2005-10-24
Tramontana Bartzelonan
Tramontana urteko sasoi honetan etorri ohi da Katalunia aldera, Mediterraneotik etorri ere. Beti dago autoa errekako ibilguan ahaztu eta itsasoan aurkitzen duenik, baina oro har ohituta dagoz katalanak udagoieneko eurijasetara. Aurtengoari ere itxuroso eutsiko dioten itxaropena daukat, gurean jaramon gutxi egiten dietela iruditu baitzait. Mesetatik, Gaztelatik datorkie ekaitza, eta ez edozelangoa, alajaina! Estatutuaren harira piztu eta orain ez hainbestera arte gurean ezagutzen genituen polemikak eroan dituzte Bartzelona aldera: azkena, gure Korrika eredu hartuta sortu zuten Correllengua bultzatzeko Nou Camp futbol-zelaiko ekitaldia. Ume batzuk Katalan Herrietako mapa hartuta agertu ziren, eta itxuraz ahaztuxe ez ote daukagun manipulazio kanpainari ekin diote indarberrituta dabiltzan espainiar nazionalistek: 1936an naziek Berlinen antolatutako Olinpiadekin konparatu dute, besteak beste.
Ikastolak, euskalgintza eta bestelako gezurrekin bonbardatzen gintuztenean ederto eskertu ohi genuen hainbat toxikazioren artetik mundu zabalean lagunen bat eta oxigeno apur bat topatzea, eta Katalunia izan ohi zen elkartasun apur bat agertu ohi zigun bakarra, orain hain progre ageri den Zapatero PPren estrategiara estu-estu lotuta zihoanean. Ez dezagun ahaztu, batzuk egurra beste alderantz doala ikusita horrelako lasaitua hartu dutela ematen du eta.
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment