2007-12-30
Futbola eta beste sinbolo batzuk
Aspaldion gainbehera zihoan interesa piztu lortu dute aurten selekzioaren bueltan, EAJren laguntza estimagarriarekin. Marka da mende laurdenez Euskadi horren era itxian erabili eta nafarrak berbatik kanpo sentiarazi ostean orain horren asaldatuta ikustea aldaketa dela eta. Nortzuk hasi ziren «Euskadi y Navarra» bezalakoak esaten, «Euskadiko biztanleak» eta antzekoekin euskal herritarren zati handi hori baztertzen? Eta ezerosoen ezker abertzaleko jende nagusia ikusi dut, «Gora Euskadi askatuta» leloaren alde horrenbeste eman duten horiek. Kirol arloak, aitortuko dut, ez dit horrenbeste axola. Ofiziala denean gozatuko dut selekzioaren partidez, baina arriskutsuegia begitantzen zait Gales edo Faroe jartzea estatu gabeko adibidetzat. Selekzioa izateko ez dugula zertan independente izan, alegia. Baliteke, baina selekzioa badaukagu, independente garelako izan dadila, ez alderantziz. Edo kirolariek eurek egin diezaiotela planto piperpotoarekin lehiatzera.
Baina batzuei bandera legeak inposatzen dien legez, tematuta dirudite beste batzuek espainiar ikurra jeltzaleei inposatzen. Azken hamarkadetan piperpotorik ikusi ez duten herrietara iritsi da bandera, edo eta pintura hori eta gorria bota. Duela hogeita bost urte batzokiren baten oihal hori-gorria agertu balitz, espainiar faxisten ekintza izango zela salatuko genuen. Bilboko udaletxean inposatu izana kritikatu, eta berdin-antzera ezarri beste herri batzuetan, jeltzaleei euskalduntasuna ukatzeko edo kolaborazionismoa leporatzeko. Espainiazale handienak ere ez luke hobeto egingo. Lizartza konkistatzeko beharrik gabe.

2007-12-23
Zertarako negoziatu?
Halaxe irakurri diogu asteon PSEko euskaldun bati. Bakearen trena pasata, gerrako lokomotorak omen datoz. Gatazkarekiko asperra, kaleko ekidistantzian eta atxiloketekiko etxeko biba-tan neurtzen digu torturari «hor konpon» diotson sozialistak. Eta egia da nekatuta, oso nekatuta gaudena, eta aspertu baino gehiago, beldurra eragiten digula atzera ere GALen beso politikoak.
Gauza bat da hori. Beste bat atxiloketak txalotzea edo, beste barik, inoren sufrimenduarekiko aipatzen duen «hor konpon» hori. Zorteko naiz ziur aski, herri honetako sufrimenduak distantzia batetik jasan ditut beti. Edo agian, beste barik edozeinen minarekiko begirunea izan behar dela erakutsi zidaten txikitan, ideiak ideia.
Asteotan dozena bat lagun gutxiago dabil auzoan. Eta asteon jakin nahi ez nuena irakurri dugu. Mendeku gosez bortxatu dute, baina noski, aurretik epaitu eta zigortuta zegoen, eta herri honetako jende zintzoarentzat «errugabeak» torturatzea bakarrik da eskandalagarri.
«Hor konpon» esaten du Abu-Graibekin eskandalizatzen denak, Guantanamo Al-Kaedak ere ez duela merezi dioenak. Baina badakigu, biktima guztiak ez dira berdin. Capbreton ez da Ermua. Xk ez zuen «hor konpon» esan, «ehiztari ehizatuak» bakarrik. Eta etsaiari ere begirunea behar zaiola ikasi nuen, dena kendu diozunean bereziki.
Mendeku hartu eta betiko errezeta ekarri digu GALen alderdiak. Logika horren arabera besteen txanda da orain mendekuen espiralean, eta beste norbaitek esango du «hor konpon». Bizkartzainak bi eratara gera daitezke lan barik.
Horrexegatik negoziatu behar da.
2007-12-16
Balkanetako lezioak
Kosovo zela gakoa idatzi nuen Montenegroren independentziaren biharamunean. Lagun batek esan zidan Montenegro garrantzitsuagoa zela, Kosovon independentziaren alde %90 baitzegoen, eta Montenegron alde-aurkako proportzioa txikiagoa zenez erreferendumaren garrantzia agerikoa zelako. Gakoa ez ziren lurralde independentistak, ordura arteko haien estatua baizik. Serbia, kasu honetan. Montenegrorekin hizkuntza, kultura eta historiako harreman estuak izan arren, eragozpen handirik gabe «utzi» zion bereizten, Jugoslaviako sei errepubliketako bat izanik. Kosovok, baina, Serbiako lurraldearen haustura dakar, gaur egungo mugen aldaketa. Badakit mundu guztiak esaten duela kasu bakana dela, eta ez dela inorentzako aurrekari izango, baina hori esatea ere aurrekari dela aitortzea da neurri handi baten.
Esanguratsua baita biztanleen %90etik gora independentziaren alde egonik, Estatu Batuen eta Europa mendebaldeko estatu garrantzitsuenen babesa izanik, de facto Belgraden uztarritik aparte ibilita, zeinen zail gertatzen ari den Kosovoren independentzia. Datorren neguan edo udaberrian lortuko du, baina gutxik usteko zuten orain ez asko gaiak zer-nolako buruko minak sortuko zituen. Horretarako ezinbesteko izan da, beste ezeren gainetik, Kosovoko albaniarren talde negoziatzailean alderdietako ordezkariak egotea eta, etxean elkarri txakurrarenak esanda ere, independentziaren aldeko jarrera garbiari eustea interes partikularren gainetik. Abiapuntu horretatik aurrera, dena dago eztabaidagai, baina independentzia ez da negoziagarri.
2007-12-09
Kosovora begira
Mundu guztiak esaten duenean kasuak konparatzerik ez dagoela, pentsatu behar da: batetik, desberdintasun handiak daudela, mundu edozein gatazkan egon ohi diren legez, eta, bigarrenik, ukatzeko horrenbeste indar erabiltzen bada, prozesuak alderatu daitezkeelako izango dela.
Europako ezkerraren arazo handietako bat mundua bere parametro eurozentriko eta nazionaletan ulertu gura izatea. Eta horren arabera banatu elkartasuna. Herri baten zapalkuntza ez da zapalkuntza eta kito, eta haren aurkako erreakzioa ere ez, noski. Hau da, euskal independentistekiko elkartasuna adieraztekoan, ezkertiarrak direlako izan ohi da, ez independentziarako eskubidea ukatzen dietelako. Gure egitasmoarekin bat datorren neurrian da matxinada bat onargarri, ez jasandako errepresioaren arabera.
Eta jarrera negargarri horretan erridikulu gorena zapaltzaileak heroi bihurtzen direnean gertatzen da, inperialismoak bere interesen arabera egurtu dituelako. Gringoak Milosevici jazartzen bazaizkio, serbiarrek ere onartzen ez duten buruzagi komunista bihurtzen da. Ahmadinejad homofobo eta integristak hortzak erakusten badizkie yankiei, hori bai liderra hori. Bost axola kurduak zapaltzea, homosexualak urkatzea eta komunistak atxilotzea. Saddam Hussein ere martiri, bistan da. Gaur edo udaberrian Putinek indar handiagoa hartuz gero, hura ere galdutako ezkerraren argi? Txetxenia? Zer da hori? Eta albaniar nazionalismoa NATOren jiran dabilenez, serbiarra bultzatu.
Beti etsaiaren doinuan dantzan.
2007-12-02
Euskaldun ehiza
Kaukaso aldean eman ditugu azken egunak, Kosovo ostean konpontzeko geratzen diren gatazken berri izateko. Baina ikusi dugu gure interesa bestekoa dela hemen gurekiko daukatena, euskaldunon berezitasunagatik batetik, baina baita mendebaldeko herrialde baten naziotasun arazoak zelan bideratu daitezkeen jakiteagatik. Pasioak gidatutako herriak izatearen ospea daukate, eta konplexua ere badaukate mendebaldarren aurrean.
Baina mendebaldean gutxik bezala ulertzen dute Espainiarekin bizitzeko ezintasuna. Independentismoa ez dela gauza etniko edo nazionalista hutsa, hain gutxi banderekin, armadekin eta mugekin zerikusia daukan zerbait. Auzo basati batekin edozein harreman ezinezkoa da, beste barik. Edozein arazoren aurrean, bost axola ideologia, erantzuna euskaldunen ehiza daukan estatuarekin ezer gutxi egin daiteke.
Hauteskunde bezperatan iheslari ehiza egon ohi da Ipar Euskal Herrian. Eta botoak horrela irabazten diren herrialdeekin adiskidetasun harremana oso zaila da. Okerrena da anestesiatzea ere lortu duela hainbeste jipoiren ostean. Egunkariak itxi, alderdiak debekatu eta torturaren biktimak gezurtitzat aurkezten diren lekuetan, zaharrak berri.
Horixe da dagoena. Kaukasoko elurtea baino hotzagorik ez zegoelakoan, hara albistea. Berriz ere euskaldun ehiza abian. Gure auzoan bakarrik, hiru ohe huts gehiago, eta zenbat herri eta zenbat auzo Euskal Herrian.
Zeinen garestia den euskaldun izatea. Eta zeinen merkea euskaldun ehiza.
2007-11-25
Europako ereduak
Sarri ibili izan naiz Europako hizkuntza egoerak aztertzen, inguruko estatuetatik hasi eta Sobiet Batasun ohiraino. Iaz inbidiaz idatzi nuen Estoniatik, merkataritza zentro bateko liburu-dendan estonierazko liburuek zuten leku garrantzitsua ikusita. Letonian ere urrats ausart eta askorentzat gogorregiak hartu dituzte, eta hala ere ez daukate horren argi letonieraren etorkizuna. Malta ere eredu ederra da elebitasunen bat posible dela uste dutenentzat, hango diglosia onartuta ere.
Kaukaso eskualdean egun batzuk daramatzagu, Turkiatik pasa ostean. Azken horretan aspaldi genekiena berretsi dugu, kurduekin bezala, Itsaso Beltzaren inguruko laz herri kaukasiarraren arrastorik ere ez dago idatzita. Jendeari galdetu behar. Ez da kasualitatea Europan galdutako azken hizkuntza, Ipar Kaukasoko ubikhera, Turkian hil izana, Errusiaren inperialismoa egon arren atzean: XIX. mendearen amaieran, ubikh guztiak Kaukasotik kanporatu zituzten. Garbiketa etnikoaren ospakizuntzat jo dute kaukasoar askok 2014ko Neguko Olinpiar Jokoak Sotxi hirian egitea, ubikh herriaren bihotzean.
Georgian, berriz, desagertu dira errusierazko seinaleak. Georgierazko alfabetoa eta ingelesezko itzulpenak daude. Georgiatik independentzia aldarrikatu zuen Abkhazian, berriz, badaude abkhazierazko idatziak, biztanleen erdiak ziren georgiarrak kanporatu eta gero abkhaziar hiztunak asko dira, baina errusiera da alde guztietan jaun eta jabe. Itzultzaileak biak jakin arren, lehendakariak errusieraz eman digu elkarrizketa.
Bagenekien independentziak ez duela hizkuntza salbatzen. Baina burujabetasunik gabe, kito dena..
2007-11-18
Eztabaida, ez mehatxua
Irlanda eta Euskal Herriko kasua desberdinak dira». «Eta Quebec?». «Baita». «Eta Eskozia?». «Mmmm... ez dira, berdinak. Gainera legearen aurka doa». «Orduan legea aldatu beharko da, ezta?».
Askotan alferrikakoa dela jakin arren, espainiarrekin eztabaidatzeak badakar poz txiki bat: beti irabazten diezu, haien argumentuak sobera ezagunak zaizkizulako eta haiek gutxitan entzunak zureak. Baina tranpa ere egiten dute: legearen aurkako argumentuaren hutsala argi utzi eta jarrera itxietan Britainia Handitik baino Turkiatik hurbilago daudela esaten diezunean, «baina independentziarekin automatikoki EBtik kanpo geratuko zinateke, ekonomia hondoratu egingo litzaizueke» eta antzeko mezu katastrofistekin hasten dira.
Eta hori da gure lehen garaipena. «Ezin da eta kito» jarreratik beldurraren argumentuetara pasa dira, eta hor irabazteko aukera guztiak ditugu. Horrantz lerratuta, bidearen zati handia dago eginda. Baina argi utzi behar zaie hori dela bidea, ez konstituzio eta armen mehatxua, eztabaidarena baino. Aipatu EB, ekonomia, Espainiako futbol liga eta ea Athletic-Lemoa derbia gura dugun, gura duzuena aipatu, esan gezurrak, baina hitzera mugatu, eta utzi azkena geuk esaten.
Faroe uharteak erreferenduma egitear zeudela, Danimarkak esan zuen faroetarrek proposatutako hamabi barik lau urtez baino ez ziela eutsiko diru-laguntzei independentzia ostean. Eta galdeketa atzeratu egin zuten. Baina inork ez dauka zalantzan Kopenhagen Faroeek soka moztu gura dutenean hala egingo dutela. Ea Espainiak armen mehatxua baztertu eta ekonomiarenari heltzen dion behingoan, erabakia errespetatzen duen seinale.
2007-11-11
Pixka bat es mucho
Inoiz zerbait ikasi eta berbetan hasi orduko utzi zutenei, A eta gainontzeko ereduetan euskaldundu ez direnei eta antzeko kasuetan egon direnei zuzendutako kanpaina omen da «pixka bat es mucho» dioen hori. Erroldetan «ia euskaldunen» (baina erabat erdaldun) multzo nahasgarri horretan agertzen den kopuru horri. Mendebaldeko Hizkuntza Sailburuordetza sarri kritikatu badut ere, lelo indartsua eta kanpaina interesgarria abiatu dutela onartu behar diet oraingo honetan.
Badago, noski, hanka sartzeko lotsaz euskara erabiltzen ez duenik. Baina aitor dezagun, gehienetan erosotasun hutsa da, euskara eskolako hizkuntza izan arren etxean eta kalean entzun eta erabilitakoa errazago zaie eta kito. Horregatik, hurrengo urratserako sasoia ere bada. Euskara guay-aren leloarekin ezingo dugu beti jarraitu, behartzen ibili barik, euskaraz ikasitakoa zoriontsuago izango dela sinetsarazi guran.
Ez dago 'aprende español' edo antzeko lelorik kalean. Bilbora, Gasteiza, Baionara iritsitako errumaniarra ez du inork limurtzen espainiera edo frantsesa ikas dezan. Badaki beharrezko duena. Guggenheim inguruko hoteletako langileek badakite ingelesez jakin behar dutela, inork esan gabe ere. Euskararen erabilera garrantzitsua da, baina ez hainbeste, ezagutza oraindik horren apala delarik eta indibidualismoa hain garrantzitsua den sasoian. Bost axola okinak, tabernariak, harakinak Argentinako gazteleraz, errumanieraz edo woloferaz egiten duen etxean, niri euskaraz bizitzen uzten didan artean.
Noiz arte izango gara komunitate ikusezina? Noizko leloa: euskaraz ez dakienak ez digu euskaraz bizitzen uzten?.
2007-11-04
Mendebaldetik
Internazionalismoa Kuban legez etxetik hurbil (eta etxean bertan) landu behar dela jakin genuen antzina. Galizia eta Asturiesen arteko harremana triste samarra da ikuspegi horretatik. Asturierari buruzko erreportajea prestatzen nenbilela, «asturiarrek galiziera baztertzen dute» esaten zuten mugako hizkeren galiziartasuna ukatzen omen zutela eta. Asturiar abertzaleek, berriz, «gerran faxistak bezala datoz Galiziatik Asturies konkistatzera». Beste horrenbeste jazo izan da Leon/Lliongo O Bierzo/El Bierzu haranean. Eta hegoalderago, berriz, Portugalgo Miranda herrian, ofiziala da asturieraren hizkera den mirandera.
Compostelako idazleekin oso harreman ona izan dut, baina ezin gaia atera. Asturiarrekin saiatutakoan ere, txinpartak egoten dira. Ekialdeko euskaldunek Pirinioetarantz jo ohi duten legez, mendebaldekoon eta asturiarren artean ere sinpatia handiak egon ohi dira, herri gutxitua izatetik bezainbat industriaren txikizioaren ondorioengatik. «Lehen barrikadan zeuden denak zerbitzari dihardute gaur» esan digu Cudieruko mutil batek, triste. Gero auto barruko BERRIAko aleari erreparatu dio. «Ez zuten itxi?». Azaldu diogu, eta gehiago sutu da, «ez dute ezer errespetatzen, lotsa ere galdu dute». Lugoko Galeuscan bai, baina horrelako jarrerak nekez aurkituko dituzu oraindik oso fragazale diren Galiziako herrixka gehienetan. Eta asturiar idazleek ez dute ahazten galiziarrek itxi zietela atea Galeuscan sartzea eskatu zutenean.
Eta ezin ahaztu asturiar haren galdera: «Ourense (Galizia) idazten baduzue, zergatik Oviedo (Asturias, Espainia), eta ez Uvieu (Asturies)?».
2007-10-28
Kanpo begiradak
BERRIAko Larrepetit
Euskal Herrira egindako bisitaren berri eman du egunotan Al-Jazeerak. Haiekin grabatzen ibili zen kameralari batek ziostan harrituta joan zirela, inoiz ez ei zuten horrelakorik ikusi. Iraken, Afganistanen eta hainbeste herritan ibili denaren aldean gureak etxeko gatazkatxoa ematen zuela esan nion. «Horixe bera esan nien, baina haiek berriz, ezetz, Iraken eta Afganistanen gertatzen denaren berri ematen dutela, badakiela jendeak, baina Europako Batasunaren bihotzean horrelako egoera antidemokratikorik pentsatzea, eta inon eskandalua ez izatea askoz harrigarriago dela esan zidaten».
Antzeko argumentua aipatu zidan duela hil batzuk adierazpen askatasunari buruzko dokumentala grabatzen ibili zen Londresko taldeak. Myanmarren, Maldivetan, Errusian eta beste hainbat herrialderen ostean gurea txiki-edo geratzen zela esan zieten elkarrizketatuek ere. «Hau okerragoa da. Ez da zuzena agian, baina badakizu haren berri. Urtero milioika britainiarrek bisitatzen duten EBko herrialdean horrelakorik izatea askoz gogorragoa da».
«Hau ez da Espainia» erantzun berri du alderdi kurduko buruzagiak, legez kanpo uzteko arriskua aipatu diotelarik. Lehen «hau ez da Turkia» esaten zen. Baina Espainia demokrazia homologatua da oro har, beste estatuen antzeko miseriekin, salbuespen bakar batekin. Aznarren urrats faxisten sasoian pentsatu nuen beste aldera begiratu zuela Europak, kiratsa ez hartzeko, urte gutxian «konponduko» zuelakoan. Baina denbora badoa, eta borondaterik ez denean, presioari ere leku egin beharko dio Europak. Estrasburgok behingoan Batasuna auziaren deliberoa emanez, adibidez.
2007-10-21
Ehun falta
BERRIAko Larrepetiten argitaratua
--Batasuneko hemeretzi kide preso jadanik.
--Ehun falta, lehengoan Txema Monterok esandakoaren arabera. Martxora bitartean 120-130 abertzale espetxeratuko zituztela zioen.
--Lehen ere bagenekin denak balio zuela, eta GALen beso politikoa zegoela aurrean, haien hizkera erabilita. Baina borondatea bazegoela pentsatu gura genuen.
--Nik espainoletan espainolen agertu gura zutela pentsatu nuen hasieran, baina itxura gehiago hartzen ari da mendeku gose hutsez ari direla.
--Bada, haiek ere badakite ezker abertzalea zertarako den gai, eta ez dakit ez ote duten gutxietsi.
--Bizkartzainen aurka joateak ezintasuna adierazten du, askoren iritzian.
--Ez derrigor. Biktima eta mehatxatu guztiak berdinak badira, haiei ere bizkartzaina jarri? Bizkartzainaren bizkartzaina? Espiral absurdoaren seinale da, konponbidea zeinen erraza den jakinda gainera.
--Andoaingo alkatearen alabari erasotzeak ere mendeku itxura handia dauka.
--Hor ez dakit ez ote dabilen beste eskuren bat.
--Beraz, kritikatzen duzu.
--Ez dut uste kale borroka izan denik.
--Baina hori tranpa da. Aurka zaudela esan beharrean, «beste norbait izango zen» diozu, eta aldarrikapena iritsi eta «gureak» direla jakitean, isildu.
--Donostian ere pasa omen zen. Bidenabar, lotsa gutxi behar da faxismo bat beste faxismo batek gerarazi zuela esateko.
--Baina hor harro igartzen zaituztet balentria horrekin. Ez ziren pasa.
--Kolosala izan zen, Kalaportun bezala.
--Ez zara Ondarroaz ibiliko, ezta?
--Beno, zero botorekin alkatetza dutenek ez dute inoiz arazorik izan galdutakoa erosteko, edo hura ere ebasteko. Atsotitzen liburuan dakar: Huhuñerean hoxtuak bulea.
2007-10-14
Konparazioak
BERRIAko Larrepetiten argitaratua
Sosegua eskatzen zion presidenteari El País egunkariak herenegun. «Aurrekaririk gabeko egoera batera iritsi da, erraz asko (indarkeriak) gora egitea eragin dezakeena (...) Iraganarekin konpondu beharreko arazoak ditu. 1,5 milioi lagunen sarraskiaren erantzule izan zirela ukatzea kezkatzekoa da». Turkiaz, armeniarrez eta kurduez ziharduen, noski. Ezaguna da Hitlerrek Holokaustoa bultzatzeko egindako aipua («nork ditu gogoan armeniarrak gaur?»), baina otomandarrek ere mende erdi lehenago errusiarrek egina oroitzen zuten: Kaukasoko hainbat herrialde hutsik geratu ziren, eta Anatoliara ihes egin zuten milioika kaukasiar musulmanek. Mundua isilik, AEBek sarraskigintza berean baitziharduten Ipar Amerikako indigenen aurka. Kate horrek espainiarrek oraindik ospatzen duten genozidiora garamatza. Ez ziren bakarrak izan, badakit, baina Liverpoolek esklabotzaren zentroa ireki du, Berlinek damua agertu du, eta Londresek ez dio Eskoziari mehatxu egin. Ankarak eta Madrilek iraganarekiko preso jarraitzen dute, XXI. mendera egokitu ezinik. PKK gogor ari da jotzen, eta kasu nitrometanoa ETAk hartu badu. Metropoliek egin dute gerra apustua, eta erresistentzia armatuen aurrean zibilak bazterrean gaude. Edo agian ez, ELAri jaramon eginez gero. Ez da Imaz izan transbertsalitatean sinetsi duen bakarra.
Azken lerroak asteon hildako Mehmed Uzunentzat dira. Espetxean alfabetatu eta kurdueraz idatzi zituen nobelak, ofizialki existitu ere egiten ez zen mendiko hizkuntzan. Turkiarrek gorroto zioten, baita armak hartu baina hizkuntza utzi zutenek ere. Hori ere badakigu zer den.
2007-10-07
Inpunitatea
Duela hamar urte oso larria izan zen Mahai Nazionalaren espetxeratzea. Epaiketa luze baten ostean iritsi zena poliziaren paperak sinatze hutsez egin daiteke gaur. Epe berean nabarmen egin du behera borroka armatuaren ekinak, eta azken bost urteotan egindako erasoek ez dute inoren eliminazioa helburu izan, bueltarik ez duten hanka-sartze larriak egonda ere.
Estatuaren aldetik, berriz, inpunitatea mugagabeko mailara iritsi da. Ziur naiz orduko aitzakia berberak balia litezkeela hedabideak ixteko ere (bidenabar, Egunkaria-ren itxiera eta kazetarien tortura lehendakariari bidalitako mezu gisa ikusi dute askok, edozertarako prest daudela argi uzteko. Kasualitatea orain ere Ibarretxek usin egin eta ezker abertzalea egurtzea). Hauteskundeak hurbildu ahala zeinen espainol eta gogor diren erakusteko prestatu duten jai-egitarauan EHAK eta EAE-ANV suma daitezke.
Ez dakit ezin duelako edo beste estrategiaren batengatik den borroka armatua hain apala. Duela hamabost urte bide politikorik ez zegoelako armatua aldarrikatzen zuenak arrazoibidea indartua behar luke 2007ko egoeran, orduan zilegitzat zeukana gaur are zilegiago izango dela eskubide zibilik gabe geratu garen honetan.
Baina zilegitasuna eta ahala ez da gauza bera. Gringoek hiru mila hilkutxa behar izan dituzte iritzi publikoak Iraketik alde egitea komeni dela esan arte. Fujimori ere preso dago egun, baina inkestek Sendero eta MRTAren borreroari eskertzen diote «segurtasuna» ekarri izana.
Gurean ez dago eseri ezean askoz latzagoa izango dela sinetsaraziko dien indarrik. Martxora arte behintzat, hobe etxean, aktiboki ezin denean pasiboki eusten jakin behar da. Egurra ari du.
2007-09-30
Galdera
Aspaldi sutu egin zitzaidan lankide bat (ez lar jeltzalea ere), Juan Jose Ibarretxe ez dela euskaldun guztion lehendakaria esan niolako. «Aizu, botorik eman ez badiozu ere, zure lehendakaria da. Nik ere ez nuen bozkatu nire herriko alkatea, baina nire alkatea da». Baietz esan nion, baina alkate hura nire alkatea ez zen legez, nire lehendakari den Juan Jose Ibarretxe ez zela mahaikide geneukan altsasuarrarena. Azkenean Sabin-Etxeko mapa haiek ere ez dutela sinesten ematen du. Jaurlaritza Espainiako gobernu autonomiko huts barik euskal herritarron administrazio nazionala balitz legez.
Aspaldi esan nuen puntu batera iritsita jeltzaleak ezker abertzalekoak baino independentistagoak liratekeela. Badakite oso zaila dela burujabetasunerako bidea, edozertarako gai dela sarri erakutsi duen estatu beldurgarria baitaukate aurrean. Baina gustura izenpetuko lukete Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren independentzia irabazitako pribilegioak galtzeko arriskua hain handia ez balitz. Orain arteko kudeaketa autonomikoan estatu baten babesa amets handia da.
Zatitu eta independente ala batu eta dependente?
«Lagunak ginenean» esan ohi du adiskide batek Lizarra-Garaziko ezkutuko batzarrak gogoratzeko. Jeltzaleek aitortzen ei zuten ez zeukatela ideiarik zer egin lurraldetasunaren bidean. Mendebaldeko lehendakariarekiko begirune osoz, ez dauka Euskal Herriaren izenean negoziatzeko ahalik. Mendebaldekooi egin ahal digun galdera onena da nafar izan (izaten jarraitu) nahi dugun. Zer erabaki baino lehen, nork erabaki auzia dago, inoiz galdetu ez diguten hori.
2007-09-23
Ikuskizunak
Asko dira gurean hizkuntzaren harira antolatzen diren fartsak, baina gutxik daukate zinemaldiaren besteko kutsu paternalista eta kolonialik euskararen erabileran. Munduko laugarren festibala zinemarik gabeko herrian. Edo agian zinemarako ez da baliagarri euskal literaturarako onartutako irizpidea, erdal literatura ez dela euskal literatura, izenak berak dioen erdal literatura baino. Baina egunen baten barrezka edo negarrez gogoratuko dugu beste irizpide hura, filmak espainolez errodatu, euskarara bikoiztu (txarto, ia beti), diru laguntza jaso eta merkatu publikora euskarazko film gisa saltzen ziren 80etako urteak.
Kimuak, hortxe daude, EAEko gazteen % 50etik gora euskaldun ei den sasoiotan hamar filmetatik euskarazko bat edo biren bueltako kopuru negargarriekin. Eta kimu berrietan ahotsik gabeko filmak ere euskaldunen kopuruak potolotzeko erabiltzen dituzte. Euskarazko eleberri arrakastatsuak erdaraz filmatzen dira. Badakit, zinegilearen ardura zinema egitea da, ahalik txukunen, bestela ere aski lan? Neuk ere izenpetuko nuke Hector Alterio izatea protagonista operapriman.
Hiru urte iraun du urteroko euskarazko filmaren asmoak, ez dirudi 2008rako ezer berririk ikusterik izango dugunik. Hurrengoan izango da baten bat, agian, gero ez, gero bai, horixe konformatu beharko dugun maila, nonbait, urteko batera iristen ez den marka apalean. Eta DVDak oraindik orain katalanezko azpitituluekin baina euskarazkorik gabe dauzkagu Euskal Herriko dendetan. Baina ikuskizunak aurrera jarraitu behar du, normalak bagina bezala.
2007-09-16
Kazetarien anekdotak
BERRIAko Larrepetiten argitaratua
Josu Jon Imazek apur bat gehiago itxaron izan balu, Xalbadorren berbak kondaira urbano bihurtzeko arriskua zuten. Asteon irratian entzun dugun audio kaskarra seinale korte hura zeinen bizkor ezabatuko zuten, egunkari honetako zuzendariak Ganbara programan esan eta gertakariek berehala arrazoi eman ez baliote. Hauteskunde kanpainan ikusiko dituzu herririk euskaldunean ere espainolezko korteren batekin. Alderantziz ere sekulako ahalegina, erdaldunek euskarazko esaldiren bat halamoduz osa dezaten. Hortik kanpo, ahaztu; Aralarrekoren bat haserretu zitzaidan Bilboko hautagaia erdalduna zutela esateagatik, EGA omen dauka eta Julia Madrazok. Uda honetan bertan kontatu dit kazetari batek zelan bidali duen antzarrak ferratzera euskarazko kortea eskatzeagatik: «Hori besterik ez genuen behar, ez dut ezer prestatu eta!».
Ezker abertzalea ere ez da libratzen, euskara gehien, berak erabili arren. Durangoko atentatuaren biharamunean, laster «harrapatu» genion Pernando Barrenari kortea... erdaraz: ETAk armak uztea eskaini zion Espainiako gobernuari, eta ezezko erantzuna jaso zuen. Amaitu da mitina eta alferrik Euskadi Irratikoak apartean egindako eskaria. «Daukazunarekin egin ahal duzuna». Erdarazko kortea hartu ala euskarazko esaldi hutsalen bat sartu?
Euskara hutsezko adierazpen asko egin ditu ezker abertzaleak. Baina beti egiten ez duenez, adierazpenaren garrantziaren seinale da erdaraz (ere) egiten duenean. Ezin imajina, horratik Imazen erretiroa moduko neurriak erdarazko gutunekin egiten. Besteak beste, aspaldion ezker abertzaleko buruzagiak PSOEk edo EAJk agindutako poliziek erretiratzen dituztelako, gutunik eta oharrik gabe.
2007-09-09
Kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak
BERRIAko Larrepetiten argitaratua
Abuztu aurreko azken zutabearen aurretik hiltzera zigortuta eta gose-greban zeuden Adnan Hesenpur kazetari kurdua eta Hiwa Butimar ekologista. Eta albisterik jaso ez dugun azken egunotan gauzak aldatu ez badira, halaxe daude oraindik, edozein unetan urkamendira joateko arriskuan.
Iranek homosexualak urkatu berri ditu, komunistak atxilotu, abertzale kurduak heriotzera zigortu. Euskal PENek salatu du, munduko hainbat erakundek ere bai, Italiako gobernuak, Frantziakoak, Portugalgoak, Europako Batzordeak eta... Estatu Batuek. Eta noski, guk ezin dugu gringoekin bat egin. Hain gutxi inperialismoaren erasoaren mehatxupean dagoela eta Venezuelaren lagun izanik.
Kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak dokumentalean Kevin McKiernan zinemagileak AEBen jokabidea salatzen zuen: Saddam Husseinek zapaldutako kurduak biktima gisa erakusten zituzten artean ----eta beraz, tiranoa kentzeko motibo bat gehiago ziren---- Turkiari kurduak hiltzeko eta herriak txikitzeko armak saltzen zizkieten. Baina tristea da ezkerrak ere antzera jokatzea, «etsaien etsaia laguna dugu» taktika manikeoarekin. Turkiak zapaldutako kurduei elkartasuna adierazi bai, baina zelan jo Irango faxisten aurka, inperialismoak begi-puntuan duelarik? Gainera, Irango gerrilla kurduek CIAren laguntza omen dute (eta PKKrena, baina hori ez ei da interesgarri), soldadu gringorik hil gabe Irani erasotzeko. Eta hala balitz ere, zer? Ez ote zenuten txalotuko 1945ean estatubatuarrek Espainia faxista bonbardatu balute?
27 eta 29 urteko gazte kurdu bi edozein unetan hilko dituzte, eta herri honetan ez dirudi inori axola dionik.
2007-07-29
Geroak esan beza
Ezker abertzaleko askori esan izan diot akatsa dela memoria haiek bakarrik baleukate legez jokatzea, euskaltzale ezagunak antieuskaldun amorratuen pare jartzen direnean adibidez. Jeltzale askok daukate kritiken --eta irainen, zertan ukatu-- arantza sartuta. Eta geroko elkarrizketan pisu handia dauka atzoko irainak.
«Geroak esan beza» amaitzen zen Ondarroakoa azaltzeko EAJk idatzitako artikulua. Geroa, memoriarako utzitako lekua. Orain bertan jeltzale askok ez baitu ulertzen zergatik hartu duten horren jarrera bortitz eta antidemokratikoa. Geroa, orain ulertzen ez denaren justifikazio. «Garbitzea dugu gogoko eta ez zikintzea». Ezin eragotzi halako dardara bat, «garbitzera» inork hautatu bako zenbat jende etorri den gure historian gogoan. Bazter guztietako kolpisten diskurtsoa: hemen gatoz gu zer komeni zaion ez dakien herrira, burua jan dieten bazter-nahasleei aurre egitera.
Ez dakit «gu demokratok» zioten sasoitik botorik gabeko alkate izatera dagoen aldeari erreparatu dioten. «Erantzukizuna» da darabilten berba, baina aitzakia horrekin ateratzen dituzte militarrek ere tankeak kaleetara. Aspaldi entzun genuen leloa da, «herria zerbitzatu besterik ez nuen egiten» betiko demokrata bihurtutako alkate frankisten ahotik. Memoria besteok ere badaukagula ahaztu dutela begitantzen zait, iraganak berez totalitarismotik salbuetsiko balitu legez. Baina bideak jartzen du nor bere lekuan. Inork inoiz epaitu gabeko kutsatuok burua tente ibiliko gara bihar, bakearen alde jardun garela jakinik. Bulegoetan gotortuta hautatutako demokratek, eurek jakingo dute zein uhara utziko duen ibilbideak. Geroak esan beza.
2007-07-22
Interes lartxo
BERRIAko Larrepetiten argitaratua
Ez dago jakin-min apurrik kurduerarekiko» irakurri genion ostegunean Turkian agintean dagoen alderdiko Melih Bulu hautagaiari. Alderdi islamista moderatuko kide da, Turkiako Ataturkzale nazionalistek eta militarrek gorroto duten mugimendukoa. Euskal karlismoaren antzekoa da, zentralismo jakobino baten aurrean tradizionalismo zabalago baten ordezkari. Baina jakobinoek bezain lotsagabe bota zuen gezurra.
Amed-eko (Diyarbakir turkieraz) Sur barrutia desegin eta alkatea kargugabetu dute, osasunari buruzko liburuxka bat turkieraz, ingelesez eta kurdueraz argitaratzeagatik. Arazoa ez zen ingelesa, bistan da. Kurdistan iparrean kurduerarekiko interesik ez, omen.
Hegoaldean Kirkuk da berriz ere protagonista. Ia ehun lagun hil zituzten atentatu bakar batean; kurduerarekiko interesik ez, omen. Iranek heriotza-zigorra ezarri die Adnan Hassanpour kazetariari eta Hiwa Butimar gizarte-ekintzaileari, eta Kurdistan ekialdeko kazetariak atxilotzen eta egunkariak ixten jarraitzen du. Kurduerarekiko interesik ez, omen.
Sufrimendura ohitzen irakatsi die bizitzak kurdu askori. Turkiako legeen arabera (estatu osoko botoen % 10 behar da gutxienez), ez EAJ ez CiU ez ziren Madrilgo parlamentuan egongo. Alderdi gisa lortzea ezinezko dela jakinda, eskualde askotan % 70etik gora ibili arren hautagai independenteak izendatu eta herriz herri egin dute kanpaina, izen-amaraunean analfabetoek ere aurki dezaten hautagaia. Oso zaila da oso bide politikoak hartzea Turkian, baina parlamentura itzultzear daude kurduak hamalau urteren ostean. Kalaxnikovak inoiz baino ozenago dabiltzanean, gainera.
2007-07-15
Galdeketan
Duela bost urte hordagoa jaurti zuen Ipar Irlandako lehen ministro zen David Trimble unionistak: Irlandaren batasunari buruzko erreferenduma proposatu zuen. Sinn Feinek laster erantzun zion ezetz. Ulertzen zail egiten zitzaidan jokoa zen, paperak trukatuta ziruditen. Demografia kontuak zeuden atzetik: gehiengo katoliko/abertzalea denbora kontua zen, eta batzuek hari itxaron gura zieten artean, besteek aurkakoa lortzea zuten helburu, erreferendumak belaunaldi oso baterako balio izatea eta Londresekiko menpekotasuna hiruzpalau hamarkadatarako ziurtatzea.
Atzetik asmo hori izanda ere, erreferendumak hain garesti dauden lurralde honetatik begira ezin sinets nezakeen aukera hari uko egingo ziotenik. Beti amestutako aukera proposatu eta «orain ez» zioten. Egoera eta zirkunstantziak aurka izanda ere, ez ote zen errepublikanoen lana bide demokratikoekin herritarrak uharte batuaren ontasunez?
Nafarroako emaitzetara mugatuta, 36 diputatu aurkituko genituzke mendebaldearekin bat egitearen kontra, hamabi alde (asmoa ikurrinarekin batera gorde arren, egongo da horrenbeste suposatzea, ezta?), eta Ezker Batukoen boto parea edozein izanda ere ezer gutxi aldatuko luke.
Horren datu argiekin ez dakit zelan ez duten Trimbleren bidea egiten. Nafarrak inoiz «zoratuko balira ere» Espainiako Konstituziotik laugarren xedapen iragankorra kendu beharra aipatu zuen San Ferminak ere lehendakari pasa dituen Miguel Sanzek. Horren datu argiekin, bila ote lezake xedapena kentzeko indar handiagorik, erreferendum baten bildutako babesa baino? Baina nago, ezkutuko datuak ez ote zaizkien hain argi.
2007-07-08
Hamar urte
Gogoratzen dudan sasoirik gogorrenetakoa izan zen. Ez dut pentsatu gura zer gerta zitekeen AEBetan edo Ipar Irlandan normal samarra zen legez gurean ere jendeak armak balitu etxean. Armen eta segurtasun pribatuaren aurkako argumentu asko eman zizkiguten egun haiek.
Hamar urteko perspektibaz begiratu dezakegu uztail hartan gertatutakoa. Miguel Angel Blanco bahitu eta hil zuen erakundeak dauka ekintza haien erantzukizuna, ez dut gutxiagorik esango. Baina ordutik behin eta berriz ikusi ditugu antzeko kasuak munduan, eta askotan lortu da bahituaren bizia salbatzea. Edozein gobernuren ardura, beste edozeren gainetik biztanleen bizia bermatzea baita, eta horretan ahalegindu behar du. Frantziak egin du Iraken, Italiak ere bai. Eta gaur bertan Afganistanen espainiar soldadu bat bahitu balute, bereak eta bi egingo zituen Espainiako gobernuak (PPkoa balitz ere bai), negoziatzeko eta bahitua salbatzeko.
ETArena da ardura, baina ez zuen ilargia eskatu, presoak Euskal Herrira ekartzea soilik. Batzuentzat txantajea izango da, prezio politikoa eta gura duzuena. Ondo prezio merkea, ordea, pertsona baten biziaren truke.
Ez orduan ez gerora, inork ez die inoiz ezer aurpegiratu orduko agintariei. Martxoaren 11ko sarraskiaren ardura egileena da, baina denok dakigu zein den Aznarren ardura ere. Kezko gortinaren eskema mediatikoarekin beti asmatu du Espainiak bere burua zamatzen, urratsik ez egiteko. Negoziazioa berba tabua zen, «kondena» berriz araztasun-froga, eta konponbidea ezker abertzalearen bazterketan zegoen. Beldurra ematen dute orduko hartara itzultzeko sumatzen diren tentazioek.
2007-07-01
Turtzioztik Ondarroara
Euzkadiko mugaraino heldu naiz euskal tropekin. Haiekin egon naiz gure herriaren adorea miresten, euren izpiritua inoiz ez dute menperatuko. Eta Euzkaditik atera aurretik bere izenean protesta egiten dut munduaren aurrean...». Turtziozko La Puente jauregian 1937ko atzoko egunez izenpetutako lerroak dira.
Zubi asko jausi ei dira asteotan. Orduan Otxandio, Intxorta, Durango, Gernika, Matxitxako, Bizkargi eta azkenik ekainaren 18an Bilbo jausi ziren. Euskal Herritik kanpoko lehen eguna zuen Agirre lehendakariak 1937ko uztailaren 1a, Turtzioztik euskal lurra utzi berri, manifestu indartsua idatzi eta gero.
«Erabat lotsagabe aldarrikatzen dute etsaiek konkista eskubidea. Betiko ukatzen dugu. Lurraldea konkistatuko zuten, euskal herriaren arima, ez; inoiz ez da izango». Sozialistak, komunistak, jeltzaleak, ideologia askotako alderdiak bildu zituen Jaurlaritzak. Antifaxismoa zuten lotura.
Gaur antifaxistak legez kanpo eta buruzagiak preso daude berriz ere. PSOE, faxisten oldarraren beldurrez. Agirreren alderdikideak, urduri, hondora doan autonomiatxoari begira eta bata besteaz fidatzen ez diren lagunen inperio ekonomikoa kudeatzen. Faxisten jokoa sinetsita, «demokrazia ala legea?» dileman legea hautatzen. «Alderdien legearen aurka daudela diote, baina!». Xabier Arzalluzi ere aspaldi entzun genion gustura galduko zutela Ajuria-Enea, laurek bat egitearen truke. Eta ura bere(n) bidean.
Ondarroako nafarrei, biba zuek eta eutsi tinko. Eta benetako jeltzaleei, horixe baino ez, segi kristau demokrata izaten, faxismoaren suak harrotu barik.
2007-06-24
Kosovoko bandera
BERRIAko Larrepetit-en argitaratua
Irakurriko zenuten: Kosovoko bandera asmatzeko lehiaketa antolatu dute. Albaniar gehiengoak eta serbiar gutxiengoak nork bere naziokoak erabili ditu orain arte, baina estatu batek ezin auzoaren bandera erabili. Albaniak ere bandera alda dezan ere eskatu dute batzuek, arranodun gorria albaniar guztien oihala izan dadin eta ez estatu batena. Estaturik gabeko nazioez mintzatu izan gara; ez ,ordea, naziorik gabeko estatuez. Kosovo ez baita nazioa.
Bosnian eta Zipren antzera egin zuten. Uhartea britainiar kolonia zelarik, Zipreko greziarrek ez zuten independentzia eskatzen, «enosis» baizik, (Greziarekin) batasuna. Londresek independentzia ezarri, koronelen estatu-kolpea eta Turkiaren inbasioa heldu ziren gero. Gaur greziarrak EBn daude, 2008an euroa hartuko dute, eta Zipreko bandera eraikin ofizialetan baino ez da ageri. Etxeetan greziarra daukate.
Albaniarrek estatu bakarra eratu nahiko lukete, pragmatikoak dira, ordea: Batuko balira, ondo, baina bestela ere, hainbestean. Serbia betiko ez bada hamarkada askorako urrunduko dute.
Hobe albaniar estatu bi, biak burujabe, eta ez zati bat inoren menpe. Gero gerokoak.
Antzeko baina aurkako jokaldian, euskaldunon sinboloak Espainiako erkidego batekin lotzen asmatu dute nafar espainolistek (Ajuria-Eneko ardurak ahaztu barik), eta euskal komunitateen batasunak inoiz baino urrunago dirudi. Orain bertan mintzagai ere ez ei da, baina ez dugu behin ere entzun zertaz ziharduten NaBai eta PSNren solasean, zeintzuk ziren adostasunak (eta batez ere, desadostasunak). Izaera abertzalea bera ei da arazo. Baina hori ezin da bandera bezain erraz aldatu.
2007-06-17
Mès que un club
GALen kontuak harrotzen hasi zen urte urrun haietan aurrerakoia zela sinetsarazi zigun egunkaria daukat aurrean. «Euskal Herriak aurki independentzia lortuko du» lelo probokatzailearekin iragarri zuen «euskal» edizioa. Laster jakin genuen PP gobernura eramateko estrategia hutsa zela GALena. Ordutik geroz eta eskuindarrago, atzerakoiago eta Espainia inperialaren bultzatzaileago dihardu.
«Laportak txiki egiten du Barça» dakar kazeta mundutarrak. «Klubaren katalan nortasuna errespetatzea eta katalanez hitz egin eta idaztea eskatzen dizuegu» esan ei die lehendakariak jokalari gaztetxoei. Zenbait izarren kontratuetan katalana ikasteko klausula ere ba omen dauka Barçak. Ondorioa: «Laportarentzat garrantzisuagoa da katalana ondo ahoskatzea golak sartzea baino».
Atzerritarrak bai/ez eztabaidarako konponbide ezin hobea dakar Kataluniako taldeak. Zein ote euskaldunago: futbolari Euskal Herrian bihurtu izanaren aitzakian fitxatutako kantabriarra ala Kamerundik, Brasildik edo Serbiatik etorri eta euskara ikasitakoa? Gaztelauak ere ikas dezakeela ahaztu barik, noski.
Hara, Athleticen kanpainarako ideia, gainera dohainik. Eta eskerrak ez eman niri, El Mundo-rena da meritua.
2007-06-10
Tabernako kontuak
«Espainiak hori bera bultzatzen duenean, birritan pentsa beharko geniken».
«Zapaterok ez dik asko pentsatu bada: De Juanarena mendeku hutsa duk. Eta Argalaren omenaldiagatik Otegi espetxeratzea?».
«Ez ote da Argala ere terrorismoaren biktima? Inoiz zigortu gabeko terrorismo paramilitarra, gainera».
«Terrorismoa goraipatzea adierazpen askatasuna zapaltzeko txikle hutsa duk beti».
«Baina hauxe zagon. Edo Espainia garaitzeko beste indar bildu, edo negoziatzekotan, kostako zaien Zapatero baino hoberik topatzen. Zer esanik ez PPko lehendakaria baletor».
«Borondatea ukatu barik ere, konplexuz eta baldar jardun dik beti: Kongresuko agirian, PSE-Batasuna batzarrean, De Juanarenean, ANVrekin...».
«ETAk ere ez zion lana erraztu, horratik. Agiri bakoitzak dozenaka belarrondoko zekartzanan!».
«Belarrondokoak laster helduko dituk, bai!».
«Baina egin liteken borroka armatua, inor hiltzera iritsi barik. Ateren bat zabalik egon dadin beti ere».
«Hiru egun nahiko izan ditik Espainiak ate guztiak ixteko, horratik!»
«Baina zinegotzi arruntei ekitea desproportzio izugarria dun! Gorago jotzeko ezintasuna zirudik gehiago».
«Jeltzaleak ere urduri ei zaudek».
«EAJk hauteskundeetan hartu din egurra, AHT pasako den eskualdeetan batez ere. Lezio ederra Durangaldean».
«Bai, eta hurrengo astean bertan lotsarik gabe lanak esleitu. Negozioak arriskuan dituztenean, bost axola zaiek herri-borondatea. Alderatu Lemoiz eta Itoitz, Leitzaran eta Boroa... AHT ere ez ditek ez botoek ez protestek geratuko».
«Isilik, ea entzuten hauten!»
«Ez, gu fikziozko pertsonaiak gaituk».
2007-06-03
PSNren beldurrak
Lerrook idazterako PSNk ez du argitu ezkontzeko asmorik daukan ala nobio hobearen bila jarraituko duen. Argi dagoen bakarra, hautagaiarenean legez, hau ere ez duela PSNk Iruñean erabakiko. Alde ederra, PSOEren gainetik ERCrekin bat egitea erabaki zuen PSCren aldean.
Ez dakit zelan azalduko dioten sartagudarrari, aldaketarako asmoz bozkatu ostean, herriari eta hilen memoriari behin eta berriz irain egin dion kuneteroen alderdiak jarraituko duela agintean, ibaiaz hegoaldeko kalkuluetarako ezinbesteko sakrifizioa delako.
Zurrumurruek diote «lehendakaritza bai baina alkatetza ez» baldintza ezar dezakeela PSNk. Boto legalak ere kutsatuta, nonbait. Sarri ados egon ez arren, Iruñeak alkate bikaina izan dezake, noren ostean datorren ikusita batez ere. Eta aspaldiko partez euskal hiriburu bateko aginte-makila euskaldun baten eskutan legoke.
Legezko izan arren Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabarekin bat egiteko erreferenduma baztertu du oraingoz NaBaik. Beste horrenbeste Iruñean ikurrina jartzeko aukera. AHTk, Itoitzek eta Castejongo zentralak ez dirudite oztopo, hain gutxi 2x2 autobiak, Pirinio Atlantikoen egitasmoa baino Sanzen laineza Europara Gipuzkoatik pasatu barik joateko.
Nahiko lukete Galiziako eta Kataluniako sozialistek NaBai gisako abertzale epelik aldamenean. Nekez topatuko dute inoiz hau baino ezker abertzale eskuzabalagorik. Urrezko zubia jarri diote PSOEri ibaia busti gabe pasa dezan, baina inork ez ikustea gura du, gainera. Eta ausardia norberak jarri behar du.
2007-05-27
Urratsak
Ez zait Holokaustoa ezerekin konparatzea gustatzen. Errazegia eta proportziorik gabea da, erantzuna aise uzten diozu aurkariari: zureak ez dauka han gertatutakoarekin zerikusirik. Oso tentuz jotzen adibide horiekin, ez ditut gustuko palestinarrekiko elkartasuna adierazteko, hain gutxi Euskal Herriko egoera azaltzeko.
Hori jakinik ere, ekarri nahiko nuke Imre Kerteszek kontatzen duen zerbait: urratsak. Holokaustoa bat-batean jasangaitza izango zen, baina kalean besokoa eramatearen estigmatik hasi eta Auschwitzera urratsak baino ez daude, jendeak ezjakintasunez, edo jakin nahi ezaz egindako urratsak.
Erantzukizun maila desberdinak dituzte, noski, juduen salatzaileak eta beldurrez atea ixten dionak, baina berdintsua da ondorioa. Sistemaren mekanismoak ondo koipeztatuta dauden seinale, aurka zein alde egon, beti aurrera egitea.
Alderdiren batek aurkezterik ez daukanean, demokraziak egiten du kale. Batzuei egokitu zaigu estigma orain, ez digute bozkatzea debekatu, aski baita bozkatuak izateko eskubidea kentzea. Burua tente gabiltza, ordea.
Norbait jokoz kanpo uzten dutenean, ideiak ideia, hura da demokrazia aldarrikatzeko balio duen bakarra. Besteak alde edo kontra egongo dira, baina berdintsu bultzatzen dute bazterketa. Aspaldi hartu beharreko jarduna zen duintasunaren aldekoa, ez onartzea horrelako hauteskunderik. Egin ez dutenez, ilegalizazioaren aldeko bihurtzen da bazterketaz aprobetxatzen den boto oro. Eta bihar hauteskundeak errepikatzen badira, ez du balioko burumakur «ni aurka nengoen, baina...» esateak.
2007-05-20
Ostiraleko egunkaritik
23 mila lagunek ikusi dute Eutsi! Hau da: euskarazko zinemak aurreko urtearekiko % 44 galdu du, eta okerrena, Kutsidazu-k ere Aupa, Etxebeste!-k baino % 43 ikusle gutxiago izan zituen. Hau da, urte bian 72 mila ikusletik 23 milara jaitsi dira euskarazko filmak, % 68. A, eta globalizazioaren sasoian filma Lapurdin ikusteko Madrilen estreinatu duen banatzaile frantsesa behar ei da. Eutsi! Baionako karteldegietan baino lehenago ikusiko dugu Alliot-Marie Espainiako hiriburuan.
Bilboaldeak egin du kale, Euskal Herrian euskaldun gehien bizi den eskualdeak. Ez da promozio falta izan. Baina hemen ez daukagu euskararen aurka ez dagoela erakutsi behar duen PPko alkaterik, hain gutxi PSOEko Kultura zinegotzi euskaltzalerik. Iruñerriko British eredua daukate, Barkala zinegotzi erdaldunak gogorarazi zigunez: turismoa bultzatzeko «ingelesa ikasi beharko da». Zelan salduko dugu ezer etxekoaz lotsa eta mespretxua daukaten konplexuz eta autogorrotoz beteriko arlote talde honekin?
2007-05-13
Botoak ala bonbak
Botoak ala bonbak?
Argi erantzun dio ezker abertzaleak Jose Blancori: botoak. Baina bonbak erabaki dituzte epaileek eta gobernuak. Martxarako gogoz?
Honaino iritsita, atzera begiratzeko moduan gaude. Prozesua Barajasen lehertu zen? Neurri batean bai, bistan da. Baina ustelduxe zegoen lehendik, eta ahalegin gutxi gerora. Argi eta garbi, Espainiako Gobernua ez da bakea egiten ausartu. Borondaterik izan baldin bazuen, ausardia eta ekimena falta eta konplexua sobera izan du. Zapaterok bake-prozesua legegintzaldiko konpromiso zuela uste genuen, hauteskundeek behartzen zutela hau ondo amai zedin. Gainontzeko gaietan espainiar gehienen babesa du, eta datu ekonomiko onak. Krisirik ezean eta ondo bidean, lehendakariek hauteskundeak irabazi ohi dituzte.
Baina bakeak boto gutxi eta boterea galtzeko arrisku handia dakartza. PSOEko askok diote -EAJren hil-kanpaiak ere nabarmenak dira- honenak egin duela. Atzerako kontaketa hasita dago, bonbak normaltasun izango badira, hobe orain 2008ko hauteskunde bezperan baino. Su-etena apurtzeko une bikaina, urtebete daukate aurretik espainiarrak atentatu-atxiloketa-tortura-atentatu espiralean anestesiatzeko eta PP neutralizatzeko. Ondo ezagutzen dute, eroso mugitzen dira askorentzat negozio ere baden joko odoltsuan. Independentistontzat oso altua da prezio politikoa; estatuarentzat berriz galdutako peoi onargarri bezain komenigarriak dira. Bere anker eta gordinean, halaxe daude kontuak.
Botoen bidea itxi dute. Baina kasu, bidea etsaiak markatzen dizunean. Ez dezagun ahaztu. Inoiz baino gehiago, burua hotz, tenpleu eta aurrera bolie.
2007-05-11
Hau ez da Boise
Mariak kafea atera eta esan dit ez duela bozkatuko. Polito daki euskaraz, baina bozkatzeko ez da euskalduna izan behar. Espainola izan behar da, eta Kolonbiako pasaportea dauka.
Frantziatik iritsi zen Ez ukitu nire laguna leloa. Eta handik Sarkozyren oldarra ere, nahiz eta Bowling for Columbine-n ageri den estatubatuarren beldurra den, geuk ere geroz eta barneratuago. Iñaki Azkunak zail jarri dizkio gauzak eskuinari. Basagoitik mila polizia gehiago agindu ditu. Gaizkileari egurra.
«Urtebete barru: Gipuzkoa guretzat, EAJ kanpora Bizkaiko diputaziotik eta Txema Oleaga Bilboko alkate», ziostan iazko su-eten hasierako egunetan ezker abertzaleko optimista batek. «Eta kalera, inoiz ezer egin ez duten milaka entxufatu horiek».
Bete-betean asmatu du, alajaina. Honezkero jakingo duzue zertan den Konstituzionalaren kontua. ANV kanpoan balego, EAk baino ez luke alkategai euskaldunik, eta boto gutxi inkestek. Aralarrek ezin izan ditu ezkerra eta euskara batu, Azkunaren makulu izan den Julia Madrazo daroa hautagai.
Alkate euskalduna? Boisen zaudelakoan?
2007-05-06
Hogeita bigarrena
EAE-ANVren Bilboko zerrendako hogeita bigarrenak inoiz ez du inongo alderdiren agiririk izan. Inoiz ez dute atxilotu, ez zigortu, ez epaitu, bizi osoan ez du epaitegirik zapaldu. Espainiako Gobernuak dioenez berak eta beste hamaika lagunek agerian uzten dute Bilboko zerrenda Batasunak antolatutako iruzurra dela.
EAE-ANVren Bilboko zerrendako hogeita bigarrena inoiz ez da legez kanpoko alderdi baten zerrendetan egon. Legezkoa zen alderdi bateko hautagai izan zen aspaldi, gaitzetsi beharreko legez kanpoko indarkeriarik ere ez zegoen 1998ko hilabete itxaropentsu haietan. Herri Batasuneko (eta, beraz, Aralarko), Zutikeko, Batzarreko, eta euren burua ezkertiar eta independentista zuten beste milaka lagunen gisan izan zen hautagai. Inork ez zion esan bizi osorako kondena zekarkionik horrek.
EAE-ANVren Bilboko zerrendako hogeita bigarrenak indarkeria gaitzesten duen alderdi baten proposamena onartuta berriz zerrendetan joateko proposamenari baietz esan dio aurten ere. Politika aktiboan aritzeko inolako asmorik edo gogorik gabe baina bakea jokoan zegoela jakitun, hitza debekatu zietenen lekua betetzea bakearen alde egin zitekeen urrats txikiena zela pentsatu zuen. Oker zegoen. EAE-ANVren Bilboko zerrendako hogeita bigarrenari pertsona kutsatu deritzo Espainiako Gobernuak.
Epaileek erabakirik hartu baino lehen bidali behar dut zutabea, motibo askorik izan ez arren eurengan itxaropena baino geratzen ez zaidala jakinik. Berba izan dut arma bakar bizi osoan, eta Espainiako Gobernuak eskubide zibilik gabe utzi gura nau.
2007-04-29
Ez dute Heinkelik behar
Memoriaren astea izan daiteke amaitzear daukagun hau. Labaina da memoria batzuentzat, ordea. Felipe Gonzalezek esportatu gura izan zuen trantsizio hispaniko eredugarria Gorbatxoven perestroikan baino ez zuten irentsi, haren fruitu zen Jeltsin, eta gero gerokoak. Vladimir Putin Txetxeniako harakinak sinpatiko mozkorti bihurtu du, baina gaurko oligarkia ustelaren lehen urratsak nork egin zituen ez dute ahaztu.
Latinoamerikan jaramon gutxiago egin zioten, zorionez, espainiar lehendakariari, Gaztelako paternalismoaren arriskuaz jakitun. Pinochet zigortu barik hil da, bai, baina epaitegietan eman ditu azken urteak, eta asteon Argentinan Videlaren amnistia bertan behera utzi dute. Espainian, berriz, diktadurako ministroak bakean hiltzen dira ohean. Kriminalak alderdietako lehendakari izan daitezke. Alderdi frankistek indar abertzale antifrankistak legez kanpo uzteko harrokeriaz joka dezakete. Alemanian espetxe-zigorra dauka nazismoa goraipatzeak. Gurean, Francori bertsoak. Ez zuten alferrik irabazi. Behin eta berriz datoz arbolapean ekitaldiak eta argazkiak egitera. Inork ez die ezer esaten, konkistatutako lurrean daude. Heinkelen zaleak lasai bizi dira, voló, voló apologia da, eta Carrerori eta Meliton Manzanasi omenaldia egiten diete.
Tristea da bere burua sozialistatzat daukatenak konplexuz beterik frankisten dantzan ibiltzea. Eta are tristeagoa legez euskal mendebaldeko eta bokazioz euskaldun guztion lehendakari dena Gestapoko torturatzaileari barkamen-eske ikustea.
2007-04-22
819
Zenbaki hotzek dramak ezkutatzen dituztela esan ohi da. 200 mila Bosnian, Timorren eta Guatemalan, 800 mila Ruandan, lau milioi Kongon, 30 mila Argentinan. Eta gaur egun jarraitzen dute gerretako kopuruak ematen: seiehun mila Iraken, 70 mila Sri Lankan, laurehun mila Darfurren, 35 mila Ipar Kurdistanen.
Ipar Irlandan 3.500. IRAk, paramilitar loialistek, armadak, RUCek eta bestelako indarrek hilak estatistika berean daude, hango drama adierazten. Zortziehunen bueltako kopurua aipatzen dute euskal gatazkan. Gatazka konpontzeko berdeegi gauden seinale. ETAk zortziehun lagun hil ei ditu lau hamarkadatan, baina mila baino askoz gehiago izan dira gure gatazkak utzitako hilak. Ez da GALen edo beste erakunde parapolizialen hilak ahaztea soilik. Biktimen mailakatzea dagoela aitortuta ere, legez kanpoko hilketak gaitzesgarri zaizkie askori. Legearen izenean eragindako sufrimenduek ordea, horiek guztiek ere aitorpena behar dute. Jazarpenek, kontrolek, airera bota eta giza-gorputzetara iritsitako balek. Zer gutxiago etsaiak ere sufritzen duela aitortzea baino. Borrero eta biktimen estrategian kateatu eta konplexuz betetzen diren agintariekin ordea, 1937rainoko bidea egin eta atzera armak hartzeko motiboz betetzen da bat baino gehiago.
Beste noizbaiterako utziko dugu zein meritu egin zuten Barajasko ekuadortar gizajoek Espainiak eman berri dizkien dominetarako. Eta zein meritu falta izan duen Andaluziako kostara gorpu iritsi berri den gazteak, edo lanak egunotan hil dituen Liguang errumaniarrak, Victor ekuadortarrak eta Pierre lapurtarrak.
2007-04-20
Tomas Borge: "Harroputzak izan ginen, burokratak ere bai, baina ordaindu ditugu akatsak"
Nikaraguako azken bozak irabazi zituen FSLNk, oposizioan 16 urtez egon ostean; eskuinera egitea leporatzen badiete ere, ezkertiar izaten jarraitzen dutela dio Borgek.
Managua
FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinista sortu zuten lagunetatik bizirik dagoen bakarra da Tomas Borge (Matagalpa, 1930). Alderdiko presidenteordea da egun, baina ibilbide luzea izan du urteotan politikaren munduan. Daniel Ortegaren Barne ministroa izan zen eta aurretik kartzelan izan zen behin baino gehiagotan -Carlos Salinas de Gortari Mexikoko presidentearen aholkularia ere izan zen-. FSLNk iragan azaroko bozetan boterea eskuratu zuen berriz, oposizioan hamasei urtez egon ondoren. Daniel Ortegak kargua jakinarazi dio: Nikaraguako enbaxadorea izango da Perun. Limara abiatu aurretik, ikasleekin egindako ekitaldi politiko baten ostean erantzun ditu galderak, behin eta berriz argazkiak egiteko eskatuz elkarrizketa eteten duten gazte eta ez hain gazteen artean. Borgek miresmen handia pizten du sandinista askoren artean.
Perun Nikaraguako enbaxadorea izango zara. Etapa berria hasteko prest?
Bai. Hainbat arrazoigatik noa: batetik, uste dut komeni dela lehen lerroan ez egotea, aski eman diot alderdiari, lortu dugu gobernua. Aldi baterako bada ere, nolabait urruntzea, ona da. Familia gainera perutarra dut, han bizi dira emaztea eta seme-alabak. Euretako bat autista da eta behar nau, eta bere aldamenean egon nahi dut. Horrez gain, nire herriak izendatu nau eta nik herria zerbitzatzen jarraituko dut.
Fronte Sandinistak bozak irabazi zituen azaroan. Askok diote ez dela 1990ean, bozak galdu ondoren, gobernua utzi zuen alderdi berbera boterera itzuli dena...
Garaiak aldatu dira, noski, eta sandinismoak egokitzen jakin du. Baina, oinarrian, Carlos Fonsecaren ideia berberekin jarraitzen dugu. Eta iraultzan ez zen dena ondo egin, desjabetzeak, askatasunen murrizketa eta abar... Baina gauza zoragarriak egon ziren, eta itzuli behar dute, pobreenak ere osasuna eta hezkuntza ziurtatuta izan dezan, haurren hilkortasunak behera egin dezan, analfabetismoarekin amai dezagun...
Autokritika dago 80ko hamarkadarekiko?
Harroputzak izan ginen hainbat kontutan, burokratak ere bai, baina ordaindu ditugu egindako akatsak. Ezkertiar izaten jarraitzen dugu, gutxien dutenekiko leial, inperialismoaren kontrako, baina horrek guztiak etika eta moral bati lotuta joan behar du, ez du nahitaez aberatsen aurka joan behar.
MRS Mugimendu Sandinista Berritzaileak eskuinerantz jo izana leporatu izan dizuete...
Gezurra da, gu ezkerrekoak izan gara beti eta hala gara orain ere. Eurak dira gaur egun zentro-eskuineko indarra.
Fronte Sandinista 1961. urtean sortu zenuten. Zu zara bizirik dagoen bakarra. Nola izan ziren une horiek?
Asko izan ginen sortzaileak: Carlos Fonseca, Silvio Mayorga, Jorge Navarro, Faustino Ruiz, Jose Benito Escobar... Ni ere euren artean izan nintzen. Leku baten bildu ginen erakunde iraultzaile bat sortzeko eta indar somozisten aurkako talde guztiak batzeko. Carlos Fonsecak proposatu zuen Fronte Sandinista izena, nik Fronte Askatzailea proposatu nuen, beste batzuek Askapen Frontea... Carlos Fonsecaren tesia nagusitu zen azkenean.
Rigoberto Lopezek Anastasio Somoza diktadorea hil ostean atxilotu zintuzten lehenengo aldiz, 1956an. Ezagutu al zenuen bera?
Rigoberto? Ez. Ez nuen ondo ezagutu. Garaiko beste buruzagi guztien moduan espetxeratu ninduten ni, ekintzaren ostean mundu guztia harrapatu zuten, baina nik ez nuen ezagutu. Tira, behin ezagutu nuen, baina ez nekien zer asmo zerabilen.
Carlos Fonseca, berriz bai, ondo ezagutu zenuen. Nolakoa zen?
Gizon zintzoa, talentuduna, sakona eta ondradua zen. Gizon eredugarria... ez dakit zer esan Carlos Fonsecari buruz.
Carlos es los muertos que nunca mueren (Carlos sekula hiltzen ez diren hiletakoa da). Munduko bazter guztietan egin da ezagun esaldi hori. Nola izan zenuen kartzelan bere hilketaren berri.
Pentsa, nire laguna, nire anaia zen. Guardia Nazionaleko koronel bat etorri zen esatera hil egin zela. Berak uste zuen ni negarrez hasiko nintzela, eta horregatik esan nion: Carlos es los muertos que nunca mueren (Carlos sekula hiltzen ez diren hiletakoa da). Eta oso ezaguna egin zen esaldia. Barrutik lur jota egon arren hala esan nion. Unea mingarria zen, noski, erabat, anaia bat hiltzea moduan zen, eta bera [Carlos Fonseca] anaia baino gehiago zen niretzat.
Une gogorren artean, anekdota irrigarriak ere badituzu, irakurtzen uzten eta uzten ez zizkizuten liburuena adibidez.
Behinola liburuak eskatu eta Capital (Kapitala) utzi zidaten -Kapitalismoa zela uste zuten-. Cortazarren [Julio Cortazarren] beste bat ere bai. Buru-energia izeneko bat, aldiz, debekatu egin zidaten, energia harekin espetxetik ihes egingo nuelakoan.
Julio Cortazar ere lagun izan zenuen, ezta?
Bai, oso lagun. Bere bizitzako azken hamar urteetatik bost nire etxean eman zituen.
Daniel Ortegarekin Barne ministro izan zinen. Maitatua, mirestua, baina baita gorrotatua ere...
Eta beldurra ere izan zidaten. Herria maite duzunean beti egoten dira herriaren aurkakoak, eta horiengan gorrotoa sortzen duzu.
Fidel Castro Kubako presidenteak hauteskundeak ez egiteko esan omen zion Daniel Ortegari 1990ean -urte horretan galdu zituen bozak FSLNk-. Egia al da?
Fidelek egiteko aholkatu zigun hasieratik, ez genion jaramonik egin. Askoz geroago egin genituen. Soldadutza ez jartzeko ere esan zigun eta jarri genuen. Ni bat nentorren Fidelekin [Castrorekin], behartuta zihoazen soldaduekin ez zegoela iraultza egiterik, baina nire tesia ez zen gailendu.
Mirespen handia aitortu izan diozu beti Fidel Castrori.
Pertsona bikaina da, langile nekaezina, zintzoa, sekula ez du gezurrik esaten. Dena eman du besteen alde, lider betea da, gizon goxoa, justua, begirunez tratatzen zaitu beti, baina zuzena eta zorrotza ere bai. Kubak beharrezko izan du, eta berarentzat sakrifizio ikaragarria izan da.
Politikan aritzeaz gain, idazle gisa aritzeko astia ere izan duzu. Idazten duzu oraindik? Zein idazle dituzu gustuko?
La paciente impaciencia (Eraman handiko ezineramana) berriz aterako dut, berridatzita. Poesia maite dut: Juan Gelman, Jose Coronel Urtecho, Ruben Dario, eta beste batzuk, Jose Marti, Cesar Vallejo...
Pragan (Txekiar Errepublika) arazoak izan zenituen liburu hori zela eta, ezta?
Ez zioten jaramonik egin liburuari. Ez zen kazetaririk etorri, ez zen aurkezpenik egin jendaurrean. Idazle Elkarteko presidentea etorri zen tramite hutsez. Haserre, esan nien ez ninduela harritzen Milan Kunderak alde egin izana, eta kafkiarra zela Kafka ez ezagutzea Txekoslovakian. Ez baitzuten ezagutzen.
Argi zenuen ez zela hura Nikaraguarako eredua?
Eredu barregarria zen, absurdoa.
2007-04-15
Bi mendetik gorako erresistentzia
Bi mende baino gehiagoko erresistentzia
Amerika Erdialdeko itsasertzera iritsi zireneko 210 urteurrena ari da ospatzen garifuna herria.
Mundu herririk bitxienetakoa da garifuna. Karibeko kostaldean bizi den etnia da, hizkuntzaz amerindiarrak dira eta zenbait zantzu indigena igarri arren batzuen azalean, Afrikako beltza da nagusi. Afrikarren eta Antilletako indigenen arteko nahasketatik sortu zen nazioa eta britainiarrek XVIII. mende amaieran Honduras aurreko uharte batera deportatu zituzten. Hala, egunotan gogoratzen dute 210. urteurrena.
Hondurasen ez eze, Guatemalan, Belizen eta Nikaraguan ere badaude garifunak, eta itsasertzeko herria izanik, AEBetan ere milaka garifuna daude, hasieran ontzietan behargin joandakoak, eta gerora lan bila zuzenean beste ertamerikar askoren gisan.
Gaur egungo garifuna kulturaren egoera ez da guztiz txarra, baina ezin esan etorkizuna bermatuta daukanik da: Belizen eta Hondurasen daude talde handienak, eta horietan daukate aitorpen handiena herri gisa, baina azaleko babesaren atzean hainbat borroka daude. Hala, gobernuok bultzatuta 2001ean orain arteko aitorpen garrantzitsuena lortu zuten: Unescok Mundu Ondare Ez Material izendatu zituen garifunen hizkuntza, dantza eta musika.
Dangriga izen garifuna da, Belizeko hegoaldeko herririk handienak azken hiru hamarkadetan izan duena hain zuzen ere, Stann Creek ingelesa aldatu zutenetik. Han dago Garifuna Museoa, eta hantxe zabalduko dute datorren ikasturtean herrialdeko lehen eskola garifuna. Augustine National Garifuna Council elkarteko lehendakari ohiak aitortzen du gauza asko lortu dituztela, baina horren ifrentzua ere badauka hizpide: "Belizek bere egin du garifuna kultura, gure ondarea Belize osoarena bihurtu du. Lehen kreoleek (afrikar esklaboen ondorengoek) ia ukatu eta baztertzen zuena sinbolo nazional gisa aurkezten dute nazioartean, garifuna askok bide garrantzitsua egin du Belizeko gizartean, badira ministroak, gobernu arduradunak eta abar, baina jende asko bizi da pobrezian oraindik, ekonomikoki ez da denengana iritsi hobekuntza, eta kulturalki arriskua erabatekoa da. Konturatuko zinen Dangrigako gazteek ia ez dutela garifunaz hitz egiten".
"Ama Estatu Batuetara joan zelarik, amamarekin utzi ninduen eta garifunaz hitz egiten genuen. Baina gero amama hil eta ama itzuli zenean kreoleraz hasi zen berbetan, eskolan ingelesez egiten dugu eta pena handia ematen dit garifuna ahazteak", dio garifuna museoan mutiko batek. Dangrigatik irten eta herri txikiagoetan bizi-bizirik dago hizkuntza, baina oraindik ere etxerako eta kalerako baino ez da, ezin inon idatzita ikusi. Eskolarik ere ez dago, ahozkoa da nagusiki, telebista eta irratietan erabili arren, eta punta bezalako musikaren oinarrian egonda ere. Aldaketak urte gutxian gertatu dira: duela hamar-hamabost urte asfaltorik eta sarri argindarrik gabeko herrixkak ziren, egun hobekuntza horiekin batera turismoa eta ingelesaren beharra indartsu sartu da.
Guatemalan Livingstone herrian bakarrik daude garifunak, baina magiaz beteriko herria da: hizkuntza barra-barra entzuten da eta elizen eta sekten indarrak ez du lortu oraindik garifunen sinesmen eta ohiturekin amaitzerik. Beste horrenbeste Nikaraguan, gainontzeko komunitateetatik bereizita dauden Pearl Lagooneko herrietan, Bluefieldsetik ez oso urrun. Hizkuntza ia galduta dago, baina Kensy Sambola ikerle gazteak gogoratu digunez "argi bereizten dugu gure burua auzo kreoleengandik (esklaboen ondorengo beltzak, Jamaikatik etorritakoak asko), euren hizkuntza hartu dugun arren". Karibeko herri gehienak ez bezala (miskitoak, kreoleak, eta beste herri txikiago batzuk), garifunak sandinistak izan ohi dira, iraultzarekin herri gisa aitorpen izan baitzuten. Egun, lortu dute eskolan garifuna hizkuntza irakastea eta berreskurapenerako lehen urratsak egitea.
Garifuna gehienak Hondurasen daude, eta han daukate indar handiena, baina baita zatiketa ere. Gobernutik eta Gobernuz Kanpoko Erakundeetatik diru asko jarri dute garifunen etorreraren 210. urteurrena ospatzeko, garifuna elkarteek berriz, dirutzaren atzean interes ezkutuak eta komunitateak itotzeko asmoa dagoela salatu dute.
Hondurasko Karibe ia osoan daude garifunak, Omoa (Guatemalatik hur) hasi eta Moskitiaraino, Roatan uharteko lehen bizilekua izan zen Punta Gordan barne. Azken horretan egin da egunotako ekitaldi garrantzitsuenetakoa, 1797ko apirilaren hamabiko lehorreratzea antzeztuz.
Herri borrokalari bezain alaia da garifuna. Telako badia ederraren mendebaldean dagoen Triunfo de
Herritarrek ez diote muzin egiten turismoari, sasoia hurbil dago eta goizero eurek garbitzen dute hondartza, baina eurek antolatuta eta euren onurarako den turismo mota gura dute, ez lurrak kendu eta hotel handien mesederako lan esku merkea eta folklore hutsa diren behargin bihurtu. Eta borroka gogorra izan da Tela inguruan, azken urteotan enpresario handien menpe diharduten paramilitarrek lau lagun hil dituzte, 2006an bertan azken biak. Errepresioaren beste aurpegi bat bizi izan zuen Alfredo Lopez Ofranehko (Hondurasko Beltzen Anaitasunerako Erakundea) kideak: zazpi urte eman zituen preso narkotrafiko salaketa faltsu baten ondorioz, eta Gorte Interamerikarrak Hondurasko estatua zigortu du kasu honengatik.
Lanpetuta dabilela-eta goizeko seiak eta erdietan jarri dugu hitzordua Triunfoko hondartzan. Irratia dute arma garrantzitsuenetakoa interes espekulatiboen aurrean, eta hainbat garaipen garrantzitsu lortu dituzte azkenaldian. Tela udalak inposatutako patronatua (kontzejuen antzeko udalen azpiko egiturak) onartu ez eta herritarrek hautatutako patronatuak lurrak atxikitzeko deia egin du, badiaren beste aldean iruzurrez saldutako lurrekin jazo zena ez errepikatzeko. Hotel handiek hartu dute lur hori, bost axola babestutako parke nazionaleko lurretan egotea. "Okerrena, ingurumena zaintzeko sortzeko elkarteak ere erosi dituztela, nola ulertu bestela horrelako triskantzetarako baimena ematea, eremu naturaletan hotelak eraikiz eta beti bertan ibili izan garen biztanleoi sarrera debekatuz?"
Lurren legea garaipen garrantzitsua izan zen, zenbait lekutan multinazionalek garifunen lurrez jabetzea lortu badute ere, ezkutuko maniobrei esker. Miami da Tela badiaren ekialdean ageri den azken herria. Etxe guztiak garai bateko material naturalez eginak dira, eta Karibe itsasoaren eta Micos aintziraren arteko lur-eremu estuan dago, baina datozen egunotan dira inguruan ehunka logelako hotela eraikitzen. Badiaren beste aldean ageri da Triunfo de
Garifunen exodo ezezaguna
1797an Karibeko Roatan uhartera heldu ziren britainiar armadako ontziak. Bi mila gatibu beltz zekartzaten, aurreko urtean menperatutako etnia berezi batetik bizirik iraun zuten azken pertsonak. Laster Amerika Erdialdera pasa ziren gehienak, eta itsasertzean herrixkak sortu zituzten, Belizetik Nikaraguaraino. Milaka laguneko nazioa dira gaur egun, hirurehun milatik gora Amerika Erdialdean, eta AEBetan beste asko. Egunotan gogoratu dute garifunek exilio behartu hura.
Garifunen historia ez da ez 1797an ez Hondurasen hasten, ordea. Karibe itsasoaren beste aldean, Antilla Txikietan sortu zen herri berezi hori. Idatzitako agiririk ez badago ere, badirudi 1635 inguruan (XVII. mendeko beste data batzuk ere eman izan dira) esklabo-ontzi bat hondoratu egin zela, historia ofizialak naufragioa dakar, baina badira horren atzean afrikarren matxinada ezkutatzeko asmoa ikusi dutenak ere. Kontuak kontu, bertako biztanleek Yurumein eta kolonizatzaileek San Vizente deitu dioten uhartera iritsi ziren, eta han, hasierako borrokaldien ostean, Europan karibe izenez ezagutu diren indigenekin bat egin zuten. Euren buruei kalinagu edo kalipuna zeritzen, hortik garifuna (plurala garinagu) izena eta azken urteotan karibe hitza baztertu eta jatorrizko berbak hartzeko asmoa. Zer dela eta? Karibe hori kanibal sortzeko erabili baitzen, hartara zapalkuntzarako justifikazioa izan zedin.
Afrikarrek eta indigenek uharte hartan bat egin zuten, beraz, eta haraino iritsi ziren auzoko uharteetatik ihes egindako esklaboak ere. Batzuen eta besteen ohiturak nahasi ziren, Orinocoko kulturak eta sineskerak Afrika mendebaldekoekin batu ziren, hizkuntza amerindiarra hartu zuten afrikarrek euren ekarpena eginez, eta dantzak eta danborrak sartu zituzten, Antilletan bakarrik gerta daitekeen nahasketa bitxia sortuz. Hala, mende eta erdian tinko eutsi zieten frantses zein ingeles asmo kolonizatzaileei, eta potentzia horiek aitortu ere aitortu zieten uhartearen zati handi baten jabetza. XVIII. mendearen amaieran itun horiek betetzeko babes handiagoa ematen zieten frantsesen aldean lerratu eta ohi denez azkenean europarren arteko hitzarmenak ingelesei eman zien uhartea. Gerran Satuye (Chatuye ere idatzi da) buruzagi handia hil zuten, Duvalle anaiak mendian borrokan jarraitu bazuen ere, garaitu egin zituzten azkenean 1796ko ekainean. Ia bost mila garinagu hartu zituzten gatibu eta Balliceaux uharte idorrera eraman zituzten, britainiarrek ontzi nahiko ekarri eta Roataneraino deportatzeko. Azal argieneko garifunei utzi zieten Yurumein edo Saint Vincent uhartera itzultzen, eta euren ondorengoek han jarraitzen dute, hizkuntza galdu arren; azken hamar urteotan oso harreman estuak landu dituzte Saint Vincenteko eta garifunak dauden herrialdeetako gobernuek, Belizekoak batez ere. Lau mila gelditzen ziren bizirik 1797ko otsailean deportazioari ekin ziotenean, erdiak baino ez ziren iritsi Roatanera. Egun, hirurehun mila inguru dira. Mende bitan gehien hazi den nazioa izan da, zalantzarik gabe.
Roatango Punta Gordan utzi zituzten britainiarrek (gutxi batzuek han jarraitzen dute oraindik), baina kontinenteko agintea zeukaten espainiarrekin ituna egin ostean, maiatzerako Trujillon lehorreratu ziren garinaguak. Genozidioaren eta piraten erasoen ondorioz ia hutsik zegoen Hondurasko kostaldea; espainiarrek gustura hartu zituzten britainiarren aurka borrokarako prest zegoen herri hura. 1802rako espainiarren aurka ere matxinatu ziren, horratik, nazio borrokalariak ez dio alferrik eutsi gaur arte euren hizkuntza eta kulturari. Danborrak sinbolo berezia du garinaguen artean: esklabo izan diren afrikar gehienek galdu duten tresna da, musikarako ez eze hainbat errito eta borrokatarako erabiltzen baita.
Garinaguak itsasgizon iaioak izan dira mendetan (emakumea etxeko lanak eta nekazaritzaz arduratu izan da), baita XX.ean ere AEBetako ontziak Amerika Erdialdean agertu zirenean banana-negozioari ekiteko. Marinel joandako garifuna haiek zabaldu zuten atea, eta gaur ia ehun mila dira Ipar Amerikako garifuna komunitatea osatzen dutenak.
Reality showek ezkutatzen dutena
Espainiako Telecinco katea egunotan hasi da Supervivientes programa iragartzen. Herrialde horretan ospe apur bat duten lagunak diru truke joan izan dira lehenago ere munduko uharte batera, kameren aurrean biziraupen programa egiteko. Inork ez du azaldu ordea zer dioten uharteotako biztanleek. Hondurasko Karibeko parajerik ederrenetakoa dira Cayos Cochinos izeneko uhartetxoak. Gehienetan ez da inor bizi, baina badira arrantzale-herrixka garifunak. Ustez babesa ekarri behar zien parke nazionalaren aitorpenak kaltea eta galera baino ez die ekarri, horratik, eta telebista-programek estaturako dirua utzi arren, bertako biztanleentzako mehatxua eta debekua baino ez dakar. Hala gertatu zen iazko udazkenean lehenengoz telebista kate bat Cayos Cochinosera joan zenean: Italiako RAI izan zen, eta Parlamentuan Berdeen kexa ere izan zuen programak, garifunak armaz bota baitituzte betidanik arrantzan egon diren lekuetatik. Ez da horrelakoak gertatzen diren lehen aldia, horrelako programen atzetik dauden produktorek eta kateek ondo begiratzen baitute diruari baino erreparatuko ez dioten gobernuak dituzten herrialdeetan egotea uharte galduak, bertan egindako triskantzez galderarik egon ez dadin. Dominikar Errepublikan haitzuloetako landaredia suntsitu eta taino indigenen petroglifoak kaltetu zituzten, eta Cayos Cochinosen urpeko kable kutsagarriak erabili zituzten italiarrek, dortoken errunaldiaren sasoian gainera.
Cayos Cochinos AEBetako Smithsonian Institute-ak erosi zuen, eta 2001etik WWF elkarteak darama artxipelagoaren administrazioa. Garifunen arrantza eta urpekaritza tradizionala eragotzi eta kanpoko arrantza industriala bultzatu dutela salatzen du Ofraneh-k. Lilian Carol Rivasek salatzen duenez, “WWFk plan berria diseinatu du Cayos Cochinoserako, eskuzko arrantzaren zonaldeka bereiziz eta egoera horrek giza-eskubideen urraketa gehiago ekarri dituelakoan gaude. Badira aurrekariak, Indar Armatuetako kideek arrantzaleei eta urpekariei eraso diete eta inoiz ez dituzte ikertu (...), iaz komunitateak Cayo Chachauteren desmilitarizazioa eskatu zuen, eta presioaren eraginez, odol isurketa eragozteko Hondurasko estatuak 2006 osoan egon zen soldadu-destakamendua atera zuen handik.
Inkongruentzia handiena iazko irailean reality show baterako parte hartu zuen italiarren taldea izan zen. Erabateko esklusio eremua den Cayo Paloman egon ziren, ordura arte edonolako esku-hartzea ekidin den lekuan, dortokek errun dezaten santutegia baita. Reality show-a grabatu zen hiru asteak ziren hain zuzen ere errute aldian izan ziren, eta ondorio katastrofikoak izan zituen dortoken erreprodukzioan. Hamar urtez debekatu zaie garifunei leku horretan lur hartzea, uhartea babesteko neurriak argudiatuz”