2007-04-29

Ez dute Heinkelik behar

Memoriaren astea izan daiteke amaitzear daukagun hau. Labaina da memoria batzuentzat, ordea. Felipe Gonzalezek esportatu gura izan zuen trantsizio hispaniko eredugarria Gorbatxoven perestroikan baino ez zuten irentsi, haren fruitu zen Jeltsin, eta gero gerokoak. Vladimir Putin Txetxeniako harakinak sinpatiko mozkorti bihurtu du, baina gaurko oligarkia ustelaren lehen urratsak nork egin zituen ez dute ahaztu.

Latinoamerikan jaramon gutxiago egin zioten, zorionez, espainiar lehendakariari, Gaztelako paternalismoaren arriskuaz jakitun. Pinochet zigortu barik hil da, bai, baina epaitegietan eman ditu azken urteak, eta asteon Argentinan Videlaren amnistia bertan behera utzi dute. Espainian, berriz, diktadurako ministroak bakean hiltzen dira ohean. Kriminalak alderdietako lehendakari izan daitezke. Alderdi frankistek indar abertzale antifrankistak legez kanpo uzteko harrokeriaz joka dezakete. Alemanian espetxe-zigorra dauka nazismoa goraipatzeak. Gurean, Francori bertsoak. Ez zuten alferrik irabazi. Behin eta berriz datoz arbolapean ekitaldiak eta argazkiak egitera. Inork ez die ezer esaten, konkistatutako lurrean daude. Heinkelen zaleak lasai bizi dira, voló, voló apologia da, eta Carrerori eta Meliton Manzanasi omenaldia egiten diete.

Tristea da bere burua sozialistatzat daukatenak konplexuz beterik frankisten dantzan ibiltzea. Eta are tristeagoa legez euskal mendebaldeko eta bokazioz euskaldun guztion lehendakari dena Gestapoko torturatzaileari barkamen-eske ikustea.

No comments: