2007-09-09

Kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak

BERRIAko Larrepetiten argitaratua

Abuztu aurreko azken zutabearen aurretik hiltzera zigortuta eta gose-greban zeuden Adnan Hesenpur kazetari kurdua eta Hiwa Butimar ekologista. Eta albisterik jaso ez dugun azken egunotan gauzak aldatu ez badira, halaxe daude oraindik, edozein unetan urkamendira joateko arriskuan.
Iranek homosexualak urkatu berri ditu, komunistak atxilotu, abertzale kurduak heriotzera zigortu. Euskal PENek salatu du, munduko hainbat erakundek ere bai, Italiako gobernuak, Frantziakoak, Portugalgoak, Europako Batzordeak eta... Estatu Batuek. Eta noski, guk ezin dugu gringoekin bat egin. Hain gutxi inperialismoaren erasoaren mehatxupean dagoela eta Venezuelaren lagun izanik.
Kurdu zintzoak, kurdu gaiztoak dokumentalean Kevin McKiernan zinemagileak AEBen jokabidea salatzen zuen: Saddam Husseinek zapaldutako kurduak biktima gisa erakusten zituzten artean ----eta beraz, tiranoa kentzeko motibo bat gehiago ziren---- Turkiari kurduak hiltzeko eta herriak txikitzeko armak saltzen zizkieten. Baina tristea da ezkerrak ere antzera jokatzea, «etsaien etsaia laguna dugu» taktika manikeoarekin. Turkiak zapaldutako kurduei elkartasuna adierazi bai, baina zelan jo Irango faxisten aurka, inperialismoak begi-puntuan duelarik? Gainera, Irango gerrilla kurduek CIAren laguntza omen dute (eta PKKrena, baina hori ez ei da interesgarri), soldadu gringorik hil gabe Irani erasotzeko. Eta hala balitz ere, zer? Ez ote zenuten txalotuko 1945ean estatubatuarrek Espainia faxista bonbardatu balute?
27 eta 29 urteko gazte kurdu bi edozein unetan hilko dituzte, eta herri honetan ez dirudi inori axola dionik.

No comments: