2005-10-09

Barakaldora, azpititulurik gabe

(2005-X-9an Berrian argitaratua)

Ez dakit zergatik dagoen ahalegin berezi hori gaur hasiko den Bertsolarik Txapelketako finala Bilbon jokatuko dela esateko. Ez litzateke hain jauzi handia ere Donostiatik Bizkaiko hiriburura ekartzea, lehena ez da hain euskalduna ez bigarrena hain erdalduna, eta badago aski giro euskaltzalea hirian. Barakaldok beste pisu bat dauka euskaldunongan, etorkinen arrastoa askoz handiagoa da, euskara galiziera baino gutxiagoa entzun izan da luzaroan hainbat auzotan... beharbada ikuspuntua da, Gipuzkoatik Bilbo ikusiko da erdal giro legez, eta Bilbon Barakaldo. Bortzirietatik Iruñea ikusiko den legez, Iruñean Tafalla eta Tafallan Tutera. Baina ez dut uste saio bat, demagun, Lasarten egin eta Donostian egiten dela esango genukeenik. Baina bide luzea eta bertso gogoangarri asko dago BECera heldu arte.

Esandakoa, ikuspuntu kontua da. Aupa, Etxebeste!-rekin ere, ostiraleko datuak begiratu eta badirudi bazegoela azpititulurik gabeko zinta egiteko aukera... Gipuzkoan. Gainontzeko herrialdeetako datuak ikusirik, asmatu egin dutela esan behar dut. Euskaraz dago filma, dirutza kostatu da eta ahalik jende gehienarengana heltzen saiatu behar da. Bertsolariek aspaldi egin zuten ahalegin hori, askoz zailagoa den esparruan, bat-bateko bikoizketarekin. Pantailapeko lerro batzugatik haserretzea ez dut ulertzen... ez bada haserrea gazteleragatik datorrela, azpitituluengatik baino gehiago.

No comments: