2013-01-27

Britainiar ereduak

Kataluniak beste urrats bat egin duen egunean, beste albistea Erresuma Batutik iritsi zaigu. Belfastetik, probokazioa barkatzen badidazue. Sinn Feinek uhartea batzeko erreferenduma eskatzea ulergarri ere izan liteke euskal ikuspegitik. Inbidia unionismoak dakar, horratik, erronka zelan onartu duten ikusita. Egiaz, aldaketa mugimendu errepublikanoan gertatu da. Ados, ez da berria, Ostiral Santuko akordioetarako ere barneratuta zeukaten ideia baitzen Sei Konderriek bazutela aski entitate, partizioa errealitatea zela alegia, eta erabakitze eskubidearen eremua aitortu behar zitzaiola. Gogoan izan behar da unionistek Ulster izenez gorpuztu gura zuten errealitateak 1921ko zatiketa zuela oinarri bakar, gehiengo britainiarzalea izango zuen ahalik eremu handiena bermatze aldera. Ulster osoa osatuz gero, katolikoak erraz gehiengo izan zitezkeela ikusita, kanpoan utzi zituzten Cavan, Monaghan eta Donegal —azken hori benetako Ipar Irlanda—, uhartean iparren dagoen konderria baita. Kontuak kontu, Ipar Irlanda errealitate da, eta onartuta dago estatusa bertako biztanleek erabakiko dutela.

Erabakitze eskubidea britainiar tradizioaren baitako oinarrietan sakon errotutako kontzeptua da. Sezesioen aurkako mila argudio eman litezke, baina ez ausartu herritarrei horrelakorik debekatzera. Alde ederra nafarren borondatea argi dagoela behin eta berriz dioen UPNren gobernuarekin; hiru mila laguneko herri batek, Etxarri Aranatzek, independentziari buruzko galdeketa proposatu eta berehala debekatu beharra azpimarratzen. Fribolitatea da agian, unionismoak Ipar Irlandan ekarri duen bazterketa eta samina gogoan hartuta, baina estimatuko litzateke Nafarroako unionistek britainiarrengandik zerbait ikastea.

Britainiar ereduak bere du herritarrei ahotsa ematea. David Cameronek Europako Batasunari buruzko galdeketa proposatu du hurrengo legealdian, euroeszeptikoak gustura geratzeko eran. Timothy Garton Ash Europar gaietako adituak Cameron zoriondu du, baina aurkako motiboengatik: europarzale delako nahi duela galdeketa gogorarazi du. Bidenabar, Angela Merkelek inposatzen duen Europa honi ezetz esatea zilegi den gisan saiatu beharko lukete euskal eta katalan independentistek euroeszeptizismoa uxatzen. Gure errealitate bakarra Europa baita. Latinoamerikan diasporak baino ez dira interesgarri ikuspegi independentistatik. Beste Europa bat posible eta behar da, EBtik kanpo egotea ere aukera bat da —ederto dago Norvegia—, baina europar herriekin bat egitea ideia bolibartarra baino zilegiago da: ez da kolonizazio espainolaren ondorio.

Beste Amerika ezezagun batean eman ditut egunok. Obamaren hitzaldia Antilletako aireportu txiki batean ikusten duzularik, esklaboen ondorengo biztanle guztiak adi-adi jarraitzen uharte batean, mundua txiki ere txiki gelditu dela iruditzen zaizu. Anguilla ez duzue mapa gehienetan aurkituko. Duela berrogei urte pobrezia gorrienean matxinatu ziren hamar mila lagun; gaur munduko aberatsen dolarrak jasotzen dituzte, euren hondartza zurietan eta ur gardenetan igeri egiteko. Bizi-maila polito igo die luxuzko baina hotel handirik gabeko turismoaren aldeko apustuak, masifikaziotik urrun. Baina britainiar lurralde da oraindik uhartea. Hubert Hughes lehen ministroa NBEko deskolonizazio batzordean mintzatu zen iaz, eta erabateko independentzia behar dutela berretsi dute. 1967an Anguillako errepublika aldarrikatu zuten, Londresek Saint Kitts uhartearen administraziopean jarri zuela eta. Erreferenduma irabazi eta St Kittseko Polizia kanporatu egin zuten. Handik urte bira beste galdeketa bat deitu, eta britainiar armadak inbaditu egin zuen, zorionez hildakorik gabe. «Gure historiako une erabakigarria izan zen, etorkizuna geure eskutan hartzen hasi ginena», diost Colville Petty historialariak.

45 urte geroago, Hughesek dio garaia dela bere bidea egiteko, beharrezko dela deskolonizazioa. Nazio Batuak ere bat datoz. Londresek ez lioke 1967ko eragozpenik jarriko, bistan da. Baina argudio horiek guztiak alde izan arren, ez du independentzia berehalakoan aldarrikatuko Anguillak. Herritarren esku utzi gura du lehen ministroak. Eta ez da aukera erraza, libre eta burujabe izateko borondate naturalarekin batera, beldurrak baitatoz: britainiar pasaporteak ate asko irekitzen ditu, EBkoa besteak beste. Duela mende erdiko independentzia prozesuak deskolonizaziotik etorri ziren. Egun, erabakitze eskubidea gailentzen zaio.

Anguillatik Ameriketako estatu txikienera jo dugu, St Kitts eta Nevisera. 1983ko independentziaz geroztik, herrialdeko konstituzioko 113. klausulak munduan ia beste inon onartzen ez den eskubidea aitortzen die Nevis irlako 4.000 biztanleei: federazioa utzita estatu independentea sortzeko aukera. 1998an saiatu ziren, eta 170 boto falta izan zituzten konstituzioak ezarritako %66 lortzeko. Karibea da, Antillak, urruneko kontuak, baina ez da deskolonizazioa, herritarrek etorkizuna erabakitzeko eskubidea da. Sezesioa dibortzioa bezain onartua izan dadin.
BERRIAn argitaratua

2013-01-20

Kolonialismo berria

Unai Aranzadi kazetariak bete-betean asmatu du: atzoko Libiako «askatasunaren aldeko borrokalaria» Maliko «terrorista» bihurtu da gaur. Areago, armak ematen zizkion Frantziak gerra egiten dio orain.

Frantziak herri bati erasotzen diolarik, inbasioa, inperialismoa eta kolonialismoa ageri dira ezinbestean. Zer gertatzen da, baina, herri horretako estatuak eskatu duelarik Frantziaren parte hartzea? Are gehiago, bertako matxinoek ere txalo egiten diotelarik erasoari? Asteartean tuareg independentistek ongietorria eman zioten Frantziari, eta gogorarazi inork baino hobeto ezagutzen dutela Saharako basamortua, eta askatasunerako duten grina inork baino handiagoa?

Badira kolonialismo berri honen analisia konplikatzen duten bestelako azalpenak: Islamiar Magrebeko Al-Qaedak Aljerian egin du Maliko gerraren aurkako errepresalia erasoa. Mendebaldearen aurkako bahiketa, baina Aljeria bera ere badute helburu, bahitzaileek aitortu dutenez. Behin baino gehiagotan Frantziaren esku hartze inperialista salatu duen Aljeriak, izan ere, aire eremua ireki die orain Parisen hegazkinei. Artikulua idazteko orduan, heriotza eta nahasmena dira nagusi Saharan.

Urte bi dira libiarrak borrokan hasi zirela. Urte eta erdi NATOren babesean, Gaddafiren aurkako matxino talde nahasiak —islamistak, amazighak, e.a.—Tripoli hartu zutela. Urtebete Libiako armek Maliko tuaregen matxinada ahalbidetu zutela, eta segidan estatua bera hondoratu, militarren estatu-kolpea eta tuareg independentista laikoen, tuareg islamisten eta arabiar salafisten nahastea Azawaden gailendu zela. Aliantzak hil pare batez iraun zuen doi-doi. Independentistek gogora ekarri zuten orduan, Bamakoko gobernu ustelaz bezainbat nahi zutela libratu Saharako Al-Qaedako sukurtsalez. Baina inork ez zien jaramonik egin. Estatu Batuen agendan egon omen da tuareg karta jokatzeko aukera, baina ez dirudi oso urrun iritsi denik aukera hori. Aitzitik, Aljeriaren ageriko konplizitatea behin eta berriz salatu dute, mugako lanak batzuei errazten eta besteei eragozten. Horrela iritsi gara 2013ko gerrara, atzoko aliatuak gaurko etsai, atzoko borrokalariak gaurko terroristak.

Horrela pizten dira etengabeko kontraesanak. Frantziaren inperialismoa gobernu sozialista baten eskutik dator Afrikara. Duela aste gutxi Aljerian Frantziaren kolonialismoa bidegabea eta izugarria izan zela aitortu zuen François Hollande berak ekarri du Malira gerra. Eta zer esan, zelan ulertu Aljeriak emandako babesa, Maliko Gobernuaren eskari eta ongi etorria, eta soldadu frantsesez betetako tankeei kalean biba eta txaloka agur egiten dieten milaka maliarren irudiak?

Mundua asko konplikatu da. Jarrera antiinperialistak ezin dira eutsi Gerra Hotzaren garaian legez, kolonialismo berriak bestelako formak eta jarrerak dituenez gero. Tuaregen herrian Frantziako erreaktoreek behar duten uranioa dago, Nigerren Malin baino gehiago, baina horrek bakarrik ezin azaldu, behinola legez, gerrari ekitea. Goizeko borrokalaria arrastiko terrorista da. Goragalea eragiten dute ilehori armadunek, Afrika Beltzean bere tankeetan, Afganistanen legez.Baina inork ez du egon nahi liburu baten interpretazio ankerren arabera agintzen duten bizardun psikopaten menpe. Psikopata horiek berak, Sirian eta Libian askatzaile erakusten ditugu. Eta zinez babes eta elkartasuna merezi dutenak, tuareg abertzale laikoak, errebelde kurdu ezkertiarrak (Turkia-Iran-Siriari bezainbat etxeko patriarkatuaren aurka borrokan), islam itsu horren, panarabismo ukatzailearen eta potentzien interesen gatibu geratzen dira.

Antiinperialismoa eta, batez ere, antikolonialismoa, sendo uztartuta dauzkagun sentimenduak dira Euskal Herrian. Baina nazio zapalduetako ordezkariei ez diezaiegun aurpegiratu babesa kanpoan bilatzea; elkarren etsai diren Gobernu-oposizioak berdin-antzean pentsatu ohi dute baina nazio gutxituak zapaltzeko orduan.
BERRIAn argitaratua

2013-01-13

Kurdu-ehizan Europan

Françoise Hollandek Afrikan gerra berri bati argi berdea ematen zion unean, Azawadeko tragediari konponbide koloniala emateko, etxeko sukaldean hiru militante kurdu tiroz hil zituzten. Parisko bihotzean jo dute hiltzaileek. Frantziako Gobernuak harridura eta haserrea agertu ditu; kolonia zaharretara gerra egitera joatea gauza bat da, baina inork ez du maite bere hiriburu dotorera etor daitezen bazterrak nahastera. Eta, hala ere, kurduek lehen unetik salatu dute: «Turkia hiltzaile, Hollande laguntzaile». Mugimendu kurduak zelatatuen daukan etxera inork ikusi gabe sartzeko eta horrelako sarraskia egiteko baliabide asko behar dira.

Ez da kurduen buruzagi bat Europan hiltzen duten lehen aldia. Parisen bertan dago ehortzita ekialdeko (Irango) kurduen buruzagirik kuttunenetakoa. 1946an sobietarren babesean Mahabadeko errepublika aldarrikatu zutenean nerabe zen Abdulrahman Ghassemlou. Laster hartu zuten hiria irandarrek, kurduera debekatu eta Qazi Muhammad lehendakaria urkatu. Egun Iraken menpeko Kurdistan autonomoko lehendakari Masud Barzani errepublika hark iraun zuen garaian jaio zen, Mahabaden.

Abdulrahman Ghassemlou hondamendi haren lekuko izan zen hamasei urterekin. 1979ko iraultzaren ondoren Irango Kurdistango eremu zabala kontrolatu zuten, Iran eta Iraken arteko gerra piztu arte. Hura amaituta, Teheranek kurduekin negoziatu nahi zuela sinetsita zegoen Ghassemlou. Paristik Vienara joan zen negoziazioetara. 1989ko udan beste bi laguntzailerekin batera hil zuten, bilduta zeuden etxean. Haren lekukoa hartu zuen Sadegh Sharafkandi 1992an hil zuten Berlingo Mikonos jatetxean, berriz ere laguntzaile birekin. Parisen ehortzi zituzten haiek ere. Austriarrek hiltzaileetako bi atzeman zituzten, baina libre utzi zieten etxera itzultzen. Alemaniak irandar agente bi atxilotu zituen, eta espetxera zigortu, baina hortxe amaitu zen dena. 2007an askatu eta Iranera bueltatu ziren. Manuel Martorell nafar kazetari eta Kurdistani buruzko adituak gogora ekarri duenez, «Frantziari dagokio orain eraginkortasuna erakustea».

Egia da Iran eta Turkia oso estatu desberdinak direla, kurduen aurkako inperialismoak soilik batzen dituena. Ankara Teheran baino askoz europarzaleagoa izan da eta ez du era horretako hilketarik egin izan (New York Times-ek dioenez, Estatu Batuetako Ankarako enbaxadoreak aitortu du gerrillako buruzagiak mendian hiltzeko proposamena egin zuela Washingtonek, Osama Bin Ladenen antzera, eta Turkiak ezetz esan zuela). Beharrik ere ez, NATOko kide da eta bezero ezin hobe Alemania, Frantzia zein Espainiako arma industriarako. Aski du norbait atxilotzeko agindua ematea, berriki Espainiak egin bezala. Kanarietara iritsi berritan Firat Demirkiran erbesteratua atxilotu zuen, Alemaniak errefuxiatu politikoaren estatutua eman arren. Ez zen Espainiak berdintsu egiten zuen lehen aldia. Remzi Kartal eta Eyyup Doru buruzagi kurduekin berdintsu egin zuten hiru urte. Atxilotu, estradizioa aztertzeko hainbat hilabetez espetxeratu eta gero, halabeharrez —«Europako asiloa dut»— libre utzi.

Turkiak eskuak garbitzen ditu, eta mihia zorroztu. Barne-hilketaren iraina berretsi zuen ostiralean Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak, ordurako mugimendu kurdu osoa batuta egon arren hilketak salatzeko. Egia da aipatu zituela bestelako indarrak ere, turkiar faxismoa indartsu dabil-eta Estatuko aparatuetan. Dozenaka jeneral espetxeratu ditu Erdoganen gobernuak, baina zainak luze oraindik turkiar nazionalismoak. Ostegunean Twitterreko trending topic zen Turkian «Gaur Paris ederrago dago» esaldia.

Nor baino gehiago, zertarako galderak eman dezake erantzunik. Abdullah Ocalan buruzagiaren eta Estatuko ordezkarien arteko balizko hitzarmena filtratu dute egunotan, bakezko konponbidea lortzeko. CHP oposizioko alderdi errepublikano turkiarzalea ere ez da negoziazioen kontra agertu. Eta kurduek dute inork baino interes handiagoa konponbidean. Ezin ahaztu mila lagun baino gehiago hil direla azken urte eta erdian. Roboskiko sarraskiko 35 biktimak gogorarazi berri dituzte. Kurdistango eremu baztertueneko zein Paris erdiko hilei egin diezaieketen omenaldi onena da kurduak errespetatuko dituen bakea lortzea. 90 urteko zapalkuntzaren ondoren, zer gutxiago.

BERRIAn argitaratua.

2013-01-11

Hiru emakume


Laguna goizetan seietan iratzarri dute, eta badakigu goizeko seietan ez dela ezer onik izaten. Hiru gorpu Parisen, Poliziak etengabe zelatatzen duen Kurdistango Informazio Bulegoan. Mugimendu kurduaren etxe ezagunenean hil dituzte Sakine Cansiz, Leyla Soylemez eta Fidan Dogan. Sarritan gertatzen da kurduekin, berbetan hasi eta etxeko kontu ilunenak gogora ekartzea.

«Turkiako Gladio izan da, noski, estatu sakona». Zehatz adierazterik ez den eta hala ere oso ondo uler daitekeen hori da estatu sakona; militarrek, elite ekonomikoek, Fetullah Gulen erakunde erlijiosoak (Turkiako Opus Dei), honek eta hark osatzen dute. «Estatu sakona izan da, baina estatu sakonak lagun asko ditu Frantzian». Urrun dira Danielle Mitterranden babes ekimenak. Aurreko gobernuak Turkiarekin bat egin zuen «terrorismoaren» aurka. Manuel Valls agertu da hilketaren lekuan. Urrian Adem Uzun atxilotu zuen haren Poliziak. KNK Kurdistango Kongresu Nazionaleko buruzagietako bat da Uzun, eta, are larriago, 2009tik 2011ra Oslon Turkiako Gobernuak eta Kurdistango mugimenduak eramandako negoziazioetan izan zen. Kurduentzako elkartasun mezua zekarren atzo Vallsek. Ez luke oso urrun jo beharko hiltzaileak aurkitzeko.

Sakine Cansiz da Kurdistango mugimendu nazionala desberdin egiten duena Ekialde Hurbileko beste edozein erakundetatik. Siria, Libia, Palestina, Egipto... ez dugu ikusi emakumerik armatan. Kurdistango Langileen Alderdiaren sorrerako bileran izan zen 1978an. Preso zen 1980ko iraileko estatu kolpean, eta Diyarbakirgo espetxeko izugarrikeriak jasan zituen. Kurduen Rosa Luxembourg deitu dio Gulten Kisanak BDP alderdiko lehendakariak. «Espetxean Kenan Evren jeneral kolpistari aurpegian tu egiteko ausardia batu zuen». Hamabi urteko espetxealdiaren ondoren, Cansiz ez zen etxera itzuli. Mendira jo zuen, Turkiako armadak lau mila etxe txikitu eta milioika iheslari eragiten zituen urteetan. Gerora milaka neskak egin dute bide hori, Turkiaren zapalkuntzari ihesi, bai, baina baita irauli beharreko tradizio feudalari ere. «Iraultza emakumezkoa da», zioen espetxetik Abdullah Ocallanek 2010ean: «Sozialismo errealarekin eta askapenerako borroka nazionalarekin alderatuta, emakumeen liberazioa klaseen edo nazioen liberazioa baino garrantzitsuagoa dela deritzot».

Ez da erraza Mendebaldean, eta gutxiago Ekialde Hurbilean, erakunde militar batean. Lehenengo gerrillariek kontatzen dute zelan jarri eta kentzen zuten mahaia, eta gizonezko burkideei platerak erretiratu, ohituraz. Sakine Cansiz eta gisakoen ekina etxe barrukoa ere bazen; ez da erraza gizonezkoen gerrillari taldeak emakumezko buruzagia dutela onartzea. Eta hori ere erdietsi zuten.

Dersimdarra zen Cansiz, saminaren paradisukoa. 1937-38an genozidioa jasan zuten, eta 75 urte beranduago militarrez josita daude mendiak, eta meskitak hutsik. Zapi gutxi buruan dersimdar emakumeek. Cansizen feminismotik edan du mugimendu kurduak. Gerraren gorian, behin eta berriz bonbardatutako Licetik Mersin hirira ihesi joandako jazidi familian jaio zen Leyla Soylemez, eta Alemaniako etorkin komunitateetan hazi. Islamaren aurreko sinesmen zaharra da jazidismoa, gaur kurdu gehienak, ofizialki, musulmanak izan arren. Gazterik sartu zen mugimendu kurduan. Fidan Dogan Marasen jaio zen, turkiar faxistek 1978an ehun kurdu baino gehiago hil zituzten barrutian, eta Frantzian hazi. Nerabe zela gazte eta emakume taldeetan hasia, Kurdistango Kongresu Nazionaleko ordezkari zen Parisen.
BERRIAn argitaratua

2013-01-06

Autodeterminazioa, kolonialismoa eta kontraesanak

Independentismoa ezkerrekoa izan ohi dela diote politika zientzietako adituek. Badira salbuespenak, azken urteotako arrakastatsuenak ziur aski. Baina Katalunian, Euskal Herrian, Puerto Ricon zein Eskozian, independentismoak alderdi eta mugimendu iraultzaileetan dauka indar handiena. Egiaz, erronka nagusia sarritan autonomismotik independentziara zalantzan dabiltzan elite ekonomikoak erakartzea da. Independentisten arteko galdeketa eginez gero, beren burua ezkertiartzat izan ohi dute gehienek.

Horrekin lotuta, antikolonialismoaren memoria dago, ezinbestean ezkertiar. Horraino ados egonda ere, XXI. mendean sartuta nagusitu diren demokrazia liberalen ideiekin bat egitean, hainbat arazo azaleratzen dira. Autodeterminazioa, gure testuinguru hurbiletik kanpo, ez da ezinbestean sezesioarekin lotzen; eta azken bost hamarkadetan sortu diren estatuek mesfidati hartzen dute independentismo usaina duen edozer. Metropolitik bereizten den koloniarako balio du, baina kasu, estatu bihurtutako kolonia ohian norbaitek bere bidea egin gura badu. Gutxienean traizioa leporatuko zaie, eta sarritan atzerriko interes ilunak.

«Zuen etorkizuna zuek zeuek hautatu behar duzue, ez guk ez beste inork ez dugu hor hitzik esan behar» entzuten dugularik, maite dugu musika, kantaria oso lagun izan ez arren. Britainiar doinuak dira, eta lehen ere gertatu izan zaigu: Euskal Herrikoa baino askoz zailagoa omen zen Ipar Irlandarako bake-prozesuko zutabeetako bat Azore uharteetako argazki famatuan ere badago, Irakeko gerraren bultzatzaile, Tony Blair da bere grazia.

Orain britainiarra eta kontserbadorea suertatu da erabakitze eskubidearen babesle nagusia. Katalan zein euskal independentistak liluratu zituen David Cameronek, Alex Salmondekin batera erreferendumerako hitzarmena izenpetu zuenean. Aurretik beste bat agindu du, 2013 honetan bertan eta askoz urrunago. Cameronek badaki irabazteko apustua dela: Falkland edo Malvina uharteek britainiar izan gura dutela berretsiko dute martxoan. Orain baina, Euskal Herrian ez da horrelako suhartasunik ageri. Areago, izan da sarean Argentinaren aldeko mezurik.

Arrazoi historikoak edo geografikoak aipa litezke. Arrazoiak arrazoi, baina, badago Cameronek darabilen argudio garrantzitsua, gurean independentismoak erabili duena. Erabakitze eskubidea, alegia. «Uharteetako etorkizuna bertan bizi direnek erabaki behar dute. Aurten erreferenduma izango dute eta espero dut Argentinako lehendakariak entzun eta onartuko duela falklandarrek beren etorkizunerako erabakitzen dutena».

Badakit, badaude argudio antikolonialistak horrelako galdeketen aurka, trikimailuak eta birpopulazioak aintzat hartzen edo independentziarako «berezko» eskubidea aldarrikatzen duena, herritarren borondatearen gainetik ere. Are gehiago, inperialismo berriaren formuletako bat da: puertorricoarrek AEBen erabat integratzea bozkatu arren, errazago da Washingtonek aurkakoa erabakitzea eta puertorricoar gutxik eskatu duten independentzia ematea. Beste horrenbeste iradoki du Ozeano Barean AEBen menpeko den Samoa Amerikarrarekin ere: baduela garaia estatu independentea eratzeko, samoarrek estatubatuar pasaportearekin jarraitzea nahiago luketen arren. Nortasuna garrantzitsua da, baina etorkizuna askatasunez erabakitzeko oinarrizko betebeharrek aseta behar dute. Osterantzean ez dago libreki ebazterik. Eta Samoa eta Puerto Rico legez ikus ditzakegu Martinika, Melilla, Kanariar Uharteak, Mayotte zein Reunion. Nork egin uko europar herritartasunari afrikar bihurtzeko?

Malvinetan, Amerika hegoaldean kokatuta ere, britainiarren ondorengoek osatzen dute biztanleria. Erresuma Batuak soka moztu nahiko balu ere, bertakoek nahiago lukete estatu independentea eraiki eta ez Argentinako zati bihurtu. Eta horrelakoetan, zilegi ote da inork nahi ez duen estatu batera behartzea herritarrak?

«Kataluniak aliatua dauka Cameronekin», esan diote Esquerra Republicanak Espainian duen diputatuari, Alfred Boschi. Horren erantzuna: «Kataluniak aliatua britainiar tradizio demokratikoan dauka». Kosovoko albaniarrak ere hastapen antikolonialistatik AEBen kuttun izatera pasa dira. Morrontza hori barik ere, interes ezkutu eta jukutria guztiekin, erabakitze eskubideak anglosaxoniar ereduko liberalismoan arrazoibide indartsua dauka. Independentismoak Latinoamerikako antikolonialismoarekin daukana baino gehiago.

BERRIAn argitaratua