2014-11-06

Antifaxismoa eta eskuin muturra, arma-lagunak Donbassen



Abel Riu politologoak eta Marta Ter-ek idatzitako artikulua, katalanez jatorrizkoa eta euren baimenez euskaratua. Riu Sobiet Batasun ohiko eremuan aditua da; Ter txetxenia.org ren koordinatzailea da eta lan handia egindakoa Txetxeniako eta Ipar Kaukasoko errealitatea ezagutarazten. Besteak beste, egile honi ezinbesteko laguntza eman izan dio eskualde hartan lan egin izan duenean.

Joan den igandean, azaroaren 2an, hauteskunde parlamentarioak egin zituzten Donbassen matxino errusiazaleen menpeko eskualdeetan, eta horietan argi eta garbi nagusitu zen Alexander Zakhartxenko lehen ministroaren zerrenda “ofizialista”. Minskeko Protokoloaren baitan irailaren 5ean su-etena adostu bazen ere, borrokek eta su-trukeak eragiten diote oraindik ere eskualde horri, Ukrainatik geroz eta urrunago bai politikoki bai sentimentalki.
Azken hilotan oso eremu ezberdinetako boluntarioak erakarri ditu Donbasseko borrokak, eta hala, Donetskeko eta Luganskeko Herri Errepubliketako (DHE eta LHE) lerroekin bat egin dute hainbat herritako milizianoek, hala nola Serbiak, Txekiar Errepublika, Alemania, Hungaria, Polonia, Italia, Espainia, Frantzia, Grezia, Israel, Brasil, Australia, baita Estatu Batuetatik ere. Bistan da, Errusiatik eta beste errepublika batzuetatik ere bai, Bielorrusia edo Kazakhstan esaterako.
Ez dago kopuru zehatzik zenbat diren eta frontean zein neurritan parte hartzen duten esateko, baina egia da oso multzo anitza dela, eskuin muturretik ezker muturrera doan eremu ideologikoaren zati handia hartzen. Horregatik, talde horien analisia ezinbestekoa da Donbass eskualdean egiten ari den borroka pixka bat hobeto ulertzeko. Nortzuk dira, beraz, talde horiek eta zer ordezkatzen du horietako bakoitzak beren burua sartu duten borrokan?
Ezkerra eta antifaxismoa

Ezkerretik hasita, Ukraina ekialdeko gerrak Europa ekialdeko hainbat militante komunista erakarri ditu, Frantziatik eta Espainiatik esaterako. Kasurik ezagunenetako bat -bai Donbassen bai kanpoan- Rafal Muñoz eta Angel dira, Izquierda Unidako gazterietako militantea bata eta Colectivo de Jóvenes Comunistas-ekoa bestea, biak ere DHEko milizietara batu ziren -zehazki, Vostok batailoira – uda hasieran.
Gaur egun, beste zenbait boluntario espainiar batu dira milizia horietara, eta euretako gehienak CarlosParlomino Brigadan bildu dira; militar neonazi batek 2007an hildako madrildar gazte antifaxistaren omenez eman diote izen hori. Azken hilotan Errusiatik etorritako 200 boluntario komunista ere batu dira (horietako batzuk Errusiako Federazioko Alderdi Komunistako kideak), euretako zati handi bat “Prizrak” (Mamua) batailoira batu dira.
Horiek, bertako borrokalari komunisten taldeekin batera, Donbasseko Guardia Gorria izenekoa osatu dute, eskualdean borrokan diren fakzio komunista eta antifaxista guztiak koordinatzeko asmoz. Hala ere, Errusiako erakunde antifaxista guztiak ez daude Donbasseko matxinonen alde, eta hala, joan den udan herrialde horretako 100 elkarte eta musika-talde antifaxista baino gehiagok sinatutako komunikatu bat argitaratu zen, zeinean azaltzen zituzten gatazkan zeuden bi aldeetako (hau da, Ukrainako gobernua eta matxinoak) ez agertzeko motiboak, bai batzuek bai besteek bi polo inperialistaren interesak ordezkatzen zituztelakoan (AEB eta Errusia).
Espainiako Carlos Palomino brigadako boluntarioak

Donbasseko gerran dihardurten atzerriko boluntarioentzat, beste ezeren aurretik Novorossyako (tsarren garaiko izena berreskuratuz, gaur egungo Ukraineko hegoekialdeko zenbait eskualde izendatzeko) herriaren borroka da faxismoaren aurka (ukrainarra, kasu honetan), eta sarritan Espainiako gerra zibilarekin konparatu dute.
Era berean, amerikar inperialismoaren aurkako borrokatzat hartzen dute, eta euren operazioak Ukrainako lurralde osoa bereganatzeko helburua izatea, eta euren presentzia elkartasun internazionalistaren testuinguruan kokatzen dute. Jarrera honekin bat, Banda Bassotti Italiakoska musika-taldeak Donbassekin elkartasun karabana antifaxista ereantolatu zuen, eta dirua bildu eta bi kontzertu eman zituzten, bata Rostov Don-en eta bestea Donetsk hirian bertan. Paradoxikoki baina, DHEko agintariek zerrenda komunistei parte hartzea debekatu zieten joan den igandean matxinoen esku diren eskualdeetan egondako hauteskundeetan.
Donetskeko Herri Errepublikak izandako lehen buruzagietako bat izandako Miroslav Rudenkoren hitzetan, Frantzia edo Italia edo beste herrialde batzuetako sozialistek “kapitalismoaren eta multinazionalenboterearen aurkako euren borrokaren” zati gisa ikusten dute. “Boluntario atzerritar gehienak idealistak dira, eta horrek lagunduegiten dio gure jendeari borrokarako izpirituari eusten” dio Rudenkok. Hala, ekainerako bertako agintariak berreskuratzen hasi ziren 1936-39ko Espainiako Gerra Zibilean errepublikaren alde borrokatu ziren Brigada Internazionalen ideia. Uztailean egindako adierazpenetan, DHEko lehen ministro izandako Alexander Borodaik berak analogia egin zuen Donbasseko gerraren eta Espainiako gerra zibilaren artean, eta Europa, Ameriak, Asia eta Afrikako herrialdeetako boluntario atzerritarrei dei egin zien Donbasseko euren lerroetara batu zitezen.
Errusiako eskuin muturra
Donbassen badira aipatu ditugun ideologien antagonikoak diren boluntarioak ere eta, paradoxikoki, elkarrekin ari dira Novorossiyaren alde borrokan. Eskuin muturraz ari gara, zeinak, ikusiko dugun legez, badituen jarratzaileak Donetsk eta Luganskeko Herri Errepubliketan.
Errusian, Ukrainako krisiak lurrikara ekarri du talde ultranazionalista nagusien baitan. Talde horietako gehienak Novorossiyaren aldeko dira, baina badira Maidanen aldeko eskuin muturreko taldeak ere. Mugimendu batzuen baitan, gatazka honen inguruko eztabaidak erakundearen eszisioa edo itxiera ekarri du.
Donbassera boluntarioak bidali ohi dituzten Novorossiyaren aldeko Errusiako eskuin muturreko talde nagusiak honakoak dira: Dugin-en Gazte Euroasiatikoak, Sputnik i Progrom, Errusiako Mugimendu Inperiala, Minin iPozharski miliziak, eta neonaziak diren Zenturia Beltza eta Errusiako Batasun Nazionala.
Errusiako Batasun Nazionala erakundeko miliziano-taldeetako bat

Aurrekoetatik, badira Donbassera boluntarioak bidaltzen oso aktiboak diren bi talde: Errusiako Mugimendu Inperiala, eta Errusiako Batasun Nazionala neonazia. Biek “formazio-ikastaroak” eskaintzen dizkiete Donbassera borrokatzera joan gura duten boluntarioei, eta euren web orrialdeetan dauzkaten argazkietan ageri da dozenaka borrokalari bidali dituztela.
Maidan-go matxinadaren alde, Errusiako talde neonazi bat dago, Restrukt, eta Pravy Sektor-en alde egiten du. Taldeko buruzagi zaharretako bat Roman Zhelezniov Azov batailoian boluntarioa da orain. Natsionalnoe Demokratie eskuin muturreko erakundea hasieran Maidanen alde lerratu zen, baina gero kideetako batzuek Novorossiyako indarren alde egin zuten. Hori dela eta, enfrentamendu gogorra piztu zen kideen artean eta, euren webgunean diotenez, oraingoz bertan behera utzi dute jarduna. Azkenik, badira normaltasunez diharduten baina Novorossyako babesari dagokionez barruan zatituta dauden bi talde: DPNI xenofoboa (Immigrazio Ilegalaren Aurkako Mugimendua) eta Demuixkinen “Eslaviar Batasuneko” neonaziak. 
Aipaturiko talde ultranzionalistak heterogeneoak dira eta eskuin muturraren esparruan ideia dibergenteak dituzte. Novorossiyaren defentsa egiteko bi motibo nagusik batu dituzte. Lehenik eta behin, “errusiar mundua” defendatzea -Donbasseko errusiar etnikoek ordezkatzen dutena kasu honetan-, Kieveko gobernuak eraso egin diola iritzita. Bigarrenik, espazio postsobietarraren berreraikuntzaren alde daude, Moskuren hegemonia eztabaidaezinean oinarrituta. Zentzu honetan, 2014ko apirilean egindako elkarrizketa batean Alexander Duginek zioen Ukrainako krisiak “Errusia Handi” baten jaiotza ekarriko zuela, zeinak Errusiako Inperioak hedadura handiena zuen garaian Moskuk kontrolatutako lurraldea hartu beharko zuen.
Duginen planteamenduak bete-betean bat egiten du eskuin muturreko talde neoinperialistekin. Horregatik oso ohikoa da bandera inperialistak eta tsarren irudiak ikustea Donbassen borrokan diren eskuin muturreko milizianoen artean, Nikolas II.aren eta haren familiaren figura gogoan batez ere -Romanov dinastiako azken tsarra.
Talde-sorta honek hiru ezaugarri partekatzen ditu beren ideologiaren muinean: fede ortodoxoaren sinestun sutsuak dira eta, diotenez, hori da Errusia herrialde berezi eta bakarra egiten duen printzipio zibilizatzailea; guztiz antisemita eta xenofoboak dira eta eslaviarren gailentasunean sinesten dute; eta azkenik, mendebaldearen aurkako gaitzespen sakona daukate, historikoki Errusia menperatzen saiatu den etsai nagusitzat hartzen baitute.
Tradizionalismoa, eurasianismoa eta eslaviar laguntasuna
Donbassen diren atzerritarren eremu ideologikoan ere badira talde tradizionalista moderatuak. Kosakoak, esaterako, tsarren Errusian inperioaren mugak zaintzeaz arduratzen ziren erakunde militarrak ziren, eta era berean gizonez hornitzen zituzten tsarraren agindupeko hainbat gerra. Gaur egun badira oraindik kosako-elkarteak Errusian, denak ere Errusiako inperialismoaren baloreetan, gizarte-kontserbadurismoan eta ultraortodoxia erlijiosoan inspiratuta. Krimeako anexioan ere, mila kosako inguru bidali zituen penintsulara Kremlinek, eta horietako hemezortziri ohorezko domina eman zien Putin presidenteak martxoaren 16ko erreferendumaren antolakuntzan segurtasuna zaintzeagatik (apirilaren 23ko Argumenty i Fakty).
Era berean, Ukraina ekialdeko gatazka lehertzean, Don eta Kuban-go kosakoak izan ziren eskualde horretako errusiar etnikoei laguntzen lehenak. Orain bertan boluntario talde handienetakoa dira, eta Errusiako beste eskualde batzuetako kosakoak batu zaizkie, Uraletakoak esaterako.
Donbassen badira halaber Europa erdialde, mendebalde eta Balkanetako hainbat lekutatik etorritako borrokalari-talde tradizionalista eta kontserbadoreak ere. Horietako ezagunena beharbada serbiar txetnik-ek osatutakoa da. Matxino errusiazaleen alde Donbassen borrokan ari den atzerritarren boluntario-talde handienetakoa da (250 kide ere izan daitezke, gehienak Jovan Šević destakamenduan elkartuta). Serbiar borrokalarien inplikazioa errusiarren eta serbiarren anaitasunari egotzi ohi bazaio ere, Zoran Dragišić segurtasungaietako serbiar adituaren arabera diruak ere badu zeresanik esperientziadun mertzenario horientzat, aurretik beste zenbait gatazkatan parte hartu baitute, hala nola Sirian edo Iraken.
Milutin Malisic, Donbassen diren serbiar txetnik paramilitarren talde bateko kide

Atzerriko beste destakamendu ezagun bat hungariarrena da. San Istvanen Legioan bilduta, Errumaniatik, Ukrainako Karpatoetatik eta Hungariatik bertatik datozen hungariar etnikoek osatzen dute. Alexander Duginen teoria eurasianistek eraginda, Putinen Errusian ez dute balore antiliberalen eta tradizionalen defentsarako erreferente bat soilik ikusten, baita aliatu oso garrantzitsu bat ere Hungaria Handia eraikitzeko borrokan; horretarako ezinbesteko urratsa da Ukrainaren lurraldetasuna apurtzea.
Lerro berean dugu Ivan Georgievitx Kundri batailoia, Transkarpatiako, Eslovakia ekialdeko, Hungariako eta Poloniako ruteniar etnikoez osatuta, 400 kide dituela -eurek hitzetan. Ruteniar borrokalarientzat (ekialdeko herri eslaviarra da, Europa erdi eta ekialdeko hainbat herrialdetan banatuta) Donbasseko gerra aukera bat da ekialdeko lau herri eslaviarren batasuna aldarrikatzeko (errusiarrak, bielorrusiarrak, ukrainarrak eta ruteniarrak eurak), eta horregatik, babestu dute batasun neoinperiala burutzeko Moskuren egitasmotzat duten horri babesa eman diote.
Badira eslovakiar boluntarioen presentzia frogatzen duten ebidentziak; Europa erdi eta ekialdeko beste miliziano batzuekin batera borrokan ari dira Donbassen “eslaviar herrien arteko laguntasunaren alde”. Boluntario-talde horiek eta beste batzuek bat egite ndute Alexander Duginek sortutako ideario eurasianistako elementu batzuekin, baina euren burua ez dute hala definitzen. Era berean, Donbassera iritsi dira halaber Duginen eurasianismoa erreferente teoriko nagusi duten atzerriko boluntarioak ere, hala nola Frantziatik (Unité Continentale eta beste batzuk), Italiatik (Millenium erakundea - Europako Alderdi Komunitarista) eta Poloniatik (Falanga erakundea).
"Millenium" Italiako erakunde eurasianistako kideak Pavel Gubarev DHEko lehen gobernadorearekin
 
Donbass esperientzia eurasianista gisa
Donbassen dauden erakunde, alderdi eta talde ideologikoen multzoak agerian uzten du zein neurritaraino eragin duten Alexander Duginen teoriek Errusiako atzerri-politikan eta SESB ohiko errepubliketan gertatzen ari diren gatazka askotan. Eurasianismoa 90eko hamarkadaren hasieran jaio zen, SESB erori ostean Errusiak zeukan hutsune ideologikoa betetzeko asmoa zeukan tresna bezala, eta Eduard Limonov-en nazional-boltxevismoan uztartzen da. Karaganov doktrinarekin eta gisakoekin batera, gaur egun eurasianismoaren elementu teorikoak aurki daitezke Kremlinen atzerri-politikan, baina haren helburua urrunago joatea da.
Laugarren Teoria Politikoa lanean, Duginek “laugarren ideologia” baterako oinarri teorikoak aurkeztu zituen, hau da, egileak zaharkitutzat zituen komunismoaren, faxismoaren eta liberalismoaren errautsetatik sortuko zen ideologia.
Ikuspegi geopolitikotik, eurasianismoa “Errusia Handiaz” haratago doa, eta mosaiko transnazional eta inklusibo gisa aurkezten da, Lisboatik Vladivostokeraino. Maila ideologikoan, Duginek ezkerreko elementu batzuk fusionatzen ditu, antikapitalismoa, antiinperialismo eta antifaxismoa esaterako, tradizionalki eskuinari lotzen zaizkion beste ezaugarri batzuekin, hala nola euroeszeptizismoa edo kutsu kontserbadoreko antiliberalismo soziala, eta atzerri-politikarako oinarrizko elementu den politika identitarioaren kontzepzio bat proiektatzen du.
Duginen diskurtsoaren elementu garrantzitsuenetako bat, zeinak Europako ezkerraren zati handi baten sinpatia ekarri dion, antifaxismoa da; oso presente dago Donbassen faktore legitimatzaile gisa. Hori horrela izanik ere, eurasianismoaren jarraitzaileei zehatz begiratuz gero, ikusiko dugu Errusiako eskuin muturreko erakundeek, edo Europan ideologia horretako alderdiek, hala nola Jobbik-ek, Urrezko Egunsentiak edo Mugimendu Sozial Errepublikanoak, loturak dituzten eurasianismoarekin. Duginen diskurtsoan erakunde horiek inspirazio-iturria daukate, batez ere egitasmo geopolitiko antiatlantista gisa eta balore tradizionaletara itzultzeko modu bezala.
Kontakizun eurasianistaren arabera, Errusia da potentzia antifaxista nagusia beste guztien gainetik, faktore nazional intrintsekoa du, haren historiara lotuta, batez ere Alemania naziarekiko garaipenagatik Gerra Patriotiko Handian (oraindik izen hori du Errusian Bigarren Mundu Gerrak). Hala, antifaxismoa ez da ageri faxismo klasikoaren aurreko erreakzio gisa, baizik eta Errusiako nation-building-erako elementu legez, kanpora ere proiektatu daitekeena. Teoria horren arabera, Errusiarekin bat egiteak bloke antifaxistako kide izatea dakar, eta halaber Errusiaren aurka egoteak faxista izatea.
Azken urteotan, Alexander Duginek gogor egin du lan hurbil dituen erakundeen sarea Errusiako mugetatik haratago hedatzeko, nagusiki Errusiako atzerri-politikarako babesa bilatzeko asmoz. Ahalegin horiek guztiek eman dute fruiturik, eta ez da harritzekoa beraz Donbassen diren erakunde eta ideologien aniztasuna, nork bere motiboak dituela babesa emateko, batzuek euren ekimenez eta beste batzuek gonbidapenez. Novorossiyako milizietan gaur egun komunistak eta neofaxistak, eta eskuin muturra eta ezker muturra elkarrekin horrelako erraztasunez egoteak (erabat pentsaezina litzateke egoera hori duela hamarkada gutxi) adierazten du, gutxienez lurralde horretan, Duginen ametsa itxura hartzen ari dela.












 









 

2014-06-28

I. Mundu Gerra Euskal Herrian

Eneko Bidegainekin batera I. Mundu Gerraz eta Euskal Herriaz egindako erreportajea. Sei mila lagun hil zirela kalkulatzen garaiko lapurtar, zuberotar eta baxenafarren ehuneko hiru, eta 45 urte arteko gizonen ehuneko 20 eta 25 artean.

Gerora ere, gerra amaituta Euskal Herrian izandako eragina aztertu dugu, pentsioen eta bestelako laguntzez bidez, eta herriz herriko hilen monumentuekin.

2014-06-07

Demokrazia (falta), Ipar-Hegoa lotura

(Txatori, inork baino hobeto zekiena Bakio Baiona bezain iparrera dagoela, eta, Matxitxakotik Bokalerainoko irribarrearekin, mugarik gabeko giza kate alaia zelako)

Euskal Herria alderik alde lotuko duen giza katearen aste honetan, herritarren erabakiaren eta demokrazian sakontzearen aurkako neurri garrantzitsu bi ezagutu ditugu euskaldunok bizi garen bi estatuetan.

Espainiako erregeak abdikazioa iragarri du. Era defentsiboan eta 1978an sorturiko sistema politikoa gain behera datorrela egin du, Espainiako historian hainbestetan gertatu den legez. Egin dira hainbat analisi Juan Carlos Borboikoaren adierazpena azaltzeko: azken hauteskundeek monarkiaren sostengu diren alderdien alarmak piztu ote dituzten, Alfredo Perez Rubalcabak PSOE hondora eroanda, hurrengo buruzagia ez ote den hain otzana izango edo, Kataluniako prozesua lehendabizi baldintzatu eta gero bidetik irtenarazteko azken ahalegina ote den. Espainia independentismoari neurria hartu ezinean dago, eta garaipentzat hartuko luke pitzadura txikiena sortzea, konstituzio-erreforma bat aginduta CDC limurtuz gero, esaterako. Oraingoz, baina, ez dago horrelako zantzurik. Artur Masek argi adierazi du prozesua aurrera doala.

Hasierako ustekabearen ostean, abdikazioak Errepublikaren aldekoak aktibatu ditu. Egun historikoak dira estatuburu bakarra ezagutu dugun askorentzat. Gaur-gaurkoz dena lotuta dagoela ematen du, errege-aldaketa ahalik bizkorren gerta dadin. Espainiako kongresuaren %90etik gorako babesa izango du, gainera, baina paradoxikoki legitimazio handi baten falta ere bai. Argi esan diote askok Felipe erregegaiari: estatuburu izan nahi baduzu, galdetu herritarrei onartzen ote zaituzten.

Ideia hori, ezinbestean, hasieran aipatu dugun demokrazian sakontzearekin batera dator, eta hortik erabakitzeko eskubidera bide laburra dago. Gaur egun, Espainiako estatu-egitura herritarrek erabaki behar dutela esaten denean, onartu beharko litzateke errepublika edo monarkia hautatzeaz ari garela, baina baita Estatu horren zati izan nahi duten lurraldeez eta biztanleez ere. Errepublikano zein independentista, erabakitzea, demokrazia da gakoa.

Frantzian, berriz, eskualdeen erreformaren mapa ezagutu dugu. Inprobisazio handia ageri du François Hollanderen egitasmoak, betiere ondorio jakobinoekin: iduri luke, Frantzia errepublikano eta zibikoak ahalegin berezia egin duela kulturaz edo nortasunez hurbil direnak urruntzeko, eta elkarrekin nahi zutenak bereizteko.

Parisek berriz ere entzungor egin dio Nantesek eta Loire-Atlantiquek Bretainiarekin bat egiteari, eta hala, Vichyko gobernuak egin zatiketari eutsi dio. Alsazia aleman hiztuna ere Lorrenarekin urtzea aurreikusten du, Lorrena-Champagne hurragoak batu ordez, eta azken hori Pikardiarekin batu du, Nord-Pas-de-Calais (Flandria-Artois historikoa) ukitu gabe.

Egia da Normandia biak batu egiten dituela, baita Borgoina Franche-Comtérekin ere, Burgundia historikoa eratzeko. Neurri logiko horiek oil mintzairako eta hizkuntza gutxitu gabeko eskualdeetarako baino ez dira, nonbait. Okzitanieraren mugak lausotu egiten dira: Auvernia Rhône-Alpeetako eskualdean urtzen da Lyonen menpe, eta harekin batu beharko lukeen Limousin Parisera begira den Orleans-ekin lotzen du, Centre eta Poitou-Charente-rekin eskualde erraldoia eratzeko —bidenabar, Segolene Royalen Poitou Bordeletik urruntzen du, eta hala Alain Jupperekin lehiatzea saihesten du—. Akitania ez da ukitu, baina Biarnoko hainbat hautetsik adierazi dute Midi-Pyrénées-era hurbiltzeko xedea. Hura, Languedoc-Rossello-rekin batuta, Tolosa indartuko duen eskualdea izan omen liteke. Okzitania izena har lezake eskualdeak —Proventza, Akitania edo Limousingo okzitanoen kaltetan—. Ipar Kataluniak daukan botere apurra ere are ahulago litzateke.

Proposamenak kritika zaparrada jaso du. Mapaz haratago, eskualdeak indartu behar direla esan eta berriz ere dena botere bakarretik ezartzea da. Le Nouvel Observateur-eko Claude Weillek argi adierazi du: «Zein herrialde demokratikotan ikus liteke horrelakorik? [...] Imajinatzen duzue Obama, insomnio-gau baten, hutsetik erabakitzen Carolina biak batzea? [...] nork ez du ikusten, horrela jokatuz François Hollandek bizkarra ematen diola deszentralizazioaren izpirituari berari? Ezin da izan aldi berean girondino eta jakobino».

1969ko erregionalizazio egitasmoak huts egin zuen erreferendumean, eta 1972ko legeak ezarri zituen gaurko 22 eskualdeak. Orain, deszentralizazio deitu diote, baina oso erabaki zentralizatua da. Erreferendumari ere berehala esan dio ezetz Manuel Vallsek: «Beste zerbaiti erantzungo litzaioke, Errepublikako presidenteari buruz erantzungo litzateke, hark jarriko bailuke galdera, eta aurka diren guztiak batzen ikusiko genuke. Presidenteari, gobernuari eta parlamentuari dagokio interes orokorra gailentzea».

Kontua ez da, beraz, Espainian monarkia edo errepublika dagoen edo Biarno Pirinioetara edo Atlantikora begira den. Ipar zein Hego, erabakiak herritarron esku, gure esku behar du.

BERRIAn argitaratua

2014-06-02

Gora bihotzak!


Ia hogei urte dira santutxuar talde batek bertsotara Baionara gonbidatu ninduela. Ez zen saio arrunta izan. Ez dakit zer kantatu genuen, baina bai bidaia iniziatikoa izan zela, geroztik egin ditudan beste edozein bidaiak baino gehiago aldatzeko bizia eta munduko ikuskera. 

Itzuli ginen gerora ere usu, Biltxokoko gau zoroetara, Ibonen akordeoia eta zure xirula lagun, ez dakit nongo kriskitinak... nahi/ahal duenak dakiena egiten sortzen dira herri honek gauzarik bikainenak. Eta han zebilen gaztetxo hau hamazortzi bete barik, Errobi ertzetik kantari, supermerkatuko karroa lagun dena ikas eta xurga, kantu zaharrak, Iparraldeko familiak, kontuak, harremanak... zenbat ikasi, barre haien erdian. Eta beti hor Josuneren ziriak, Josuneren irriak, Josuneren aholkuak gaztetxo herabe hari. Gora bihotzak, behera prakak!

Baziren han barnealdeko euskaldunak, baziren Gau-Eskolako ikasleak, kostaldekoak edo Frantziatik etorriak, baziren iheslariak eta bisitariak... Atea beti zabalik, goizaldeko edozein ordutan itzuli eta txistorra pixka bat erretzeko prest. Gaueko parranda luzea izan ez balitz legez, ordu txiki horietako solas luzeenetara. Txistua ordurako isil baina irria ez. Eta bigarren, hirugarren buelta bat beti. 

Laster jakin genuen GALenak uste baino hurbilagoko kontuak zirela, guk haurtzaro urruneko uneetan gogoratu arren. Eta X jaunaren azken mendeku bihurtu zinen: boterea galdu aitzin, 1996ko hauteskundeetatik bost egunera atxilotu eta berehala Espainiaratuta, ehiza-sari euskaldunen erruleta errusiar horretan. 

Halatsu iritsi Amaiur, eta guk segi etxea betetzen, taldean zein bakarrik. Ez genuen asmatu tamalez eta kontua ez zen Lizarran buka. Eta Iparraldeak bere bideari heldu zion, sator-lan isil eta nekaezinean. Gaur denek dutena aipatzen ikasi nizun, I. Mundu Gerlara behar zela begiratu Ipar Euskal Herrian euskararen galera eta jakobinismoa ulertzeko. Berdin irakatsi historia nola Legasse edo Roland Breton euskaratu, berdin Itxaroren Basilika aholkatu nola hitzaren langile herabe hau dantzan jarri Epaiskako txistuaren doinuan. EHZn basic basque eskolak eta igande arratsean oraindik sormena borbor. Euskal Herrian beste inon eginen ez genituzkeenak Baionak eta zuk pizten zenituzten. Egunkari bat zein bertso-eskola bat zein festibal bat, hasi, egin eta kito. 

Aholku eskatu zenidan Egunkarian hasi berritan, eta adjektiboez-edo ergelkeriren batez gain, zintzo esan nizun, “ni baino askoz formatuago zaude”. Barre egin zenuen, “Baiona Ttipiko tabernez gain zein formazio dugu, bada”, bota zenuen ezin apalago. Hiru hizkuntzak eta beste horrenbeste euskalki baliatzen zenituen, Mamariga, Santutxu, Bakio, Baiona... Mila bidaiatan ere idatziko ez nukeen kronika osatu zenuen Clichy-sous-Bois-etik: “Zer egiten duen galdetu diote kazetariari. Euskal Herritik jina dela entzutean harridura azaltzen dute. Batzuek ez dakite non dagoen ere. Bertze batzuek bi tokietan arazoak daudela diote. «Horrenbeste kilometro egin dituzue gure berri jakiteko?» galdetzen du gazte batek sinesgaitz. Hala ere eskertzen dute hitza ematea. Beren bizia da eta haiek dira protagonistak, onerako edo txarrerako, baina funtzio hori bederen, bete nahi dute”. Deitu militantzia, deitu konpromisoa, edo nik esan nizun legez, formazioa, baina kazetaritza-fakultateetan baino argiago ulertu zenuen albisteetako objektu isil ziren haiek behar zenituela subjektu bihurtu, haien hitzak zirela eman beharrekoak Villepin edo Sarkozyren gainetik.

Beti saiatu naiz begi zorrotz horiekin behatzen mundua. “Zuek irabazten duzuelarik, euskaraz idatziko duzue, ordura arte eman frantsesez helbideak” gaztigatu zizun Postakoak. Eta hain elkor zirudien lurrean ere, lana. Zuberoan ikastolaren zailtasunak, gaskoiniar ondarea, xuketa-ren berezitasuna edo naturaltasun jakobinoarekin lana nola egin.  

Azkenaldian berriz... Oso noizean behin Baionan grabaketaren bat nuela eta BERRIAko atarian berba batzuk, Pyrénées-en kafe bat eta beti presaka biok. Telefonoz eta twitterrez aurrez aurre baino gehiago. Eta zure bertxio bakoitza, sinetsidazu, itzelezko poz bat zen, asko dakien norbaitek oniritzia edo keinu soila egiten dizunean legez. Sarri idatzi ditut artikuluak “Txatok zer esango du” pentsatzen, zalantza uneetan ere auziaren muina aurkituko zenuela jakitun. Lana, bizitza, esperientzia eta intuizioa, analisi bihurtuta. Denak irakurri dizkizut. Hegoaldeko estatugintza katalanean eta Iparraldeko Elkargoarenean, planifikazio teorikotik kontraesan praktikoetara beharrezko bidean, zeu zorrotzetan zorrotz. Itxaropena iritsi da gure herrira, eta inoiz baino beharrezkoago zaigu zure argitasuna hemendik aurrerako urratsetan, elkarrekiko zubietan, hizkuntzaren bideetan.

Galdera asko geratu zaizkit Txato, noizbait egiteko utzirik, unea baliatzen asmatu ezinda. Goizegi joan zara, lan eskerga eginda (baina zenbat egiteko oraindik). Asko eman diguzu. Asko galdu dugu. “Baionan izugarri nabariko da” ziostan lagunak. Eta euskarak, eta herri honek ezin neurtu galdu duena. Denak pixka bat ilunago, zalantzazkoago, lainotuago dagoela ematen du zu gabe, Txato. 

Baina gaur bazkari-modu ederra prestatu digu Fernanek, eta datorren astean biltzean berriz gailenduko da irribarrea. Bihotza triste dugu, baina gora bihotzak.

2014-05-11

Bozetara Kaledonia Berrian

Egun garrantzitsua da gaur Kaledonia Berrian. Frantziaren baitan estatus bereziena daukan lurraldeak hauteskunde probintzialak ditu. Hiru probintzietako 76 ordezkari hautatuko dituzte, eta horien artetik irtengo dira, era proportzionalean, Kaledonia Berriko biltzarreko 54 hautetsiak.

Noumeako akordioen arabera hautatutako azken biltzarra izango da. 1998ko bake-hitzarmen horrekin amaitu zen 80ko hamarkadatik dozenaka lagun hil zituen gatazka armatua. Kaledonia Berria Nazio Batuen deskolonizatu beharreko lurraldeen zerrendatik irten zen, Itsasoaz Haraindiko Kolektibitate gehienek baino eskumen handiagoak eskuratu zituen eta 2014 eta 2018 artean independentziari buruzko erreferenduma egitea adostu zuten. Gaur hautatuko dituzten hautetsien esku egongo da erreferendum hori deitzea. Aurten edo datorren urtean antolatu dezakete, biltzarreko bi herenek hala erabakiz gero. Osterantzean, Parisen esku geratuko litzateke ardura hori, eta 2018an egin beharko luke.

Euskal Herria adinako lurraldea du artxipelagoak, baina milioi laurden lagun baino ez dira bizi. Melanesiar indigenak dira %40, kanakiarrak, eta europar jatorrikoak %30, XIX. mendeko zigor-koloniara ekarritakoen ondorengoetatik hasi (caldoche-ak) eta gerora joandakoetara. Biztanleen herena baino gutxixeago Melanesia, Polinesia (Wallis eta Futuna frantses lurraldekoak asko) edo Asiatik etorritakoak dira.

Hegoaldeko probintzian dago gakoa. Beste biak, iparraldekoa eta Leialtasun uharteak, europar gutxiko eskualdeak dira, kanakiarrak %90etik gora. Horietan dauka, noski, mugimendu independentistak indarra, eta elkarren arteko lehia egonda ere, biltzar orokorrean independentziaren alde elkar hartzeko konpromisoa dute. Baina 65.000 biztanle dituzte probintzia horiek; eta ia hiru aldiz gehiago hegoaldekoak. Noumea hiriburuan eta inguruetan bizi dira artxipelagoko biztanleen hiru laurden. Eta hor gehiago dira europar jatorrikoak kanakiarrak baino.

Gutxiengoan direla jakitun, alderdi independentistek bat egin dute Hegoaldeko probintzian, Roch Wamytan buruzagi historikoaren inguruan. 80ko hamarkadatik lehen aldiz batu dira zazpi alderdi independentistak; egun, Hegoaldeko 40 hautetsietatik lau baino ez dira independentistak, eta Frantziaren aldeko alderdi eskuindarrak dira nagusi. Kopuru hori bikoiztu eta hamarreraino iristeko itxaropena daukate gaurko bozetan. Frantses indarren artean, zatiketa handia dago. Rassemblement pour la Caledonie-ren nagusitasun historikoa (Kaledoniaren aldeko Batasuna, UMPren adarra) kolokan jarri du Caledonie Ensemble zentristako (Kaledonia Elkarrekin) Philippe Gomesek.

Europako hainbat lekutan legez, Kaledonia Berrian ere une erabakigarria hurbiltzen ari da. Nazio Batuetako deskolonizazio batzordeko talde bat martxoan egon zen artxipelagoan; haserretu egin ziren independentisten aurkakoak. Noumeako akordioen arabera, gaurko biltzarreko bozetan —edo erreferendumean— ez dute bozkatzerik izango Frantziako Biltzarrerako edo udal-hauteskundeetarako botoa emateko eskubidea duten zenbait milaka lagunek: Europatik azken urteotan bizitzera joandako funtzionarioek, esaterako, biztanleria ehuneko hamar inguru emendatzea ekarri dute. Baina akordioen arabera, 1998 baino lehen hamar urtez bizi izan zirenek soilik dute Kaledonia Berriko herritartasuna. Deskolonizazioa eta sezesio-prozesu baten arteko ezberdintasunetako bat, hortxe.

Erdia baino gutxixeago, 54 biltzarkideetatik 23 izan dira independentistak gaur arte. Badakite posible dutela 4-5 hautetsi gehiago eskuratzea, eta gehiengoa izatea. 150 urtetan Frantziari atxikitako caldoche nortasuna garatu duten Noumea inguruko herrixketan izuz begiratzen duten ikuspegia da. Frantziak subentzionatuta, Ozeaniako lekurik aberatsenetakoa da Kaledonia Berria, Zeelanda Berriaren gainetik. Baina caldocheen eta metropolitik joandako biztanleen esku dago aberastasun hori, kanakiarrenetan barik. Ekonomia artifiziala dela deritzo independentismoak, menpekotasuna betikotzen baitu. Munduko nikel erreserba garrantzitsuenak ere artxipelagoan daude, eta Estatu independentean orain arteko aberastasunari eustea ahalbidetuko luke horrek.

Estatu berriak sortzeko eztabaida gutxien sortzen duen argumentua da deskolonizazioa. Baina menpekotasun ekonomikoa dagoenean guztiz baldintzatzen du erabakitzeko eskubidea. Aspaldi ikusi zen hori dibortzioaren kasuan: emantzipaziorik gabe, oso zaila da erabakirik hartzea. Ez du alferrik esan Fronte Nazionalak, ahalik bizkorren egin nahi duela erreferenduma. Menpekotasuna betikotzeko.

BERRIAn argitaratua

Renace el hayedo en primavera en Euskal Herria


Udaberrian pagadia lehertzen

Askotan istorio ederrenak etxean bertan ditugu, eta begirada aldatzea besterik ez da kontua.

2014-05-04

Prentsa-askatasunaz

Prentsa askatasunaren eguna genuen berriz ere atzo. Balantzea egiteko unea izan ohi da, munduko hainbat herrialdetan adierazpen askatasunak eta zehatzago kazetariek dituzten zailtasunen berri izateko.

Gertatzen da, baina, zerrenda horiek aski mingarriak direla, bestela ere, hitzarekin lan egiten dugunontzat, baina are gehiago euskaldunontzat. Ia beti horietatik kanpo utzi dituztelako hitzak gure herrian izan dituen erasoak. Behin baino gehiagotan idatzi izan dut gai horretaz. Hamar urteotako ibilbidean, Euskal PENen mundu osoko ehunka lagun ezagutu ditugu. Hizkuntza handienetan dihardutenetatik txikienetan dabiltzanera, antikomunista sutsuetatik ezkertiar iraultzaileetara, adierazpen librearen eta bakearen aldeko oinarriek batuta.

Prentsa-askatasunak nabarmen okerrera egin duela irakurriko zenuten agian, kazetarien aurkako jazarpenak geroz eta larriagoak direla. Batzuk aski ezagunak dira: Siria, Honduras, Kolonbia, Afrika Erdialdea, Txina, Iran... kazetari lanerako daudenik eta arriskutsuenetakoak. Beste batzuk gutxiago aipatzen dira, baina hortxe daude esaterako Estatu Batuak, denon mezuak kontrolatzen, nork nori noiz zer esaten dion, eta horren gaineko txostenak sistematikoki antolatzen.

Informazioaren ehun heroien zerrenda eman du argitara Mugarik Gabeko Erreportarien elkarteak. Horien artean da Gorka Landaburu (zorionak hemendik eta eskerrik asko, Euskal PENen deiari beti fin erantzuteagatik), baita Adnan Hassanpour kazetari kurdua ere. Haien senideak 2008an ekarri genituen Hego Euskal Herriko parlamentuetara, eta pentsatu gura dugu gure aletxoak izango zuela zerikusirik heriotza zigorra ken ziezaioten. Hassanpour preso dago oraindik, horratik, Balutxistango Zahedanen, etxetik bi mila kilometrora. Badira zerrenda horretan beste herri zapaldu batzuetako kazetariak ere, Mireya Manquepillan maputxea, M. V. Kaanamylnathan Sri Lankako tamila edo Israpil Xovkhalov txetxeniarra esaterako.

Euskal Herritik begiratuta, egun berezia da. Mundu osoak balantze negatiboa egin, eta gurean garrantzitsuena da iaz baino kazetari bat gutxiago dagoela preso. Horrek ez du kentzen, baina, Teresa Todak zigor osoa beteta utzi zuela espetxea, Egin egunkariko gainontzekoak giltzapean daudela oraindik eta, are mingarriagoa dena, adierazpen askatasunaren inguruko elkarte gehienek ez dituztela aintzat ere hartzen. Zorionez, PEN salbuespena da horretan. Sei hilabetean behin berritzen den zerrendan badira euskal kazetariak. Duela hamar eguneko liburu-egunean ere, Presoentzako Liburuak kanpainan PEN Ingelesak Teresa Todarengana jo zuen, beste dozena bat egilerekin batera parte har zezan. Tartean, Pussy Riot-eko Nadezhda Tolokonnikova eta Büşra Ersanlı, kurdueraren aldeko unibertsitate-irakasle turkiarra.

Testu indartsua osatu du Teresa Todak: idatzizko hitzak oso tresna indartsuak dira, hainbat zapalkuntza-motarako askabide bihur daitezke: «Pobreziatik, ezjakintasunetik, indarkeria sexistatik, espetxe handi zein txikietatik, bai diktaduretan bai ustez demokratikoak diren gobernuetan. Agian horregatik dute nahiago boterean direnek presoek egunkari sentsazionalistak irakurtzea edo telebistan reality-ak ikustea... munduarekiko ikuspegi kritikoa daukaten pertsona eta herritar hobeak bihurtzeko erabil dezaketen denbora hori gal dezatela.

Irakurtzeak pertsona bezala hazten laguntzen die presoei (...) neuk bizita dakit hori, sei urte eman baititut espetxean kazetari gisa egindako lanagatik, Espainiako Gobernuak itxitako euskal egunkari independente batean. Azaroan irten nintzen, zigorra azken eguneraino beteta».

Zinez merezi duen gutuna da, English PEN webgunean daukazue osorik irakurgai jatorrizkoan, eta Euskal PENen euskaratuta. Egunen baten, Europa mendebaldeko laborategi anker izateari utziko dio Euskal Herriak.

BERRIAn argitaratua

2014-04-27

Krabelinak deskolonizazioan

Berrogei urte euskaldun gehienok bizi garen penintsulan diktadura bat amaitu zutela. Bestean, diktadorea bera hil zen, eta urte eta erdiko aldea baino ez bada ere, oso desberdinak izan ziren prozesuen abiapuntu dira.

«Entre Espanha e o mar», Espainiaren eta itsasoaren arteko dileman hazitako nazioak beti jakin du lurreko mugatik laguntza gutxi zuela. Jose Saramagok (ez ahoskatu gehiago espainolez «Jose» legez, otoi) Bilboko Bidebarrieta liburutegian Jon Alonsorekin Lisboako Setioaren Historia aurkeztu zuenean esan zuen anekdota, oker ez banago: mugaldeko herriren baten (Elvasen ote?) Portugalgo errege guztien estatuak altxatu omen zituzten, eta historiari leial izatekotan, han behar zuen 1580an herrialdea inbaditu eta 1640 arte independentzia kendu zion Espainiako Filipe I.ak ere. Beraz, egin omen zuten Filiperen estatua… baina besteak baino txikiagoa. Portugesen mendeku txikia izan zen. Ordutik-edo, independentzia-egarri handi batekin batera, Espainiarekiko errezeloa hor dago; horrekin batera, espainiarren mespretxu sekularra, maparen mendebaldean sumatzen duten anormaltasun historikoa dela-eta. Patuak edo Jainkoak Espainiako kontzeptu geografikoa erabat politiko bihurtu zuten gaztelar monarkiei penintsula osoa agindu balie bezala. «Ez duzue sinetsiko, baina ez ginen hain itsas-gizon onak. Baina atzean geneukana ikusita, itsasoratzea beste biderik ez geneukala ulertu genuen» diosku lisboarrak.

Mendebaldea ez zuen sekula berreskuratu Espainiak, eta ekialdeko nazioa dabil bere bidea topa guran orain. Lisboan zein Bartzelonan erraz ulertzen dute espainola, Madrilen auzo-herrien hizkuntzak oso gutxitan. Beste detaile bat: hizkuntza gutxiturik gabeko estatu bakarra zirudien Portugalek luzaroan Europar Batasunean, homogeneoena... eta hara non Lisboak 1998an, bere kabuz, mirandesa ofizial izendatu zuen. Asturleoneraren aldaera da, eta Espainian (Asturies eta Leon) ez daukan babesa dauka Miranda do Douro udalerrian. Adibide berak balio du Aran ibarreko gaskoi-okzitanoarentzat (aranerantzat), Katalunian beste inon ez daukan aitortza dauka. Nahi lukete Frantziako okzitanoek eta zein Espainiako beste ibarretako aragoiera-hiztunek horrelako onarpenik.

Itsasoak aliantza historikoa ekarri dio Portugali Erresuma Batuarekin ere. Gaur ere, zuzenean jasotzen dituzte telebista-kate anglosaxoniarrak, azpidatzita. Bestelako lotura ilunagoak izan zituzten Salazarren eta Caetanoren diktadurek Londresekin eta Washingtonekin. Afrikako koloniak matxinada betean zirela ere —Ginea Bissau ia erabat matxinoen menpe, eta Angola odolusten—, Cabo Verde apartheidak aberastu zuen: kontinente osoko boikotaren aurrean, artxipelagoan zuten geltoki nagusia Hego Afrikako ontziek iparraldera bidean.

Mundua aldatu zuen Krabelinen iraultzak. Kissinger surtan zegoen, Espainiako armadaren inbasioa ere mahai gainean egon ei zen. Azkenean, lortu zuten Felipe Gonzalezen eta Mario Soaresen alderdi sozialistak otzantzea eta komunistei gailentzea —Espainian ia beharrik ere ez zen izan, PCEk bandera hori-gorria onartuta. Penintsulatik kanpoko, Afrikako deskolonizazioaren amaiera ekarri zuten independentziek, eta Pretoriako erregimena bakartzea. Angola, Ginea Bissau eta Mozambikeren aldamenean, berezia da Cabo Verdeko kasua. Mario Soaresek onartu zuen duela ez asko, artxipelagoaren independentziaren aurka egon zela. «Asko irabaziko zukeen Cabo Verdek lurralde nazionaleko zati gelditu balitz». Berandu da, baina caboverdetar batek baino gehiagok antzera pentsatzen ei du. Azoreak, Madeira, Kanariak edo, Atlantikoaz beste aldera, Martinika legez Europar Batasuneko lurralde ultraperiferikoa litzateke gaur.

Beti esan dugu inork ez duela atzera egin independentzia kasuetan, baina bada salbuespenik: Komoreen independentzian Mayotte uhartea Frantziari lotuta geratu zen, eta Parisen abarora itzultzeko eskatu zuen 1997an Anjouanek ere. Errepublikak ezetz erantzun zuen. Puerto Ricon independentismoa baino askoz handiagoa da «dependentismoa», AEBetan erabat integratzea, alegia. Baina Washingtonek interes handiagoa dauka Karibeko uharte behartsuaz libratzeko, hura hartzeko baino.

Berriki Iñigo Aranbarrik euskaratu digun Aime Cesairek, negritude mugimendutik, gogor egin zuen Frantziaren aurka 30eko hamarkadatik. Unea iritsitakoan, ordea, uko egin zion Martinika independenteari. Ondo usaindu zuen deskolonizazioaren logika koloniala: metropoliek ezin zituzten milioika afrikar haiek beren estatuetako herritar bihurtu. Ustiatu zituzten hainbat mendez, eta haiez libratzeko unea zen. Orain Espainiaren Ipar Afrikako koloniak txarrantxaz hesitzen dira, kolonia ohietako biztanleak sar ez daitezen.

Sezesionismoa deskolonizaziotik bereiztea komeni da. XXI. mendean, estatua lortzea hobeto bizitzeko bidea da. Eta gaur-gaurkoz, ekonomikoki indartsu direnek baino ezin dute bide hori hartu.

BERRIAn argitaratua

2014-04-20

Macondo eta deportazioa

Santa Martan Bolivarren mausoleoa utzita jo genuen kostaldetik urruntzen zen bide hartatik. Saretu zen zerua furgoneta Aracatacara iristerako, sargoriak leihoak lanbrotuta. Gaboren etxea bisitatu, eta, herrian barne, koleraren garaiko sasoiez, bakardadeko ehun urteez eta Aureliano Buendiaren txokoez mintzatu zitzaizkigun. Tropikoko eztanda basa batek ekarri zuen erauntsia, presarik gabe jendea kaletatik uxatzen duena une baterako. Halako baten putzuen artetik neska bat bizikleta gorri batean, ibilia azkartu barik euripean mela-mela. Beilegi biziko lagun izoztu bat nola, argazki zahar batean.

Venezuelako eta Kolonbiako mugatik wayuu herriaren Guajira penintsulatik joan ginen, PEN idazleen kongresurako Bogotara sartu aurretik. Ordutik, 50 herrialde inguru bisitatu ditut urteotan. Aracatacatik Ivo Andric-en Visegradera, Gustave Le Clezioren eta Wole Soyinkaren Afrikarekin Asia ekialdean bat egitera. Aurretik, Laura Mintegi, Joxemari Iturralde eta beste hainbat euskal idazle ibili ziren Gunter Grass eta gisako sortzaileekin. Duela hamar urte, 2004ko apirilaren 23an ekin genion Euskal PENi, Egunkaria-ren aurkako aurreko urteko erasoak eta katalanen babesak hauspotuta. Gure xumean, euskaraz dihardugunon hitza munduan barreiatzen saiatu gara.

Urteotan lerrootara ekarritako kontu askoren iturri izan dira bidaiotan ezagututako idazleak. Hitza aldarrikatuta ere, mundua ezberdin ikusten du bahraindar poetak eta irandar sortzaileak, torturaren ikertzaile estatubatuarrak eta txetxeniar idazleak, norvegiar ekintzaileak edo puertorricar irakasleak, uigur artistak edo okzitaniar eleberrigileak. Baina denek hitza erabiltzeko eskubidea eta haren aurkako erasoa salatzen dute.

Sarritan bizi dugu euskaldunok errealitate bikoitz bat, munduan adierazteko erraza ez dena. Planetako gutxiengo aberatsetik gatoz, tiraniek zigortutako kazetari edo idazleei elkartasuna eta babesa agertu ohi dieten Europar Batasuneko pasaporteekin bidaiatzen dugu, eta mendebaldean inor gutxik dituen ohar, ebazpen eta arrangurak darabiltzagu. Batzuek zertaz garen kexu diote; gehiago dira, baina, Europako bazter honetan gertatu/gertatzen direnei larriago deritzenak. Adierazpen askatasunaz dokumentala egin zuen haren berbak ekarriz, «tamalez, Myanmarren espero duzu artista bat klandestinoki aritzea, baina ez milioika britainiarrek oporleku duten estatuak kazetariak espetxeratzea».

Ahanztura

Badu idazleak gehienek ahaztu gura zuten egia deserosoa astintzeko lana. Errealismo magikoak badauka bestelako gaitasuna ere, mugak lausotzeko heriotzaren eta bizitzaren artean, dagoenaren eta legokeenaren, eta ametsaren eta amesgaiztoaren artean. Indarkeriak izorratuta erditu zen kontinente horien barrenak atzekoz aurrera jartzeko.

Horrelako geografia iruditeria batera ekarri nau aurtengo apirilak. Lehenago ere ikusi ditugu estatuak sortzen —Kosovo—, eta haien konkista eta desagerpena ospatzen duten Grozniko Vladimir Putin etorbideak. Cesaria Evora aireportuak, duela lau hamarkada ez zen estatu batean egin digu ongi etorri. Gerokoa, badakizue, Grandola Vila Morena, krabelinak eta Angolako gerra, eta Agostinho Neto O Choro de Africa (Afrikako negarra) gogoraraziz poemetan. Askatu berritan, Mandelak Kuba bisitatu eta Fidel Castrori agertutako esker ona ez dute denek gogorarazi aspaldion.

Urrunak diruditen sasoiak dira. Mandela preso zela ekarri zituzten deportatuak Cabo Verdera, Espainiako hegazkin militarrean horietako batzuk. Erbesteko lapurterak goxatutako euskara darabilte oraindik. 70eko hamarkadatik hurrago daude naziotasuna kendu dien estatuaren aurka matxinatu zirenekoa, eta hark euskaldunak munduan barreiatzeari ekin zionekoa. Bai, deportazioa esan, eta deserria edo erbestea edo desterrua, eta 2014tik oso urrunekoak diruditen berbak dira. Jendea Europara erbesteratzen da, ez alderantziz. «25 urte hemen, denbora luzeegia da», esan digute hain antillarra dirudien Mindeloko portuko lankideek. Deportatuentzat ez dago Parot doktrina-rik ez Estrasburgorik. Gure xumean, etxetik dakargun ilusioa adierazi gura dugu, baina krak eta krak egiten du gure esku dagoela esateak ere.

Diasporaren arnasarekin indartu da Kataluniako prozesua. Gurean ere geroz eta gehiago kanpoan lanean dihardutenak Kaliforniatik Argentinara, Dubaitik Pekinera, eta handik amesten duten Euskal Herriari aletxoa jarri. Herri-mina handiagoa da gaurkoa lako egunetan kanpoan zaudelarik. Diaspora, erbestea, deportazioa, denek dakarte urruntasuna, baina ez dira berdin mintzo. Euskal Herritik jende asko doa mundura. Ihesi joan zirenak, indarrez eraman zituztenak berriz, badatoz astiro-astiro. Ohe hutsak geroz eta gutxiago. Eta hori bera, deportatuaren beldurra ere: ohe huts asko zirelarik ahanztura sentitu zuten legez, oheok bete eperik gabeko kondena jaso zutenez ahaztuko ote garen. Mende laurden milaka kilometrora. Nortasunak hangotik ere hartzea, baliteke. Baina euskaldunak direla ahaztu barik. Euskaldunak ez balira, ez leudeke hemen.
BERRIAn argitaratua

2014-04-13

Pirinioetatik Kurdistanera, eskia


Eskia Euskal Herritik iritsi da Kurdistanera, Igor Urizarren eta Nafarroako Tigris elkartearen ekimenez. Aurrera begira ere, baztertutako eskualdeak garatzeko bide izan liteke:


Desde Erronkari hasta el Kurdistán

O como el esquí ha llegado al Kurdistán desde los Pirineos, de manos de un profesor de Durango. La iniciativa puede dar algunas pistas para desarrollar algunas comarcas abandonadas por los poderes estatales de la región.

2014-04-12

"Gureek" espaloitik jaitsarazten gaituztenean

Euskalgintza eta euskaltzaleak ez dira inoiz kaletik urrun ibili. Leku batzuetan (ekialdean) mendebalde autonomoan baino gehiago irten behar izan du protestara azken urteotan, baina Erkidegoan ere ez da mugimendurik falta aspaldion: EHEk “Ez gara espaloitik jaitsiko” lelo ederrarekin egin zuen aldarrikapen eguna Gasteizen, eta atzerriko inposizio, debeku eta auzipetzeengatik protestak deitu zituzten atzo.

Espainiak hartu duen bide zentralistaren ondorio da, udalen autonomiari erasotzea eta euskara normaltzeko bidean adostutako neurriei helegiteak jartzea. Protesta beharrezkoa da, euskarak nekez egingo zukeen aurrera kaleko pultsuari eutsi ezean, baina berehalako helbururik ez dago lortzerik: inoiz esan izan dudan legez, Frantziak bere jakobinismoan badu malgutasunik, eta Iparraldeko euskaltzaleak eredu izan dira berriz ere suprefetak Beskoitzen atzera egin dezan. Espainia baina, atrofiak jotako munstroa da orain bertan, Estatu haren ordezkariari helegiteetan atzera eginaraztea baino errazagoa da Estatu hori bera uztea. Argi esan dezagun: udalen edo beste edozein erakundetan Espainiak muturrik ez sartzeko modu bakarra -eta geroz eta egingarriagoa, eskerrik asko Katalunia- sezesioa da. Euskal estatu bat sortu, eta egoki irizten diegun neurriak hartu euskara benetako estatu-hizkuntza bihurtzeko. Eta hor hasten zaizkit zalantzak pizten. Atzoko protestek konponbide bakarra dute: Espainiako estatutik irtetea eta euskal estatu berri bat sortzea. Baina estatu horrek zer egingo lukeen errezeloak ere ezin uxatu. Aspaldion inoren kalte ez liratekeen zenbait neurri ezin harturik ikusten baititut gure hautetsi eta agintari independentista zenbait.

EUSKAL ESTATUA (ETA ERDALDUNAK)
Ezaguna da Txillardegirena: estatua ez da euskara salbatzearen berme, baina estatu-falta bada haren heriotzaren ziurtagiri. Bigarren alde bat ere badu horrek, horratik: euskarak estatua behar du, baina sezesioak erdaldunak behar ditu. Gurpil-zoroa hori da: Euskal Herria euskalduntzeko estatua behar, baina euskal herritarren % 70 erdalduna izanik, haien babesa behar.

Horregatik, diskurtsoak doitu egin behar dira. Gezurrik ez esan, Euskal estatuak euskara izan behar du estatu-hizkuntza, baina erdal hiztunek eskubide guztiak izango dituztela bermatuta. Batzuetan geure teilatuetara harriak botatzeko joera daukagu, eta euskararen erabileraren inguruan dagoen diskurtsoak horretatik asko duelakoan nago: euskararen egoera (txarra) euskaldunon errua da, ez dugulako erabiltzen. Ez izan zalantzarik, sezesioaren bidean serio aurrera egiten badugu, besteak beste euskararen mamua haizatuko dutela unionistek: “euskal estatuan derrigorra izango da euskara ikastea”, “euskaraz ikasten ez dutenak kanporatu egingo dituzte”, eta antzeko mehatxuak. Herritar guztientzako estatua behar dugu, argi barneratu behar dugu hori. Euskarak estatua behar du, baina erdaldunen babesik lortu ezean ez da euskal estaturik izango. Diskurtso barneratzaile oso doitua erabili beharko da.

Erabileraren diskurtso arriskutsuaren ordez (euskararen osasun makala hizkuntza ez darabilgun euskaldunona da, administrazioak bideak jarri bai eta guk gero erabili ez), beste leku askotan ez dagoen errealitatea onartu behar dugulakoan nago: milaka erdaldunek euskararen aldeko apustua egin dute, batzuek euren buruak eta ia denek seme-alabak euskalduntzearen alde egin dute eta, beste herri batzuen aldean (Frantziako nazioetan, Irlandako hainbat lekutan), euskarazko irakaskuntzak gurasoen atxikimenduari esker egin du aurrera. Beraz, herri honetako gehiengo zabal batek euskalduntzeko daukan borondatea ez nuke gutxietsiko. Hortik aurrera, oztopoak asko dira: hizkuntza komunikazioa da, hegemonikoa den hizkuntza handi bat daukagu, eta denok dakizkigun arazo errealak daude.

ESTATUA ETA KEZKAK
Estatuak eta haren legediek muga batzuk ezartzen dizkiote euskararen normalizazioari: esate baterako, Espainiako dendetan diren produktu guztiek espainierazko etiketatua behar dute, baina ez euskarazkoa. Estatua dugularik, beste estatuen gisan ezarriko dugu (espero), Euskal estatuan merkaturatzen diren produktuek euskarazko etiketa izan beharra. Gaur hori eginez gero, berehalakoa litzateke Estatuaren helegitea, hainbat udalen euskara-eskakizunen aurka ezarri duten legez.

Baina besterik ere ikusten dut: Estatuaren inposizioaren aurrean eta hura salatu beharrez, ez garela ezer esaten ari gure erakundeek har ditzaketen neurri errazak hartu ez eta euskaldunak baztertzera jotzen dutenean. Eta kezka, hortik: zer egin gure erakundeek jaitsarazten gaituztenean espaloitik? Espainiako Estatuaren aitzakiarik ez dutenean, euskal estatua eraikitzean, ez ote dute berdin egingo? Zergatik ez dira hartzen inolako helegiterik ekarriko ez lituzketen neurriak?

Administrazioa, udalen harremanak eta horrelakoak beste eremu batzuetan aski landutakoak direlakoan, ikusentzutekoen eremua dut berriz ere hizpide. Aisialdiaren garrantziaz jakitun, inor edozein hizkuntzatan lasai murgildu eta bizitzeko, hizkuntza horretan gozatu behar duelako, aisialdia eta plazera hizkuntzan horretan egindako esperientziek ekarri behar diote. Etxeko edozein hizkuntza edozein dela ere, Estatu Batuetara bizitzera doazen umeei berehala bihurtzen zaie lehen hizkuntza ingelesa, etxean besteren bat jasota ere.

ESPAINIERA SUSTATZEN GURE ERAKUNDEETATIK
UEMAko udalerrietan ditu euskarak gure arnasguneak. Euskaraz biziko direla adierazi dute publikoki behin baino gehiagotan. Baina gero sartu gara Tolosa, Ondarroa, Bermeo, Zarautz, Azpeitia eta beste udal batzuetako kultur etxeetako zinema-karteldegietara... eta espainolez jasotzen dute mundua (Azpeitiko gaztetxea salbuespena, biba zuek). Gure arnasguneetan ere, espainola da munduarekin lotzeko mintzaira. Euskarazko salbuespenak, jatorriz euskaraz diren filmak dira. Are gehiago, arestian aipatutako udaletako pare batean gutxienez, umeentzako zinema ere egoten da, eta espainolez hori ere. Zinema komertziala espainolera bikoiztuta, zine-foruma espainolezko azpidatziekin, haurrei espainol bikoizketarekin. Horixe gure arnasguneetako panorama. Eta inori ez dio kontraesanik sortzen. Euskaraz bizi nahi dugu, baina ez beti-beti nonbait, tarteka espaloitik jaistea ere ez dago txarto.

Akaso esajeratzen ari naiz, akaso ez dauka konponbiderik ikusentzunezkoen mundu globalizatuan, baina zuloa daukan botilaren itxura hartzen du, gure bizitzetan geroz eta garrantzi handiagoa dauzkate ikusentzutekoetarako salbuespena ezinbestekoa dela onartzen badugu. Beste edozein kultur-adierazpenen gainetik baitago, eta beste guztiak barne hartzen dituzte eguneko telebistako lau orduek.

Baten batek esan lezake aski arazo dutela zinema-aretoek bestela ere, baina udal aretoez ari naiz, udaletatik kudeatutako programazioez. Eta beste horrenbeste berriki aipatu ditudan zinema-festibaletan: udalek antolatu edo sustatutakoak, eta euskararik bat ere ez. Donostian Giza Eskubideen lehiaketako filmetatik bi baino ez euskaraz azpidatzita. Hau da, Udalak kultur egitasmo bat antolatu, eta euskaraz edo gutxienez bi hizkuntzatan egin ordez, espainol hutsez egitea erabakitzen du. Funtzionamendua argi azaldu ziguten Zinegoak-ekoek, gurean dagoen festibal ausartenetako bati kritika egin genielarik euskararen leku eskasagatik:


Hau da azpidaztearen ardura festibalak berak hartzen du, eta espainol hiztunentzat egitea erabakitzen du, eta euskal hiztunentzat ez egitea. Hori bera nabarmentzerakoan, are argiago aipatu ziguten:


Eztabaidak puntu positiboren izan bazuen, zintzotasuna izan zen. Baina agerian gelditu da hor jazotzen denak ez daukala inongo zentzurik; itxura guztien arabera, gainontzeko festibaletan berdin izaten da. Hau da, gure udalek ematen duten laguntzarekin, espainolezko azpidatziak sortzen dira; baina hori bai, prest daude, finantziazioa igoko balitz, euskarazkoak ere egiteko. Beraz, gure erakundeetatik ordaintzen den diruarekin espainola sustatzen da, eta euskara baztertu. Logikoena, denon dirua hizkuntza ahula sustatzeko baliatzea litzateke, eta filma aurkezten duena arduratu dadila espainolera itzultzeaz. Azpidatzi horiek, espainolezkoak, gerora ere baliagarri izango baitzaizkio beste festibal batzuetan. Baina ez, abertzale xuri zein gorriek, salbuespena egiten diete zinemaldiei. Donostian eta Bilbon, deitu zinema ikustezina edo Giza Eskubideena, bietan espainolez jakitera behartzen, bilbotarrek/donostiarrek ez eze sevillar batek ulertzeko eran, baina ez baigorriarrak. Short Term 12k Giza Eskubideena irabazi duela jakinarazi zuten atzo. Bertako herritarrek festibala antolatu eta ordaindu eta beren hizkuntzan ezin ikusi film irabazlea, horixe gure errealitatea.

Bikoizten dituzte programak, eta behar izanez gero, aparteko euskarazko zikloa edo montatuko dizute, argi uzteko hori bera, apartekoa zarela. Lehendabizi kulturaz arduratuko gara, eta gero euskaldunei emango diegu euskarazko kultura. Apartekoa. Geuk ere espaloitik jaitsarazten ditugula ohar ez daitezen.

Euskarak prestigioa, erabilera, gozamena behar ditu. XXI. mendean, ikusentzunezkoak orain arte ez bezala zabalduko dira, telebistan, interneten eta hainbat euskarritan. Dena ez da euskaratuko, dena espainolez ematen ez den legez, hain da handia ekoizpena. Baina euskaldunok kontsumitzen dugun ikusentzutekoa, Europaren batez bestekoa bada, asmatu beharko dugu gure hizkuntzan ematen, inor espainolera behartzen ibili barik. Areago, geuk antolatzen ditugunean ekimenak. Normalak bagina bezala.

2014-04-08

Irakurketa moduko bat V. Mapa Soziolinguistikoaz

Lehendabiziko datua: esanguratsua egin zait pesimismo orokortua; datu nabarmenena, titular handietarako beharko lukeena, euskaldunen hazkunde bikaina izanik. Zerbait adierazten digu: 20-30 urtean EH mendebaldea nagusiki euskalduna izango da!

Mapa bat nabarmendu dute hedabide gehienek: azpimarragarriena, eta poz handiena dakarrena, noski, berde kolore hori zelan hedatu den, zelan desagertu den urdina Gipuzkoatik, eta Bizkaian ere galzorian den, Ezkerralde industriala salbuespen. Enkarterrin, bederatzi udalerrik % 20tik gorakoen kolore berdea dute, eta sei urdinarekin daude oraindik. Eta zer esan Arabaz, erabat berdetutako Aiaraldeaz eta Lautadaz? Eskualdeka jarrita, Añana da % 20ra iristen ez den bakarra, baina hamar urtean bikoiztu baino gehiago egin da euskaldun kopurua, % 7tik 16ra.

Datuon ifrentzua, % 80tik gorako kolore gorria zelan desagertu den hainbat herritatik, Bilbotik hurbilen direnetan bereziki. Hirigintza eta Hizkuntzari buruzko eztabaida ezinbestekoa da kasu horietan. Zalantzarik ez, Bilboko hurbiltasunak eta urbanizazio berriek ekarri dute euskaldun kopuruak behera egitea Uribe-Butroeko (Mungialdeko) herri horietan. Baina ezin ahaztu, bestela ere, oso erdaldundutako (Plentzia, e.a.) herrietatik hurbil egoteak etorkizun iluna zekarkiela guztiz euskaldun iraun zuten herri horiei.

Makroan ikusita beraz, oso mapa itxaropentsua da, baina arnasguneen kezka ere hor dago. Behin baino gehiagotan esan dut, euskarari sendo eta bizi eusteagatik herri euskaldunei aitortza egiten diegun legez, Arabako udalerri horiei ere laster omenaldia egin beharko diegula. Horien artean dago “berreuskaldundutako lehen udalerri” izendatuko duguna; ez dakit noiz izango den, hamar edo hogei urte barru, eta zein irizpideren arabera, baina denbora-kontua da. Ez du arnasguneetako soslaia izango, erdaraz euskaraz baino hobeto dakiten herritar euskaldunak izango dira, baina berreuskaldundutako herria izango da. Eta merezi dugu geure buruari aitortza hori egitea. Munduan non berreskuratu dute galduta zeukaten hizkuntza, hizkuntza hegemoniko berri eta handiaren aurrean? Hau da, zein herritan gertatu da hizkuntza-ordezkapena burututa zeuden eskualdeetan (Arabako Lautada, esaterako), desagertutako hizkuntza hori berriz ere nagusitzea? Irlandan ezin izan dute, Finlandian diglosia egoerari buelta eman zioten eta finlandiera normaldu, baina hizkuntza hori zen finlandiarrek zerabiltena, eta Israel ezin azaldu Holokaustoa eta hainbat hizkuntzatako herritarrak estatu berean batu zirela ulertu barik. Gure eskualde erdaldunduetan ez zegoen/dago komunikazio-arazorik, euskara galdu zen baina espainolez mintzo dira/ziren herritarrak. Eta nolabait, miraria gertatzen ari da, herritarren euren borondatez: baditugu % 30era hurbiltzen diren herriak.

ERABILERAZ


Kezka ekarri duen datua etxeko erabileran dagoen jaitsiera da. Horri ekiteko, erabileraren diskurtsoa agerian utzi behar dela uste dut. Oso lurralde txikiaz baina aski errealitate ezberdinez ari gara. Horregatik, errezeloz begiratu diot beti euskararen erabileraren diskurtsoari, administrazioaren ardura euskaldunongan jartzen duelakoan: “hara, guk euskaldundu dugu herri hau, baina zuek abandonatu duzue eta ez duzue erabiltzen”. Nerabetan, institutuan hasi berritan, Atxagari bezala hautsi zitzaidan anfora: bilbotarra izan baina euskara hutsez bizi izan nintzen ordura arte, ikastolako umeekin euskaraz genbiltzan egunero -eta hala egiten dugu 25 urte igarota-, eta institutuan hasi eta ikaskideak erdaraz barra-barra entzutea oso mingarria zitzaidan. Gerora hobeto ulertu dut, baina arantza hori luzaroan izan dut. Kontua da, baina, sasoi hartan bertan udak oso herri euskaldun batean eman ohi nituela, eta han ere, ez denak zorionez, baina nerabe taldetxo bat txitean-pitean espainolera igarotzen hasi nuen. Hark, mina baino, ia barrea eragiten zidan. Erridikulua iruditzen zitzaidan euskaraz hain ondo, eta espainolez sarritan hain baldar moldatzen zen jende haren grina espainolez berba 

5.000 eta 25.000 biztanle arteko Bizkaiko eta Gipuzkoako herri euskaldun mordo bateko kezka da, eta susmoa dut erabilera aipatzean horri buruz ari direla asko. Gertatzen da, baina, herri abertzale euskaldunak direla horiek guztiak, udaletan euskarari arreta handia eman ohi zaiona, eta konplexu eta arlotekeria zaharkitu batek oraindik ere espainolera aldarazten diela jende batzuei. Euskara gauza atzeratua eta espainola mundu modernoarekin lotze hori, barkatu baina oso kasposoa da gaur egun. Eta hala nabarmendu beharko genuke.

Oso bestelako errealitatea da periferia erdaldunduetan bizi duguna. Gutxiengo oso txikia gara etxetik euskara jaso eta gure ingurua erabat edo ia erabat euskalduna dugunak; irudia oso egokia izan ez arren, nukleo oso euskaldundu txiki bat litzateke, eta hortik aurrera, zirkulu kontzentrikoak zabal litezke, euskararekiko harremanari buruz. Bigarren zirkulu bat osa lezakete euskaraz eta espainolez berdin-antzera elebidun direnak, hirugarren batean ustez berdin izan arren, ama euskalduna izan dutelako esaterako, espainola nagusitu dena, eta hortik aurrera, eskolak euskaldundutako herritarren profil ugariak: etxe erdaldun baina abertzale/euskaltzale izan duenak euskal kulturan murgilduta haziko zen neurri batean, eta azken muturrean, azken zirkuluan, ikastetxean euskaraz ikasi bai baina beste inolako harremanik izan ez duena euskaraz: euskaltzaletasunik ez, euskarazko jai edo kultur ekitaldirik ia ez, eta espainolezko munduan erabat murgilduta. Ikastoletan ikasitako jende bati euskara ia ahazteraino herdoildu zaiola onartu beharko dugu. Umearen bila goazenean ikusten dugu, ikastolako ikasle ohi den guraso batek baino gehiagok, espainolez egiten diola umeari... eta hala ez den askotan, jendaurrean umeari euskaraz eginda ere, umeak salatzen du etxeko errealitatea, espainolez egitean gurasoari.

Bigarren errealitate horri erreparatu behar zaiola uste dut. Erabileraren arazoa, lehen multzoko herri euskaldun horietan soilik da zinezko arazo, baina lekuan-lekuan aritu eta zaindu beharreko kontua da, bertako udal eta mankomunitateetako euskara arloetan landu beharrekoa. Ikuspegi makroan, bigarrenari erreparatu behar zaio batez ere, eta hor ezin gara eskolak euskaldundutako belaunaldi horiek euskara gutxi erabiltzen dutela-eta kexatu. Europako beste herri minorizatuen lekuan, betiko galdutako belaunaldiak lirateke. Gurean lortu dugu ezagutza zabaltzea eta unibertsalizatzeko bidean gaude. Ikusi dugu baina, ezagutza, handitu legez, gutxitu eta desagertu ere egin daitekeela. Euskaraz ikasi duen jende bat gaur egun ez da gai bost minutuko solasaldiari eusteko gure hizkuntzan, hainbeste urte da ez duela euskararik egin. Eta beraz, erabilerari zuzenean baino, euskararen prestigioari eta eskolaz kanpoko lekuari erreparatu beharko diogu. Bestea, etorriko da. Baina uste dut ez dela bidezkoa berdintzea herri euskaldunetan arlotekeriaz erdaraz dabiltzanak, eta periferia erdaldunduan euskararako irabazi dugun jende hori. Benetan, 2014an cool izateko espainolez egitea oso kasposoa da. Edozein hiritan erdaraz diharduen euskaldunak aitortuko dizu hori: erraztasunagatik, euskaraz baliabide nahikorik ez duelako egin ohi du hark erdaraz, baina herri euskaldun batekoak hala egitea kutrea da. Autogorrotoaren ideia hori landu behar dugu noizbait.

Espainolez askoz hobeto moldatzen den jende horri erabileran tematzea, eta euskararen gaitzak horiei leporatzea, ez da bide zuzenena. Esanguratsua da, bertso-eskoletako esperientzia: familia euskaldun zein erdaldunetatik etorri, esperientziak dio (Arabatik zenbat dagoen ikasteko!) euskara hutsezko gozamenezko eremu horretan murgiltzen denak, hiztun oso bihurtzen dela, euskaraz aritzeko berariazko motibaziorik landu gabe ere. Bertsoa lantzean, hitzarekin olgetan, ez dago zertan esan: “egin euskaraz”.

Eskubideez ari bagara, argi esan dezagun: elebiduna libre da nahi duen hizkuntzan erabiltzeko, eta ez gara nor zeinetan mintzatu esateko. Elebakarrak ez du hautatzerik. Areago, elebakarrak ez digu euskaraz bizitzen uzten. Erdaraz bizi den euskaldunak bai, bere lagunartean espainola erabilita ere, lasai asko egin dezakegu euskaraz. Bartzelona inguruko udalerri askotan ez da katalan askorik entzuten, baina katalan hiztunek lasai egiten dute katalanez, eta ez hizkuntzen antzekotasunagatik soilik. 

AISIALDIA EUSKALDUNDU

Baina bai, euskal herritarrak euskalduntzea nahi badugu, euskara Euskal Herriko hizkuntza nagusi eta normala izatea nahi dugulako da, nola islandiera Islandian edo esloveniera Eslovenian. Txikia baina normalizatua. Kontua da, ezin dugula mundu guztia bertso-eskolara eroan, eta ez dela zertan bertsozale izan, zorionez, euskaldun bizitzeko. Baina bilatu beharko dugu motibazio hori. Eta ondo egindakoen aldean, oso txarto egiten ditugunak ere nabarmendu beharko ditugu: aisialdian txarto gabiltza oso. Konparaziora: ikastolek lortu zuten euskarari eustea, familia abertzaleetan euskaldunek euskaraz ikastea eta abertzale erdaldunen seme-alabak euskalduntzea. Hori gabe ezin ulertu gaurko errealitatea. Baina ikastolak ere badiren Nafarroara begiratuta, aldea agerikoa da: D eredua orokortu eta espainolezko eskolak euskalduntzetik etorri da euskaldunen kopurua emendatzea.

Aisialdira etorrita, oraindik “ikastolen” fasean gaude, euskarazko ekimenak sortzen, baina ez egon dauden ekimenak euskaratzen. Ziur aski beharrezko urratsa izango da, baina euskarazko bizimodua egiteko, euskarazko ekimenak egoteaz gain ezinbesteko da erdarazkoen lekua hartzea. Kiroldegietan euskarazko hiruzpalau ikastaro sortzea eta espainolezko hogei horiei eustea, kultur-etxeetako hitzaldi, tailer, mahai-inguru eta abarrak nagusiki espainolez izatea, ume, gazte zein helduentzat, oztopo objektiboa da euskararentzat. Horietako gehienak gure erakundeetatik, diru publikoz egindako ekimenak dira. Udako ikastaroen berri eman dute gaur:

Umeen kasuan euskarazkoak izan daitezen egiten dugu ahalegina, tarteka gutxienez, baina helduaroan administrazioa euskalduna izatea baino ez dugu eskatzen. Eta euskarazko ekimenak egitea, gehien jota, ez ekimenak euskaraz izatea.

ETXEKO ERABILERA ETA TELEBISTA

Aisialdia esan eta etxetik kanpokoa datorkigu burura. Eta datuek diote, etxeko euskararen erabilerak egin duela behera. Bi datu: eguneko lau orduz ikusten da telebista EH mendebaldeko erkidegoan. Hitz egin nuen horretaz beste post honetan. Egunotan Xabier Landabidearen tesi ezin interesgarriagoaren berri ere badugu, telebista ohiturei buruz (hemen Euskadi Irratiko elkarrizketa). Eta argi diosku zer ikusten duten gazteek, zeinen beharrezko den sozializaziorako, zelan ezagutu behar dituzten telesaio batzuk, koadrilan egoteko, eta abar. Eta horiek guztiak, ia denak espainolez egiten dira. Ez erdaraz soilik, baita euskara ordezkatzen duen erdaraz ere. Arnasgunean zein periferian, euskararen supazter horretan ere, lau ordu egunean telebista aurrean. Kendu loa, kendu lan/ikas-orduak, bidean emandako ordua, otorduetako denbora, eta geratzen den ia denbora guztia da. Zati handi bat bai, behintzat. Telebistari emanak. Espainolezko telebistari emanak ia osoki. Eskolan euskalduntzen duguna, etxean lau orduko kolonizazio espainol etengabean hondatzen dugu.

LTDak kanalez bete zizkigun telebista-aparailuak. Euskara gure telebistan % 30 izatetik, 7-8 kanal izatera igaro zen, eta LTDak dozenaka kanal erdaldunen artean euskarazko kanal ertain-handi bat eta bizpahiru txiki utzi dizkigu. Mundu osoan arrakasta duten fikziozko telesailak ezin ditugu herri normaletan legez ikusi, baina ez zaizkigu ezezagun horratik: espainierari esker, munduarekin lotuta gaude. Mundua euskaratzeko apustua egin ezean, Jon Sarasuak esan bezala, botilak zuloa izango du, erdi bete zein erdi hutsik ikusi. LTDk ekarri dituen kanal ugariak, telezaborretik kanal espezializatuetara, MTVtik Discovery Channelera, halaxe ikusten dituzten Europako herri ertain-txiki guztietan: Greziatik Norvegiara, ingelesez emititu eta azpidatzita jasotzen dituzte. Guk, espainolera bikoiztuta. Azpidatzien beharraz nahikoa idatzi genuen hemen, gura izanez gero sakontzeko.

Post horretan azpidatzien argudioa indartzeko, euskaldunen errealitate berria ere aipatzen dugu. Etxeko erabileran dagoen puntu biko erabilera ulertzeko giltzarrietako bat etxe mistoetan aurki dezakegulakoan nago, EHUko NorTaldekoen grafikoak lagunduta. 1991tik 2006ra doa (aldiz, Mapa Soziolinguistikoa 2011raino). Zer dioskute datu horiek:

1991n euskaldunen % 63, edo 323 mila lagun beste euskaldun batzuekin bizi ziren, eta % 37 erdaldunekin batera (188 mila). 2006rako, % 40 baizik ez dira etxean euskaldunak baizik ez dituztenak, eta hamar euskaldunetatik sei erdaldunekin batera bizi da. Normalizaziorako ezinbesteko egoera, arriskua eta erronka dakartzan errealitatea da. Datu absolutuetara jotzen badugu, 304 mila euskaldun bizi dira etxe mistoetan, erdaldunekin batera. Aldiz, erdaldunekin bizi ez direnak -etxeko denak euskaldunak direnak- 306 mila dira. Hau da, % 5,26 inguruko jaitsiera (2006ra, gogoan hartu). Biztanleriaren igoera aintzat hartuz gero, etxeko erabileraren jaitsiera berez legokiokeena baino txikiagoa dela esango nuke.

Ondorioa: euskaldunak, ahal duenean, euskaraz egiten du. Baldintza berdinetan, euskararen alde egiten du. Etxe mistoetan, eskuarki, guraso erdaldunak eta ume euskaldunak daudenean, baita gurasoetako bat euskalduna denean ere -aita denean batez ere- espainiera da jaun eta jabe, zelan komunikatu dira bada, osterantzean?

Etxeetan, telebista ikustea da gehien egiten den ariketa. Lau ordu, espainolaren uretan txipli-txapla, garai bateko supazterraren lekuan. Esan genuen: “ezin dugu bizilagun guztiak euskaldunak dituzten etxe horietarako soilik telebista egiten jarraitu. Hobeto esanda, ziur aski horri eutsi beharko zaio, baina pentsatu beharko dugu euskarak irabazi dituen hiztun berri horiek, gaur egun EAEko euskaldunen % 60 diren horiek, zelan mantenduko dituen euskaldun. Etxeko mistoetako euskaldun horien tipologia erraz asmatu baitaiteke: gazteak, guraso erdaldunak, espainolez askoz hobeto moldatzen dira, eta euskara eskolarako dute nagusiki (edo soilik). Ez dute arazorik euskarazko film edo telesaio bat ikusteko, baina ohitura eta pizgarririk ere ez: gurasoek telebista espainolez ikusi dute beti, etxeko hizkuntza espainola da, eta ez dago bien arteko zubi-lana egiteko modurik oraingoz”.

Azpidatziak espainolez, azpidatziak euskaraz eta azpidatzi bikoitzen aukera aipatzen genuen orduko hartan. Euskarazkoa indartzea, eta espainolezkoa zelan mugatu ere aztertu behar da. Frantziak ingelesaren eragina mugatu behar duela uste badu, zelan ez dugu euskararentzako gutxieneko babes-neurririk hartuko?

Euskaldunak, (gutxienez) elebiduna izan arren, euskararen alde egin ohi du aukera daukanean. Gaur, gehiegitan, ez du horrelako aukerarik. Euskarazko aisialdia bai, antolatzen da, baina aisialdia, adjektibo barik, erdaraz da. Telebistak, zinemak, ikusentzunezkoek oro har geroz eta leku handiagoa daukate gure bizitzan, Europa eleanitza etorkizun baino errealitatea da, hainbat hizkuntza nahasten dira gure kultur-kontsumoan, aisialdian; baina Espainiara - eta Hego Euskal Herrira berdin - espainolaren galbahetik datoz. Eta ia inor ez da horretaz arduratzen ari. Egiten ditugu euskarazko eskakizunak lanpostuetan, batzuek besteek baino gehiago, arduradun instituzionalek geroz eta euskara gehiago darabilte -batzuek besteek baino gehiago, berriz ere-, baina zoaz edozein herritako kultur agendetara, euskaldunena eta independentistena izan arren, eta hilero hilero izango dituzu dozena erdi nazioarteko ekitaldi, beti bezala espainolaren bidetik aurkeztuta. Estatuaren esku hartzerik gabe, geure erakundeetatik antolatzen ditugu ekitaldiak, sustatzen dugu espainola, eta itxuraz, ez da inorentzat kontraesana espainolaren makuluarekin ibili beharra. Euskaraz dugu euskaldunon kultur ekoizpena, eta munduko gainontzeko ia guztia espainolez. Espainolez Vila-Matas eta espainolez Kureishi edo Berger edo Pamuk edo Müller. Euskara etxerako eta mundua espainolez. Eta egunero 234 minutu zure, nire eta haren etxean telebista piztuta. Denak euskaldunak diren etxeetan, ehuneko 7-10 ei da euskarazko telebistaren jarraipena. Etxe mistoetan, egin kontu. Goizean ikasitakoa, arrastian hondatu. 
Eta guretik egiten dugunean ere, espainola sustatzen dugu eta euskaldunak baztertzen udalerri independentistetan. Hurrengo post-erako, gure miseriatxoak.