BERRIAko Larrepetiten argitaratua
Inoiz zerbait ikasi eta berbetan hasi orduko utzi zutenei, A eta gainontzeko ereduetan euskaldundu ez direnei eta antzeko kasuetan egon direnei zuzendutako kanpaina omen da «pixka bat es mucho» dioen hori. Erroldetan «ia euskaldunen» (baina erabat erdaldun) multzo nahasgarri horretan agertzen den kopuru horri. Mendebaldeko Hizkuntza Sailburuordetza sarri kritikatu badut ere, lelo indartsua eta kanpaina interesgarria abiatu dutela onartu behar diet oraingo honetan.
Badago, noski, hanka sartzeko lotsaz euskara erabiltzen ez duenik. Baina aitor dezagun, gehienetan erosotasun hutsa da, euskara eskolako hizkuntza izan arren etxean eta kalean entzun eta erabilitakoa errazago zaie eta kito. Horregatik, hurrengo urratserako sasoia ere bada. Euskara guay-aren leloarekin ezingo dugu beti jarraitu, behartzen ibili barik, euskaraz ikasitakoa zoriontsuago izango dela sinetsarazi guran.
Ez dago 'aprende espaƱol' edo antzeko lelorik kalean. Bilbora, Gasteiza, Baionara iritsitako errumaniarra ez du inork limurtzen espainiera edo frantsesa ikas dezan. Badaki beharrezko duena. Guggenheim inguruko hoteletako langileek badakite ingelesez jakin behar dutela, inork esan gabe ere. Euskararen erabilera garrantzitsua da, baina ez hainbeste, ezagutza oraindik horren apala delarik eta indibidualismoa hain garrantzitsua den sasoian. Bost axola okinak, tabernariak, harakinak Argentinako gazteleraz, errumanieraz edo woloferaz egiten duen etxean, niri euskaraz bizitzen uzten didan artean.
Noiz arte izango gara komunitate ikusezina? Noizko leloa: euskaraz ez dakienak ez digu euskaraz bizitzen uzten?.
No comments:
Post a Comment