2005-10-16

Ispilutxoak apurtuz

(2005-X-16ko Berrian argitaratua)

A
rgentinan hazitako galiziar poeta batek ziostanez, Uruguai Brasilera bidean zegoen bi mila kilometroko tarte hutsa zen, beste ezer ez. Nik bandera zuri-urdina eta eguzkia gogoratzen nituen beti, eta, beste irudirik ekarri ezinik, Bilboko egun sargoria 1994ko Aste Nagusian. Norbaitek zeraman bandera hura, oihalezko bat aurkitu ezinda etxean marraztuta. Uruguaiko herriari esker ona adierazteko zen. Fernando Morroni. Roberto Facal. Elkartasunak izen-abizenak ditu.

1999. Beste euskal herritar batzuk Uruguain. Esku zabalik hartzen ditu gobernuak, haserre herritarrek. Lehen euskaldunak ziren negozioa; gaur urarekin negozioa egitera datoz. Bost urte gehiago, 2004, hauteskundeak. Ezkerra nagusi lehenengoz. Erreferenduma ere bai: beldurren eta mehatxuen gainetik ura egarri denarentzat dela dio herriak, eta ez ordain dezakeenarentzat. Aguas de Bilbao, kanpora. Eduardo Galeanok, Irabazteko arriskuan gaude artikulu bikaina idatzi du: «Bost mende baino gehiago pasa dira Kolonengandik. Noiz arte egongo gara urrea ispilutxoengatik trukatzen?». Bye, bye, euskal lukurreruak.Beste urtebete, 2005eko urria. Titular handien artetik, albiste txikiari erreparatu diot: Tabare Vazquez Uruguaiko presidenteak bertan behera utziko du aurreko gobernuak agindutako Josu Larizen kanporatzea. Iturri batzuetatik ura baino askoz gehiago isurtzen da.

No comments: