(Txatori, inork baino hobeto zekiena Bakio Baiona bezain iparrera dagoela, eta, Matxitxakotik Bokalerainoko irribarrearekin, mugarik gabeko giza kate alaia zelako)
Euskal Herria alderik alde lotuko duen giza katearen aste honetan, herritarren erabakiaren eta demokrazian sakontzearen aurkako neurri garrantzitsu bi ezagutu ditugu euskaldunok bizi garen bi estatuetan.
Espainiako erregeak abdikazioa iragarri du. Era defentsiboan eta 1978an sorturiko sistema politikoa gain behera datorrela egin du, Espainiako historian hainbestetan gertatu den legez. Egin dira hainbat analisi Juan Carlos Borboikoaren adierazpena azaltzeko: azken hauteskundeek monarkiaren sostengu diren alderdien alarmak piztu ote dituzten, Alfredo Perez Rubalcabak PSOE hondora eroanda, hurrengo buruzagia ez ote den hain otzana izango edo, Kataluniako prozesua lehendabizi baldintzatu eta gero bidetik irtenarazteko azken ahalegina ote den. Espainia independentismoari neurria hartu ezinean dago, eta garaipentzat hartuko luke pitzadura txikiena sortzea, konstituzio-erreforma bat aginduta CDC limurtuz gero, esaterako. Oraingoz, baina, ez dago horrelako zantzurik. Artur Masek argi adierazi du prozesua aurrera doala.
Hasierako ustekabearen ostean, abdikazioak Errepublikaren aldekoak aktibatu ditu. Egun historikoak dira estatuburu bakarra ezagutu dugun askorentzat. Gaur-gaurkoz dena lotuta dagoela ematen du, errege-aldaketa ahalik bizkorren gerta dadin. Espainiako kongresuaren %90etik gorako babesa izango du, gainera, baina paradoxikoki legitimazio handi baten falta ere bai. Argi esan diote askok Felipe erregegaiari: estatuburu izan nahi baduzu, galdetu herritarrei onartzen ote zaituzten.
Ideia hori, ezinbestean, hasieran aipatu dugun demokrazian sakontzearekin batera dator, eta hortik erabakitzeko eskubidera bide laburra dago. Gaur egun, Espainiako estatu-egitura herritarrek erabaki behar dutela esaten denean, onartu beharko litzateke errepublika edo monarkia hautatzeaz ari garela, baina baita Estatu horren zati izan nahi duten lurraldeez eta biztanleez ere. Errepublikano zein independentista, erabakitzea, demokrazia da gakoa.
Frantzian, berriz, eskualdeen erreformaren mapa ezagutu dugu. Inprobisazio handia ageri du François Hollanderen egitasmoak, betiere ondorio jakobinoekin: iduri luke, Frantzia errepublikano eta zibikoak ahalegin berezia egin duela kulturaz edo nortasunez hurbil direnak urruntzeko, eta elkarrekin nahi zutenak bereizteko.
Parisek berriz ere entzungor egin dio Nantesek eta Loire-Atlantiquek Bretainiarekin bat egiteari, eta hala, Vichyko gobernuak egin zatiketari eutsi dio. Alsazia aleman hiztuna ere Lorrenarekin urtzea aurreikusten du, Lorrena-Champagne hurragoak batu ordez, eta azken hori Pikardiarekin batu du, Nord-Pas-de-Calais (Flandria-Artois historikoa) ukitu gabe.
Egia da Normandia biak batu egiten dituela, baita Borgoina Franche-Comtérekin ere, Burgundia historikoa eratzeko. Neurri logiko horiek oil mintzairako eta hizkuntza gutxitu gabeko eskualdeetarako baino ez dira, nonbait. Okzitanieraren mugak lausotu egiten dira: Auvernia Rhône-Alpeetako eskualdean urtzen da Lyonen menpe, eta harekin batu beharko lukeen Limousin Parisera begira den Orleans-ekin lotzen du, Centre eta Poitou-Charente-rekin eskualde erraldoia eratzeko —bidenabar, Segolene Royalen Poitou Bordeletik urruntzen du, eta hala Alain Jupperekin lehiatzea saihesten du—. Akitania ez da ukitu, baina Biarnoko hainbat hautetsik adierazi dute Midi-Pyrénées-era hurbiltzeko xedea. Hura, Languedoc-Rossello-rekin batuta, Tolosa indartuko duen eskualdea izan omen liteke. Okzitania izena har lezake eskualdeak —Proventza, Akitania edo Limousingo okzitanoen kaltetan—. Ipar Kataluniak daukan botere apurra ere are ahulago litzateke.
Proposamenak kritika zaparrada jaso du. Mapaz haratago, eskualdeak indartu behar direla esan eta berriz ere dena botere bakarretik ezartzea da. Le Nouvel Observateur-eko Claude Weillek argi adierazi du: «Zein herrialde demokratikotan ikus liteke horrelakorik? [...] Imajinatzen duzue Obama, insomnio-gau baten, hutsetik erabakitzen Carolina biak batzea? [...] nork ez du ikusten, horrela jokatuz François Hollandek bizkarra ematen diola deszentralizazioaren izpirituari berari? Ezin da izan aldi berean girondino eta jakobino».
1969ko erregionalizazio egitasmoak huts egin zuen erreferendumean, eta 1972ko legeak ezarri zituen gaurko 22 eskualdeak. Orain, deszentralizazio deitu diote, baina oso erabaki zentralizatua da. Erreferendumari ere berehala esan dio ezetz Manuel Vallsek: «Beste zerbaiti erantzungo litzaioke, Errepublikako presidenteari buruz erantzungo litzateke, hark jarriko bailuke galdera, eta aurka diren guztiak batzen ikusiko genuke. Presidenteari, gobernuari eta parlamentuari dagokio interes orokorra gailentzea».
Kontua ez da, beraz, Espainian monarkia edo errepublika dagoen edo Biarno Pirinioetara edo Atlantikora begira den. Ipar zein Hego, erabakiak herritarron esku, gure esku behar du.
BERRIAn argitaratua
No comments:
Post a Comment