2014-05-04

Prentsa-askatasunaz

Prentsa askatasunaren eguna genuen berriz ere atzo. Balantzea egiteko unea izan ohi da, munduko hainbat herrialdetan adierazpen askatasunak eta zehatzago kazetariek dituzten zailtasunen berri izateko.

Gertatzen da, baina, zerrenda horiek aski mingarriak direla, bestela ere, hitzarekin lan egiten dugunontzat, baina are gehiago euskaldunontzat. Ia beti horietatik kanpo utzi dituztelako hitzak gure herrian izan dituen erasoak. Behin baino gehiagotan idatzi izan dut gai horretaz. Hamar urteotako ibilbidean, Euskal PENen mundu osoko ehunka lagun ezagutu ditugu. Hizkuntza handienetan dihardutenetatik txikienetan dabiltzanera, antikomunista sutsuetatik ezkertiar iraultzaileetara, adierazpen librearen eta bakearen aldeko oinarriek batuta.

Prentsa-askatasunak nabarmen okerrera egin duela irakurriko zenuten agian, kazetarien aurkako jazarpenak geroz eta larriagoak direla. Batzuk aski ezagunak dira: Siria, Honduras, Kolonbia, Afrika Erdialdea, Txina, Iran... kazetari lanerako daudenik eta arriskutsuenetakoak. Beste batzuk gutxiago aipatzen dira, baina hortxe daude esaterako Estatu Batuak, denon mezuak kontrolatzen, nork nori noiz zer esaten dion, eta horren gaineko txostenak sistematikoki antolatzen.

Informazioaren ehun heroien zerrenda eman du argitara Mugarik Gabeko Erreportarien elkarteak. Horien artean da Gorka Landaburu (zorionak hemendik eta eskerrik asko, Euskal PENen deiari beti fin erantzuteagatik), baita Adnan Hassanpour kazetari kurdua ere. Haien senideak 2008an ekarri genituen Hego Euskal Herriko parlamentuetara, eta pentsatu gura dugu gure aletxoak izango zuela zerikusirik heriotza zigorra ken ziezaioten. Hassanpour preso dago oraindik, horratik, Balutxistango Zahedanen, etxetik bi mila kilometrora. Badira zerrenda horretan beste herri zapaldu batzuetako kazetariak ere, Mireya Manquepillan maputxea, M. V. Kaanamylnathan Sri Lankako tamila edo Israpil Xovkhalov txetxeniarra esaterako.

Euskal Herritik begiratuta, egun berezia da. Mundu osoak balantze negatiboa egin, eta gurean garrantzitsuena da iaz baino kazetari bat gutxiago dagoela preso. Horrek ez du kentzen, baina, Teresa Todak zigor osoa beteta utzi zuela espetxea, Egin egunkariko gainontzekoak giltzapean daudela oraindik eta, are mingarriagoa dena, adierazpen askatasunaren inguruko elkarte gehienek ez dituztela aintzat ere hartzen. Zorionez, PEN salbuespena da horretan. Sei hilabetean behin berritzen den zerrendan badira euskal kazetariak. Duela hamar eguneko liburu-egunean ere, Presoentzako Liburuak kanpainan PEN Ingelesak Teresa Todarengana jo zuen, beste dozena bat egilerekin batera parte har zezan. Tartean, Pussy Riot-eko Nadezhda Tolokonnikova eta Büşra Ersanlı, kurdueraren aldeko unibertsitate-irakasle turkiarra.

Testu indartsua osatu du Teresa Todak: idatzizko hitzak oso tresna indartsuak dira, hainbat zapalkuntza-motarako askabide bihur daitezke: «Pobreziatik, ezjakintasunetik, indarkeria sexistatik, espetxe handi zein txikietatik, bai diktaduretan bai ustez demokratikoak diren gobernuetan. Agian horregatik dute nahiago boterean direnek presoek egunkari sentsazionalistak irakurtzea edo telebistan reality-ak ikustea... munduarekiko ikuspegi kritikoa daukaten pertsona eta herritar hobeak bihurtzeko erabil dezaketen denbora hori gal dezatela.

Irakurtzeak pertsona bezala hazten laguntzen die presoei (...) neuk bizita dakit hori, sei urte eman baititut espetxean kazetari gisa egindako lanagatik, Espainiako Gobernuak itxitako euskal egunkari independente batean. Azaroan irten nintzen, zigorra azken eguneraino beteta».

Zinez merezi duen gutuna da, English PEN webgunean daukazue osorik irakurgai jatorrizkoan, eta Euskal PENen euskaratuta. Egunen baten, Europa mendebaldeko laborategi anker izateari utziko dio Euskal Herriak.

BERRIAn argitaratua

No comments: