2014-04-20

Macondo eta deportazioa

Santa Martan Bolivarren mausoleoa utzita jo genuen kostaldetik urruntzen zen bide hartatik. Saretu zen zerua furgoneta Aracatacara iristerako, sargoriak leihoak lanbrotuta. Gaboren etxea bisitatu, eta, herrian barne, koleraren garaiko sasoiez, bakardadeko ehun urteez eta Aureliano Buendiaren txokoez mintzatu zitzaizkigun. Tropikoko eztanda basa batek ekarri zuen erauntsia, presarik gabe jendea kaletatik uxatzen duena une baterako. Halako baten putzuen artetik neska bat bizikleta gorri batean, ibilia azkartu barik euripean mela-mela. Beilegi biziko lagun izoztu bat nola, argazki zahar batean.

Venezuelako eta Kolonbiako mugatik wayuu herriaren Guajira penintsulatik joan ginen, PEN idazleen kongresurako Bogotara sartu aurretik. Ordutik, 50 herrialde inguru bisitatu ditut urteotan. Aracatacatik Ivo Andric-en Visegradera, Gustave Le Clezioren eta Wole Soyinkaren Afrikarekin Asia ekialdean bat egitera. Aurretik, Laura Mintegi, Joxemari Iturralde eta beste hainbat euskal idazle ibili ziren Gunter Grass eta gisako sortzaileekin. Duela hamar urte, 2004ko apirilaren 23an ekin genion Euskal PENi, Egunkaria-ren aurkako aurreko urteko erasoak eta katalanen babesak hauspotuta. Gure xumean, euskaraz dihardugunon hitza munduan barreiatzen saiatu gara.

Urteotan lerrootara ekarritako kontu askoren iturri izan dira bidaiotan ezagututako idazleak. Hitza aldarrikatuta ere, mundua ezberdin ikusten du bahraindar poetak eta irandar sortzaileak, torturaren ikertzaile estatubatuarrak eta txetxeniar idazleak, norvegiar ekintzaileak edo puertorricar irakasleak, uigur artistak edo okzitaniar eleberrigileak. Baina denek hitza erabiltzeko eskubidea eta haren aurkako erasoa salatzen dute.

Sarritan bizi dugu euskaldunok errealitate bikoitz bat, munduan adierazteko erraza ez dena. Planetako gutxiengo aberatsetik gatoz, tiraniek zigortutako kazetari edo idazleei elkartasuna eta babesa agertu ohi dieten Europar Batasuneko pasaporteekin bidaiatzen dugu, eta mendebaldean inor gutxik dituen ohar, ebazpen eta arrangurak darabiltzagu. Batzuek zertaz garen kexu diote; gehiago dira, baina, Europako bazter honetan gertatu/gertatzen direnei larriago deritzenak. Adierazpen askatasunaz dokumentala egin zuen haren berbak ekarriz, «tamalez, Myanmarren espero duzu artista bat klandestinoki aritzea, baina ez milioika britainiarrek oporleku duten estatuak kazetariak espetxeratzea».

Ahanztura

Badu idazleak gehienek ahaztu gura zuten egia deserosoa astintzeko lana. Errealismo magikoak badauka bestelako gaitasuna ere, mugak lausotzeko heriotzaren eta bizitzaren artean, dagoenaren eta legokeenaren, eta ametsaren eta amesgaiztoaren artean. Indarkeriak izorratuta erditu zen kontinente horien barrenak atzekoz aurrera jartzeko.

Horrelako geografia iruditeria batera ekarri nau aurtengo apirilak. Lehenago ere ikusi ditugu estatuak sortzen —Kosovo—, eta haien konkista eta desagerpena ospatzen duten Grozniko Vladimir Putin etorbideak. Cesaria Evora aireportuak, duela lau hamarkada ez zen estatu batean egin digu ongi etorri. Gerokoa, badakizue, Grandola Vila Morena, krabelinak eta Angolako gerra, eta Agostinho Neto O Choro de Africa (Afrikako negarra) gogoraraziz poemetan. Askatu berritan, Mandelak Kuba bisitatu eta Fidel Castrori agertutako esker ona ez dute denek gogorarazi aspaldion.

Urrunak diruditen sasoiak dira. Mandela preso zela ekarri zituzten deportatuak Cabo Verdera, Espainiako hegazkin militarrean horietako batzuk. Erbesteko lapurterak goxatutako euskara darabilte oraindik. 70eko hamarkadatik hurrago daude naziotasuna kendu dien estatuaren aurka matxinatu zirenekoa, eta hark euskaldunak munduan barreiatzeari ekin zionekoa. Bai, deportazioa esan, eta deserria edo erbestea edo desterrua, eta 2014tik oso urrunekoak diruditen berbak dira. Jendea Europara erbesteratzen da, ez alderantziz. «25 urte hemen, denbora luzeegia da», esan digute hain antillarra dirudien Mindeloko portuko lankideek. Deportatuentzat ez dago Parot doktrina-rik ez Estrasburgorik. Gure xumean, etxetik dakargun ilusioa adierazi gura dugu, baina krak eta krak egiten du gure esku dagoela esateak ere.

Diasporaren arnasarekin indartu da Kataluniako prozesua. Gurean ere geroz eta gehiago kanpoan lanean dihardutenak Kaliforniatik Argentinara, Dubaitik Pekinera, eta handik amesten duten Euskal Herriari aletxoa jarri. Herri-mina handiagoa da gaurkoa lako egunetan kanpoan zaudelarik. Diaspora, erbestea, deportazioa, denek dakarte urruntasuna, baina ez dira berdin mintzo. Euskal Herritik jende asko doa mundura. Ihesi joan zirenak, indarrez eraman zituztenak berriz, badatoz astiro-astiro. Ohe hutsak geroz eta gutxiago. Eta hori bera, deportatuaren beldurra ere: ohe huts asko zirelarik ahanztura sentitu zuten legez, oheok bete eperik gabeko kondena jaso zutenez ahaztuko ote garen. Mende laurden milaka kilometrora. Nortasunak hangotik ere hartzea, baliteke. Baina euskaldunak direla ahaztu barik. Euskaldunak ez balira, ez leudeke hemen.
BERRIAn argitaratua

No comments: