2005-10-18

Zornotzako kronika

2005-X-17ko Garan argitaratua

Aupa, etxebeste!

Jon Martin oiartzuarra izan zen nagusi atzo Zornotzan jokatutakoBertso Txapelketa Nagusiko kanporaketan eta zuzenean lortu zuen finalerdietarako txartela. Xabier Paia algortarra gelditu zen bigarren eta hurrengo txandan izango da ziur asko. Txapelketa Nagusiko giroa zelan berotu den seinale, zaleak pankarta eta guzti agertu ziren. Jon Martinen aldekoak «Aupa, Etxebeste!» zioen. Oiartzuarraren bigarren abizenak hitz-jokorako aukera ematen du.

Jon Martinek urtebetetze oparia hartzera baino ematera zetorrela esan zuen Zornotzan jokatutako kanporaketako agurrean, baina azkenean jaso ere jaso zuen saria: bera izan zen nagusi, eta zuzenean lortu zuen finalerdietarako txartela. Xabier Paia gelditu zen bigarren eta hurrengo txandan izango da bera ere seguru asko. Saioko hirugarrenak, Iratxe Ibarrak, datozen asteburuko puntuazioen zain egon beharko du. Atzoko emaitzak honakoak izan ziren: 712 ,5 irabazleak, 690 Paiak, 669,5 Ibarrak, 659 Miren Artetxek, 635 Oihane Enbeitak eta 613,5 Oihane Pereak.

Zazpiehun lagun bildu ziren Zelaieta Zentroan saioa ikusteko, batzuk pankarta eta guzti. Xabi Paiaren ikasleek “Erdalgunean Chapeldun!!!” zekarrena eskegi zuten. Aldamenean “Aupa, Etxebeste!”, Jon Martinen aldekoa irakur zitekeen.

ZuriƱe Iarritu bilbotarraren esanetara aritu ziren sei bertsolariak. Zortziko nagusiko lehen lana makal hasi zen, eta kosta egin zitzaien gora egitea bertsolariei. Jon Martinek eta Iratxe Ibarrak kantatu zituzten ale politenak. Lehenari aitaren papera egokitu zitzaion, eta bigarrenari beti senide zaharragoen arropak janzteaz gogaituta dagoen alabarena. «Berri-berriak ez dira, baina berriak izandakoak» amaierarekin bidea zabaldu zuen oiartzuarrak, eta «erropetatik hasi behar da nortasuna eraikitzen» jarraitu zuen Ibarrak. Erantzunari erantzuna, «aldatu egin behar zenuke jendeak esan dizuna/ oker ez banaiz nere alaba hori ez da nortasuna», amaitu zuen Martinek, eta bertsoaldia burutzeko «gaur arropekin hasi behar dot honegaz nahiko da gaurko/ baina piercing-a behar dot, aita/ hurrengo ikasturterako» bukatu zuen markinarrak ofizioa.

Hurrengo lana Miren Artetxek eta Oihane Enbeitak osatu zuten. Hendaiarra Txapelketako bertsolari gazteena izan da, eta irudi ona eman zuen. Enbeitak, berriz, gorabehera gehiago izan zituen, zenbait poto tartean, baina lan txukuna osatu zuten, gernikarra kongresu bateko azafataren paperean eta Artetxe bere nagusi. «Zabaldu zure irribarrea/ edo minigona igo» bota zion ofizioan bete-betean sartuta, eta bertsoaldia honela amaitu zuen Enbeitak: «Zure lagunak animatzeko tori nire minigona».

Zortziko txikian gora

Zortziko txikian lehen ofizioa Jon Martinek eta Xabier Paiak osatu zuten eta launa bertso umoretsu eta dotore kantatu zituzten. Gaia: bikotea goxo-goxo dagoela, ohean lotzea proposatu dio Martinek. «Gure ohean lotu nahi zaitut mutila/ baina joan behar dut soka gehiagoren bila» ekin zion oiartzuarrak eta, bidea gehiago zabalduz, kontsoladorearen figura sartu zuen algortarrak. Airean hartuta «ez diezazula eman horrenbeste izu/ ez du ematen baina kabituko zaizu» erantzun zion Martinek. Paia ez zen atzean gelditu: «Hori sartzeko badut beharko den maila/ zurea kabitzea ere ez zen zaila».

Hurrengo lana hiruna punturi erantzutea zuten bertsolariek. Zorionez lau emakume saioan egotea ez da albiste honezkero, baina ama gutxi dago oraindik kantari. Oihane Pereak ez zuen bere eguna izan atzo, «ohera joan eta ezin lorik hartu» puntua emanda, ordea, ale polita utzi zigun amatasuna hizpide hartuta: «Nire txikiak sarri nauenez behartu/ bere negarrak gogoz sarri da oilartu/ hain txikia da eta beharko barkatu».

Kartzelako lanean atzo punturik gehien lortu zuten bertsolari biak nabarmendu ziren. Paiak kantatutako hirugarrena: «Nire bizitzak zu han utzita ez zuen egin hobera/ nire akatsak batu ditut bai jada badauzkat sobera/ baina zeozer ondo egin nahian nahia hori zen gainera/ behingoz egin dut aukera/ behingoz egin dut aurrera/ txirrina hor dago eta astiro noa ni zure atera/ arren atea zabal zaidazu/ bihotzarekin batera».

Jon Martinek doinu berria


Jon Martinen txanda izan zen jarraian, eta agurrean bertan erabili zuen zazpi puntuko doinu berria hautatu zuen atzoko irabazleak. Bertsoaldi osoa izan zen ona, baina azken biak dira nabarmentzekoak, errima ere bikain eramanda: «Nere barruak altxa ezin dun karga haundia darama/ nere alaba ikusi eta arindu nahi nuke zama/ Bilboko kale ilun batean bera ikusteko plana/ egin nuen ta zalantzarekin etorri naiz beregana/ ate bakarrak bereizten ditu oraina eta iragana/ txirrina jo ta ateratzean nere alaba laztana/ nola arraio esango diot ni naizela bere ama?». Azkena, berriz, honakoa izan zen: «Seguruenik hark ezingo du ni hala naiz ta sinetsi/ baina azkenik ebidentzia hortara beharko du etsi/ ezin nau baina nik nahiko nuke modu berean miretsi/ txiki-txikia zen une hartan bainu(e)n nigandik berezi/ atea eta bere bihotza bihurtuko zait hesi/ zer egingo dut barkamenera ez badu bihotza hezi?/ ondo pentsatzen jarri ezkero ez dut batere merezi».

Azken agurrek ere izan zuten ale aipagarririk. Txapelketak txapelketa, Oihane Pereari ez zitzaion ahaztu egokitu zitzaion herriari kantatzea: «Zentral termika jarri dizuete hemen/ porsiakaso bagoaz epaileei amen/ gure ametsak bertan kiskali baino lehen». Xabier Paia hunkituta agertu zen eta entzuleak hunkitzea lortu zuen: «Entzule pentsa momentu batez jaio zinela Algortan/ euskara soilik pegatinetan aurkitzen den herri hortan./ Ta egun batean anaiarekin hasten zarela bertsotan/ Euskal Herriko kultur puska bat hartzen duzula besotan./ Gero jendeak onartzen zaitu hamaika bertso saiotan/ eta Zornotzan bukatzen duzu laudorio ta txalotan./ Horren moduko amets ederrik niri ez zait bete askotan».

Lekunberri, Idiazabal eta Zornotzako saioen ostean, datorren asteburuan Uztaritzen eta Arrasaten argituko da zeintzuk diren aurrera egiten duten beste 7 bertsolariak. Finalerdietako
muga 670 punturen inguruan egongo dela ematen du.

No comments: