Hau mundu zoro hau» aipatu genuen urtea amaitzean. Eta udaberriak 
aldaketak dakartza gure eremu hurbilenetik inguru zabalxeagora. 
Lapurditik Alsaziara, edo Guienatik Korsikara, Europako begiak adi 
dituzue, otoitz edo vudu, eskuindarren desmasien amaiera delakoan. 
François Hollandek irabazteak baino gehiago, Nicolas Sarkozyk galtzeak 
irribarrea handia pizten du Europan barna. Eta hori ez gertatzearen 
beldurra parekoa da.
Asteburuko menuaren hastapenean torien 
porrota zegoen, udal hauteskundeetan. Ken Livingstone laborista 
(benetako laborista esan nahi dugu, sozialista eta Irakeko gerraren 
aurkako, esaterako) Londresko alkatetzako ateetan gelditu da. 
Interesgarria izango zen Olinpiar Jokoetan hain pertsona osoa ikustea, 
baina Boris Johnsonen estrabagantzia populista doi-doi nagusitu da.
Kontinenteko
 beste fokua Balkanetatik dator. Greziatik, eskuarki. Esplikazioa ez da 
hain zaila ere: denak egin du porrot, eta porrotera eraman dutenek 
porrot egingo dute. PASOK historikoari eta eskuindarrei botoa ematea 
Angela Merkeli emandako txeke zuria dela jakitun, beste norabait joango 
dira hautesleak. Eskuin arrazistak gustura egiten du igeri testuinguru 
horretan, baina inkestek komunisten eta oro har ezkerraren gorakada 
nabarmendu dute.
Greziaren nortasunetik hurbilen dagoen 
herrietako bat ere bozetara doa gaur, Serbia. Boris Tadic Europaren 
kuttunak ia Espainiaren pareko langabezia ekarri dio eslaviar herriari, 
eta Tomislav Nikolic (behinola erradikal eta Europaren aurkako, 
aspaldion diskurtso moderatuxeagoz) izan liteke EBrekin eta Kosovorekin 
negoziatu beharko duena aurrerantzean. Oposizio gutxi izango du, 
gutxienez.
Eta ekialderako? Europako mugak geografikoak edo 
kristautasunarenak diren, Armenia sartu edo ez, lehendaria hautatuko 
dute Kaukaso hegoaldean ere. Errusiaren aliatu historikoak badu aski lan
 Turkia eta Azerbaijanen artean irauten, azken horri 1993an gerra 
irabazi eta lurraldearen ia bostena kendu bazion ere. Baina Kaukasoz 
berba egiteko aitzakia nuen, datozen urte parean geroz eta gehiago 
agertuko baita hedabideetan: Dagestanen berriz ere atentatu odoltsuak 
izan dira, Vladimir Putin estatuburu bihurtzetik egun gutxira. Putin 
izango da Sotxiko 2014ko Neguko Olinpiar Jokoetan presidente, baina 
Kaukasoko beroa era arriskutsuan ari da hara ere hurbiltzen.
Egiptoarrak
 egunero ari dira ikusten Mubarak faraoia kanporatzea demokrazia 
ekartzea baino errazagoa izan zela. Mediterraneoaren iparraldean edozer 
pentsatuta ere, Magrebeko herrialde askotan demokraziak, gaur-gaurkoz, bizardunak
 agintera joatea dakar. Marokon gertatu da neurri batean, Tunisian 
gertatu da, Libian bozik gabe ere gertatu da eta bozen ostean gertatzeko
 zantzuak badira. Eta horixe Egiptoko gakoa (baita Sirian ere). Irabazi 
behar lukeena, jendearen babes handiena daukana, lehiatik kanpo uztea 
seinale txarra izan ohi da. Aljerian hori bera egin zutenean hondamendia
 ekarri zuen. Ordutik bi hamarkada joan, eta Egiptorekin batera Afrika 
iparreko herrialde garrantzitsuenean (Mali eta enparauetako auzietarako 
ezinbesteko pieza), datorren asteko hauteskunde historikoetan ere 
islamistak faborito. Eta Libian zein Aljerian zein Marokon, gehien 
borrokatu diren amazighak, jokoz kanpo. Ez dut esango berdin denik 
ezkerra zein eskuina, baina amazighei, euskaldunei, kurduei edo 
txetxeniarrei begira, eskumako inperialista baten antz handia duena 
ezkertiar panarabista bat da. Lagunak Washingtonen, Caracasen, Moskun 
zein Pekinen izan.
BERRIAn argitaratua 
No comments:
Post a Comment