Sapmi, samien herritik etorritako 33 idazle eta itzultzaileren artzain
nabil egunotan. Bisitatu ditugu Euskaltzaindia, BERRIA, Donostia 2016
eta euskara eta euskal kulturarekin loturiko elkarteak, ezagutu dituzte
gure idazleak, euskaltzaleak, eta Iparraldeko lurretaraino doan zubi
sendoa eraikitzen saiatu gara. Bitxia dute mundu ikuskera, estatuaren
babes eta diru-laguntza handiak dituzte, Norvegian batez ere, baita Sami
Parlamentua ere, baina ia eskumenik ez kulturatik kanpo. Autonomia
—politikoa— eztabaidatik kanpo ei dago, areago, horrelako iruzkin soilak
dardarizoa ei dakarkio gobernuari. «Zuen alde hau guztia egin eta hori
jaso trukean?» edo antzeko jarrera sumatzen dute. Galdetu dute
euskararen aurkako ekimenez, gure konplexutasuna azaldu diogu,
Gipuzkoako Aldundia edo Nafarroako Gobernua aipatu zeinen desberdin
diren gauzak. «Gurean samieraren aurkako diskurtsoak botoak ematen
dizkie zenbait alderdiri, Tromso hirian adibidez, non gutxiengoak garen
samiak». Sami nortasuna etnian oinarritzearen arazoetako bat izan da,
etxean bertan gutxiengoa izatea. Samierazko idazleen elkartea izan da
bisitatu gaituena, berriki, ez eztabaida gutxirekin, balizko ez-samiei
ere ateak ireki dizkiena, samieraz idazten badute. Aldiz, ba omen da
idazle samien —etnikoki samien— elkartea, zeinetan baldintza etnia den
eta idazle askok norvegieraz diharduten. Horrelakoetan poztu egiten gara
berba etnikorik ez izateaz eta euskaldun kontzeptuaren hizkuntza-oinarriaz.
Horietan
genbiltzala, Alex Salmondek Eskoziaren independentziaraino doan bideko
kanpainari ekin dio. Milioi bat lagunen babesaren bila hasi da, bost
eskoziarretik batek izenpetzeko asmoz. Eta ezinbestean, buruko
kalkulagailua konparaziotan hasi da. Gutxi asko, Euskal Herrian 600.000
sinadura biltzea litzateke, edo laurehun mila mendebaldera mugatuz gero.
Baina garrantzitsuena ziur aski, prozedurak beteta eta, ustez,
independentziara doan bide markatua urratuta ere, Edinburgok
mobilizaziorako beharra ikusi izana da. Gobernuaren ekimena edo
aldekotasuna ezinbestekoa da, baina horrek soilik nekez izango du
arrakastarik herritarren arteko interesa eta grina piztu ezean. Gurean,
ziur aski, alderantzizko bidea izango litzateke —herritarren bultzadak
gobernu abertzalea behartu—, baina emaitza bertsua da, galdeketa.
Esanguratsua da, pixka bat hegoalderagoko eskatzeko
ohituraren aurrean, eskoziarrek ez dutela antzekorik egin. Ez diote
behin ere eskatu Londresi estatutik bereizteko eskubidea,
autoderminazioa onartzea. Sektore batzuek aldebakarreko bideak
aldarrikatu arren, asko dira oraindik Euskal Herrian Espainiara begira
egiten diren keinuak. Besteak beste, autodeterminazio eskubidea onar
dezala. Nork berea egitea da giltza, metropoliarekiko loturak etenda
eta, gehienez ere, bien arteko negoziazioan, ez menpekotasunean. Baina
era arriskutsuan hurbildu da Espainia beti soberania auzietara, eta
diktadura ondorengo ia lau hamarkadak ez dute erabat aldatu. Afrikatik
hur, Algecirasko badian Guardia Zibilak egindako mugimenduek, ofizialki
arrantzaleak babesteko izanda ere, tentsioa leherrarazteko arriskua igo
dute. Aski litzateke alderen batengan tentsio horrek goia jotzea sua
pizteko. Baina horixe Espainiak auzi gehienak konpontzeko bidea,
naziotasunari, nortasunari eta burujabetzari dagozkionak batez ere. Ezin
ulertu zergatik besteek ez duten espainiar izatearen zori onaren parte
izan nahi. Eta horretarako limurtzeko ahaleginak hutsal eta azalekoak
dira beti, azenarioaren aldamenean makila ezkutatu ezinik, eta makila
bera gehiegitxotan astintzen. Baina Espainia hondora joan ahala, loturak
moztu beharra geroz eta argiago dago. Paradoxikoki, Eskozian eztabaida
ekonomikoa gailendu arren, bereizi ala ez, eskoziar nortasunaren
piztearen baitan ere egongo da. Jason Sorensenek hala adierazten du: ia
sezesio kasu guztietan, oinarri etnikoa, nortasun berezitua,
ezinbesteko baldintza izaten da, baina horrekin soilik ez da aski
izaten. Nortasun berezitu independentista (EH, Katalunia, Eskozia)
ez-independentistatik (Frisia, Galizia) bereizten duen irizpidea,
laburbilduta, interesa da. Interesa, ekonomia kasurako, independentzia bideko pizgarria, betiere oinarria dagoen lekuan.
Bidenabar,
gure sami adiskideek Dublinera egin zuten duela urte biko bilera,
Irlanda independentera. Iaz Eskoziara, independentziarako bidea guztiz
besarkatu baino lehen. Eta aurten Euskal Herrira, zerbaiten seinale,
agian.
BERRIAn argitaratua
2012-05-27
2012-05-20
Euro Galeusca
Duela hamalau urte argitaratu nuen Euskaldunon Egunkaria-n lehen
artikulua —baina orduko ondare gehiena legez, desagertuta dago saretik
2003tik—. Stephen Frears zinema zuzendariaren trilogiako bigarren filma
aipatzen nuen, The Van (Furgoneta). Lehendabiziko The Snapper-en —hegoaldean, Café Irlandés—
arrakastarik lortu ez arren, Dublingo langile auzo bateko uda kontatzen
duen film horrek badauka eszena gogoangarririk: Belfast balitz legez,
kaleak laranjaz, zuriz eta berdez margotuta daude, oldar abertzale batek
harrapatuta auzunea. Motiboa, Irlandako futbol selekzioa, ezustean,
Italiako Munduko Txapelketara sailkatu izana. Lehen faseko taldean
irlandarrei nor egokituko, eta Ingalaterra. Partida pubetik ikusten
dugu, irlandarren gola, anglosaxoniarren berdinketa. Azkenean, parra,
baina ospakizun izugarria daukate tabernan. Eta hooligankeria abertzale
betean entzuten diogu gizon serio xuhurrari: «Winston Churchill,
Arabiako Lawrence, Elton John, izorrai zuek guztiok!». Komedia sozial
batean politika bete-betean sartu zen, edozein herri txikiren gozagarri.
Une irrigarria da zinez, zentzumenik oinarrizkoenak piztuta futbolaren
eta selekzioen zurrunbiloan guztiz murgilduta. Inoiz baino argiago ageri
du eszena horrek berezko selekzioa izatearen garrantzia. Fribolitate
puntua onartuta ere, soziologo gehienak bat etorriko direlakoan nago,
masa fenomeno sozialak dituen aukerak ukatuak zaizkigula dagokigun
estatuarekin nazionalki bat egiten ez dugunoi. Fribolitate horren
ondorioz, selekzioen aldeko indar xahutzean uzkur ere izan naiz sarri.
«Selekzioa eduki daiteke estaturik gabe ere; hara Gales» argudioa
bestela bainekusan: estaturik ezean, edo hartara bideratutako egoerarik
gutxienean, zertarako selekzioa? Baina, berriz ere, gaur egun kirolak
—futbolak batez ere, tamalez— daukan botere sinboliko eta bateratzailea
aintzat hartu behar da ezinbestean. Bilboaldean alarma bat baino gehiago
zeuden piztuta, azken urteotako etorkinen seme-alabek —umeak ez dira
etorkin, asko hemen jaio dira eta besteak gurasoek ekarri dituzte; eta
noiz arte zaren etorkin galdetzera ere bagaramatza horrek, baina beste
baterako utz dezagun orain hori—, Real Madril eta Bartzelonako
kamisetak, garaileenak, zelan janzten zituzten; munduko talderik
berezienaren habian bertan. Athleticen aurtengo denboraldiak Euskal
Herriarekiko lehen lotura sentimentala eskaini die milaka euskal
herritar berriri Bizkaian.
Eta egunotan irakurri dugu 2020ko Europako Futbol Txapelketa antolatzeko asmoa ere baduela Irlandak... Eskozia eta Galesekin batera. Entsalada zeltiko ederra. Baten batek esango du, berriz ere, kirola eta politika ez direla nahastu behar, baina Hegoaldeko telebistetan, Eurokopa aitzakia sumatzen den hispanokeriaren baitan, ez da kalterako begiratzea zer gertatzen den ez hain urrun: Londresek —Ingalaterrak, Erresuma Batuak, Westminsterrek, britainiar estatuak, deitu nahi bezala—, ez du berba erdirik esan proposamen zeltikoaren aurka. Esaterako, zer demontretan ari diren bere lurraldeko bi erregio atzerriko estatu batekin txapelketa bat antolatzen. Hain gutxi Irlandak, noski, zertan ari den mendeetan zapaldu dituen estatu bateko erregioekin elkarlanean kasu. Gales eta Eskozia nazioak dira, nor bere autonomia maila, bere hizkuntza egoera eta nortasun berezituarekin. Gales, Irlanda eta Eskozia dira, ez Bretainia ordea. An Oriant, Brest edo Roazhon berdin-antzera leudeke Glasgow, Cardiff eta Corken ondoan, kulturaz eta nortasunez. Baina Paris ez da Londres. Eta Madrilek Paris amets, ez Gibraltar kendu eta burla egiten dieten anglosaxoniar liberalak. Baina pertsonak botoa duela eta botoa dela erabakitzeko tresna lar barneratu dugu, eta gutxiegi nazio bakarraren kontua.

2012-05-13
Homofobiak batuta
Duela ez asko, lagun kurdu batekin berbetan irten zen gaia, gurean geroz
eta ohikoagoa zela alkate, diputatu edo edozein kargu publikok
homosexualitatea adieraztea. Besterik da oraindik gizonak izatea
gehienak, eta karguduna bikotekidearekin —emaztea, ia beti— agerraldi
publikoetan taularatzeko ohitura anglosaxoniarra heterosexualitatera
mugatu izana orain arte. «Nik ez dut ezer aurka», izan zen bat zetorrela
esateko bere modua. Esaldi bera, gurean, kontserbadoreek desenkusatzeko
erabili ohi dute, baina bestelako kutsua dauka Kurdistango hiriburuan.
Istanbulen zein Europan jarrera irekiagoak egon ohi dira, Ekialde
Hurbileko bihotzean, ordea, herririk aurrerakoienak ere aurreiritzi eta
presio sozial handiari egin behar dio aurre. Berriki, lehen gay
elkarteak ateak ireki ei ditu Ameden. Urrats txikia deritzonari, ezin
ahaztu Bilbo aski irekian ere duela aste bi egondako eraso lesbofobo
larria.
Eta hara non, Barack Obama ere gay ezkontzaren alde agertu den. Noiz eta, hauteskunde urtean, urrats eta esaldi bakoitza guztiz neurtuta dauden sasoian. Pentsa zitekeen, taktikoki, irabazita zeuzkanak baino gehiago ez zituela lortuko neurri horrekin, eta agian baten bat uxatu ere egingo zuela. Baina kalkuluak, nonbait, besterik dio. Espainian argien, eskuinaren kexu eta espantuak gorabehera, boterea eskuratu eta bere horretan dirau homosexualen ezkontzak. Auzia epaileei utzita garbitu dituzte eskuak. AEBetan legez, erlijioa gidari jartzen delarik, onetik ezin askorik atera. Euskal kazetariren batek dioen legez, alferrik azalduko dizkiozu zure argudioak bereak izan ordez fedea eta fedea baino ez daukanari.
Antzeko zerbait gertatu da munduko beste puntan ere. Ekialde Hurbilean jazo dela esan genezake, edo Asian, baita Europan ere. Ez alferrik, Eurovision bera hartuko du Azerbaijanek hamar egun barru. Baina Iran ez genuke Europan sartuko, ezta? Bada hantxe ere bada Azerbaijan, are gehiago, Kaukasoko estatu independentean baino biztanle gehiago dira Irango Azerbaijanen. Tabriz hiriburuan protesta egin dute asteon iparraldeko ahaideen aurka, Bakuk mendebaldearekin daukan harreman ona dela eta. Bietan turkiar herri xiita izan arren, islamismoa estu hartu dute Aliev aita-semeek, Sobiet Batasuneko garaitik egon diren lehendakariek alegia. Eta Eurovision Bakun ospatzea, Kaspioko petrolioarekin nahasita, Mendebaldeari keinu egiteko era da. Iranek hori salatu du, Bakuk Israelekin daukan laguntasuna bereziki (aurtengo otsailean hainbat kazetarik argitaratutako El retorno de Eurasia —Eurasiako itzulera— liburuan zehatz azaltzen dute lotura bitxi hori). Baina Irango islamistek zergatik protestatuko eta «Israelek hauspotutako gay martxa» egingo omen dela Bakun, musika jaialdiaren aitzakian. Bakuko gazte mendebaldartuek, berriz, antzera egin dute protesta Irango enbaxadaren aurka, Hego Azerbaijanen askatasuna aldarrikatzen bidenabar.
Bitxia, bitxirik izatekotan. AEBetako zein Espainiako lobby ultrakristauak gay ezkontzen aurka, Jainkoaren berba argudio hartuta. Israelen antzera egin izan dute urteotan, Jerusalemgo gay martxei ultraortodoxoek eraso diete. Eta musulman sutsuak ere ez dira juduengandik urrun horretan. Irango fundamentalistek homosexualak aitzakia hartuta ekin diote Azerbaijanen aurka, Israelek kutsatutako zerbait balitz legez. Marka da, gero. Elkar gorrotatzen dute, elkarri gerra egiteko prest, eta elkarrekin mundu gris bera irudikatzen dute, Jainkoa estakuru, nork, nola eta nor maite behar duen esateko ere.

2012-05-06
Bozetara
Hau mundu zoro hau» aipatu genuen urtea amaitzean. Eta udaberriak
aldaketak dakartza gure eremu hurbilenetik inguru zabalxeagora.
Lapurditik Alsaziara, edo Guienatik Korsikara, Europako begiak adi
dituzue, otoitz edo vudu, eskuindarren desmasien amaiera delakoan.
François Hollandek irabazteak baino gehiago, Nicolas Sarkozyk galtzeak
irribarrea handia pizten du Europan barna. Eta hori ez gertatzearen
beldurra parekoa da.
Asteburuko menuaren hastapenean torien porrota zegoen, udal hauteskundeetan. Ken Livingstone laborista (benetako laborista esan nahi dugu, sozialista eta Irakeko gerraren aurkako, esaterako) Londresko alkatetzako ateetan gelditu da. Interesgarria izango zen Olinpiar Jokoetan hain pertsona osoa ikustea, baina Boris Johnsonen estrabagantzia populista doi-doi nagusitu da.
Kontinenteko beste fokua Balkanetatik dator. Greziatik, eskuarki. Esplikazioa ez da hain zaila ere: denak egin du porrot, eta porrotera eraman dutenek porrot egingo dute. PASOK historikoari eta eskuindarrei botoa ematea Angela Merkeli emandako txeke zuria dela jakitun, beste norabait joango dira hautesleak. Eskuin arrazistak gustura egiten du igeri testuinguru horretan, baina inkestek komunisten eta oro har ezkerraren gorakada nabarmendu dute.
Greziaren nortasunetik hurbilen dagoen herrietako bat ere bozetara doa gaur, Serbia. Boris Tadic Europaren kuttunak ia Espainiaren pareko langabezia ekarri dio eslaviar herriari, eta Tomislav Nikolic (behinola erradikal eta Europaren aurkako, aspaldion diskurtso moderatuxeagoz) izan liteke EBrekin eta Kosovorekin negoziatu beharko duena aurrerantzean. Oposizio gutxi izango du, gutxienez.
Eta ekialderako? Europako mugak geografikoak edo kristautasunarenak diren, Armenia sartu edo ez, lehendaria hautatuko dute Kaukaso hegoaldean ere. Errusiaren aliatu historikoak badu aski lan Turkia eta Azerbaijanen artean irauten, azken horri 1993an gerra irabazi eta lurraldearen ia bostena kendu bazion ere. Baina Kaukasoz berba egiteko aitzakia nuen, datozen urte parean geroz eta gehiago agertuko baita hedabideetan: Dagestanen berriz ere atentatu odoltsuak izan dira, Vladimir Putin estatuburu bihurtzetik egun gutxira. Putin izango da Sotxiko 2014ko Neguko Olinpiar Jokoetan presidente, baina Kaukasoko beroa era arriskutsuan ari da hara ere hurbiltzen.
Egiptoarrak egunero ari dira ikusten Mubarak faraoia kanporatzea demokrazia ekartzea baino errazagoa izan zela. Mediterraneoaren iparraldean edozer pentsatuta ere, Magrebeko herrialde askotan demokraziak, gaur-gaurkoz, bizardunak agintera joatea dakar. Marokon gertatu da neurri batean, Tunisian gertatu da, Libian bozik gabe ere gertatu da eta bozen ostean gertatzeko zantzuak badira. Eta horixe Egiptoko gakoa (baita Sirian ere). Irabazi behar lukeena, jendearen babes handiena daukana, lehiatik kanpo uztea seinale txarra izan ohi da. Aljerian hori bera egin zutenean hondamendia ekarri zuen. Ordutik bi hamarkada joan, eta Egiptorekin batera Afrika iparreko herrialde garrantzitsuenean (Mali eta enparauetako auzietarako ezinbesteko pieza), datorren asteko hauteskunde historikoetan ere islamistak faborito. Eta Libian zein Aljerian zein Marokon, gehien borrokatu diren amazighak, jokoz kanpo. Ez dut esango berdin denik ezkerra zein eskuina, baina amazighei, euskaldunei, kurduei edo txetxeniarrei begira, eskumako inperialista baten antz handia duena ezkertiar panarabista bat da. Lagunak Washingtonen, Caracasen, Moskun zein Pekinen izan.

Labels:
Aljeria,
amazig,
azerbaijan,
balkanak,
berria,
Egipto,
grezia,
Kaukaso,
Kosovo,
leku-lekutan,
serbia,
Siria,
Sotxi,
Vladimir Putin
Subscribe to:
Posts (Atom)