(2005-X-23an Garan argitaratua)
Amets Arzallus izan da nagusi Uztaritzeko saioan
Gaur Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken kanporaketa jokatuko dute Arrasaten
Amets Arzallusek lortu zuen Bertsolari Txapelketako finalerdietarako laugarren txartela atzo Uztaritzen jokatutako saioan. Gorabehera handiko kanporaketa izan zen, eta gaur Arrasaten kantatuko duten sei bertsolarien zain egon beharko duten arren, hendaiarraren atzetik gelditu ziren lehen hirurek ere badute aurrera egiteko aukera.
UZTARITZE
Orain arteko kanporaketetan bezala, Uztaritzeko Kiroleta pilotalekua ere jendez gainezka egon zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren saioa entzuteko. Jokin Urangak, Onintza Enbeitak eta Fredi Paiak lagunen pankartak izan zituzten, eta txaloka eta oihuka hartu zituzten bertsolari guztiak. Azkenean Arzallusek 708 puntu bildu zituen, Paiak 681, Iñigo Mantzizidor Mantxi-k 677,5, Urangak 676,5, Enbeitak 662 eta Julen Zelaietak 643.
Alaitz Rekondo lesakarraren aginduetara jardun zuten sei bertsolariek. Zortziko nagusian ez zuten dotore hasi saioa, eta bati baino gehiagori urduritasuna igarri zitzaion. Hala ere, txapelketan ohikoak ez diren keinu politak ere azaldu ziren, eta entzuleak eskertzen ditu horrelako tentsio-uneetan saio arruntera hurbiltzeko ahaleginak.
Zortziko txikian gauza politagoak entzun ziren, eta saioaren mailak gora egin zuen. Bizkaitar biek pikardia jarri zioten saioari ezkonberrien paperean. Ezkon-gauean, Paia okina lanera joateko altxatu zen, eta Enbeitak honakoa galdetu zion senarrari: «Tartean ze egingo dut labea piztuta?». Hark «goizean etortzeko izango nauzu gai/ baina ez dut labean beste ogirik nahi» esanez amaitu zuen lana.
Urangari Mantxik ingelesa ikasteko metodoa saldu ziola eta, detaile politak izan zituzten: «Ta hitz egingo dezu very well fandango» bota zion saltzaileak, eta Urangak «soilik esango dizut, orain Mantxi goodbye/ gehiago ez dakit eta ez dakit ez jakin nahi» erantzun zion. Zarauztarrak adarra jotzen amaitu zuen: «Ez det ezer ulertu zer ari zera zu/ deskuidoan inglesez hitzegin didazu?».
Enbeitak oso ondo erantzun zien puntuei, hara «zure haurtzaroari erreparatuta» entzunda botatakoa: «Guztia polita da txar batzuk kenduta/ oraingo ardura danak guztiz urrunduta/ zoriontsu nintzake berriz bueltatuta». Fredi Paiaren lehen bertsoa ere aipagarria izan zen, «txori batek erran dit polita zarela» puntuari honela erantzun baitzion: «Bai bista daukat horrek putreek bezela/ antza aspaldi igo da nire nibela/ hori pentsatzen badu etorri daitela».
Atzoko saioko bertso onenak hamarreko txikian kantatu zituzten Jokin Urangak eta Amets Arzallusek. Koadrila berekoak eta bikotekide asko izandakoak biak, Arzallusek ezin zuen lehen maitasuna ahantzi. Jokinek gogoan ere ez zeukan. Urangak hala ekin zion: «Ez diot begiratzen aldegin zun hari/ baizik eta hurrena izango denari», eta hendaiarrak ale eder honekin jarraitu: «Txoriburuak beti buruan bi txori/ keinu egiten die hamaika bitxori/ eta ez ote zabiltz bidean galtzori/ zuk bitako bat gaizki duzu entzun ongi/ edota memoria edo beste hori?». Azpeitiarrak bikain erantzun zion: «Memoria ta hori dauzkat nik primeran/ ta txoriak bezala hortxe nabil hegan/ maitasun iturritik hartu eta eman/ Amets zuk jakitea hobe dezu aukeran/ pasatako uretik ezin dela edan».
Gaur Arrasaten
Gaur azken kanporaketa jokatuko dute Arrasaten, eta bi aste barru ekingo diete finalerdiei Hendaian. 2001eko sei finalistei (Egaña eta Lujanbio ez beste guztiak) kanporaketetatik sailkatutako hamabi gehituko zaizkie. Bost saiootako irabazleak izango dira, Amaia Agirre, Etxahun Lekue, Jon Martin Amets Arzallus eta Arrasaten gaur garaile suertatzen dena.
Gainerako zazpiak boston atzetik punturik gehien lortu dituzten zazpiak izango dira. Ekaitz Goikoetxea eta Xabier Paia matematikoki sailkatuta daude eta Fredi Paiak ere ia ziur du txartela. Mantxi, Jokin Uranga, Iñaki Gurrutxaga eta Iker Zubeldia datoz atzetik, 677,5tik 672 puntura doan tarte estuan. Horren gainetik kantatu beharko dute gaurko bertsolariek aurrera egin nahi badute.
Bertsolaritzak berezko badu lehia, morboa ere ekarri ohi du horrek atzetik, eta baliteke Arrasateko Amaia antzokia txiki gelditzea gaur bertaratzen diren bertsozale guztientzat.
Kartzelan nork bere bidea
«Arrunt etsita egon zara aspaldian. Azkenean iritsi da espero zenuen gutun hori» gaiarekin kantatu behar izan zuten bertsolariek kartzelako lanean. Aukera asko ematen zituen eta bakoitzak bide bat hartu zuen.
Enbeitak ihesean daukan lagunari bertso hunkigarriak kantatu zizkion, «remite gabe heldu da baina nik badakit zu zarela» edo «ta pozik nago nahiz ta ez jaso sarritan mila holako/ bizi zarena jakite hutsa niretzat dena delako» bezalako amaiera ederrekin. Ordura arte oso ondo ibili zen eta, puntuei begira, azken bertsoan egindako potoak eragotzi zion finalerdietan egotea.
Fredi Paiak ederto ondu zuen istorioa: lehen bertsoan aspaldi atxilotu eta epaitegiko gutuna heldu dela kontatu zuen, «kartzeleratu zein libre utzi arin amaitu dadila» amaituz bertsoa. Hurrengoan ideia hura garatu zuen, «ta itxaroten ta itxaroten galdu dut itxaropena/ gure barruko kartzela hain da iluna eta zekena/ urte hauetan preso izan naiz neronen beldurrarena» bezalako puntuekin, eta azkenean oso txukun biribildu zuen: «Hasperentxo bat irten berri zait goxoa bezain lasaia/ deitu didate, beraz heldu da aldegiteko garaia».
Zelaietak umorea jarri zion lanari, ironiaz betetako bertso zorrotzekin. Hara lehena: «Langabezian probatu ondotik zer den nahi eta ezina/ pote bat ere ezin ordaindu hori bihotzeko mina/ du(e)la urte bat kantatu nuen bertso saio atsegina/ eta gutuna ailegatu zait Lankun faktura, jakina/ ehun euro dira baina aurrera ateratzeko adina».
No comments:
Post a Comment