Handik mende batera, kurduek estaturik gabe jarraitzen dute, Palestina sionismoak amestutako Israelgo Estatua da nagusiki, eta albaniarrek bi estatu dauzkate, bakarraren ordez. 2008an Estatu Batuen babesean sorturiko Kosovoko Estatua, Hagako Justizia Gorteak aldarrikapena ez zela legearen aurkakoa esan arren, ez da Nazio Batuetako kide, Errusia aurka baitu. Baina egon, badago Kosovoko Estatua. Praktikan bigarren albaniar estatua da, «Albania Handia» debekatu dietela ikusita. Irlandan ere, gaur-gaurkoz, errazago dirudi Ipar Irlanda independentea Irlanda batua baino. Eta euskal lurraldetasun auzirako B edo C aukera pentsatzeko pistak ematen ditu.

Harira etorrita, Palestinak ostegunean baino nabarmen aitorpen gutxiago lortu ditu Kosovok ia bost urteotan. Baina Kosovo badago, eta Palestinako estaturik ez. Israel «estatu judua» dela onartu behar ei dute palestinarrek, Benjamin Netanyahuk esandakoaren arabera. Israelen ikuspegi baztertzaile eta etnizista hori ahaztuta ere, zein lurralderekin onartu behar dute palestinarrek Israel hori? Nazio Batuei eta Palestinari betiko erantzuna eman die Israelek, kolonia gehiago. Geroz eta estuago Zisjordania, eta ondorioz, ia ezinezko bi estatuen konponbidea. Ikuspegi sionistatik, geroz eta lur gehiago bereganatu ditu Israelek. Baina horrek estatu bakarrera darama halaber, eta hor demografia oztopo zaio sionismoari. Horregatik behar du Israelek «estatu judu», eta ez Palestina-Israelgo lurraldeko biztanle guztiena.

Palestinarren aldarrikapenak onarpen zabala lortu du. Baina Kosovoren ifrentzu legez, aldarrikatu duten estatu hori ez da egiazki. Mahmud Abbasek zenbait udalerritan agintzen duen gobernu ahul bat baino ez dauka; arabiarren lilura Gazan dago.

Eta kurduak? Hiruretan nazio kontzientzia duten bakarrak dira («palestinarrak» sionismoaren emaitza dira, eta «kosovoar» naziorik ez dago). Iraken Kurdistan autonomo burujabea dago, baina Kosovori ez bezala, aliatu estatubatuarrek ez zieten utzi independentzia aldarrikatzen. Bagdadekiko loturak hausten ari dira, Kirkuk hiriarekiko eta petrolioarekiko etengabeko borrokan. Eta petrolio horrek aberastutako armada indartsuak osatu dituzte bai arabiarrek, bai kurduek. Paradoxikoki, Turkia dute aliatu Irakeko kurduek, Maliki xiitaren eta Teheranen itzalaren aurrean.

Otomandar inperio zaharra erupzioan dirauen sumendia da.

BERRIAn argitaratua

2011-12-18

Bildu bandera

San Juango hiri zaharreko sarreran ari ginen bazkaltzen; analista politikoak puertorricarren obsesioa berretsi zidan, egunen batean estatubatuarrek bandera jaistea eta Puerto Rico independente bihurtzea, halabeharrez. «Gerta liteke, inperio handiek ez dute arazorik izaten ordura arte oso garrantzitsutzat jo dituzten lurraldeak uzteko. Britainiarrek egun batean marra bat egin lurrean eta hara, hau Pakistan da, hau India».

Ez berdin, baina antzeratsu, egoki iritzi diotenean, Bagdaden eraitsi dute barra eta izarren bandera. Bildu dute oihala, urteotan 4.500 soldaduren gorpuak legez, denak etxerako. Bertan gorpu direnak, batzuek ehun mila diote, 150 besteek, gerraren aurreko bahimenduak hildako milaka umeak zerrendatik kanpo daude. Saddam Hussein ere hil zuten, bere sarraskietan txikienetakoagatik zigortuta. Anfal kanpainako 180.000 hilek, Halabjako bonbardaketa kimikoak, ez dute epaiketarik arean izan. Horiek denak atzean utzita bildu dute estatubatuarrek oihala, etxean «bagoaz» dirudien doinuan, eta Irakeko gobernuari «ez zaudete bakarrik» itxura eman nahi dion ekitaldi txikian.

Inbasioaren aurka zegoen Barack Obama, baina orduan ez zen presidente. Eta etxeko zikinak etxean garbitu behar direnez, munduari begira «Saddamekin baino hobeto» dagoela gaurko Irak, eta segi aurrera. Argudio erraza baino arriskutsua da, edozer justifikatzeko baliatu baitaiteke.

Eta badago aztertzea egungo Iraki buruz, beharrezko da ziur aski mundu musulmaneko azterketaren baitan kokatzea. Kurduen rola, gehiengo xiitak Iranekin duen harremana, Siria arazoen eragina... horiek guztiak aintzat hartu behar dira. Baina horrek ez du gutxitzen gezurrean oinarritutako legez kanpoko gerrari ekin ziotela George W. Bushek eta bere aliatuek.

Arabiar mundua astindu duen testuinguruak ekarriko du hamarkada berriko Irak ere. Irakik egotekotan, noski. (Hego) Kurdistanek urteak daramatza bere bidea egiten, mendebaldearen aliatu fina izan daitekeela agerian uzten. Eraso sektarioen biktimen babesgune ere bihurtu da, kristau asiriarrentzat esaterako. Baina hara non Abdelkarim al-Luyabi petrolio ministroak berba tabua aipatu berri duen egunotan: «Kurdistanek hautatu beharko du Iraken geratu nahi duen ala estatu independentea eratu».

Orain arte bigarren mailako konpainiekin egin izan dituzte kurduek akordioak petrolioa ustiatzeko. Baina Exxon boteretsuarekin izenpetu dute azkena. Eta Bagdad amorrarazi du erabakiak. Lortu dutenari eusteko unea dute kurduek, haizea alde dabilelakoan, baina Ekialde Hurbilean laster aldatzen dela jakitun.
BERRIAn argitaratua