2005-10-11

Angie lehendakari

Egia da, argi zegoen eta arraroena ia hilabete pasa izana da, baina azkenean Gerhard Schröder badoa eta Angela Merkel izango da Alemaniako kantziler. CDU eta SPD elkarrekin izango dira gobernuan, gainera, argi utziz azken batean biek ala biek politika ekonomiko antzeratsua bultzatzen dutela krisitik irteteko: langileen (eta batez ere, lanik gabeen) eskubideak murriztu, orain arteko ongizatearen estatuan mozketa gehiago, eta neoliberalismorako hobeto prestatu Alemania.

Ezkerreko alderdia indartsu irten da atakatik, baina SPDk hasieratik utzi zuen argi "deabruarekin" ez beste edonorekin lortuko zuela akordioa. Azkenean, zortzi ministerio izango dituzte sozialdemokratek. Eta inor ipurdi bistan gelditu bada, Berdeak, Ezkerreko Alderdiak aurre harturik eta Gobernutik kanpo, inolako sinesgarritasunik gabe honezkero. Legealdi bi gobernuan, Afganistango gerra bultzatu ostean eta zer lortu duten ikusita, badute bai arduratzeko motiborik.

Gobernu-koalizioa berriz, indartsu, oposizio bakarra ezkerretik daukatela, aski txikia alderdi biek batera daukaten indarra kontuan izanik. Baina horixe bera ere bada arriskua: sasi-ezkerrak eta eskumak bateginik, ia aurkaririk gabe, nondik bideratu herriaren haserrea ezinbestekotzat jotzen dituzten neurriak hartzen dituztenean? Esperimentu berbera duela ia 40 urte egin zuten, 1966an Willy Brandt kantziler izendatuz, eta handik etorri ziren gerra-osteko protestarik bortitzenak, batzu-batzuek armetara ere bideratu zituztenak.

No comments: