2007-04-20

Tomas Borge: "Harroputzak izan ginen, burokratak ere bai, baina ordaindu ditugu akatsak"


Nikaraguako azken bozak irabazi zituen FSLNk, oposizioan 16 urtez egon ostean; eskuinera egitea leporatzen badiete ere, ezkertiar izaten jarraitzen dutela dio Borgek.

Managua

FSLN Nazio Askapenerako Fronte Sandinista sortu zuten lagunetatik bizirik dagoen bakarra da Tomas Borge (Matagalpa, 1930). Alderdiko presidenteordea da egun, baina ibilbide luzea izan du urteotan politikaren munduan. Daniel Ortegaren Barne ministroa izan zen eta aurretik kartzelan izan zen behin baino gehiagotan -Carlos Salinas de Gortari Mexikoko presidentearen aholkularia ere izan zen-. FSLNk iragan azaroko bozetan boterea eskuratu zuen berriz, oposizioan hamasei urtez egon ondoren. Daniel Ortegak kargua jakinarazi dio: Nikaraguako enbaxadorea izango da Perun. Limara abiatu aurretik, ikasleekin egindako ekitaldi politiko baten ostean erantzun ditu galderak, behin eta berriz argazkiak egiteko eskatuz elkarrizketa eteten duten gazte eta ez hain gazteen artean. Borgek miresmen handia pizten du sandinista askoren artean.

Perun Nikaraguako enbaxadorea izango zara. Etapa berria hasteko prest?

Bai. Hainbat arrazoigatik noa: batetik, uste dut komeni dela lehen lerroan ez egotea, aski eman diot alderdiari, lortu dugu gobernua. Aldi baterako bada ere, nolabait urruntzea, ona da. Familia gainera perutarra dut, han bizi dira emaztea eta seme-alabak. Euretako bat autista da eta behar nau, eta bere aldamenean egon nahi dut. Horrez gain, nire herriak izendatu nau eta nik herria zerbitzatzen jarraituko dut.

Fronte Sandinistak bozak irabazi zituen azaroan. Askok diote ez dela 1990ean, bozak galdu ondoren, gobernua utzi zuen alderdi berbera boterera itzuli dena...

Garaiak aldatu dira, noski, eta sandinismoak egokitzen jakin du. Baina, oinarrian, Carlos Fonsecaren ideia berberekin jarraitzen dugu. Eta iraultzan ez zen dena ondo egin, desjabetzeak, askatasunen murrizketa eta abar... Baina gauza zoragarriak egon ziren, eta itzuli behar dute, pobreenak ere osasuna eta hezkuntza ziurtatuta izan dezan, haurren hilkortasunak behera egin dezan, analfabetismoarekin amai dezagun...

Autokritika dago 80ko hamarkadarekiko?

Harroputzak izan ginen hainbat kontutan, burokratak ere bai, baina ordaindu ditugu egindako akatsak. Ezkertiar izaten jarraitzen dugu, gutxien dutenekiko leial, inperialismoaren kontrako, baina horrek guztiak etika eta moral bati lotuta joan behar du, ez du nahitaez aberatsen aurka joan behar.

MRS Mugimendu Sandinista Berritzaileak eskuinerantz jo izana leporatu izan dizuete...

Gezurra da, gu ezkerrekoak izan gara beti eta hala gara orain ere. Eurak dira gaur egun zentro-eskuineko indarra.

Fronte Sandinista 1961. urtean sortu zenuten. Zu zara bizirik dagoen bakarra. Nola izan ziren une horiek?

Asko izan ginen sortzaileak: Carlos Fonseca, Silvio Mayorga, Jorge Navarro, Faustino Ruiz, Jose Benito Escobar... Ni ere euren artean izan nintzen. Leku baten bildu ginen erakunde iraultzaile bat sortzeko eta indar somozisten aurkako talde guztiak batzeko. Carlos Fonsecak proposatu zuen Fronte Sandinista izena, nik Fronte Askatzailea proposatu nuen, beste batzuek Askapen Frontea... Carlos Fonsecaren tesia nagusitu zen azkenean.

Rigoberto Lopezek Anastasio Somoza diktadorea hil ostean atxilotu zintuzten lehenengo aldiz, 1956an. Ezagutu al zenuen bera?

Rigoberto? Ez. Ez nuen ondo ezagutu. Garaiko beste buruzagi guztien moduan espetxeratu ninduten ni, ekintzaren ostean mundu guztia harrapatu zuten, baina nik ez nuen ezagutu. Tira, behin ezagutu nuen, baina ez nekien zer asmo zerabilen.

Carlos Fonseca, berriz bai, ondo ezagutu zenuen. Nolakoa zen?

Gizon zintzoa, talentuduna, sakona eta ondradua zen. Gizon eredugarria... ez dakit zer esan Carlos Fonsecari buruz.

Carlos es los muertos que nunca mueren (Carlos sekula hiltzen ez diren hiletakoa da). Munduko bazter guztietan egin da ezagun esaldi hori. Nola izan zenuen kartzelan bere hilketaren berri.

Pentsa, nire laguna, nire anaia zen. Guardia Nazionaleko koronel bat etorri zen esatera hil egin zela. Berak uste zuen ni negarrez hasiko nintzela, eta horregatik esan nion: Carlos es los muertos que nunca mueren (Carlos sekula hiltzen ez diren hiletakoa da). Eta oso ezaguna egin zen esaldia. Barrutik lur jota egon arren hala esan nion. Unea mingarria zen, noski, erabat, anaia bat hiltzea moduan zen, eta bera [Carlos Fonseca] anaia baino gehiago zen niretzat.

Une gogorren artean, anekdota irrigarriak ere badituzu, irakurtzen uzten eta uzten ez zizkizuten liburuena adibidez.

Behinola liburuak eskatu eta Capital (Kapitala) utzi zidaten -Kapitalismoa zela uste zuten-. Cortazarren [Julio Cortazarren] beste bat ere bai. Buru-energia izeneko bat, aldiz, debekatu egin zidaten, energia harekin espetxetik ihes egingo nuelakoan.

Julio Cortazar ere lagun izan zenuen, ezta?

Bai, oso lagun. Bere bizitzako azken hamar urteetatik bost nire etxean eman zituen.

Daniel Ortegarekin Barne ministro izan zinen. Maitatua, mirestua, baina baita gorrotatua ere...

Eta beldurra ere izan zidaten. Herria maite duzunean beti egoten dira herriaren aurkakoak, eta horiengan gorrotoa sortzen duzu.

Fidel Castro Kubako presidenteak hauteskundeak ez egiteko esan omen zion Daniel Ortegari 1990ean -urte horretan galdu zituen bozak FSLNk-. Egia al da?

Fidelek egiteko aholkatu zigun hasieratik, ez genion jaramonik egin. Askoz geroago egin genituen. Soldadutza ez jartzeko ere esan zigun eta jarri genuen. Ni bat nentorren Fidelekin [Castrorekin], behartuta zihoazen soldaduekin ez zegoela iraultza egiterik, baina nire tesia ez zen gailendu.

Mirespen handia aitortu izan diozu beti Fidel Castrori.

Pertsona bikaina da, langile nekaezina, zintzoa, sekula ez du gezurrik esaten. Dena eman du besteen alde, lider betea da, gizon goxoa, justua, begirunez tratatzen zaitu beti, baina zuzena eta zorrotza ere bai. Kubak beharrezko izan du, eta berarentzat sakrifizio ikaragarria izan da.

Politikan aritzeaz gain, idazle gisa aritzeko astia ere izan duzu. Idazten duzu oraindik? Zein idazle dituzu gustuko?

La paciente impaciencia (Eraman handiko ezineramana) berriz aterako dut, berridatzita. Poesia maite dut: Juan Gelman, Jose Coronel Urtecho, Ruben Dario, eta beste batzuk, Jose Marti, Cesar Vallejo...

Pragan (Txekiar Errepublika) arazoak izan zenituen liburu hori zela eta, ezta?

Ez zioten jaramonik egin liburuari. Ez zen kazetaririk etorri, ez zen aurkezpenik egin jendaurrean. Idazle Elkarteko presidentea etorri zen tramite hutsez. Haserre, esan nien ez ninduela harritzen Milan Kunderak alde egin izana, eta kafkiarra zela Kafka ez ezagutzea Txekoslovakian. Ez baitzuten ezagutzen.

Argi zenuen ez zela hura Nikaraguarako eredua?

Eredu barregarria zen, absurdoa.

No comments: