Sapmi, samien herritik etorritako 33 idazle eta itzultzaileren artzain
nabil egunotan. Bisitatu ditugu Euskaltzaindia, BERRIA, Donostia 2016
eta euskara eta euskal kulturarekin loturiko elkarteak, ezagutu dituzte
gure idazleak, euskaltzaleak, eta Iparraldeko lurretaraino doan zubi
sendoa eraikitzen saiatu gara. Bitxia dute mundu ikuskera, estatuaren
babes eta diru-laguntza handiak dituzte, Norvegian batez ere, baita Sami
Parlamentua ere, baina ia eskumenik ez kulturatik kanpo. Autonomia
—politikoa— eztabaidatik kanpo ei dago, areago, horrelako iruzkin soilak
dardarizoa ei dakarkio gobernuari. «Zuen alde hau guztia egin eta hori
jaso trukean?» edo antzeko jarrera sumatzen dute. Galdetu dute
euskararen aurkako ekimenez, gure konplexutasuna azaldu diogu,
Gipuzkoako Aldundia edo Nafarroako Gobernua aipatu zeinen desberdin
diren gauzak. «Gurean samieraren aurkako diskurtsoak botoak ematen
dizkie zenbait alderdiri, Tromso hirian adibidez, non gutxiengoak garen
samiak». Sami nortasuna etnian oinarritzearen arazoetako bat izan da,
etxean bertan gutxiengoa izatea. Samierazko idazleen elkartea izan da
bisitatu gaituena, berriki, ez eztabaida gutxirekin, balizko ez-samiei
ere ateak ireki dizkiena, samieraz idazten badute. Aldiz, ba omen da
idazle samien —etnikoki samien— elkartea, zeinetan baldintza etnia den
eta idazle askok norvegieraz diharduten. Horrelakoetan poztu egiten gara
berba etnikorik ez izateaz eta euskaldun kontzeptuaren hizkuntza-oinarriaz.
Horietan
genbiltzala, Alex Salmondek Eskoziaren independentziaraino doan bideko
kanpainari ekin dio. Milioi bat lagunen babesaren bila hasi da, bost
eskoziarretik batek izenpetzeko asmoz. Eta ezinbestean, buruko
kalkulagailua konparaziotan hasi da. Gutxi asko, Euskal Herrian 600.000
sinadura biltzea litzateke, edo laurehun mila mendebaldera mugatuz gero.
Baina garrantzitsuena ziur aski, prozedurak beteta eta, ustez,
independentziara doan bide markatua urratuta ere, Edinburgok
mobilizaziorako beharra ikusi izana da. Gobernuaren ekimena edo
aldekotasuna ezinbestekoa da, baina horrek soilik nekez izango du
arrakastarik herritarren arteko interesa eta grina piztu ezean. Gurean,
ziur aski, alderantzizko bidea izango litzateke —herritarren bultzadak
gobernu abertzalea behartu—, baina emaitza bertsua da, galdeketa.
Esanguratsua da, pixka bat hegoalderagoko eskatzeko
ohituraren aurrean, eskoziarrek ez dutela antzekorik egin. Ez diote
behin ere eskatu Londresi estatutik bereizteko eskubidea,
autoderminazioa onartzea. Sektore batzuek aldebakarreko bideak
aldarrikatu arren, asko dira oraindik Euskal Herrian Espainiara begira
egiten diren keinuak. Besteak beste, autodeterminazio eskubidea onar
dezala. Nork berea egitea da giltza, metropoliarekiko loturak etenda
eta, gehienez ere, bien arteko negoziazioan, ez menpekotasunean. Baina
era arriskutsuan hurbildu da Espainia beti soberania auzietara, eta
diktadura ondorengo ia lau hamarkadak ez dute erabat aldatu. Afrikatik
hur, Algecirasko badian Guardia Zibilak egindako mugimenduek, ofizialki
arrantzaleak babesteko izanda ere, tentsioa leherrarazteko arriskua igo
dute. Aski litzateke alderen batengan tentsio horrek goia jotzea sua
pizteko. Baina horixe Espainiak auzi gehienak konpontzeko bidea,
naziotasunari, nortasunari eta burujabetzari dagozkionak batez ere. Ezin
ulertu zergatik besteek ez duten espainiar izatearen zori onaren parte
izan nahi. Eta horretarako limurtzeko ahaleginak hutsal eta azalekoak
dira beti, azenarioaren aldamenean makila ezkutatu ezinik, eta makila
bera gehiegitxotan astintzen. Baina Espainia hondora joan ahala, loturak
moztu beharra geroz eta argiago dago. Paradoxikoki, Eskozian eztabaida
ekonomikoa gailendu arren, bereizi ala ez, eskoziar nortasunaren
piztearen baitan ere egongo da. Jason Sorensenek hala adierazten du: ia
sezesio kasu guztietan, oinarri etnikoa, nortasun berezitua,
ezinbesteko baldintza izaten da, baina horrekin soilik ez da aski
izaten. Nortasun berezitu independentista (EH, Katalunia, Eskozia)
ez-independentistatik (Frisia, Galizia) bereizten duen irizpidea,
laburbilduta, interesa da. Interesa, ekonomia kasurako, independentzia bideko pizgarria, betiere oinarria dagoen lekuan.
Bidenabar,
gure sami adiskideek Dublinera egin zuten duela urte biko bilera,
Irlanda independentera. Iaz Eskoziara, independentziarako bidea guztiz
besarkatu baino lehen. Eta aurten Euskal Herrira, zerbaiten seinale,
agian.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment