2014-04-27

Krabelinak deskolonizazioan

Berrogei urte euskaldun gehienok bizi garen penintsulan diktadura bat amaitu zutela. Bestean, diktadorea bera hil zen, eta urte eta erdiko aldea baino ez bada ere, oso desberdinak izan ziren prozesuen abiapuntu dira.

«Entre Espanha e o mar», Espainiaren eta itsasoaren arteko dileman hazitako nazioak beti jakin du lurreko mugatik laguntza gutxi zuela. Jose Saramagok (ez ahoskatu gehiago espainolez «Jose» legez, otoi) Bilboko Bidebarrieta liburutegian Jon Alonsorekin Lisboako Setioaren Historia aurkeztu zuenean esan zuen anekdota, oker ez banago: mugaldeko herriren baten (Elvasen ote?) Portugalgo errege guztien estatuak altxatu omen zituzten, eta historiari leial izatekotan, han behar zuen 1580an herrialdea inbaditu eta 1640 arte independentzia kendu zion Espainiako Filipe I.ak ere. Beraz, egin omen zuten Filiperen estatua… baina besteak baino txikiagoa. Portugesen mendeku txikia izan zen. Ordutik-edo, independentzia-egarri handi batekin batera, Espainiarekiko errezeloa hor dago; horrekin batera, espainiarren mespretxu sekularra, maparen mendebaldean sumatzen duten anormaltasun historikoa dela-eta. Patuak edo Jainkoak Espainiako kontzeptu geografikoa erabat politiko bihurtu zuten gaztelar monarkiei penintsula osoa agindu balie bezala. «Ez duzue sinetsiko, baina ez ginen hain itsas-gizon onak. Baina atzean geneukana ikusita, itsasoratzea beste biderik ez geneukala ulertu genuen» diosku lisboarrak.

Mendebaldea ez zuen sekula berreskuratu Espainiak, eta ekialdeko nazioa dabil bere bidea topa guran orain. Lisboan zein Bartzelonan erraz ulertzen dute espainola, Madrilen auzo-herrien hizkuntzak oso gutxitan. Beste detaile bat: hizkuntza gutxiturik gabeko estatu bakarra zirudien Portugalek luzaroan Europar Batasunean, homogeneoena... eta hara non Lisboak 1998an, bere kabuz, mirandesa ofizial izendatu zuen. Asturleoneraren aldaera da, eta Espainian (Asturies eta Leon) ez daukan babesa dauka Miranda do Douro udalerrian. Adibide berak balio du Aran ibarreko gaskoi-okzitanoarentzat (aranerantzat), Katalunian beste inon ez daukan aitortza dauka. Nahi lukete Frantziako okzitanoek eta zein Espainiako beste ibarretako aragoiera-hiztunek horrelako onarpenik.

Itsasoak aliantza historikoa ekarri dio Portugali Erresuma Batuarekin ere. Gaur ere, zuzenean jasotzen dituzte telebista-kate anglosaxoniarrak, azpidatzita. Bestelako lotura ilunagoak izan zituzten Salazarren eta Caetanoren diktadurek Londresekin eta Washingtonekin. Afrikako koloniak matxinada betean zirela ere —Ginea Bissau ia erabat matxinoen menpe, eta Angola odolusten—, Cabo Verde apartheidak aberastu zuen: kontinente osoko boikotaren aurrean, artxipelagoan zuten geltoki nagusia Hego Afrikako ontziek iparraldera bidean.

Mundua aldatu zuen Krabelinen iraultzak. Kissinger surtan zegoen, Espainiako armadaren inbasioa ere mahai gainean egon ei zen. Azkenean, lortu zuten Felipe Gonzalezen eta Mario Soaresen alderdi sozialistak otzantzea eta komunistei gailentzea —Espainian ia beharrik ere ez zen izan, PCEk bandera hori-gorria onartuta. Penintsulatik kanpoko, Afrikako deskolonizazioaren amaiera ekarri zuten independentziek, eta Pretoriako erregimena bakartzea. Angola, Ginea Bissau eta Mozambikeren aldamenean, berezia da Cabo Verdeko kasua. Mario Soaresek onartu zuen duela ez asko, artxipelagoaren independentziaren aurka egon zela. «Asko irabaziko zukeen Cabo Verdek lurralde nazionaleko zati gelditu balitz». Berandu da, baina caboverdetar batek baino gehiagok antzera pentsatzen ei du. Azoreak, Madeira, Kanariak edo, Atlantikoaz beste aldera, Martinika legez Europar Batasuneko lurralde ultraperiferikoa litzateke gaur.

Beti esan dugu inork ez duela atzera egin independentzia kasuetan, baina bada salbuespenik: Komoreen independentzian Mayotte uhartea Frantziari lotuta geratu zen, eta Parisen abarora itzultzeko eskatu zuen 1997an Anjouanek ere. Errepublikak ezetz erantzun zuen. Puerto Ricon independentismoa baino askoz handiagoa da «dependentismoa», AEBetan erabat integratzea, alegia. Baina Washingtonek interes handiagoa dauka Karibeko uharte behartsuaz libratzeko, hura hartzeko baino.

Berriki Iñigo Aranbarrik euskaratu digun Aime Cesairek, negritude mugimendutik, gogor egin zuen Frantziaren aurka 30eko hamarkadatik. Unea iritsitakoan, ordea, uko egin zion Martinika independenteari. Ondo usaindu zuen deskolonizazioaren logika koloniala: metropoliek ezin zituzten milioika afrikar haiek beren estatuetako herritar bihurtu. Ustiatu zituzten hainbat mendez, eta haiez libratzeko unea zen. Orain Espainiaren Ipar Afrikako koloniak txarrantxaz hesitzen dira, kolonia ohietako biztanleak sar ez daitezen.

Sezesionismoa deskolonizaziotik bereiztea komeni da. XXI. mendean, estatua lortzea hobeto bizitzeko bidea da. Eta gaur-gaurkoz, ekonomikoki indartsu direnek baino ezin dute bide hori hartu.

BERRIAn argitaratua

No comments: