2012-05-13

Homofobiak batuta

Duela ez asko, lagun kurdu batekin berbetan irten zen gaia, gurean geroz eta ohikoagoa zela alkate, diputatu edo edozein kargu publikok homosexualitatea adieraztea. Besterik da oraindik gizonak izatea gehienak, eta karguduna bikotekidearekin —emaztea, ia beti— agerraldi publikoetan taularatzeko ohitura anglosaxoniarra heterosexualitatera mugatu izana orain arte. «Nik ez dut ezer aurka», izan zen bat zetorrela esateko bere modua. Esaldi bera, gurean, kontserbadoreek desenkusatzeko erabili ohi dute, baina bestelako kutsua dauka Kurdistango hiriburuan. Istanbulen zein Europan jarrera irekiagoak egon ohi dira, Ekialde Hurbileko bihotzean, ordea, herririk aurrerakoienak ere aurreiritzi eta presio sozial handiari egin behar dio aurre. Berriki, lehen gay elkarteak ateak ireki ei ditu Ameden. Urrats txikia deritzonari, ezin ahaztu Bilbo aski irekian ere duela aste bi egondako eraso lesbofobo larria.

Eta hara non, Barack Obama ere gay ezkontzaren alde agertu den. Noiz eta, hauteskunde urtean, urrats eta esaldi bakoitza guztiz neurtuta dauden sasoian. Pentsa zitekeen, taktikoki, irabazita zeuzkanak baino gehiago ez zituela lortuko neurri horrekin, eta agian baten bat uxatu ere egingo zuela. Baina kalkuluak, nonbait, besterik dio. Espainian argien, eskuinaren kexu eta espantuak gorabehera, boterea eskuratu eta bere horretan dirau homosexualen ezkontzak. Auzia epaileei utzita garbitu dituzte eskuak. AEBetan legez, erlijioa gidari jartzen delarik, onetik ezin askorik atera. Euskal kazetariren batek dioen legez, alferrik azalduko dizkiozu zure argudioak bereak izan ordez fedea eta fedea baino ez daukanari.

Antzeko zerbait gertatu da munduko beste puntan ere. Ekialde Hurbilean jazo dela esan genezake, edo Asian, baita Europan ere. Ez alferrik, Eurovision bera hartuko du Azerbaijanek hamar egun barru. Baina Iran ez genuke Europan sartuko, ezta? Bada hantxe ere bada Azerbaijan, are gehiago, Kaukasoko estatu independentean baino biztanle gehiago dira Irango Azerbaijanen. Tabriz hiriburuan protesta egin dute asteon iparraldeko ahaideen aurka, Bakuk mendebaldearekin daukan harreman ona dela eta. Bietan turkiar herri xiita izan arren, islamismoa estu hartu dute Aliev aita-semeek, Sobiet Batasuneko garaitik egon diren lehendakariek alegia. Eta Eurovision Bakun ospatzea, Kaspioko petrolioarekin nahasita, Mendebaldeari keinu egiteko era da. Iranek hori salatu du, Bakuk Israelekin daukan laguntasuna bereziki (aurtengo otsailean hainbat kazetarik argitaratutako El retorno de Eurasia —Eurasiako itzulera— liburuan zehatz azaltzen dute lotura bitxi hori). Baina Irango islamistek zergatik protestatuko eta «Israelek hauspotutako gay martxa» egingo omen dela Bakun, musika jaialdiaren aitzakian. Bakuko gazte mendebaldartuek, berriz, antzera egin dute protesta Irango enbaxadaren aurka, Hego Azerbaijanen askatasuna aldarrikatzen bidenabar.

Bitxia, bitxirik izatekotan. AEBetako zein Espainiako lobby ultrakristauak gay ezkontzen aurka, Jainkoaren berba argudio hartuta. Israelen antzera egin izan dute urteotan, Jerusalemgo gay martxei ultraortodoxoek eraso diete. Eta musulman sutsuak ere ez dira juduengandik urrun horretan. Irango fundamentalistek homosexualak aitzakia hartuta ekin diote Azerbaijanen aurka, Israelek kutsatutako zerbait balitz legez. Marka da, gero. Elkar gorrotatzen dute, elkarri gerra egiteko prest, eta elkarrekin mundu gris bera irudikatzen dute, Jainkoa estakuru, nork, nola eta nor maite behar duen esateko ere.
BERRIAn argitaratua

No comments: