2005-10-26

Habemus Konstituzio

Yankiak eta Irak berriko agintariak pozarren agertu dira, herriak Konstituzioa onartu duela-eta. Luze joko luke okupazio-armada bat kalean dabilela zer erreferendum demokratiko eratu daitekeen erantzuten ibiltzeak, baina teoriaz, ondorioak argiak izan dira: kurduek eta xiitek ahobatez esan omen dute baietz, eta sunniten ezetzak ez du Konstituzioa atzera botatzeko behar zuen indarra izan (hiru probintziatan heren biren ezetza behar zen), nahiz eta ustelkeria salaketak egon. Sunnitenak ez nau harritu hainbeste, baina kurduen artean ere, gauzak ez ei dira hain argiak.

IWPR izeneko institutuak emandako albisteetan irakur daitekeenez, agintari kurduak arduratuta dagoz, ikusita zeinen gazte gutxi joan den bozkatzera. Gogoratzen du 15-25 urte bitarteko gazte kurduak bizitzaren zati handia Kurdistan autonomoan bizi izan direla, gogaituta daudela nagusi diren alderdi bien arteko trapitxeoez, eta ez dutela babestuko orain arteko eskubideak murrizten dizkien Konstituzio bat (emakumeei batez ere) eta kurduen autodeterminazioa onartzen ez duena. Agintari kurduek ere onartu dute: Imad Ahmed Sulaimaniyah-ko lehen ministro eta Kurdistango Abertzale Batasuneko (PUK) buruzagia “alarma-kanpaitzat" jo du gazteen boikota.

No comments: