2005-10-05

Berbak

Ez dakit euskalduna izateak dakarren hitzekiko obsesioa, ala txikitatik zure ingurunea kanpotik zelan definitu duten irakurtzeak eratutako hesia, baina badaukat hitz bakoitzaren gaineko fijazio moduko bat, diskurtso osoari bezainbat hartarako erabilitako hitzengan erreparatzera naramana. Gero kazetaritza fakultatean behin eta berriz nabarmendu ziguten berba bakoitzaren garrantzia, berba bakoitzaren erabilerak zeure burua han edo hemen kokarazten zuela, eta kontua ez zela objektibotasuna gauza inposiblea zela, baizik hitzek ia beti beren pisua zutela eta kazetariak, objektibo izan ezin eta, zintzoa izan behar zuela gutxienean.

"Irakeko" barik "Golkoko" esan zitzaion lehen gerrari, eta haren ostean hainbat ikastaldek erabili izan du Michel Collon-en "Attention Medias!" liburua (gazteleraz Hiru argitaletxeak ¡Ojo con los media! izenburupean itzulia) iritzi publikoa zelan aldatu ikusteko. Ohituta gaude eta beraz gutxi erabiltzen dira honezkero "efektu kolateral" eta antzekoak, Espainiaren ordez Estatu jartzearena ere aldatu egin da aspaldion (jugadores estatales eta antzekoak irakurri izan ditugu, zein estatutakoak diren zehaztu barik) baina beste batzuk normal erabiltzen dira: AEBetako gobernua da baina Floridatik hegoaldera dagoena "erregimen castrista" da, adibidez edo "euskal preso politiko" berba gogorregi egiten zaien hedabideek "ETAko presoak" darabilte, berdin 18/98agatik auzipetua egon, Egunkariagatik, zein norbait etxean babesteagatik (azken hori kondenatzeko akusazioa "kolaborazioa" bada, argi dago ez dela ETAko kide, izatekotan, haren kolaboratzaile izango da). Baina bereizi behar da preso arruntetatik: eta zer da preso arruntetatik bereizten dituena, ez bada euren izaera politikoa, berdian ETAko kideak zein gatazkarekin lotutako beste motibo batzurengatik preso daudenak?

Harira etorrita, lehengo domekan Afrikaz izeneko zutabetxoa idatzi nuen, Ceuta eta Melilla (eta Kanariar Uharteak) Afrika direla gogoratuz, kontinente batez ari garela, geografia batez, nahiz eta Afrika (eta berdin Europa) kontzeptu geografikoa baino gehiago diren. Rif-a Afrika da, Melilla Europa? Afrika eta Europa bereizten dituen hesia?

Horri lotuta dator kontzeptuen nahasketa, Melillan sartu nahi duten etorkinak/immigranteak, adibidez. Sartu nahi badute, sartu ez diren seinale, eta beraz, oraindik ere emigrante direna. Etxetik lur berrien bila doana emigrantea da, are gehiago, hemen denei emigrante deitu izan zaie orain ez hainbestera arte. Espainiaz kanpotik datozen horiek berriz, immigrante dira ia etxetik irten gabe ere. Arrazismoaren aurkako taldeek, Katalunia aldean bereziki, gogor egin dute lan kazetariok hizkuntza doitu dezagun, lehen xenofobia zantzuak hedabideetatik sor daitezke eta.

Eta zer xenofoboagarik (eta ezjakinagorik) "subsahariano" (edo sortu berri den euskarazko aldakia, Saharaz azpiko) hitza baino? Magrebeko Afrikatik bereizteko sortu zuen norbaitek, nahita edo ez, baina "sub" horrek subkomandantea baino beste "sub" batzuk dakartza gogora: subnormal, subdesarrollo... kasu honetan, ordea, egoera geografiko bati lotuta darabilgu, hau da, Saharaz hegoaldea aipatzeko. Eta geroz eta gehiago erabiltzen dira horrelakoak, Madrilera jaitsi, Gasteizera jaitsi (Bilbo edo Donostiatik, itsas-mailan daudenez, igo egiten da), Baionara igo...

Espainolez "sub" ordez "sud" erabiltzeak konpon lezake zertxobait gauza, oso zuzena izan ez arren, "sudsahariano" Sahara hegoaldea litzateke-eta, Sahela, Sudáfrica Afrika Hegoaldea eta Sudamérica Amerika Hegoaldea diren bezala, ez Saharaz hegoaldera dauden herrialdeak.
Osterantzean, eskualde hori Afrika Beltza izan da beti, baina noski, ez du oso zuzena ematen "hiru magrebiar eta sei beltz" esatea. Negritude mugimenduak izan ziren belztasunak harrotzen lehenak, AEBetako Black Power-ak ere bere egin zuten gutxiesteko erabiltzen ziren "nigger" eta "black" berbak, baina oraindik orain, "coloured" da politikoki zuzena. Gay mugimenduaren antzera, elkarren artean "marikoi" deitzea gauza bat da, eta beste bat kanpotik erabiltzea berba hori.

Amaitzeko, politikoki zuzen izatearen kontu horretan, uneak eta lekuak daukan garrantzia: Alemanian sinestezina zitzaien Euskal Herrian hedabide aurrerakoiek ere ardurarik gabe aldatzea adjektiboak eta Israelgo Armadari Armada judu deitzea, han pentsaezina zaie. Beste horrenbeste ijito/gitano-rekin: frantsesez, alemanez zein ingelesez Sinti eta Roma erabiltzen dira egun eta aurrekoak gutxiesteko berbatzat hartzen dira, gurean baina, elkarte garrantzitsuenetakoak "Iniciativa Gitana" du izena.

Horren haritik, fribolitatez "kausen moda" dei dezakegunera hel gaitezke, berbei baino gizarteko arazoei dagokiena: inoiz gertatu izan zait atzerrian gurean gutxi landu edo eztabaida handirik pizten ez duten gairen baten aurrean zein iritzi dudan galdetzea hango lagunek, herrialde horretan puri-purian baitago gaia, eta beraz, azaletik daukazun iritzi horrekin, horixe, azalean gelditzeko arriskua daukazu, topikoan, kasurik onenean, baina beraiek lotzen dute jadanik erantzun bakoitza jarrera politiko batekin.

Horren traza hartu nion Jean Grenet Baionako auzapezak udan egindako adierazpenei, string-ean dantzatzea eta bortxaketak eta hura guztia. Hegoaldean zalaparta handia bai, baina Ipar Euskal Herrian eta Frantzian eskandalu handirik sortu zen irudipena ez zitzaidan gelditu egun haietako frantses hedabideak irakurriz. Bilbo zein Iruñeko alkateek horrelakorik esanez gero hautsak Espainia osoan harrotuko ziren, ziur aski azken urteotan bortxakeria sexistarekiko sentsibilizazioa askoz handiagoa izan delako. Eta ontzat daukat, ez besterik pentsa, baina horixe azpimarratuko nuke, Piriniotatik Hegoaldera egon ohi diren konplexuen aurrean, hau da, geroz eta iparralderago gizarteko arazoekiko sentsibilitate handiagoa, Europa aurreratuena iparrean topatuz. Polonian lehendakari izateko aukera handiena duten bi hautagaietako batek sekulakoak esan berri ditu homosexualen aurka, antinatura eta antzekoak, baina ziur aski jakitun izango da horrekin ez duela boturik galduko, politikoki ez dela gurean izan daitekeen bezain larria horrelako adierazpenak egitea (PPkoek pentsa dezakete, baina hautagai batek ezin esan hori kanpainan).

Laburbilduz, berbak, jarrerak eta sentsibilizazioak ere Estatuz Estatu doazela, eta zentzu horretan Hegoaldekooi haizeak Espainiatik etorri ohi zaizkigu. Eta ez beti txarrerako, aizue.

No comments: